Lourdes Oñederrak Bilbo Zaharra Forumean eginiko adierazpen batzuk dira honakoak «Gara»tik jasoak:
« (...) Oso egoera absurdoan gaude. Ez badago nahiko irakurle, zein da euskaraz idazteko arrazoia? (...) Konturatzen zarenean idazteko hautatu duzun hizkuntza horren eznahikotasunaz, benetan sentitzen da absurdoa, haserre pixka bat, beldur pixka bat eta ‘merezi al du’ galdera sortzen da. (...) Euskaraz irakurtzen dugun gehienok ez gara irakurle arruntak. Hau da, oheratzean irakurtzen duen jendea edo hamaka batean irakurtzen duen jendea falta zaigu. Beharbada hori gertatzen da gaztelaniaz irakurtzeko baino askoz gehiagotan behar dugulako hiztegia. Euskarak lana ematen du. Euskaraz egiten dugu ikasteko eta irakasteko, beti ez bada, askotan. (...)
Literaturak asko lagundu dio batua sendotzeari, baina sortzeko askatasuna behar da. (...) Ematen zaizkigu zerrendak, baina ez dizkigute irizpideak ematen. Ez gaituzte askatzen, beti ibili behar dugu kontsultatzen. Esango nuke Euskaltzaindia, beharbada, ama babesleegia dela eta guk ez diogula utzi nahi bularra hartzeari (...).
Beharbada euskara mordoilotu egin beharko genuke; beharbada euskarari zikintzen utzi behar diogu, nekea kentzeko, erabilera malgutzeko, jende gehiagok erabiltzeko gehiagotan, jende gehiagok irakurtzeko (...)».