Nagusi-ugazaben zikoizkeria amorratua


2002ko uztailaren 07an
Duela hogeita hamar urte ere, kukuak oker jotzen zuen langileentzat. Halako zikoizkeria amorratuarekin gordetzen zuten nagusi-ugazabek lantegietatik ateratako irabazkin oro, ze egunetik egunera gehitzen zihoazen beraien eta langileen arteko auziak eta borrokak. ZERUKO ARGIAn gorabehera haien berri emateaz arduratzen zen Mikel Ugaldek, bere aldetik, zentsurari ihes egiteko zuen etorriaz baliatuz, "Suspenso" izenburua zeraman lanarekin zigortu zituen 1972ko uztaila hasieran.


ONDO MEREZITAKO NOTA

Bere zigor horren arrazoiak, artikuluaren hasieratik bertatik ematen zituen. "Bai, jauna, ‘suspenso’ eta ondo merezia gainera. Azterketa edo esamiña giroan bete betean murgildurik egon gera, eta guk ere azterketa egin beharko bagenu, epaia ematerakoan, delako ‘suspenso baino ez genduke emango. Zergatik ote? Ez natzaizue historiaz, edo literaturaz, edo unibersidadeaz mintzatzen ari. Gure asignaturaren mamia lantegiko harremanak dituzu, lantegi mailan kursoan zehar sortu diren gorabeherak. Eta egia esan, arlo honetan ez dugu bake unerik ere sumatzen. Non dago okerra? Nor errudun?".
Arazoaren muina azaldu behar zuen, eta ez zen lan erraza. Badaezpada, zuen etorriari ateak ireki eta, langileei kukuak txit oker jotzen zien errealitate gordinetik, beste kuku batek soinua jo ohi zuen garai mitikora irakurlea eramaten ahalegindu zen, hasteko.
"Inoiz, nagusi eta langilearen arteko harremanak zuzenean gertatu ohi ziren, eta estaduak ere ontzat ematen zituen. Liberalismo giroan elkarteek ez zuten sentidurik, gauzak, gorabeherak, bakarka ‘konpontzen’ ziren, korapiloak nork bereak askatzen".
Balizko "berdintasun" hori langilearentzat onuragarri ala kaltegarria zen, ez zuen aipatzen, irakurtzen ziotenek ulertuko zutelakoan-edo.
"Geroztik, beste jokabiderik ere ezagutu izan dugu, eta langileria elkartzea bidezkotzat jotzen zen eskubideak behar bezala zaindu ahal izateko, legea eta zuzentasuna behar bazala bete erazteko", jarraitzen zuen esaten. Puntu honi zegokionean ere, hobe barruan zeramana ez azaltzea, arriskutsua baitzen indarrean zegoen "elkarte" bakarraz areago joatea. Espainiako Sindicato Vertical delakoaz ari naiz. Enpresari eta langileez osatutako "sindikatu" horrek, teorian, batera defendatzen zituen batzuen eta besteen eskubideak. Nola? Bada, Mikel Ugaldek, zeharka bada ere, adierazten zuen moduan, jakina.


LANGILEEK ASTEAN BI OSTIRAL

"Gure artean, konbenioak ere ezagutu ditugu, baina Maiatzeko ‘Cuadernos para el Diálogo’ aldizkariak dion bezala, espero zen fruiturik ez da lortu. Behar den bakerik ez da lortu lantegi mailan. Lana uztea, oporketak, burrukak ez dira falta. Langileria ez dago batere konforme egoera hau dela eta. Sindikatoaren (?) babespean sortzen dira harreman hauk. Sarritan behar den askatasunik ez da nabaritzen gauza aurkezteko. Bestetan, langileriaren izenean bildutakoak ere ez dira langileriaren egiazko ordezkari eta bitarteko. Horrelakoetan gauzak zelan zuzen konpon? Elkarrizketari hasiera emanez gero, bi taldeek interes ezberdinez ari direla berehala antz ematen diogu. Bakoitzak bere opillari su ematen dio. Elkarrizketa honetan, langileriaren posibilidadeak oso mugatuak daude. Huelgaren bidez ere indarra erakusten badu, legez kanpo gelditzen da, ez dago harremanetarako jarraipenik. Ondorenak, berriz, nork ez ditu azken huelgetako ondorenak ezagutzen? Azkenik, delako elkarrizketa zelebre horretan konponketa modurik ez badago, ‘laudo’ deritzan erabakia ematen du agintariak. Konbenio nagusienetan, agintariek dadukate azken hitza. Konbenioa izenpetu aurretik, jornalen arazoa izan ohi da punturik nagusienetakoa, garrantzitsuenetakoa. Jornala dala eta, bi alderdi ikus genitzake: Jornalak langileak dituen behar eta premiak ase behar ditu. Jornala, langileari, produkzioaren alde lana eskaintzen duen langileari zor zaion saria da hain zuzen. Badakigunez, legeak ez du jornalaren lehen sentidurik betetzen. Legepean ezarritako jornalak ez ditu langilearen behar premiazkoenak asetzen. Legeak ezartzen duen jornalarekin biziko den familiak, astean bi ostiral ditu. Bigarrengo alderdia gogoan harturik, ez zaio langileari produktibidadearen neurrian ordaintzen. Kapitalaren gehitzea, pilatzea dela, autofinantza, eta abar. Non dago langileari zor zaion saria?".
Behin horretaraino iritsita, ondorioa azaltzea baino ez zitzaion gelditzen. "Berriro, lan honen izenburuaz oroituz -delako 'Suspenso' hura-, gauzak oker daude erabat, eta egoeraren azterketak ez du epai bigunagorik merezi. Gauzak konpontzeko erabakiak hartuko direla aitortzeak ez du, nere iritziz, aprobatzeko hainbat indarrik, luze, luzeegi, bait doa gauzak bere onean ikusteko eskatzen zaigun epea. Nere aldetik suspenso borobilla jarriko det. Zure aldetik, irakurle?"

Gotzaiak gose oporrean
Aveyron-en (Frantzian) 14.000 hektarea lur expropiatu nahiean dabil Parisko gobernua. Militar eremua zabalagotu egin nahi luke. Bertako jendea, halabaina, aurka atera da: bere bizibidea galtzeaz gainera, ez du konprenitzen nolaz utz lezakeen bere jaioterria batak bestea hiltzen irakasteko toki bihurtzen. "Gure bizia hemen dago, eta hemen izan behar du. Ministerioko erabakariaren aurka, borrokari ekin behar diogu", dio bertako jendeak. Hori dela-eta, zenbait lagunek gose oporrari eman dio. Ekintza hori, berehala, txit herrikoi bihurtu da: apaizak, monjak eta bi gotzai ere batu zaizkio hasierako taldetxoari (gotzaiak, Rodez-ekoa eta Montpellier-ekoa). Debré ministroak, gotzaien jokabide honi, "buru-nasaikeriatzat" iritzi dio. Noizpait ere, horrelako iritziren bat izanen ahal dugu beste gotzain batzuetaz ere. (1972-VII-09)

Nere bordatxotik
Milla ta bosteun esne-bei etorri dira Kanada'tik Galizira. Berri ori jakin zutenean, onela zioten Coruña'ko nekazariek: "Len esne geiegi zeukagu, ta gorriak ikusten ari gaituk saldu eziñik. Zertarako dizkiagu Kanada'ko beiak?". Oso kondizio onetan artu ditezkean beiak dira. Ganaduzale batek eztauka iru burutik gora erosterik. Irutik bat, utsean, "debalde". Beste biak pagatzeko dirua ere Gobernuak aurreratzen du. Bost urteren epean ordaindu, ta dana egiña. Kondizioak, berriro diogu, ezin obeak izan. (...) Emen ere badago, ordea, kakoa, Barcelona’ko "La Vanguardia" egunerokoan irakurri degunez. Kanada'ko bei oiek erosi al izateko au eskatzen zaie Galiziko baserritarrei: lendik beren ukullutan hogei esne-beitik gora edukitzea. Nork dauzka Galizian? Eta nork dauzka Gipuzkoan? Len aberats eta indartsu diranei eman laguntzak eta erreztasunak. Estu ta larri ia itoan dabiltzanak, ito ditezela lenbailen. (...) Bederatzi milloi litro esne omen dira illero Galizian sobratzen diranak. Oriek horrela izanik, zeiñen burutapena izan ote da milla ta bosteun bei Kanada’tik ekartzea? (...)

Gaxoak Itziarrera
Mutrikuko gaxoek urtero egin oi duten ibillaldia, aurten Itziarko Amaren oiñetara egingo dute. Gaxoekin batera, nai duten erritar erromes guziak joan ditezke, horrela, zaar eta gazte, gaxo eta gaxo ez diranak, guziak bat egiñik, berdingabeko Itziar leku bizigarri artan egun bete-beteko bat igaro dezaten. Gaxoei ain atsegin zaien egun zoragarri ori Uztailaren 9an izango da. Gaxo eta irurogeita hamabost urtetik gorakoak berebill edo autobusetan joango dira, beraz gaixo guziak bil bitez Txanbolingo atarira, andik Itziarrera zuzendu ditezen (...) (1972-VII-09)


ASTEKARIA
2002ko uztailaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude