KUTXAK FUSIOTIK URRUN ORAINDIK


2002ko uztailaren 07an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Egungo egunean, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek arreta handiagoa jartzen diote hedatzeari fusionatzeari baino. Dakigula, lehengoan daude oraingoz Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko lau aurrezki kutxetatik hiru (BBK, Kutxa eta Vital) fusionatzeko proiektuak. Hedatze-kontuan, ordea, Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere gogoz ari dira ahalegintzen. Dagoeneko, bulegoen %20 dauzkate hemendik kanpo. Antza denez, Espainian barrena zabaltzeko estrategia daukate orain indarrean, eta horixe ondorioztatzen da lau kutxetako arduradunek, nork bere erakundearen urteko batzarrean, 2001eko ekitaldiaz adierazitakoetatik. Bestalde, joera bertsua azaldu zuten Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko buruek azkeneko agerraldian.

Geldialdi horrek, nonbait, zerikusi handia du EAEko gaurko egoera politikoarekin, zeren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru kutxak berak ere ez baitaude bere osoan EAJren kontrolpean. Egungo egunean, PPk kontrolatzen du Arabako Vital Kutxa, eta alderdi horrek ez du entzun ere egin nahi fusio konturik. Era berean, gainerako kutxek ere badituzte fusioa atzeratzeko arrazoiak. Hala lehengo legegintzaldian, nola oraingoan, EAJren gobernuak helburu izan du EAEko kutxak fusionatzea, baina oraingoz ez dirudi bide horren alde ezer askorik egingo duenik.
Kutxako Fernando Spagnolo lehendakaria da, gaur egun, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko lehendakaria, eta duela gutxi egin zuen federazioaren emaitzak aurkezteko agerraldia. Azalpenen artean, honako hau esan zuen: "Gure kasuan, fusio proiektuak ez dira beste erakunde batzuentzat bezain presazkoak». Eta, aurrera egin ahala, bestalde, azken urte hauetan, ez dutela ezertxo ere aurreratu egiaztatu zuen fusio-proiektuetan. Adierazpen horri, berriz, beste hau erantsi zion: "Gure kutxek bi modutan eutsi diote neurriari: hedatzeko sistema baliatuta eta zorro industrialetan parte hartuz, zeinetan bikoitza izan baita emaitzen kontua, sektorekoekin konparatuta".
Oso bestelakoa da Nafarroako Kutxaren (CAN) egoera, eta guztiz baztertuta dago kutxa hori Hego Euskal Herriko beste kutxekin fusionatzea. Gaurko esparru juridiko-politikoak eta esparru hori UPNren kontrolekoa izateak ezinezko egiten dute fusioa. Horrenbestez, EAEko aurrezki kutxak bakarrik hartzen ditu fusioaren aldeko apustuak.

HAZKUNDE EZBERDINA.

Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko BBK, Kutxa, Vital eta CAN kutxek 506,56 milioi euroko irabazi garbia izan zuten 2001. urtean, 2000n baino %7,8 inguru handiagoa. 2001eko ekitaldian, dena dela, kredituen inbertsioetan izan zuten hazkunde handiena, 19.786 milioi euroko mugara iritsi baitziren: 2000n baino %12,2 inguru gorago geratu ziren. Etxebizitzak finantzatzeko kreditu hipotekarioek ere ageriko haziera izan zuten: %23 ingurukoa. Azkenik, kutxen obra sozialetako inbertsioek egin zuten gora bista-bistan: 113,4 milioi euro guztira, 2000n baino %23 gehiago.
Iazko ekitaldiaren amaieran, 6.131 laguneko plantilla zeukaten Hego Euskal Herriko lau kutxek (2000n baino 300 langile gehiago), 904 bulego (2000n baino 34 gehiago) eta Hego Euskal Herriko kutxazain automatikoen %40aren kontrola. Hauxe da, bestalde, azpimarratzeko moduko beste datu bat: Hego Euskal Herritik kanpo dago federazioaren bulegoen %20.
Nahiz eta 2001eko bigarren seihilekoan ekonomiaren hazkundea dezente moteldu, emaitza aski positiboekin eta kredituetako inbertsioen hazkunde nabarmenarekin itxi zuten 2001eko ekitaldia Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko kutxek. Bistan denez, erritmo oso onean hazi ziren kutxen bi negozio tradiziozkoenak: baliabideen erakartzea eta kreditu-emateak. Alde horretatik, Hego Euskal Herriko kutxek 33.000 milioi euro zituzten bezeroen baliabideetan, 2001. urteko ekitaldia itxitakoan: 2000n baino %9,4 gehiago. Atal horretan, %13an hazi ziren pentsio-funtsak eta %6 inguruan inbertsiokoak. Ondo hazi zen, berebat, kreditu-emateen jarduera: %12,2an, oro har. Etxebizitza finantzatzeko kreditu hipotekarioak, berriz, askoz ehuneko handiagoan hazi ziren: %22,8an geratu ziren azkenean.
Ondoko taulan ikusten den moduan, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek ez zuten irabazi berdina izan 2001. urtean. Lau kutxen hazkunde globala %7,84koa izan zen, hots, 506,6 milioi eurokoa, baina ez hala, ordea, banakakoa. Datu hori garbi ondorioztatzen da batzuen eta besteen memorien irakurketatik. Nafarroako CAN kutxari, adibidez, urritu egin zitzaizkion mozkinak: 51,3 milioi euroko irabazia izan zuenez gero, %3,37an gutxitu zitzaion etekina. Bizkaiko BBK-k, aldiz, 260,3 milioi euroko irabazia izan zuen (%13,60ko hazkundea), Arabako Vital Kutxak 42 milioi eurokoa (%9ko hazkundea) eta Gipuzkoako Kutxak 153 milioi eurokoa (%2,60ko hazkundea).

KAUDIMEN MAILA HANDIA.

Erlazio zuzenekoak izaten dira erakundeen baliabide propioen maila eta berme koefizientea, eta erlazio horrek, era berean, kaudimen maila erakusten du. Legezko izaera dela kausa, aurrezki kutxek ezin dituzte beren baliabide propioak indartu, mailegatzeko funtsak merkatuan eskatuta akzioak jaulkiz adibidez; bai, ordea, bankuek. Horregatik, hain zuzen, baliabide propioen maila handiak determinatzen du Hego Euskal Herriko aurrezki kutxen kaudimena, eta horixe ondorioztatzen da beren 2001eko memoria bateratuan. Iazko ekitaldia itxitakoan, 4.178,3 milioi euroko baliabide propioak zeuzkan Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak. Beraz, %14,7ko berme ratioa daukate guztira, legezko %8ko gutxienekoa baino dezentez handiagoa, eta, hain zuzen ere, berme koefiziente handi horixe da hemengo aurrezki kutxek hirugarrenen aurrean daukaten kaudimen maila handiaren adierazgarri. Azken zortzi urte hauetan, oso bilakaera ona izan dute baliabide propioetan: 1.701 milioi euro 1994an, 2.641,3 milioi euro 1997an eta 4.178,3 milioi euro 2001ean

%23 igo zen obra sozialetarako diru ezartzea
Araudiak hala agintzen dienez gero, aurrezki kutxek obra sozialetan inbertitu behar izaten dute mozkinen parte bat. Obra sozialen izaera aldatuz joan da garaian garaiko egoera sozioekonomikoen arabera. Bestalde, horrelako jarduerak gauzatzeko hiru modu dituzte: obra sozial propioa, kolaboraziozko obra soziala eta besteren obra soziala. Aurrezki kutxa bakoitzak aldian aldiko politikaren funtzioan ezartzen du diru gehiago edo gutxiago batean edo bestean. Garrantziaren arabera, ordea, obra propioetan ezartzen dute, oro har, diru gehien. Modalitate horretan, erakunde sustatzailearen erantzukizunekoa izaten da egitasmoa asmatzea, diseinatzea, garatzea eta aplikazioaren ondorengo jarraipeneko segida guztia. Kolaboraziozko obretan, dena delako aurrezki kutxak beste erakunde batekin edo batzuekin elkarlanean gauzatzen du proiektua. Azkenik, besteren obrak izenekoetan, hirugarrenen ekimeneko egitasmoak sustatzen dituzte aurrezki kutxek, betiere egitasmoen izaera sozialeko helburuen funtzioan.

Iazko urtean, 113,4 milioi euro ezarri zituzten federazioko aurrezki kutxek obra sozialekin ikuskizun duten jarduerak finantzatzeko eta laguntzeko. Kantitate absolutuetan, 21,32 milioi euro baino gehiagoko igoera izan zen kapitulu horretan 2000tik 2001eko epean, eta %23,1eko hazkundera iritsi zen. Kutxetako arduradunek diotenez, bistakoa da diru ezartze horiei ematen dieten garrantzia. 2000ko ekitaldian, behin zergak ordaindu eta gero, geratu zitzaizkien 470 milioi eurotatik zati handia jarri omen zuten obra sozialak mantentzeko eta baliabide propioak indartzeko.
Federazioko aurrezki kutxek 2001ean egin zituzten jarduera zehatzen gainean, arduradunek azpimarratu dute obra propioen barruan ezarri zutela baliabideen %74,1, kolaboraziozkoetan %25,7 eta besterenetan %0,3 (57,1 milioi euro).
Betiere gorago izendatu ditugun modalitate horien barruan, kulturako eta aisiako ekintzetan jartzen dute diru gehien aurrezki kutxek: 61,47 milioi euro guztira. Beraz, obra sozialetan ezarritakoaren %44,3 joaten da arlo horietara. Hurrena, ondoz ondoko jarduera hauek dute pisu handiena: osasuna eta laguntza (41,19 milioi euro, %29,7), hezkuntza eta ikerkuntza (31,1 milioi euro, %22,4) eta ondare artistikoa nahiz historikoa sustatzea eta zaintzea (4,98 milioi euro, %3,6).
Obra sozialekin ikuskizun duten jarduerak aurrera ateratzeko, 827 enplegatu dauzkate federazioko aurrezki kutxek. Langile batzuk plantilla propiokoak dira eta beste zenbait obra sozialen fundazioetakoak. Bestalde, 27 bat lanpostu sortzen dituzte urteko, batez beste. Arduradunek diotenez, kontratu finkoko enplegatuak dira %79,8; gainerakoek, berriz, behin behineko kontratua edo aldi batekoa dute


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude