DEBA IBARRETIK EUSKARAREN HERRIRA


2002ko uztailaren 14an
Koldo Zuazoren eta Badiharduguren liburuak bi atal ditu. Lehenengo atalari lotuko natzaio, "Hizkuntza Egitasmoa" izenburuarekin Koldo Zuazok idatzi duenari. Bigarren atala, "Hizkuntza ezaugarrixak" deritzona, Deba ibarreko 55 lagunen artean egindako lana da, Koldo Zuazok aurkeztutako txostenetan oinarrituta, eta eskualdeko hizkeren ezaugarri nagusiak aztertzen ditu.

Koldo Zuazok, euskara batuaz eta euskalkiaz egiten du gogoeta, euskara suspertzeko, euskararen osasuna hobetzeko eta euskaraz gustura eta eroso jarduteko helburuarekin.
Helburuotara iristeko oinarrietan hiru ardatz nagusi azaltzen dizkigu: euskara batua, herriko hizkerak eta hizkuntzaren gaineko osagaiak.
Lehenengoan, inolako zalantzarik gabe, euskara batuaren erabateko aldekotasuna agertzen du, eta euskara batuak ekarri dizkigun onura nagusiak aipatzen. Bigarren ardatzean, herriko hizkeren gainean dihardu, eta euskalkiak gutxietsita ikusten baditu ere, euretatik atera dezakegun etekina handia dela diosku: transmisioa edo hizkuntza lotura sendotzea, sena eta sormena indartzea, euskara zuzenagoa eta indartsuagoa, eta euskalduntzea erraztea; "herri euskaldunetako ahozko jarduna" bertako euskalkian oinarritu behar delakoan dago, etxean, kalean, eskolan eta herri barruko hedabideetan. Hirugarren ardatzean, hizkuntzaren gainerako osagaien inguruko gaia darabil; arazoa ez da, dio Koldok, batua ala euskalkiak bietatik zein erabili, batua non eta noiz, eta euskalkia non eta noiz erabili da askatu beharrekoa; gainera, hizkuntzak bere baitan dituen osagaiak, beste hizkera batzuk, izan behar dira kontuan: haur hizkera, gazte hizkera, lagunarteko hizkera, lanbideetako argotak... denak sendotu eta indartu beharrekoak; hizkuntzak, komunikatzeko zereginaz gainera, gozatzeko eta gustura egoteko ere badirela, eta hizkuntz politikaren orain arteko ardatz nagusiei ezinbestekoa dela gehitzea, euskararekin jolas egitea eta gozatzea; hizkuntza sortzeko gaitasuna, lagunarteko hizkeran ikusten du, eta horixe jartzen digu lantegi: gazteek lagunartean euskaraz jardutea lortzen badugu, berez-berez etorriko zaigu hizkuntza bizia, indartsua eta sendoa.
Azkenik, helburura iristeko bideak datozkigu. Deba ibarreko herrien arteko hizkeren aldeak gora behera, gure artean ez dela aditu ezinik sekula izan, eta "Deba ibarrerako euskara batu bat egitea ez dela inondik inora gure asmoa". Zenbait egoeratan eta zenbait jardunetan, "eskualdeko euskara batua" erabiltzearen aldeko garela.
Herriko hizkera edo euskalkiaz: alde batetik, "non" eta "noiz" erabili galderari, erantzun zehatza da ematen diguna, "ahozko jarduna da euskalkiaren berezko esparrua"; bestetik, euskalkia nola erabili erantzuteko, euskalkiaren barruan hizkera bi daudela, "lagunartekoa eta jasoa".
Lagunartekoa izenak berak esaten digu, baina hizkera jasoak baditu, ostera, baldintza batzuk bete beharrekoak: lagunarteko erdarakadak baztertzea, hitzak osorik esatea eta idaztea, idazterakoan Euskaltzaindiak euskara baturako eman dituen arauak betetzea; hizkera jasoaren esparrua ere jartzen du: batzarretan, hitzaldietan, Administrazioko langileek herritarrekin... eskolako Haur Hizkuntza zikloan; hizkera jasoa idatzian erabiltzearen gainean esaten denak, euskara batuaren eredutik aldentzen diren alderdietarako balio du, beraz, Deba ibarrerako ere bai, hau da, gertuko lagunarekin gertuko hizkera, baita "esparru jakin batzuetan" ere: herri barruko ohar eta iragarki laburrak, haurrendako ipuinak, herri barruko aldizkarietako sail bereziak, ahozkotasunarekin lotuta dauden zenbait literatura generotan.
