«Egoera aldatu nahiak, oroimenak eta nesketarako gogoak biziarazten naute»

Anarkista zara, biolin jotzailea ere bai. Bi ezaugarri horiek ez dira oso ohikoak zure adinekoengan. Etxetik dakartzazu?
Aita errepublikarra nuen; Remigio Peña, Ubago alkatea eta horien laguna zen. Ez zuen ez Jainkoan eta ez horrelakoetan sinesten. Ni, berriz, gaztarora arte katoliko apostoliko erromatarra izan nintzen, seme bakarra izanda eta garai hartarako ondo bizita, zer eta anarkista atera behar nuen! Aitak kabaretetan jotzen zuen biolina. Ni ere halaxe hasi nintzen biolina jotzen, 16 urte nituela, Pasaiako «El Venecia» dantzalekuan aitari ordezkapenak egiten.

Nola igaro zinen, katoliko apostoliko erromatarra izatetik, anarkista izatera?
Gazte garaira arte, fededuna nintzen. Ez nituen santuak jaten, baina igandetan mezatara joatea gustatzen zitzaidan. Ondo bizi nintzen etxean, eta lau urtean egon nintzen eskola frantsesean. Eskolan bihurria izateagatik behin baino gehiagotan zigortu izan ninduten bazkaldu gabe, eta oraindik gogoratzen dut eskolako zuzendariak behin eman zidan jipoia. Atera egin nintzen eskolatik (edo bota egingo ninduten, seguru asko), eta boluntario aurkeztu nintzen armadara joateko, baita kabo izatera iritsi ere (akats horixe nuen).
Kontua da, behin janariagatik protesta egin nuela; tira, ez zen protesta izan, errealitatearen aipu bat besterik ez nuen egin. Tenienteak galdetu zidan: «Eta zuk, zergatik ez duzu jaten?», eta nik egia esan nion, «pertsonak garelako, eta hau zakurrek jaten dute». Hartu eta ziegara. 20 urteko kartzela zigorra eskatzen zidaten, eta juizio egunera arte etengabe errezatzen nituen Ave Maria eta nekizkien santisima guztiak. Juizio egunean, ordea, 12 urte eta egun bateko zigorra jarri zidaten. «Mekaguen Dios!» atera zitzaidan barru-barrutik. Badakit gaizki dagoela maldizioka aritzea, eta are gehiago existitzen ez duen pertsona bati! Ez nuen ulertzen zer kalte egin ote nuen zigor hura merezi izateko eta orduan hasi nintzen irakurtzen, irakurtzen eta pentsatzen. Liburuxka txiki batzuk baziren, Sozialismoa, Sindikalismoa, Komunismoa, Faxismoari buruzkoak. Eta denek bazuten arrazoiaren parte bat. Irakurketa haien bidez, errepublikar sozialista bihurtu nintzen hasiera batean. Baina iritsi nintzen azken-azkeneko liburuxkara, Anarkismoarena zena, eta hark egin zuen bat nire pentsamoldearekin.

Sozialismo eta Komunismoarekin zertan ez zentozen bat?
Komunismoa gobernuaren jabe egiten denean, azkenean ez da sortzen ez sozialismorik, ez anarkiarik, ez herriaren aginterik. Komunismoa diktadura bat da azkenean, ezkerraren diktadura, baina diktadura. Kleroak ere existitzen du komunismoan. Eliza Errusian komunismotik pasa da, Eliza abila baita indarrean dagoen sistemarantz itxuraldatzen, eta gobernuak onartu egiten ditu gainera, azken batean gobernuari bost axola dio ipurdia miazkatzen diona sozialista den, kristaua den, edo faxista den, ipurdia miazkatzen badio. Komunismoan kapitala ere badago, armada ere bai.
Gaur egun, sozialismotik faxismoraino doazen erregimen guztiak hartu, eta bat bera ere ez dago herriari agintzen uzten dionik. Norbanakoak arratoien pare zuloan gordeta egotea nahi dute denek, baina norbanakoak burua atera egin nahi du kanpora, eta libreki espresatu, inork hormarik jarri gabe. Eta ez dago erregimenik hori onartzeko prest dagoenik. Zergatik? Ez da utopia bat delako, arrisku bat delako baizik euren gobernuarentzat. Herria jabetzen bada politikoena gezurra dela, uste duzue guk diru hori dena emango diegula gure kontura bete ditzaten patrikak? Bai zera!
Horregatik, gaur egun ez dago erregimen bakar bat ere, herriarekiko afinitateagatik finkatzen denik, edo ideiengatik finkatzen denik. Denak indarrez ezartzen dira, bai armen bidez, edo diruaren bidez (edo biak batera).
Langile klasekoak inozoak izan gara beti. Beti besteei utzi diegulako geure buruak gidatzen. Gurasoei ez diegu uzten gure bizitza gidatzen, eta aldiz, familia baino askoz okerragoak diren hirugarren pertsonen eskutan uzten ditugu gure bizitzak. Hitlerek ere, humanitatearen noraeza aprobetxatzen jakin zuen, nahi zuen bidetik gidatzeko.

