EUSKAL ESPARRUAK BANATUTAKO SINDIKALISMOA


2002ko ekainaren 16an
Azken orduko akordiorik ezean, eta ez dirudi sindikatuak horretaratuko direnik, bi greba orokor izango ditugu datorren astean Hego Euskal Herrian. Ekainaren 19an, hemengo gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB sindikatu abertzaleen ekimenekoa izango da, eta deialdi horretara bilduko dira, halaber, ESK, ENHE eta HIRU sindikatuak. EILAS deialdi bateratu bat erdiestearen alde ari zen erreportaje hau bukatzeko mementoan. Ekainaren 20an, CCOO eta UGT sindikatu espainolek, Hego Euskal Herria barne hartuta, Espainiako estatu osorako deitutakoa egingo da. Sindikatu guztiak bat datoz grebara deitzeko arrazoi funtsezkoan. Hain zuzen ere, PP alderdiaren Espainiako gobernuak ezarri duen prestazio sozialen eta langabeziako laguntzaren erreformaren "dekretukada"ri kontra egitea da deialdiaren helburu nagusia. Euskal sindikatuek, ordea, lan harremanetarako euskal esparruaren aldarria erantsi diote oinarrizko arrazoi horri, zein baztertu egiten baitute, hala Espainiako Gobernuak, nola Espainiako sindikatuek. Ondorioz, eskakizun horrexek bereizi ditu sindikatuak Hego Euskal Herrian, greba orokorrera deitzeko garaian.

Sindikatu abertzaleek behin eta berriz eskatu diete CCOO eta UGT sindikatuei ekainaren 19ko greba orokorrarekin bat egiteko, baina, artikulu hau idatzi aurretik behinik behin, Espainiako sindikatuak ez zeuden planteamendu abertzale hori onartzeko prest. Haien iritziz, "Aznarren gobernuari mesede egitea" besterik ez da greba orokorra bi egunetan egitea. Bestalde, EA, EAJ eta Batasuna alderdi politiko abertzaleek ontzat jo dute sindikatu abertzaleen greba orokorrerako deia, irizten baitiote oso bidezkoa dela lan harremanetarako euskal esparruaren eskakizuna ere kontuan hartuta egitea. Nolanahi ere, lerro hauek idazten ari ginenean, Batasunak soilik zuen ofizialki adierazia sindikatu abertzaleek ekainaren 19rako deitutako greba orokorrarekiko atxikimendua. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak alde batera utzia zuen deialdia, nahiz eta Lan Sailak langabeziaren erreforma salatu. Hirutariko gobernutik, artean, IU alderdia bakarrik zen greba orokorrarekin bat egindakoa, hain zuzen ere, CCOO eta UGT sindikatuek ekainaren 20rako deitutakora atxikitakoa.


LAN HARREMANETARAKO EUSKAL ESPARRU ERRESPETATU GABEA

. Sindikatu abertzaleek funtsezko bi arrazoi dituzte greba orokorra beren parametro eta planteamendu ideologiko propiotik egiteko legezkotasuna aldarrikatzeko: lan harremanetarako euskal esparru propioa da bata eta Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalean duten gehiengoa da bestea. Euskal esparru propio horixe da, bestalde, ez orain, ez lehen, Espainiako sindikatuek eta gobernuek errespetatu ez dutena; jakina, oraingo PPren Gobernuak ere ez, eta euskal esparru propio horren eskakizun horixe dela kausa dabiltza aurrez aurre aspalditik hona sindikatu abertzaleak eta espainolak.
Lan harremanetarako euskal esparrua ez da huskeria, ez horixe. Funtsezko egitura da Euskal Herriko langileen eskaerei behar bezala erantzuteko. Negoziazio kolektiboak, langileen formazio etengabeak, sindikatuentzako diru laguntzak berak... horiek guztiek ikuskizun handia dute lan harremanetarako euskal esparruarekin, hala Espainiako Gobernuak, nola Espainiako sindikatuek, errespetatzen ez duten eta errespetatu nahi ez duten esparruarekin. Adibidez, milioika euro dago jokoan langileen etengabeko prestakuntzan. Hortxe dugu Hobetuz, arlo horretako EAEko erakunde ofiziala, eta, hortxe dugu Forcem, arlo horretako Espainiako erakunde ofiziala. Jakina den bezala, Espainiako administrazioak eskubide guztiak aitortzen dizkio Forcem erakundeari eta ukatu egiten Hobetuzi. Horrela, egungo egunean, milioika euro zor dizkio administrazio horrek Hobetuz erakundeari. Jaso beharrekoa, esan beharrik ere ez dago, langileek eta enpresek pagatutako kuotetatiko dirua da, eta, horrenbestez, eman dutenen jabetzakoa. Bada, katramila horretan, sindikatu abertzaleek Hobetuzen eskubideen defentsan ari diren bitartean, ez adituarena egiten duten sindikatu espainolek, hobeto baitatorkie Forcem dagoen-dagoenean mantentzea.

"DEKRETUKADA", BESTE ARRAZOI BAT GREBARAKO.

Sindikatu abertzaleak eta espainolak greba orokor bikoitzaren gorabehera elkarri leporatuz zebiltzan bitartean, Aznarren gobernuak "gauez eta azpikeriaz" bota zuen mahaian "dekretukada"ren hordagoa. Ministroen Kontseiluak maiatzaren 24an erantzun zien hordagoarekin sindikatuek ekainaren 19 eta 20rako deitutako greba orokorrei: lege dekretuz ezarri zuten prestazio sozialen erreforma, eta indarrean zegoen, jada, joan den maiatzaren 27rako. Eta, hain zuzen ere, erreformaren proiektua erretiraraztea zen greba orokorraren helburu nagusia.
Erabaki hori dela medio, PPren Gobernua bera bihurtu da, agian, sindikatuen pikete informatibo onena, zeren, azken batean, probokazio izugarria izan baita "dekretukada" eta zeharo ernegatu baititu, hala sindikatuak, nola oposizioko alderdi politikoak. Litekeena da "dekretukada"k greba orokorra egiteko zalantzan zebiltzan langileak eta talde herrikoiak grebaren alde jarri izana eta horrelakoak mobilizazio orokorrera bildu izana.
Gobernuak ez du funtsezko aldaketarik egin prestazio sozialen erreformaren lege proiektu jatorrizkoan, azkenean lege dekretuz ezarri duen testuan. Ukitutxo batzuk egin dizkio soil-soilik, autonomia erkidego batzuen proposamenak jasotzeko-edo (Kataluniako Erkidegoa, Kanarietakoa eta PPk gobernatzen dituenak). Aurreko orrialdean azaldu ditugu dekretuan biltzen diren neurri zehatzak.


GREBAREN KONTRA AZALDU DA "FRONTE MEDIATIKOA".

Salbuespenak salbu, Espainiako fronte mediatikoa, hots, prentsa, irratia, telebista eta tertulietako kideak, hasiera-hasieratik azaldu dira greba orokorren kontra, hau da, lege dekretuarena gauzatu aurretik ere bai. Gobernuaren erabakia baino lehen, hedabideek honelako adjektiboez kalifikatu dituzte deiak: desegokiak, bidegabeak, premia gabeak, gehiegizkoak, burugabekeria izugarriak eta abar. Dekretuarena jakin ondoren, batzuek kritikatu dute, erabateko gehiengoa tarteko, PPren lege dekretuz gobernatzeko modua, baina, jeneralean, greba orokorren kontra segitu dute gero ere.

Hego Euskal Herrian, "Gara" egunkariaren kasuan izan ezik, greba orokorren kontrako jarrera, jarrera epela edo jarrera antzematen zaila nagusitu dira. Batez beste, Espainiako hedabideen pareko jarrera ikusi dugu. Dioguna egiaztatzeko, Espainiako iritzi publikoko hedabide adierazgarrienen ideia klabeak jasoko ditugu segidan. "EL País" egunkariak, zeinek PSOEren antzeko iritzia izaten baitu, "Ez buru, ez hanka" titulua jarri zion dekretua onartu aurretik argitaratu zuen lehen editorialari, eta honelaxe amaitu zuen testua: "Grebarako deiari eusten badiote, burugabekeria izugarria egingo dute sindikatuek. Ez da txikiagoa izango, gobernuak baino arrazoi gehiagoren jabe direla argudiatzeko modua izan arren. Hutsaren peskizako burugabekeria izango da". Dekretua onartu ostean atera zuen bigarren editoriala: "Lege dekretuz" ipini zion izenburua. Testu horretan, gobernuaren politika egiteko modu makurra kritikatzen zuen, baina, hala ere, eutsi egiten zion grebara deitzeko arrazoi ezari. Zenbaiten ustez, aldatu egin da egunkari horren linea, plataforma digitalen fusioaz geroztik.
"El Mundo" egunkariak, PPren Gobernuaren ingurukoak, honela titulatu zuen dekretuaren aurreko editoriala: "Fidalgo eta Méndez zentzua galtzen hasi dira". Eta, honela amaitu zuen iritzia: "Bere gain hartu beharko dituzte sinesgarritasuna galtzeko erantzukizuna eta arriskua, zeren hiritarren babesik gabeko deia eta motibo objektiborik gabekoa egin baitute". Dekretua onartu ondorengo editorialari, berriz, "Langabeziaren erreforma: muina da ardurakoena" izenburua jarri zion. "Gobernuak hartu bidea antipatikoa da" seinalatu eta gero, "neurrien muina da axolakoa, ez neurrien forma" azpimarratu zuen. Horrez gainera, gogoz goratu zuen Gobernua, dekretuan sindikatuek planteatutako "iradokizun asko" aintzat hartu zituelako

