ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

EL SALVADORKO EMAKUME LANGILEAK ADIDAS-ENTZAT LANEAN 4 EUROREN TRUKE


2002ko irailaren 01a
Erruz esplotatzen dutenez, irabazi ere erruz irabazten dute kirolaren arloko multinazionalek. Bat ez datorrenak galde diezaiela Hego Amerikako San Salvadorko emakume langileei, 4 euroren truke Adidasentzat 13 orduko laneguna osatzen dutenei. Egitate horren berri ematen du orain dela hilabete gutxi argitaratzen hasitako «Artículo 20» izeneko Madrilgo astekarian elkarrizketatu duten lekuko batek. Hona hemen zer eta nola dioen:

"San Salvadorko gazte bat da Violeta Vega, eta oraintsu arte Formosa Textile, S.A. enpresan ibili da lanean. San Bartolo de Llopango herrian dago fabrika hori, dena hesiz eta txarrantxaz inguratuta. Segurtasuneko zaintzaileak edukitzen ditu sarreran, eta benetako kontzentrazio esparru bat ematen du. 1.500 bat enplegatu dauzka: %95 inguru emakumeak, 14 eta 18 urte bitartekoak. San Salvadorko fabrika horretan, 1997ko azaroaz geroztik fabrikatzen dute Adidas enpresarentzat. Langileak goizeko 7:00etan sartzen dira lanera eta iluntzeko 20:00etan ateratzen. Astelehenetik larunbata bitartean aritzen dira lanean, eta eguerdiko ordu eta erdiko etena bakarrik izaten dute egun osoan. Egunean bi aldiz soilik joan daitezke komunera, eta kontrolatu egiten diete denbora. Egun bateko soldata, hots, 43 kolono edo 4 euro, kentzen diote hiru minututik gora pasatzen dituenari.
Formosa Textile enpresan, emakumeei probak egiten dizkiete, haurdun ote dauden jakiteko. Probak baiezkoa emanez gero, dena delako emakumea kalera botatzen dute ziztu bizian. Halaxe gertatu zitzaion Violetari ere. Alemaniako telebistak salatu zuen kasu hau, eta, besteak beste, garbi adierazten du Adidas enpresak iaz onartu zuen karta deontologikoa hutsaren pare geratu dela. Horixe salatu du Francisco Corretjék, hots, Setemek koordinatzen duen "Ropa Limpia" kanpainaren arduradunak: "Nike eta Adidas enpresek produzitzen duten herrialdeetako sindikatuek esaten digute kode etikoak itzuli ere egin gabe eta fabrikan jendaurrean jarri gabe daudela leku askotan, eta, horrenbestez, langileek ez dutela beren eskubideen berri".
Corretjék dio aldaketaren bat sumatu dutela, Niken batez ere. Izan ere, Amerikako 60 unibertsitatetako ikasleek boikota egiteko mehatxuaren presiopean daukate enpresa. Mugimendu horrek lortu du, gainera, Andrew Young-ek, AEBetako NBEko enbaxadore ohiak, bere kabuz ikuskapen batzuk egitea.
Azaldu dugun bezalako arazoak dauzka Adidasek Salvadorren, eta antzekoak dauzka Nike enpresak munduko beste parte batzuetan. Asian, esate baterako, gutxiago fakturatu zuen iaz, eta, ondorioz edo, milaren bat lagun utzi ditu kalean. Bestalde, irudi soziala zimeldu dio "Ropa Limpia" kanpainak, zeinetan gogortxo salatzen baita zer lan baldintza kaskarretan dauzkan Asiako Hego-ekialdeko enplegatuak. Internet ere etsaitzen ari zaio: gogotik ugaritu dira Nikeren kontrako orriak, azken bolada honetan.
Amerikako Nike multinazionalak Espainiako Estatuan ere izan du gorabeheraren bat. Auzitegi Gorenak, iaz, Nikeren kontrako epai bat eman zuen: galarazi egin zion Espainiako Estatuan saltzen zituen ehunezko produktuetan markaren izena erabiltzea (100 milioi euroko fakturazioa da hori, gutxi gorabehera). Auzitegi Gorenak Cidesport enpresari eman zion arrazoi. J. Rosell ehungintzako enpresaren eskubideak erosi zituen Kataluniako enpresa txiki bat da Cidesport. J. Rosell enpresak marka baten izenean fabrikatzen zuen 1932az geroztik. Markak Samotraziako garaipena irudikatzen zuen eta Nike hitza (garaipena, grekeraz) zeukan barnean. Azkenean, joan den azaroaren bukaeran, Bartzelonako epaitegi batek bertan behera uztea erabaki zuen Nike enpresak eskatuta Cidesport enpresaren kontra hartutako neurriak, zeini esker 3,5 milioi euroko fakturazioa egin baitu. Aurrerantzean, Kataluniako enpresak merkaturatu ahalko ditu bere jantziak Ipar Amerikako kirol markarekin


Azkenak
2023-06-04 | Jon Torner Zabala
'Ño!' komikia
"Irabazi dugu aukera espazio batzuetan gure umorea egiteko"

Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Ño! komikian (ARGIA, 2023) Maitane Gartziandia ilustratzaileak eta testuen egile Miren Artetxek eta Eli Pagolak. Mamuak, trabak, heldulekuak eta... [+]


2023-06-04 | Diana Franco
Teknologia
Beste teknologia bat, beste politika bat

Gizakion historiako eraldaketa nagusiak memoria kanporatzeko eta transmititzeko teknologiekin suertatu dira. Lengoaia eta bere espresio idatziaren teknologiaren garapenak gure gizarteen garapenerako funtsezkoak izan dira. Noizbait, gainera, gure gorputzaren memoria ere... [+]


Mugitzen ez denaren kateak

Euskal fedibertsoko topaketak egin dituzte maiatzaren 20an Oreretan. Euskal zer? Fedibertsoa, bai, ondo leitu duzu irakurle, sare sozial libre eta federatuak izendatzeko erabiltzen den hitza.


Superheroiak ez ziren Kryptonen jaio

1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.


Eguneraketa berriak daude