Zer beste gizarte eredu planteatzen du anarkiak?
Anarkismoa da askatasunaren gorena. Ez dago ez agintaririk, ez inoren ordezkaririk. Bakoitzak nahi bezala jokatuko luke, baina zer egin behar duen jakinda. Horretarako kultura berezi bat behar da, eta kapitala desagertzea ere bai, ez bakarrik txanpon gisa, baizik-eta espezie gisa. Diruak ezberdintasunak sortzen ditu, eta gainera postuaren araberakoa izaten da soldata, ez merezimenduen araberakoa. Anarkismoan denek edukiko lukete lana, eta lana ondo egiten irakatsita, aski litzateke bakoitzak egunean ordu erdiz lan egitea, denek bizitzeko adina izateko. Zeren, gaur egunean, elite bat dago lanik egiten ez duena eta inork baino gehiago kobratzen duena, langileari berak sortutako irabaziak lapurtu eta miseria bat ordainduta. Anarkismoan, bakoitzak bere beharren arabera jasoko luke dagokion partea: ahul dagoenari edo gaixo dagoenari gehiago eman behar zaio, injustizia hutsa delako beharrik ez duenari beste inori baino gehiago ematea. Horixe da kapitalismoak egiten duena, baita sozialismo eta komunismoak ere.

Hori lortzeko, zein litzateke hurrengo urratsa?
Anarkismora ezin daiteke egun batetik bestera pasa. Komunismo libertarioa da Anarkismorako trantsizioa, alegia, Komunismo Estatalistaren erori gabe Anarkismora iristeko formula dela. Komunismo libertarioan, langileak gremioka antolatuko lirateke, bakoitza bere ogibidearen sindikatuak babestuko eta ordezkatuko luke. Horrela, komunitatearen oinarria lirateke musikarien gremioa, burdinaren gremioa, harakinen gremioa...

Aipatu dituzu diruaren desagerpena, eta kultura berezi baten beharra. Praktikan halakorik eman al da?
Gerra aurretik, dirua desagerrarazteraino iritsi ziren Andaluzia, Aragoi eta Kataluniako kolektibizazioetan, eta gerran ere iraun zuten, ahal bezala. Oso herri pobreak ziren izatez, miserian bizi zirenak. Hezkuntzan, bazen esperientzia bat erreferente izan zena anarkistontzat, «Fermin Salboetxea»rena hain zuzen. Kadizkoa zen bera, euskaldunen ondorengoa behar zuen izan. Ferreren Eskola Librearen jarraitzailea zen. Ferrerek kulturarekiko zuen debozioa halako muturrera iritsi zen, ondo kultibatutako gizaki batengandik ekintza txarrik ezin zitekeela espero esatera iritsi zela. Eta arrazoi zuen; gero halaxe kendu zuten paretik.
Ezin da pertsona ona izan, kapitalaren kontra. Kapitalaren kontra ekiten baduzu, tiroz akabatzen zaituzte; eta bere legeetara makurtzen bazara, goseak akabatzen zaituzte. Kapitalari beti egin diote traba pentsatzen duten buruek; masako bat gehiago izatea komeni zaie, artaldea loditzea. Baina intelektual asko egotea, nahiz eta miserian bizi, kapitalarentzat txarra da. Anarkismoa arrisku bat da gobernu guztientzat, dauden erregimen guztien kontra errebelatzen delako.

Anarkismotik nola ikusten zen euskara?
Anarkismoa sekula ez da euskara kontuetan sartu. Oso ondo ikusten zuen hizkuntza ezberdinak bizirik egotea eta mintzatzea. Baina, aholkatzen zen kulturen artean hizkuntza bakarra erabiltzea: «ido»a (esperanto erreformatua zena).

CNTko egoitzan sekula ez omen da alkoholik sartu...
Alkohola ez, liburuak zeuden! Gure egoitzan ez zegoen tabernarik, liburutegi ederrak bai. Garai hartako Donostiako bi liburutegi onenak, CNT eta Juventudes Libertarias-enak ziren. «El Hombre y la Tierra»ren sei bolumen potoloak genituen, eta Reclus-en «Geografia Universal»en hiru tomoak. Ikasketarako liburuak ziren, edonork irakurtzeko moduan idatziak, garbi idatziak. Ordura arte gauza hauetaz gogoetarik egin ez zuen edozeinek ere irakurtzeko modukoak. Gaur egunean, berriz, zergatik jartzen dituzte gauzak ez ulertzeko moduan? Bada, erraz ulertzeko moduan jarriz gero, denak ginatekeelako medikuak edo arkitektoak! Ondo ordaindutako postu horietara iristea galarazteko jartzen dira gaur gauza denak modu zailean.

Gerra garaiko zure esperientzia zein izan zen?
Gerran adore gehiena zutenak erori ziren, eta koldarrak izan ginenok atera ginen bizirik, ihes egin dugulako, belarriak makurtuta, ahal zen tokian ezkutatuz. Nola hasiko zara hegazkin eta tanke baten aurka, miliziano bakoitzak fusil bana bakarrik genuenean? Gerora jatorri bulgariar, txekoslobakiar edo errusiarra zuten armak ekarri zizkiguten, «Consomol» famatuak. Barku errusiar bat ere iritsi zen, armaz betea, baina komunistentzat ziren denak, ez guri, eta ezta sozialistei ere ez zizkieten banatzen. Zergatik? Guk egiazko iraultza nahi genuelako, baina eurak ez, eurak gobernuaren jabe egin eta kapitala, agintea eta armada eurentzat hartzeko ari ziren borrokan.
Donostian armarik gabe gelditu ginen, eta antzemana genion ez zuela merezi armen zain gelditzeak, eta Bilborako barkua hartu genuen. Irailaren 13an atera nintzen Bilborantz, eta bidean ekaitz ederra topatu ere bai: «Cervera» eta «España», Errepublikaren bi korazatuak atera zitzaizkigun bidera, faxistak hartuak zeudenak, eta mehatxatu gintuzten. Mehatxuak kanoikada bihurtu izan balira, ri-rau batean urperatuko gintuzten, baina errespetatu egin gintuzten. Arrautzak zintzurrean genituela ailegatu ginen Bilbora. Hamar ordu behar izan genituen bidean, eta gosea, egarria, beldurra, denetik pasa genuen. Bilbora ailegatu, eta ederra harrera: «Donostiarrak koldarrak! Ihes egin duzue faxismoaren aurrean!». Entzun egin behar gainera! Guri fusilak eta denetik falta, eta eurek armekin paseatzen ari zirela guri kargu hartu behar! Baina Bilbon sozialeroek zuten indarra, eta izorratu egin behar. Haiek dena prestatuta aurkezten zizuten, hori egin behar zen eta kito, ez zizuten lehentasunik ematen pentsatzeko, hitz egiteko. Huraxe onartu egin behar zenuen, edo nazkaz hil.

Langileak batzea behar omen da, baina komunista, sozialista eta anarkistek ere batu ezina zenuten...
Errepublika garaian Asturiasen bai lortu zela langileen batasuna, UHP edo «Union de Hermanos Proletarios» sortu zen, sozialistak, anarkistak eta komunistak bat eginda. Baina CNTren ekimenez izan zen hura, gainerakoek helburu politikoetarako eta gerrarako nahi zuten kolektibizazioa, komunista eta sozialistek beti hala ulertu izan baitute kolektibizazioa. Hemen ez zen halako ezer ere egin. Gerra iritsi zenean gauza bera gertatu zen. CNT hemen ez zen 1.000 kideetara iristen. UGTk 5.000 kidetatik gora zituen. Bada UGTtik CNTra etortzen ziren, esanaz guk planteatzeko arauak, guk egiteko iraultza. Zergatik? Gugan konfiantza zutelako, arrazoia izan edo ez izan, euren konfiantzakoak ginen behintzat, guk gauzak egin egiten genituelako, eta besteek hitz egin baino ez.

Eta nola ikusten zenuten EAJ, gerra aurretik?
EAJri beti errezeloz begiratzen zitzaion, erdi fatxak zirela esaten zen. Lehenago zihoazen mezetara, gerrara baino. Niri ondo iruditzen zait euren ideiak eta pentsamendua edukitzea, baina halako egoera larri batean modu horretan jokatzen duenarekin ezin zaitezke fidatu. Dilema hori arraro xamarra zen; eta ez zen EAJren kontua bakarrik, oso jende gutxi zegoen kalera atera nahi zuena. Jende askok manifestatu nahi zuen, baina ez zuen iraultzarik nahi, dena onean lortu nahi zuen. Guk ere, onean emandako dena hartu egin nahi genuen, baina onean eman nahi ez baziguten, orduan txarrean lortu beharko genuen. Ez zegoen beste biderik, eta gogorra zen, baina halaxe zen. Beharrean bazaude eta ematen ez badizute, seme-alabak goseak hiltzea baino nahiago lapurtzea, edo hiltzea, beste biderik ez dagoenean.

Nola egin behar litzateke iraultza?
Bizitzeko adina baduen langilea, goserik ez duen langilea, ez da iraultzaz kezkatzen. Langilea iraultzara joango da, beste erremediorik ez duenean. Beraz, beste biderik badagoen artean, alegia, eboluzioaren bidez Erregimen libertariora iritsi daitekeen artean, ez dago armetara jotzeko beharrik. Iraultzaileak, bere diskurtsoarekin, bere prosodiarekin, bere didaktikarekin, erregimen aurreratu batera armak hartu gabe iritsi daitezkeenaz konbentzitu egin behar ditu besteak. Horrela bidean aurrera egin ahal izango dute, beren burua konbentzituta, anarkia dela bide bakarra.
Iraultza kulturarekin egingo nuke, alegia iraultza «kultibagarria»: hezkuntzaren bidez, kulturaren bidez herria landuz. Jendea akabatu beharrean paretik kentzeko, «kultibatu» egin behar da bere egoeraz konturatu dadin. Hemen egin behar dena da ez hil, eta eraiki, sortu, bizitza eman. Hil beharrean, bizitza eman. Zenbat eta bizitza gehiago egon, orduan eta hobeto, nahiz eta oker egon. Zeren, oker dagoen pertsona bat konbentzitu egin dezakezu, baina hilda dagoena ez.

Zure esperientzian, bada zerbait anarkismoaren inguruan gustatu ez zaizunik?
Bai, oso anarkista gutxi zeudela. FAIk oso kide gutxi zituen, eta berriz CNTk kide asko, sindikalista asko zegoen. CNT sindikatuari FAIren odol eta ideiek eusten zioten. Ideiak zeuden tokia FAI zen, entitate txiki bat. CNTk milioi eta erdi afiliatu bazituen, baina haiek ez zekiten zeintzuk ziren ideiak, ez zien axola askatasunak, bizi-baldintzak hobetzeko dirua nahi zuten eta kito. Sindikalisten artetik, gutxiengo txiki bat zen anarkista; hain zaila da anarkista izatea! Sindikatukoa edozein izan zitekeen, baina FAIko kide ez zen edozein: benetako kideak lau izango ziren, behin bizi behar eta ideiari dedikatzeagatik gaizki bizi izan zirenak. Ez zuten dena ondo egingo, baina on egin asmotan jokatzen zuten beti, eta «entxufatzeko» aukerak izanagatik beti uko egin zien «entxufeei». Sindikatuetan, berriz, aukera izan orduko jendea «entxufatu» egiten zen. Diruaren aurrean makurtu egiten gara; gizakiak konbikzio gutxikoak gara.

1938an bigarren aldiz sartu zintuzten kartzelan, heriotz zigorrarekin...
Bai. Egunero pentsatzen genuen «bihar fusilatu egingo gaituzte». Baina bizirik ateratzeko esperantza ere bagenuen, heriotz zigorrera jende asko eta asko zegoelako kondenatua. Francok bakarren batzuk fusilatu zituen, baina beste gehiengoa bizirik utzi gintuen, biharko egunean eurentzat lan egiteko jendea behar zutelako! Denak fusilatu bagintuzten, langilerik ez legoke, eta bukatu zen Erregimena! Frankistak ez dira ematen duten bezain inozoak ere; berekoiak dira, baina inozoak ez.
Preso geundela beldurra genuen, baina gutxienez jaten ematen ziguten (ordura arte kaleko zakurrek baino gose gehiago paseak ginen). Kartzelan, egunean hamabi babarrun ale emateraino iritsi ziren! Preso zeuden gazteen gehiengoa asturiarra zen, gerrara arte meatzariak izanak, pikatzaileak... eta gerra aurretik ondo irabazten zutenez, etxean ondo jatera ohituta zeuden. Kartzelako arrantxo hura ez zuten jan nahi, eta goseak hiltzeraino ere iristen ziren, hura ez probatzeagatik. Gizajoak, tuberkulosiak jota hiltzen ziren gehienak. Langile idealistak ziren denak, heriotzaraino: euren izerdiz bizitza atereak, eta halako irainik onartzen ez zutenak. Ni kartzelatik irten nintzenean, jaka bat eman behar izan zidaten, nireak bi bira ematen zizkidalako gerri-bueltan.

Gaur egungo egoera nola ikusten duzu?
Orduan politika gehiago zegoen gaur baino. Gaur egun gauza batzuk esaten dira, baina gerra aurretik (1931tik 34ra arte) askoz gehiago esaten ziren, eta garbiago gainera. Lehen askatasun ideologiko gehiago zegoen, edo langileriak euren kasa gehiago pentsatzen zuen. Gaur egun jendeak pentsatzen du, beste denek pentsatzen dutenaren arabera, entzuten dutenaren arabera. Ez dago irizpide propiorik. Telebistan ere ez dago txorakeria besterik. Ni Realzale amorratua naiz, eta futbola ikusten dut gustura, baina gainerakoan txorakeria besterik ez dago. Lehen ez zenez telebistarik existitzen, irratia zegoenez, musika entzuten zen. Jendearen artean gehiago hitz egiten zen, ideiak gehiago zabaltzen ziren.
Munduak ez du hainbeste aurreratu; guk aurreratzea nahi genuen, eraldatzea, baina ez du hainbeste aurreratu. Are gehiago oraindik: ideia asko geldirik geratu dira. Geurea, esaterako, geldituta dago. Eta geldituta dago, ez ideia faltagatik, diru faltagatik baizik. Guk dirua ukatu egiten dugunez, ezin ditugu kontzientziak diruarekin erosi (beste denek egiten duten bezala); guk kontzientziak konbentzitu egin behar ditugu. Eta gaur egunean, ideiek ezer gutxirako balio dute. «Ni anarkista naiz», eta zer? «Nik besteek baino pentsakera aurrerakoiagoak ditut!» eta horrekin zer? Besteek zuk baino pentsakera atzerakoiagoak izango dituzte, baina zu baino hobeto bizi dira! Argi esanda, edo korrontearen alde zoaz eta zeurekoia zara, edo korrontearen kontra zoaz eta tontoa zara. Zentzu orokorra norberekoikeriaren bidetik noa. Ni ere neurekoia naiz, ez dut ezetzik esango; beti izango dut ahuleziaren bat nahiz eta nik ez dudan inoiz neurekoia naizenik sinetsi nahi izango.

Zure seme-alabak ere anarkistak dira?
Ezta batere! Eta ulertzen dut gainera. Denek badute lana, eta denak ondo bizi dira. Eszeptikoak dira, eta oso konformistak. Haurrak zirela nik jai eta aste egiten nuen lan, eta egia esan ez nuen denbora askorik izaten eurekin egoteko; emaztea arduratzen zen umeez. Etxean ez zaie inoiz ezer falta izan, eta beharra eduki ez duenak ez daki zer den, konformista bihurtzen da.

Zer da 90 urterekin hain ondo mantentzen zaituena?
Oroimena izango da, seguru asko. Denetaz akordatzen naiz, berezkoa dut. Zerbait irakurri edo entzun, eta oroimenean gelditzen zait. 90 urteetarako indarra, egoera hobetzeko ditudan gogoek ere emango didate. Ez egoera partikularra hobetzekoa, nik pertsonalki ezin dut gehiago eskatu, ondo nago-eta. Herria beti ardura izan zait; gerran ere saltsatan sartu nintzen, ideologien munduan sartu nintzen, eta urteekin nire ideietan gero eta sendoago jarraitzen dut, gero eta lotuago. Baina ulertzen dut nik nahi dudana agian ez dela herriak nahi duena.
Neskak hainbeste gustatzen zaizkidalako ere iritsiko nintzen, agian, 90 urtetara. Nire adinean, emakumeak hainbeste gustatzea ez da oso ohikoa, ezta? Adin honetan loreak gustatu behar litzaizkidake, eguzkia... baina nori bururatzen zaio adin honetan neskazalea izatea? Humanitatearen zoro bat naiz, badakit

- Jaio: Donostian, 1912. urtean.
- FAIko kidea, biolin jotzailea.
- 17 urterekin soldadutzan boluntario sartu, eta kabo izana.
- Kartzela: Bi aldiz sartu zuten kartzelan. Lehenengoz, armadan kabo zela, 26 hilabeterako (1932-34ra bitartean). Kartzelatik atera zenean sartu zen CNTn. Bigarren aldiz 1938. urtean sartu zuten, heriotz zigorra eskatzen ziotela. Lau urtean eduki zuten Gasteizko kartzelan.
- Bizibidea: 30eko hamarkadan hasi zen biolina jotzen, Pasaian, «El Venecia» dantzalekuan, aitari ordezkapenak eginez. 1941ean Bartzelonara joan zen, gurasoak han zituen-eta. Paper fabrika bateko bulegoan jardun zuen lanean, baita arto irina saltzen ere. Garai hartan Bartzelonako antzokietan, hainbat operatan jo zuen biolina. 1949an itzuli zen Donostiara, eta 30 urtean jardun zuen herriz herri biolina jo eta objektuak zozketatu zein saltzen.

Gerra garaia zen eta antifrankista denok desfilatzekoak ginen, Bilbon. CNTko sei batailoiak, ordea, bonbatxotan geunden, uniformerik ere ez genuelako. Jose Antonio Agirre lehendakaria izan zen gure alde mintzatu zen bakarra. Hotel Carlton-eko balkoira irten, eta galdetu zuen: «Nolatan ez dute horiek uniformerik?», eta norbaitek: «Bai, izan ere horiek anarkistak dira...», eta Agirrek, serio: «Eta? Diziplina ederrean jarri dira bada lerrotan! Diziplinarako eta bularra emateko bai, eta uniformea emateko ez? Bihar denak uniformatuta ikusi nahi ditut!». Eta biharamunean kazadora ederrak eman zizkiguten, antezkoak ziruditenak, eta bota australiar batzuk (ez zaizkit ahaztuko sekula).

Doinua: Bogart eta Bilintx
Maiz pentsatzen da ia zer falta
dugun anarkiarako
geure buruak konbentzitzea
falta da horretarako.
Baina agian asmoa ez da
ametsetik aterako,
puntu ahulak ditugu eta
ez dira inoiz faltako,
puntu ahulak ez onartzea
puntu ahul bat delako.

Gerra garaian, 1937. urtean, Donostian. Eskuinetik hasi eta bigarrena da Manuel.


Eguneraketa berriak daude