Eskualdean erabiltzeko "eskualdeko euskara batua" deitzen diona proposatzen du. Euskal Herri osorako testuetan ahalik eta euskara berdinena egitea komeni denez leku txikia dauka hor norbere eskualdeko hizkerak; baina beste kontu bat da esparru mugatuetan dihardugunean, geure herri barruan edo geure eskualdean, hurbilagoko euskara batu bat egokiago izango dugu: adibide polit bi jartzen ditu, testu bera euskara batu desberdinetan, bata Leintz aldekoa eta bestea Lesakakoa; azken urteotako jokabidea aldatu beharra proposatzen du, ba, eta herritarrengandik hurbilen dagoen euskara erabiltzea, "eskualdeko euskara batua" deitu duguna. Laburrago esateko, euskara batua egiterakoan geure hizkeran oinarritu behar dugula, euskara batua norberaren berbeta besterik ez da-eta Euskaltzaindiaren arauak gehituta gero.
Gaur egun geure herriko hizkera eta euskara batua nahikotzat ditu eta desegokitzat jotzen du "herrialdeko euskalki batua"ren aldeko ahalegina, euskalkiak homogeneoak ez direlako, euskalki batuak ikasteak dakarren lanagatik, hizkuntzaren batasunerako oztopo ere badirelako.
Eskualdea jartzen du lanerako esparru. Egitasmoak aurrera ateratzeko bitarteko gehiago dago eskualdeka norbere herri barruan baino. Deba ibarrean, transmisioa makalduta daukagun herrietan ahozko hizkera indartzeko, esate baterako, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Arrasaten, beharrezkoa da eskualdeko herri euskaldunen eredua, Antzuola, Elgeta eta Mutrikukoa; hori da eskualdeka jarduteak dakarren beste onura bat. Adibide hauxe iruditzen zaio beste alderdi batzuetarako ere: Gipuzkoako Goierri, Nafarroako Sakana, Bizkaiko Arratia...
Honaino, Koldo Zuazoren lanaren ahal izan dudan azalpenik laburrena. Lan bikaina benetan Koldorena. Hortxe dugu jarraibidea. Bat nator harekin. Erabat. Euskara batuak, Arantzazuko Batzarra egin zenetik hona, 1968an, sustrai sendoak hartu ditu, indartu egin da. Sekulako lana egin da, hezkuntzan, hedabideetan, unibertsitatean, literaturan... euskaldun guztiondako nazio hizkuntza garatzeko. Euskara batuak, gainera, Hiztegi Batua egin zenetik, behar zuen malgutasunean irabazi du; kontua da euskara batua ere erabiltzen ikasi behar dugula, eta hor ditugula makina bat hitz "eskualdeko euskara batuan" erabilgarri. Hala ere, euskalkiaren, edo nahi baduzue, ahozko berbetaren eta herrietako hizkeren aldeko gauza handirik ez da egin. Mendebaleko euskalkiak, eta hor kokatzen dugun Deba ibarreko euskarak, baditu bere ajeak, txikiena ez, erdararen eraginetik aparte, geure hizkeran berba egiteko daukagun lotsa edo konplexuak, transmisioaren etena, eta horrekin batera galduz doazen makinatxo bat esapide jator, azentua eta abar. Batez ere, ahozkotasuna irten da galtzen eta herrian eta lagunartean erabiltzeko euskara batuaren formaltasuna lehor samarra gertatzen zaigu.
Deba ibarreko euskararen aldeko ahaleginak lehen ere egin izan dira. Juan Martin Elexpuruk eta Fernando Muniozgurenek, badakite horretaz zer edo zer baino gehiago. Herrion arteko kohesioa sendotzera datorkigu orain Badihardugu Alkartia, eta Koldo Zuazoren lan hau geure asmoak eta ideiak indartzeko tresna aparta da.
Imanol Laspiur zenak, gure lagun ahaztu ezinak, Eibarko Euskera Mintegiko batzar haietako baten ondoren, bota zidana datorkit gogora: "Bagabixak gu ahalegiñak egitten baiña Eibarko euskeria hil dok". Hori da hainbatek eta hainbatek sentitu izan dugun etsipena herriko berbeten gainbeheraren aurrean. Berreskuratzea ez da erraza, baina ahalegina egitea merezi du

Lourdes Oinederra: "Batua gora eta Batua behera"

Debar baten alaba naizen aldetik poz handia eman dit Koldo Zuazo eta Badihardugu Euskera Alkartiak atera duten liburuak. Hizkuntzalari izateak eta euskararekiko nire kezkak, noski, areagotu egiten dute lan honek ematen didan poza. Bada, ordea, pozerako horiek guztiak baino arrazoi sakonagorik: liburu honek eztabaidarako ateak parez pare irekitzen ditu.

Parez pare diot, liburuaren zati handi bat euskalkian idatzia egotea bera delako lehen eztabaidagai. Ederki dakite hori egileek eta argi azaltzen dituzte beren arrazoiak. Halaz ere, ni behintzat ez naute bete arrazoi horiek. Uste dut honelako gaietarako euskalkia erabiltzea nahasgarri gerta daitekeela euskalkien duintasunaren salbazio baino lehenago. Gainera, beste hizkuntz egoera batean bitxikeria komentagarria litzatekeena, gurean zertxobait gehiago daitekeelakoan nago. Alegia, iruditzen zait euskara batuaren osasuna ez dela oraindik nahikoa sendo, gutxiegi garela lantzen dugunok eta gehiegi kostatzen zaigula zehatz izatea eta erdaretatik libratzea (batik bat alor teknikoetaz ari naiz).
Egileek kontrakoa badiote ere, nik uste liburu hau ez dela batez ere Deba Ibarrekoak irakurtzekoa. Gustura gomendatuko diet nik nire ikasleei. Dudarik gabe, horretarako askoz egokiago litzateke batuan idatzia egotea: hain zuzen ere, hizkuntza normaletan, gaia hizkera estandarrean adierazten den horietakoa delako. Goraxeago esan bezala, guk estandar hori eraiki egin behar dugu oraindik neurri handi batean, hizkuntza normalduko badugu. Hemen aukera bat galdu da. Normaltze horren beste atal bat, noski, estandarra (batua) eta dialektoen (euskalkien) erabilera antolatzea da.
Ez al zen hobe izango Deba Ibarreko hiztunak (beren hizkeraren amuari kosk eginda liburura hurbildu nahi dutenak) euskara batura erakartzea, estandarra eta dialektoen erabilera arauak nahastea baino? Agian gai horretaz dagoen bibliografiari begiratu bat eman beharko genioke honetan aurrera egiteko (harritu nau liburuan inolako erreferentzia teorikorik ez egitea).
Aldagarritasun dialektologikoarenaren ondoan behin aipatzen da aldagarritasun estilistikoa (30-31 or.), baina ez dira elkarrekin uztartzen. Ez da kontu erraza, balegoke hor zer landua. Nire proposamena batua maila zainduenetarako (edonon) eta euskalkiak (nahasirik?) beste hizkera mailatarako gordetzea litzateke.
Liburuak sortu didan beste kezka atala Zuazok erabiltzen duen doinuak eragin dit. Tarteka Sarasolak ajeen liburuan erabiltzen duena gogorarazi dit. Bihoa aurretik, harekin bezala, honekin ere funtsean ados nagoela askotan (gehienetan agian). Beldurra ematen dit, ordea, gauzak esateko moduak batzuetan. Esango nuke Koldo Zuazok ontzat emango ez lukeen dogmatismoaren itxura ere hartzen dutela lerro zenbaitek... eta beldur naiz hemen ere ez ote den gertatzen gure artean sarri aurkitu ohi duguna: euskara erdaratzetik libratu nahian edozer berrikuntza txartzat (eta nola!) ematea.
Erabilerak, erabilera barra-barra eta azkar ugaltzeak emango dio hizkuntzari bizitza, jolas-gaitasuna, hizkera mailak eta behar dituen abar guztiak. Horren salneurria hizkuntza mordoilotzea, hizkuntza zikintzea izango da. Saia gaitezen neurriz kanpokoa izan ez dadin mordoilotze hori, baina ez ditzagun erabiltzaileak beldurtu, aspertu, anatemizatu. Gutxiegi gara, beranduegi da.
Izan bedi ongi etorri liburu hau gure lan zailotan eztabaidan (beraz, ezagutzan) aurrera egiteko laguntza ezin hobea delako. Esker mila egileei horregatik eta eskura jarri diguten hiztegi eta esaldi corpus ederragatik. Zorionak buruturiko lanagatik

Iñaki Iturain: "Orion 'det' eta Atutxak 'dut'"