Aznarren «dekretukada»ren klabeak
Kendu egingo zaie langabeziako prestazioa "enplegu eskaintza egokiak" hartzen ez dituztenei.

Langabeak onartu egin beharko ditu bizitokitik 30 km bitartean eskaintzen dizkioten enpleguak.
Kontratu finkoko eskaintzak nahiz aldi batekoak onartu beharko ditu, direla lanaldi osokoak zein partzialekoak.
Sektoreko hitzarmeneko soldata kobratuko du edo, bestela, lanbide arteko gutxienekoa (soldata hori 442,40 euro da hileko 2002n).
Lekualdatzeko eta ostatatzeko laguntzak emango zaizkio langabeari, aldaketa geografikoa errazteko.
Desagertu egingo da pixkanaka Andaluziako eta Extremadurako jornalarientzat indarrean dagoen laguntza (gaur egun, 300.000 bat lagunek kobratzen dituzte 112 euro hileko).
Nekazaritzako langile behin-behinekoentzako kontribuzio sistema sortuko da.
Betiere epai judizialaren agindura, enpresak berriro hartzen duen kaleratuak bakarrik kobratuko ditu indarrean dauden kaleratze bidegabeak tramitatu bitarteko soldatak. Kalte ordaina jasotzeko epaia dutenek ez dute horrelako saririk izango.
Diru sarrera murrizte hori konpentsatzeko, langabea kaleratutako egunaren biharamunean hasiko da prestazioa kobratzen, baldin hamabi hilabete baino gehiago badauzka kotizaturik.
52 urtetik gorako langilea kontratatuz gero, enpresaburuak jasoko du langabeziako laguntza (aurten, 331,65 euro hileko), eta, kantitate horretatik hitzarmeneko soldata bitartekoa pagatu beharko dio langileari.
Langabeziako laguntza erabakitzean, errentatzat hartuko da kaleratzeagatiko kalte ordaina. Neurri horrek laguntzarako bidea murriztuko du.
Minusbaliatuei, tratu txarra jasandako emakumeei eta itzulitako etorkinei ere aplikatuko zaie 45 urtetik gorakoentzako gizarteratzeko errenta aktiboa.
Saritu egingo dira urtebetez haurra izan ondorengo 24 hilabeteren buruan lanera itzultzen diren emakumeen kotizazioak.
Arau hausteak. "Eskaintza egokia" baztertzea ez ezik, arau haustetzat edo zigorgaitzat hartuko dira honako hauek ere: enplegu eskabidea ez berritzea; erakunde publiko erantzuleen deiei jaramonik ez egitea; prestakuntzako, orientabideko... jarduerei uko egitea; enplegu eskaintzara ez aurkeztea; aldian-aldian enpresak ez bisitatzea, eta enplegua aurkitzeko curriculumak ez bidaltzea.
Zigorrak. Arau hauste larritzat hartuko da lehen ukoa, eta hiru hilabetetan murriztuko da langabeziako prestazioa. Sei hilabetetan gutxituko da, berriz, ukoa bigarrena izanez gero. Hirugarren ukoak eskubide osoaren galera izango du berekin. Arau hauste arinen kasuan, hilabeteko prestazioa galduko da lehen ukoaren ondorioz, hiru hilabetekoa bigarrenaren ondorioz, sei hilabetekoa hirugarrenaren ondorioz eta guztia laugarrenaren ondorioz


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude