KUBA BIZIKLETAZ


2002ko uztailaren 28an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Karibe aldean bada toki bat bizikletaz gozatzeko ezin aproposagoa: gehiena laua da, eguraldia ederra, sozialismoaren mitoa, hizkuntza eta izaeragatik bertakoak gertutik ezagutzeko aukera, ia lapurretarik ez, kotxe gutxi errepideetan... erabat erakargarria bihurtzen da Kuba bizikletaz zeharkatzeko asmoa.

Goazen hemendik!
- Where are you from?
- Basque Country.
- Baco? Saturraran, neska polita, ukadi akatuta. De Santiago a La Habana a pedal? Uhtede ehtá loco!
Hasieran irribarrez hartzen genituen harrera hauek baina goiza aurrera joan ahala gero eta gogaikarriagoak bihurtu dira. Nazka-nazka eginda ihes egin behar izan dugu jinetero-putre hauengandik. Uste genuen astunak izango zirela, baina aurreikusitako muga guztiak hautsi dituzte. Kubatarrekin harremana izateko asmoz etorriak gara, baina ezagutuko ditugun guztiak horrelakoak badira...
Ordua pasa da eta aireportura eraman behar gaituen autobusa ez da azaldu. Bat-batean taxi handi bat zerutik erori da. Fitipaldi semeari esker José Martí aireportura garaiz iritsi gara.
Santiagon 10/10 km. Santiagoko aireportura gauez iritsi gara. Hotelerako bidean iluntasuna eta errepidearen bakartasuna zirela eta, iritsi berriaren urduritasuna somatu dugu.

Santiago- El Cobre- Santiago 43/53 km.

El Cobre basilikan amabirjinari eskainitako era guztietako gauzak daude: beisbol pilotak, kotxe matrikulak, Javier Sotomayorrek altuera jauzian lortutako domina olinpikoak, baita Hemingwayk 1954an lortu zuen Nobel saria ere. Bailara baten erdian gaude, basilikaren itzalpean, haize laztanak musa emankorra bihurtu dira eguneroko apunte hauetan.

Santiagoko gaua.

Hemendik aurrera eguneroko jakiak bihurtuko diren arroza, frijoleak, platano frijitua eta garaiko entsalada afaldu ondoren, Trovaren etxera joan gara musika kubatarra entzutera. Giroa "giri" ("yuma" kubatarren hizkeraz) samarra iruditu zaigu. Alemaniarrak, italiarrak, amerikarrak eta nola ez, Bilboko bikote pare bat; musikariak ezik kubatar arrastorik ez dugu aurkitu.

Santiago-Contramaestre 90/143 km.

Santiagotik urrunduko gaituen ibilbidea hasi dugu. Autopista eskuinean utzirik, Palma Sorianorako bidea hartu dugu. Errepidea guztiz aldatu da. Ingurua azukre-kanaberaz beteta dago eta asfaltoan zuloak nonahi. Aldapa behera gindoazela hauetako batean sartu gara eta atzeko gurpilak kolpe gogorra jaso du. Gurpila oso ondo ez egon arren aurrera egin dugu, Contramaestreko Alain eta bere ama Gladysen etxe xumera iritsi arte. Etxeak ez du baimen ofizialik turistei gela alokatzeko. Kubo batzuk erabili behar izan ditugu dutxarik ez baitago, eta komunean Zilarren aurreko fokoa erabili dugu argia izateko.
Alain eta Gladysekin afaldu ondoren, luzaroan hizketan aritu gara. Ondoko bizilaguna solasaldira etorri da alabarekin. Bere senarra alderdi kidea izan arren garbi da Alain eta Gladys salatzeko asmorik ez duela. Hala ere,badaezpada Gladysek esan digu arazorik sortuz gero familiakoak garela esateko. Etxeko baldintzak erosoenak ez dira baina orain arte inon ez gara hain gustura egon.

Contramaestre-Bayamo 51/194 km.

Trikimailuen erreginaren etxean lo egin dugu. Afaldu ere, etxe berean egin dugu, otarraina eta guzti. Mirtha, etxeko jabea, erraz mugitzen da "bolsa negra" giro horretan. Behin baino gehiagotan eskaini dizkigu mulatoren baten (neska zein mutilaren) zerbitzuak. Mirthak dioenez bikote baten harremana sendotzeko komenigarria omen da noizean behin "tarrito" bat egitea, adarrak jartzea, alegia. Kubatar asko bezala Mirtha dibortziatua dago, baina mutil-laguna badu. Gaur bertan bota behar izan du etxean zuen zerbitzaria bere mutil-lagunarekin maiteminduta zegoelako. Mirtha ere ez da atzerago geratzen, bere bezero batzuk lagunak baino zerbait gehiago diren susmoa dugu. Xelebreena da Manzanillon bizi den bere aitarekin duen saltsa. Aitak 74 urte ditu, hala ere oraindik sasoian omen dago. Batzuetan, ama enteratu gabe noski, Mirthak berak bilatzen dizkio mulatoak aitari. Azkeneko bolada honetan bilobaren lagun batekin ateratzen ari da agurea.
Mirtharen etxera saltzaile asko etortzen dira, denetarik eskaintzen diote. Hauetako batek CDR salgai dagoela jakinarazi dio Mirthari. Hasieran ez dugu ezer ulertu, saltzaileak CDR (Comité para la Defensa de la Revolución) eskaintzen zuen beste janari batzuen artean. Berehala konturatu gara CDR sigla horien artean ezkutatzen zena: behikia (carne de res). Mirthak bi gela ditu, baina alokatzeko zerga batekoa ordaintzen du, 100 $ hileko. Bigarrena ere alokatu ohi du, gaur berriz, ikuskatzailearen bisitaren beldur da eta ez du arriskurik hartu nahi.
Bayamo Carlos Manuel de Céspedes, "aberriaren aita"ren jaioterria da eta bertan hasi zen espainiarren kontrako 10 urteko guda. Hau zela eta, Bayamesa abestia, geroago Kubako ereserkia izango zena, konposatu zen. Bayamesa publikoki lehendabiziko aldiz jo zuen orkestran, herriko elizaren paretan adierazten denez, Hecheverria izeneko musikari bat zegoen.

Bayamo-LasTunas 82/276 km.

Afaldu ondoren ikusi dugu telebistako albistegia. Kanpotar baten begiez ikusita behintzat, deigarria da kazetarien askatasun eza. Chavez, Venezuelako presidentearen etorrera eguneko albisterik garrantzitsuena da. Aireportuan, Fidelekin batera, kazetarien galdera inozo bakoitzari "social" eta "revolucionario" hitzekin erantzuten dute.

Las Tunas-Camagüey 130/406 km.

Gazte batzuk inongo arazorik gabe azaldu digute Castroren erregimenaren aurkako jarrera. Gazta pizzak egiten ari zen gizona, elkarrizketa entzutean berehala atera da bere iritzia ematera. Haserre zegoen gazteekin. Esan digunez horiek ez dira Kubako benetako gazteak, horiek alferrak dira eta Kubako gazteria berriz, langile eta unibertsitarioa da. Orain arte hurbiltzen zaizkigun gehienak profil berekoak dira: 20-30 urtekoak, langabezian eta hizlari trebeak. Hala ere, gizartearen portzentaje txiki baten eredua diren susmoa dugu.
Gu bezalako turista baten begietatik ikusten dena errealitatearen zati txikia baino ez da. Benetako Kuba une zehatz batzuetan ezagutu dugu, esaterako Contramaestreko Alainen etxean lo egin genuenean edota gaurko atsedenaldian ikusitakoa. Siestan emakume baten garrasiek esnatu gaituzte. Haserre bizian zegoen, goiz osoa pasa baitu tropicola botila txiki bat eskuan, esne banatzailea noiz iritsiko zain.

Camagüey-Ciego de Avila 115/521 km.

Arratsaldeko ibilbidea bukaezina egin zaigu. Eolo gure kontra aritu da azken 60 kilometroetan, berriro atzeko pare bat erradio hautsi ditugu eta zuzentzen saiatu garen arren, gurpilak koadroaren patila ukitzen zuen. Eskerrak Ciego de Avilan familia jator bat aurkitu dugula eta afaria egindako esfortzuaren neurrikoa izan dela.

Ciego de Avila-Sancti Spiritus 86/607 km.

Ez geneukan lo egiteko tokirik baina horrelako kasuetan herriko plazan esertzea nahikoa da bazter guztietatik eskaintzak jasotzeko.
Sancti Spirituseko kale batzuk benetan ikusgarriak dira. Etxeetako koloreak, kaleetako harzolak, leihoetatik ateratzen den musika... ia dena zoragarria da. Ipuin bateko giro honekin nahasturik Kubako gabezia tartekatzen da.
Zail samar egiten zaigu eguna bukatzea lehendik ikusitako irudi tristeren bat gogoratu gabe. Ibai ondoko ederki apaindutako jatetxean postrea ozpindu zaigu eguneko gertaera tristeenak gogoratuz: oinutsik eta erabileraren eraginez ia gardena zen soineko guztiz zaharkitu batez jantzita zegoen atsoa, guretzako baliorik gabeko tresnak baino ez zituen eskaparatea luzaroan begiratzen zuen mutil hura... Jatetxe bera gizartearen isla zuzena da. Jatetxe txukuna izan nahi zuen, hala ere janaria guztiz bestelakoa da. Jan dugun behikia aspaldikoa zen, "ataque al cuartel de Moncada" etiketa zuela iruditu zaigu une batez.

Sancti Spiritus-Trinidad 76/683 km.

Eguzkiari aurre hartu diogu gaur goizean. Bizikletari argiak jarri, gaileta batzuk jan eta berehala ginen bidean. Gainera, gaurko esnaldia benetan azkarra izan da. Gelako argia piztu dugunean, ederki hazitako labezomorro batzuk azaldu baitira. Camagüey eta Ciego de Avila probintzietako paisaia atzean geratu da eta berdeago eta menditsuago den berri bat aurkitu dugu.
Gustura gaude Trinidaden, hankak nekatu samar, egutegia begiratuta egun bat soberan dugu eta gela oso ondo dago. Beraz, bihar ere hemen geratuko gara.
Etxeko jabeek bikote bitxia osatzen dute. Rosario emakume langilea da, badaki turista bakoitza nola tratatu behar den, zer nolako aurpegia jarri, turistak txorakeriak esan arren. Bart batek gosaltzeko saltxitxoia eskatu zion. Era dotore batez ezin zela erantzun zion Rosariok, eta gaur barrez gogoratzen zuen gertaera hori. Rosarioren ustez turista gehienak ez dira konturatzen Kuban daudela; batzuk Interneten sartzeko etxeko ordenagailua non dagoen ere galdetu omen diote.

Trinidad-Ancón-Trinidad 34/717 km.

Astebete bizikleta gainean ibili eta gero, gaur atseden eguna hartu dugu. Trinidadetik 17 kilometrora dagoen Ancón penintsulara joan gara Karibe itsasoaren urdinaz eta hondarraren zuriaz gozatzera.

Trinidad-Cienfuegos 89/806 km.

Trinidadetik ateratzean lehenengo kilometroak ikusgarriak izan dira. Ezkerraldean itsasoaren zabala eta eskuinaldetik Trinidad ondoko mendiak eta hauetatik datozen errekak. Edertasun honetan kilometroak aurrera doaz konturatu gabe, baina bat-batean zerbaitek moteldu du gure abiadura. Hasieran bakar batzuk ziren baina gero eta gehiago azaldu dira, dozenaka, ehunka, milaka, errepide osoa karramarroz beteta dago! Hasieran bitxikeria zena, beldurgarria bihurtu da. Asfaltoa guztiz gorritu da.
Aurrera begira dena berdin ikusten genuen. Lauzpabost kilometro egin ditugu karramarroen gainetik. Karramarroekin nahikoa ez bagenuen, gure buru gainetik dozenaka "aura tiñosa" izeneko hegazti harrapariak, hildako karramarroak jan nahian.
Gurpilen hotsak karramarroen gainetik pasatzen, hanketara iristen zitzaigun plisti-plastak eta oinetan jotzen zuten karramarro eta karramarro zatiek gero eta desatseginagoa bihurtu dute egoera. Azkenean handik ateratzea lortu dugu, baina bide osoan ezin izan dugu ikusitakoa burutik kendu. Geroago jakin dugunez, kotxe eta autobusetako gurpilak zulatu ohi dira karramarroen haginez eta horregatik ez dugu kotxerik ikusi errepide osoan.
Cienfuegoseko etxetik oso gertu, Gernika pilotalekua egoera kaxkarrean dago. 1920an Habana-Madrid enpresak ireki zuen pilotalekua baina zesta puntako urrezko garaia, beste lekuetan bezala, Kuban ere atzean geratu da. Cienfuegos itsasoari irekita dagoen hiria da. Bere badia ikusgarria da, bai egunez, bai gauez. Bere kale luze eta zuzenetan bizikleta ugari daude, kubatarren eguneroko garraioa dela esango nuke. Hala ere, Kuban dauden modeloak ez dira guk erabiltzen ditugun berak. Laurogeita hamarreko hamarkadan Sobietar Batasunarekiko haustura ideologikoaren ondorioz, Txinari eskatu zioten laguntza. Honek Kuba bizikletaz bete zuen.

Cienfuegos-Girón 112/918 km.

Errepidea utzi dugu eta herri txikien arteko pistetan ibili gara. Bideetan aurkitu dugun hautsa zela eta, ibilbidea gehiegi gogortu da. Hainbeste kilometro eginda, bukaeran zerbait berezia aurkitzea espero genuen, baina helmugan topatutakoa eskasa izan da. Giron turistentzako herria da. Hotela eta hondartza, beste erakargarritasunik ez dago.

Girón-Playa Larga 39/957 km.

Afal ondoko solasaldia atsegina suertatu da. Gurekin batera Heather eta Oscar, amerikar-mexikar antropologo bikotea zegoen. Kubako erregimenari buruz hizketan aritu gara etxeko jabearekin. Kubatar gehienek inoiz ez dute hitz egiten erregimenaren aurka. Asko eta asko ados daudelako eta beste guztiak beldur direlako. Azken hauek "Fidel" hitza ez dute aipatu ere egiten. Fidelen bizarra keinu batez adierazten dute izen hori esateko. Kubako biztanleen kontrola oso zorrotza da. Kubatar bat (berak eskatuta izena ez dut aipatuko), 16 urte zituela, 28 egun espetxeratua eta isolatua izan zen, salatari batek kontatu zuelako telebista ikusten ari zirela Fidelen aurkako adierazpen bat egin zuela.

Playa Larga-Habana 53/1010 km (+ 130 km kamioiez).

Gaur tristuraz beterik jarri gara bizikleta gainean, Playa Largan gustura egon garelako eta bidaia bukatzen delako. Jagüey hirira iritsi garenean autopistara atera gara eta kamioi batera igo dugu bizikleta.
Kamioian gurekin batera beste hamalau kubatar etorri dira, baita borrokarako oilar batzuk eta etengabe kaka egiten ari zen aharia ere. Ahari ondoan nengoela bat-batean euria hasi da. Besteek bezala zapaltzen ari ginen toldoa buru gainean jarri dut eta euria ez zen zerbait buru gainean erori zait. Hortik aurrera nahiago izan dut euripean bidaia egitea.
Habanatik gertu, berriro bizikleta gainean jarri gara hiri nagusiko zaraten artean azkeneko pedalkada isilak emanez


Azkenak
Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten Poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainak greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belarrak eta sasiak janda ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Eguneraketa berriak daude