Orioko elizan herritarrak, kantari, "sinesten dut"-ka aritzea ez da egokia eta Euskal Legebiltzarreko presidente Atutxa jauna ETB-1entzat eta Legebiltzarretik bizkaiera eder bezain euskaldun askorentzat ulergaitzean jardutea ere ez da egokia. Euskara batua eta euskalkien erabileraren auzian muturreko jarrerak dira biak. Orioko herritarrek, azken mendeetan behintzat, esan duten "sinesten det" alde batera utzita, elizan hitzak gogorarazteko jarri duten pantailaren bidez herritarrei "sinesten dut" esanaraztea ez da egokia. Eta Atutxa jaunak, berriz, jakin behar luke euskal legebiltzarburu den aldetik, ETBrentzat ari denean, hau da Euskal Herri osorako, "dot" baino "dut" egokiagoa dela. Eta hemen "det", "dot" eta "dut" hizkera oso baten adibide huts besterik ez dira.

Muturreko erabilera, nire ustez, desegoki bi horien arteko eremua oso zabala da. Ondorengo aldagai hauen guztien artean eman daitezkeen konbinazioek betetzen dute eremu hori: ahozkoa, idatzia, batua, euskalkia, tokian tokikoa, etxea, kalea, lagunartea, eskola, irratia, herri aldizkaria, eskutitza, txateoa… Aldagai asko dira eta horien inguruan egoki jarduteko, senez, Koldo Zuazoren "Deba ibarretik euskararen herrira" liburuko proposamena ezin egokiagoa da, aspalditxo honetan sena erdi galduta dabilen gure herri honetarako.
Egia aitortu behar badut, nik aurreiritziak nituen liburuari ekin nionean, izan ere, nire ustez, orain dela urte batzuk liburuko ideia horiek zabaltzen hasi zirenean, euskalkiak erabiltzearen izenean, oker eta gehiegikeria kaltegarri nabarmenak egin ziren herri aldizkari batzuetan. Horregatik, liburua irakurtzen hasi aurretik aurreiritzi horiek idaztea erabakinuen. Paperean jarri nituenen artean bi ekarri nahi ditut, liburua irakurri ondoren idazten ari naizen honetara: Esaten nuen, batetik, Koldo Zuazoren saioan ez zirela behar bezala bereizten idatzia eta ahozkoa eta, bestetik, ez zela behar bezala azaltzen zer den euskara batua. Eta ustezko bigarren hutsune hori betetzeko-edo, honako hauxe idazten nuen: Jakin behar genuke, eta dakitenek zabaldu, euskara batua oso kutxa handia dela, gauza asko kabitzen direla bere baitan eta euskalki bakoitzeko aberastasunarekin hornitu behar dugula kutxa hori, erabilpenaren erabilpenaz. Eta jakin behar dugu, eta adierazi, batua direla: "Berba egin lotsa barik!" eta "heldu den igandean jinen gara". Eta, aldiz, ez direla euskara batua: "Europako leku desberdinetan izan gara" bezalako esaldiak. Izan ere, euskara batua, aurrena, euskara da eta aurreko hori bezalako esaldiak azaletik bakarrik dira euskara.
Zorionez, aitortu behar dut "Deba ibarretik Euskararen herrira" liburuak ez dituela hutsune horiek eta oso proposamen baliagarriak dakarzkigula Euskal Herriko gainontzeko eskualde euskaldunetarako ere. Zuazok ez dio, inondik ere, lekurik eta baliorik kentzen batuari eta banan bana ematen dizkigu euskara batuaren onura guztiak eta, gero, euskalkiaren balioa, lekua eta zeregina zehazten saiatzen da. Nik Koldoren ondorengo ideia hauek azpimarratuko nituzke, bere hitzetan: "Ahozko jarduna da euskalkiaren berezko esparrua. Berez ateratzen zaigu lagunarteko hizkera, eta hor ez dago inolako araurik ematerik. Bide errazera jotzea da onena eta etxean eta herrian, oharkabean, ikasi dugun hizkera da bide erraza. Geure hizkerarekin eta batuarekin nahikoa dugu gaur egun; ez dago herrialdeko euskalki baturik sortzen eta ikasten jardun beharrik".
Zalantza bakarra geratu zait bere alderdi teorikoan guztiz konbentzitu nauen liburua irakurri ondoren: ea merezi ote duen liburuaren bigarren partean egin duten lan filologiko zehatza egiteak; alegia ea eskualde guztietan egin behar ote den bertako hizkeraren ezaugarri guztien bilketa lan sistematikoa. Ez ote da egokiagoa lan filologikoa baino lan psikologikoa egitea, ahozkorako, tokian tokikoaren harrotasuna indartzeko, lotsak eta gutxiesteak alde batera utzita? eta lan politikoa, hizkera horrentzat espazioak irabazteko, baita komunikabideetan ere, tokikoentzat ari garenean; herritarrak bultzatzeko berea erabil dezaten, lasai eta libre? Nik, behintzat, araugintza …-tzaindiekin lotzen dut, EGArekin, eta batuarekin. Sena berreskuratzen ahalegin serioa egitea ez al dugu nahikoa?

Paskual Rekalde Irigoien: "'Deba ibarretik euskararen herrira' libur uaz"
Aitzinsolas
Koldo Zuazok eta Badihardugu Euskera Alkartiak "Deba ibarretik euskararen herrira" liburua plazaratu dute berriki. Erraten ahal da liburu horren oinarri direla Zuazoren bi liburu hauek: "Deba ibarreko euskeria" (1999) -bereziki, "Euskalkixak etorkizunian" izeneko III. atala- eta "Euskararen sendabelarrak" (2000).

Egileen hizkuntza egitasmoaren xederik behinena Deba ibarrean ezartzea bada ere, hangoa oinarritzat hartu eta "Euskararen Herri osoari" eskaini nahi izan diote.
Uste dut egitasmo hori gauzatzeko baitezpadakoak direla Badihardugu-koek beren taldea sortzeko aipatu hiru arrazoi hauek: "euskara suspertzea", "euskararen osasuna hobetzea" eta "euskaraz gustura eta eroso jardutea".

Zer eta non

Egileek hiru oinarri aipatu dituzte berek paratu xedera ailegatzeko. Lehena, "euskara batua"rena dugu. Inork ez du ukatuko euskara batuak azken 30 urte honetan egin duen bideak, malkartsua izanik ere, uzta joria eman duela. Euskal Herrian gaindi administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan ezarri da (ezarpen mailak gorabehera). Nolanahi ere, maiz aski kexu agertu dira euskara batua egiteko aukeratu erdialdeko euskalkitik (zuzen aukeratu ere) urruntzen diren euskalki eta hizkeretako hiztunak, uste baitute arinegi utzi dela alde batera bazter hizkeretako mintzoen aberastasuna. Bigarrenik, "herriko hizkerak" aipatu behar ditugu. Egitasmo honen oinarri sendoa izanik, badut uste lan handia dugun egiteko (eta hala ari dira hainbat eskualdetan) aprobetxagarri den oro hartu eta euskara batuan txerta dezagun. Hankak lurrean ditugula egin beharko dugu lan, sentimentalismoak eta euskaldunok hain geurea dugun txokokeriarako joera bazter utzirik. Euskara batu osasuntsu eta bizia genuke xede ezinbertzean. Hirugarrenik, "hizkuntzarekin jostatu eta gozatzeko" erran digute. Ezin erran hemen euskara batua berez dela gozakaitz eta zakar, euskaraz mintzo garenon ardura baita euskara batu hori (eta euskararen gainerako hizkerak) gozo eta atsegin iturri egitea. Hala eginez gero, "hizkuntza sortzeko ahalmena" ere berreskuratuko genuke. Aski da horretarako gure herri eta hirietako hainbat euskaldun naturaltasun osoz mintzo denean gertatutakoari erreparatzea. Ez da harritzekoa, halakoetan, hizkuntzaren erregistro ezberdinak erabiltzeko duten trebetasuna, belaunaldi gazteagoetan galtzen ari dena, hain zuzen ere.

Orain arte erran guziari segida emateko, goian aipatu xede horiek betetzeko bideak beharko ditugu. Ezbairik ez dut Euskal Herriko hainbat herri euskaldunetako hiztunek aho-bihotzetan darabilten mintzaira berekin atxiki behar dutela eta, ahalkerik gabe, kalitatezko euskara hori bertze batzuekin, egunero-egunero erabili eta hobetu edo ikasi nahi dutenei eskaini. Dena dela, kontuan izan beharko dute beren herri eta eskualdetik atera, eta gainerako euskaldunekin elkar konprenitzeko euskara batua ere beharko dutela.
Bertzalde, eskualdeka lan egiteko proposamena egin digute egileek. Ez da aukera txarra baldin eta horretan buru-belarri aritzeko jenderik bada (Deba ibarreko hainbat herritan Nafarroako Baztanen edo Bortzerrietan adina jende bizi da) eta jende horrek esku artean dugun gai honen berri izateaz gain, zuzen eta egoki lantzeko bideak markatzen badira.
Iritzi artikulu hau ahitzeko, bi hitz: urterik urtera esku artetik joaki zaigun hizkuntzaren altxor menderen mende ondu hori berreskuratu eta geurekotu behar dugu, baina euskara kalitatezko eta moderno bati ateak hertsi gabe. Halabiz!

Esan gure aita-amei ez dakitela euskaraz!
Ezer baino lehen, esan dezadan ni ere euskalkizalea naizela eta nire herriko berbetak nire izaeran duen garrantziagatik maite ditudala gainerako berbetak ere.

Eta horrek zer esan gura du, testu hau gure herri aldizkarirako kolaborazioak egiten ditudan moduan idatzi behar nuela? Baita zera ere! Bai euskalkiak baita euskarak ere bakoitzak bere lekua dauka eta nik herri aldizkarian idazten dudanean liburu horretan emandako gomendioei jarraituta egiten dut, ibarreko herri aldizkari guztietan egiten den moduan. Gainera, ibar osoko 50 adituk jardun dute "Deba Ibarretik euskararen herrira" lantzen eta horrek pisua ematen die hartutako erabakiei. Beraz, orain badakigu Debagoieneko telebistan "izan untsa" esanda agur egiteak ez duela zentzu handirik, edo "Goienkaria"-n "asperturik baikaude" idazteak ez duela ezer konpontzen eta bai nahastu, besteak beste, nahikoa batu delako "aspertuta gaude-eta".
Ibarreko 50 lagun horiek batzen gaituenari eman diote garrantzia, baina hori guztia euskalki baturik egin barik. Norberaren fonetikari, morfologiari, morfosintaxiari, aldaerei, esapideei eta hiztegiari garrantzia emanda. Eta hitz potolo horien atzean, zer dago? Ba, gure aita-amek eta belaunaldi zaharragokoek erabiltzen duten berbeta.
Liburu horretan ez duzu asmakizunik, eta horixe da eskertzekoa. Gure amak ez dauka euskalki batua ikasi beharrik ogia erosteko esanez mezu bat jartzen didanean. Gure anaiari esan behar diogu nirekin komunikatzeko ez daukala ergatibo pluralaren beharrik orain arte izan ez duen moduan, edo gure lagunaren "neskia" ez da izango orain "neskea" bizkaiera batuarengatik. Gure aitak "hau ogixau zelako ona dagon" esango du eta ez "ogi hau nolako ona dagoen". Eta berbeta hori ona da! Bestela esan behar diegu gure familia moduko beste hamaikari ez dakitela euskaraz. Nor ausartuko da? Eta bizkaitar batu berria egiten dihardutenek esateko balorea daukate? Esango diogu gure aitari euskara gutxien egiten den eta gaizkien dagoen alderdiko, mendebaleko, hizkeraren pare idatzi behar duela orain?
Edo proposatuko diegu Sakanakoei Iban Arantzabal,

euren batua egitea? Hori esanda ez genuke ezer irabaziko eta seguruenik askotan galdu. Euskaldunak galduko genituzke, eta lotsaz eta konplexuz betetako erdaldunak sortu. Ataungo, Zaldibiako eta Segurako euskaldunek asko dute ingurukoei irakasteko ezer asmatu gabe; Bortzirietakoek, Baztanekoek… ere jolas egiten dute hizkuntzarekin; Etxarri-Aranatzekoek, Arbizukoek… badute zer irakatsi altsasuarrei…
Liburu horretan esaten den moduan, euskalkietatik euskara batu sendoagoa, indartsuagoa eta jolasteko modukoa egin dezakegu. Ea, bide batez, balio duen euskalkiaren alde egiteak euskara batua indartzeko ere. Horrela, "macha atrás" esan beharrean "txapapera bota" esaten hasiko gara, "cagaprisa-k" beharrean "ipurlokak" izango ditugu eta gizonezkoek "erruberan" egiten duten bitartean neskek "txipiroiak garbitu"-ko dituzte. Zertarako? Hizkuntza erabilia izango bada, bizia eta benetakoa izan behar delako.
Portzierto, nik euskara batua gustura asko ikasi dut; izan ere, Elgetakoa izateaz gain, euskalduna ere banaiz


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude