TELEBISTA, BI ENPRESAREN PAGOTXA

Alderdi asko ditu kirolaren negozioak. Ezbairik gabe, kiroletako eskubideen pastel handiaren banaketa da negozio handiena. Duela 30 urtez geroztik, International Management Group (IMG) talde amerikarrak eta International Sports and Leisure (ISL) alemanak bereganatzen dute mundu osoan pastel handi hori. Milioi asko eta askoko kontuak dira, sistema aski arrearen, ilunaren eta hitsaren bidezkoak. Azkeneko urte hauetan, azaldu dira ustelkeria gorabeherak, dagoeneko ikertzen ari direnak, eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoa (NBO) bera ere zipriztinez josi dutenak, edota zutenak, jada, Samaranch markes katalana lehendakari zen garaian. Nolanahi ere, hain boteretsuak dira talde horiek eta hain txertaturik daude kirolaren negozioaren munduan, non, analistek diotenez, arras zaila izango baita erasatea. Interes ekonomiko gehiegi dago jokoan, nonbait.

Telebistak esplotarazi du merkatu honekiko interesa eta komunikazio talde handiek kirolaren enpresaburu eta magnate handi hauengana jotzea erabaki dute. Hori ageri da «Nouvel Observateur» aldizkari frantsesak egindako erreportaje zabal batean.

MUNDUA BI TALDEREN KONTROLPEAN.

Oraintsu arte, IMG eta ISL enpresa taldeek kontrolatu dute mundu osoko kirolaren negozioa. Lehen taldeak, amerikarrak, golfa eta tenisa kontrolatu ditu; bigarrenak, aleman-suitzarrak, berriz, olinpiar jokoak eta futbola. Europako talde handiak iaz jo zuen erreka.
ISL taldeak, jatorriz, joko olinpikoetan zituen erroak, eta jardun hartatik zetorkion indarra. Geroztikoan, dena dela, edozein kirolen telebistako eta merkatuko eskubideak izan ditu diru iturri jeneralean, eta bereziki futbolarenak. Talde aleman-suitzarra beste inor baino lehen jabetu zen jokoan zeuden interes finantzarioez, hau da, artean futbola aski amateurra zenean bertan. Egungo egunean, futbola 250 mila milioi dolarreko negozioa dela uste du FIFA erakundeak.
Orain arte, ISL eta IMG sozietateek gestionatzen zituzten mundu osoan kirolaren arloko gorabeherak. Bi talde horiek dauzkate telebistako, marketingeko eta espontsorizazioko eskubide gehienak. Bi talde horiek aholkatzen diete multinazional handiei, kiroletan zertan inbertitu, hala nola, Adidas, Canon, Coca Cola, Mac Donald's eta Nike multinazionalei. Bestela esanda, bi talde horiexek dira lehertze betean dagoen merkatu baten hezurra eta muina. Lagun dituztela, nola ez, ikus-entzunezko eta publizitateko talde handiak, hala Estatu Batuetan, nola Europan. ISL eta IMG talde aitzindariek perspektiba ezin hobea zeukaten etorkizunerako. Atlantikoaren alde banatako bi buruargiri esker, zeinek duela 30 urte baino lehenago barrundatu baitzuten kirol gertakizun handietako mundu osoko negozioa. Aurrerago ikusiko dugun moduan, gestio makurrak eragin dio porrota, antzina ez dela, ISL talde aleman-suitzarrari.
Cleveland-eko 69 urteko Mark McCormack abokatu amerikarrak sortu zuen IMG sozietatea. Adidasen sortzailearen semeak, Hörst Dassler alemanak (zendua, dagoeneko), altxatu zuen ISL sozietatea. Izaera arras ezberdineko bi gizon, kirolzaleak, negoziogile handiak, taldeak nork bere antz eta irudira egin zituztenak. Hirurogeiko hamarkadaren erdi aldera, Hörst Dassler, golfak itxuturik, Arnold Palmer-ekin elkartu zen. Irudia aprobetxatzeko proposamena egin zion Palmer-i, eta trukean mozkinen ehuneko eder bat eskaini zion. Pixkanaka-pixkanaka, kiroletako munduko vedett guztiak bildu zituen: Formula 1eko Killy, Schumacher eta Alain Prost, boxeoko Mohamed Ali, Katarina Wit patinatzailea, Agassi eta Sampras tenislariak eta Tiger Woods golflaria. Denborak aurrera, era guztietako kirol ekitaldiak gestionatzen hasi zen IMG, eta telebistako eskubideen negozioan sartu zen. Azkeneko arlo horrek biltzen du sozietatearen negozio zifraren herena (1.500 milioi dolar).
Europako ISL taldeak jatorri instituzionalagoa du. Hirurogeiko hamarkadaren erdi aldera, sortzaileak, Adidas taldeko Hörts Dassler jaunak, kirol instituzio handiekin hitzarmenen bat egitea proposatu zuen, hala nola, Asoziazio Futbolaren Nazioarteko Federazioarekin (FIFArekin) eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoarekin (NBOrekin), eta Adidas eta Coca Cola jarri zizkien espontsor edo babesle. Negoziatu, dirua jaso eta berebiziko pila banatu: horixe sistemaren muina. Kirol instituzioek, aurre-aurrean azaldu beharrik gabe, dirua egiteko modu bat (kirolaren arloan, oso bizirik zegoen orduan amateurismoaren mitoa). Astekari frantsesak dioenez, inor asaldatu gabe aberasteko modu ederra da sistema opaku hori.
Horrelaxe funtzionatzen zuen ISL sozietateak ere, neurri bereko hitstasunarekin. Ezinezkoa izaten zen egoitza Suitzako Luzernan daukan sozietate honen negozio zifra jakitea. Duela 10 urte zendu zen Dassler jaunari esker izenpetu ziren Munduko Kopa 2002 eta 2006 ekitaldietako telebistako eskubideen kontratuak. Juan Antonio Samaranch lehendakari ohiak ere gizon horri zor dizkio, hala COIko lehendakaritza, nola FIFArekiko kontratuak. FIFAko oraingo lehendakaria, Blatter jauna, Dassler-en enplegatua zen profesional gisa hasi zenean, eta Dassler-en miresle sutsua da. Jardunbide horretan funtsatuta kendu zizkion ISL sozietateak, azkenik, IMG sozietateari bederatzi tenis torneo axolakoenen eskubideak, zeinetako arduradunek 1.200 milioi dolar banatu baitzituzten 10 urtetan. Futbolaren kasuan, ISLk 1.600 milioi dolar entregatu zizkion FIFAri, 2002 eta 2006 urteetako munduko kopen izenean.
Futbola zen IMG sozietatearen puntu ahula. Ondorioz, masiboki inbertitzea deliberatu zuen, eta, horretarako, McCormack-ek esku guztia eman zion Drosart-i. Konkurrentzia itzelean ibili ziren ISL eta IMG. Batak nahiz besteak kirolaren kateko sari guztiak kontrolatu nahi zituzten: atletak, partidak, merkatuko eta telebistako eskubideak eta publiko handiarengana iristeko bideak, hots, telebista, Internet eta produktu debekatuen salmenta.
Ordea, ISL sozietateak, FIFAren marketingaren kudeatzaileak, iaz jo zuen erreka, gizonen teniseko zirkuitu profesionalean egindako inbertsio galgarriak zirela kausa. ISLren porrotak 35 milioi eurotik gorako galerak sortu zizkion nazioarteko federazioari, zeinek, bestalde, berehala sortu baitzuen marketingeko filial propioa. Berdin gertatu zitzaion Kirch Mediari, FIFAren beste aliatu bati: horrek ere iaz jo zuen erreka, 2002ko mundialaren telebistako eskubideak 860 milioi dolarreko (928 milioi euro) zifra errekorra ordaindu eta gero. Dioguna egiaztatzeko, gogora dezagun Frantzia'98 mundialeko eskubideak 138 milioi euro bakarrik pagatu zirela.

TALDE FINANTZARIO HANDIAK DIRA BI SOZIETATEEN GARAPENAREN OINARRI.

Hala ISL, nola IMG, beste talde handi batzuetan sustengatzen ziren garatzen segitzeko. IMGk, Chase Manhattan Bank banketxearekin batera, 1,5 milioi dolarreko funts bat sortu zuen, kirolaren edozein arlotan inbertitzeko. ISLren antzeko estrategia, zeinek Alemaniako Kirch Media telebista taldearekin (orain porrotean) konpartitu baitzituen munduko bi kopen eskubideak eta Texaseko inbertsio funts batekin negoziatu baitzuen Brasilgo Flamengo futbol klubaren erosketa.
Interneten gainean ere, ikuspegi berekoak ziren bi taldeak. ISLk Kaliforniako sozietate espezializatu bat erosi zuen; IMG, berriz, futboleko hiru mitorekin elkartu zen, hots, Brasilgo selekzioarekin, Barcelona FC klubarekin eta Manchester United-ekin, haien sareko guneak konpartitzeko. Estatu Batuetan, IMGri Interpublic publizitateko taldea gertatu zitzaion arerio. Interpublic-en Octagon filialak tenisa jo zuen begiz, eta dosier bat aurkeztu zuen Bordeleko Girondis erosteko. SFX ere IMGren etsai gogorra izan zen. SFX liderra da Ameriketan musikako ikuskizunen, antzerkikoen eta kiroletakoen produkzioan, eta, aldi berean, saskibaloiko Michael Jordan jokalariaren, kiroletako munduko idoloaren, agentea edo enpresaburua ere bada.

KIROLEKO MARKETINGAREN MUNDUKO ETA EUROPAKO LIDERRAK.

Sozietateak berak emandako datuen arabera, IMGk 1.500 milioiko negozio zifra izan zuen 1999an. Urte horretan, 2.300 enplegatu zeuzkan, 75 bulego, 571 bezero indibidual eta 92 enpresa 1997an. Han eta hemen, kiroletako 1.000 ekitaldi edo ikuskizun baino gehiago antolatu ditu mundu osoan. Kapital sozial guztia Mark McCormack jaunaren eskuetan dago.
IMGren jardunean, sektore hauek dira, hurrenez hurren, garrantzitsuenak: telebista (eskubideen negoziazioa, produkzioa, banaketa -negozio zifraren %30-), golfa, tenisa, futbola (Hego Amerikako Kopa), artisten gestioa, orkestrena eta musika klasikoko emanaldiena (negozio zifraren %10etik behera) eta azafaten agentzia. Enpresa hori lau gizonek zuzentzen zuten: Marck McCormach lehendakariak eta hiru lehendakariordek, administrazio kontseiluko kideak hirurak. Lehendakariorde bakoitza eremu geografiko baten arduraduna da; zehatzago, berriz, sektore batena. Eric Drossart (Europa, Afrika, Ekialde Ertaina / telebista eta futbola). Alastair Johnston (Asia / golfa). Robert Kain (Amerika / tenisa).

Iazko porrotaren aurretik, ISLk 1.500 milioi dolarretik gorako negozio zifra zeukan, eta 445 enplegatu. Kapital sozialaren %90 Horts Dassler-en semeek zeukaten, Sporis eta ISMM enpresen bidez; beste %10a Japongo Dentsu publizitate taldeak. Bestalde, ondoko sektore hauek zituen jardun eremu: telebistako eskubideen negoziazioa eta futboleko marketinga (Munduko Kopa 2002 eta 2006), olinpiar jokoak, atletismoa eta automobilak (Amerikako txapelketa). Suitzako Luzernan dauka egoitza. Zuzendarien komiteko lau pertsonek gobernatzen zuten ISL: Heinz Shuetenberger suitzarrak (PDG), Daniel Beauvois belgikarrak eta bi kopresidentek, Christoph Malms alemanak eta Jean Marie Weber frantsesak

Futbola hedabideen bilakaeraren arabera garatzen hasia da. Futbol taldeen, federazioen eta lehiaketen aurrekontuen zati handi bat hedabideetatik -telebistetatik batez ere- etorritako diruarekin osatu izan da azken urteetan. Finantziazio modu hau goia jotzen hasia da antza.

Krisia azken Futbol Mundu Txapelketan hasi zen Kirch-Mediak ordainketa-etendura iragarri ondoren. Alemaniako Futbol Ligara (Bundesliga) pasa da berehala. Ondorioz, Europako gainontzeko Liga txapelketetara eztabaida ekarri du. Izan ere, Futbol Ligen antolaketa telebista kateen diru sarreren menpe baitago.
Kirch-Mediak Bundesligarekin duen kontratua 2004ra bitartean bete beharko luke eta lehen eta bigarren mailako 36 taldeei 375 miloi euro ordaindu. Ordainketa-etendura ezagutu bezain laster irtenbide bila ari dira kalteturiko parteak. Bundesligan larritasunerako diru funts bat badago, 40 miloi eurokoa, baina prentsa alemanak diru hau klub txikientzako izan behar dela dio.
Krisia eta eztabaida berpiztu da futbol munduan. "Bild" egunkariak, kasu, futbol zaletuen eskaerak sustengatzen ditu fermuki. Alegia, futbola ez dadila ordainketa telebistaren menpe egon eskatzen dute zaletu alemaniarrek.
Alemaniako jokalarien soldatak gehiegizkoak diren ustea indartzen ari da halaber. Alabaina, bertako jokalari izarren soldatak, Italia, Espainia eta Ingalaterrako Ligakoen azpitik daude. Michael Ballack edo Mario Basler jokalari izarrak soldataren murriztearen alde daude, Oliver Kahn ez dator bat neurri horrekin. Galdera hauxe da: neurri hau hartuz gero, zenbat izarrek utziko dute Bundesliga?

Alemaniatik gainontzeko Ligetara.

Kirch taldearen porrota ez da Alemanian geratzen ordea. Arazo honek gainontzeko liga europarrak uki ditzake. Athletic de Bilbaoko Javier Uria lehendakariak hitz egin du dagoeneko: "Espainiako izarretako Ligak porrota izan dezake laster batean". Espainiako Futbol Liga Profesionaleko Pedro Tomás presidenteak garrantzia kendu dio krisi egoera honi. Bere ustez, Kirch taldearen porrota ez zaio futbolari leporatu behar eta are gutxiago esperientzia hau futbol espainolera ekarri. "Erabat konbentzituta nago enpresa honen ordainketa-etendura ez dela futbol kudeaketaren ondorioa, beste enpresa apustuen ondorioa baizik", gehitu du Pedro Tomasek.
Geroak argituko du nork duen arrazoia. Espainiako Futbol Ligak telebistekin duen kontratuak izarretako Liga antolatzea bideratu zuen, kontratua baina heldu den urtean amaitzen da. Telebistek beren mezua zabaldu dute jada: "Hurrengo kontratua Real Madrid, FC Barcelona eta Atletico de Madridekin negoziatuko dugu, eta beste maila batean A Coruñako Deportivo eta Valenciarekin". Horra gero hurbila. Krisiek galdera berriak dakartzate. Honatx azkena: gainontzeko taldeek nola beteko dituzte beren diru kutxak izarretako Ligan jokatu ahal izateko?

FIFAren kalkuluen arabera, 250.000 milioi dolarreko negozio zifra generatzen du futbolak urteko.

*Frantzia'98 ekitaldian, 1.200 milioi dolarrera iritsi zen marketing ofizialeko produktuen salmenta.
*196 herrialdetako 33.000 milioi ikusle izan zituen Frantzia'98 lehiak.
*FIFAk 1.600 milioi dolar kobratu zituen 2002ko eta 2006ko mundialen telebistako eskubideen ordainetan. Milioika pertsonak ikusi zuen telebistaz futboleko 2002ko mundiala.
*Japonek eta Koreak 8.000 milioi dolar inbertitu dituzte 2002ko mundialean.
*Japonek 28.000 milioi dolar bereganatu ditu 2002ko mundialean; Koreak, berriz, 6.900 milioi. FIFA, bere aldetik, 166 milioi euroko saldo positiboa izango duelakoan dago.
*Espainiako liga nagusiko klubek 300 milioi euro gastatu zituzten fitxetan, joan den denboraldian.
* Gaur egun, lehen mailako lau euskal taldeen aurrekontuek 115 milioi euro inguru egiten dute guztira

Hego Euskal Herriko futbol-taldeen aurrekontuak Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko edo Italiako klubenak baino askoz apalagoak dira, hala ere, urtero kantitate ardurakoak ibiltzen dituzte eskuen artean. Lehen mailako lau euskal kluben 2002-2003 ligako aurrekontuak 120 milioi eurotik gorakoak izango dira. Uneon datu zehatzik ez badugu ere, 2001-2002 denboraldiko aurrekontuek euskal klub bakoitzaren egoera erakusten dute:


- Athletic de Bilbao 40 milioi euro
- Real Sociedad 35,71 milioi euro
- Deportivo Alavés 27 milioi euro
- Osasuna 13 milioi euro
Hona jarraian, 1999-2000 denboraldiko munduko klub aberatsenek erabili zituzten aurrekontuak:
- Manchester United 184,8 milioi euro
- Real Madrid 163,6 milioi euro
- Bayer Munich 144,7 milioi euro
- AC Milan 141,7 milioi euro
- Juventus 139,7 milioi euro
- SS Lazio 125,4 milioi euro
- Chelsea 121,1 milioi euro
- Barcelona 118,7 milioi euro
- Inter 108,8 milioi euro
- AS Roma 101,2 milioi euro
- Arsenal 96,7 milioi euro
- Borussia Dortmund 93,8 milioi euro
- Leeds Utd 90,1 milioi euro
- Fiorentina 85,6 milioi euro
- Glasgows Rangers 81,6 milioi euro
- Olympique Marseille 78,8 milioi euro
Aberatsak izanagatik hauetako batzuk desagertzeko zorian egon dira. Olympique Marseille orain bi urte eta aurten Calcioko (Italiako Liga) Fiorentina taldea desagertu da. Futbola agian ez, baina izarretako Ligen geroa telebisten diruaren menpe dago. Italiako Ligaren lehen partida ez da espero bezala irailaren 1ean izango, 14an baizik. Klubak eta telebistak ez dira ados jarri orainokoan. Futbol klubek telebisten sosa behar dute

Futbola kirolen erregetzat jotzen da. Munduko Txapelketak dira bere espresio gorena, baita marka eta iragarleentzako agerraldi kotizatuena ere. Azkeneko torneoak kirol maila arrakastatsua lortu izan arren, merkatal etxeen porrota erdietsi du.

Enpresa handiek miloi euro pila gastatu zuten futbolaren izarren izenak bere markarekin uztartzen. 49 enpresa, ustez arrakastatsuak izango zen publizitate kanpainan sartu ziren, hauetako 7k baino ez zuten "gola" sartu ordea.
"Pespi Co" etxeko 7Up edariak Irlandako selekzioaren Roy Keane kapitainarekin 749.000 dolarreko kontratua sinatu zuen. Roy Keane, ordea, txapelketa hasi aurretik kanporatua izan zen bere selekziotik entrenatzailearekin haserretu zelako.
Reanult auto enpresak Thierry Henry aurrelariarekin apustu egin zuen Clio markaren irudi berrirako. Frantziako selekzioak txapelketa negargarria egin zuen, Henry kanporatua izan zen bigarren partidan, eta gol bakar bat ere ez zuen egin. Fiat enpresa italiarrari beste hainbeste gertatu zitzaion Francesco Totti izarrarekin.
Luis Figok (Nikek kontratatua) lesionatua jokatu zuen mundiala eta Zinedine Zidane (Adidasek kontratatua) torneo hasi orduko lesionatua zegoen.
Izar batekin uztartzeak ez du beti emaitza argirik ematen


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude