EUSKATALANEN BILA

Zer demontre gertatzen ote da, bada, hiri horretan, Euskal Herritik hainbeste joan eta gero itzultzeko bidea ahazteko? Bartzelonako euskaldunen kasu bitxia aztertu asmoz, oraingoan maletan lupa bana sartuta abiatu gara Bartzelonara, ikerkuntza kazetaritza egitekotan. Asteburu batez infiltratuko gara bertako etorkin euskaldunen artean. Hiriko zokoak miatuko ditugu, misterio horren iturburua deskubritu arte.
Sei orduko bidaiaren ostean, autobusetik erdi mareatuta jaitsi gara. Ez dugu ezer arrarorik sumatu. Hori bai, dudarik gabe Katalunian gaudela baieztatu digu parean dugun kartelik handienak: «Xurreria» jartzen du, alajaina. Zer da, katalanen gosaltzeko tokia ala xur famaren kartela?


ETXEAN BEZALA.

Euskal tribua normalean hor ibiltzen dela eta, auzo gotikora jo dugu zuzenean. Eta pentsatzen hasiak gara ez ote garen Donostiako alde zaharrera etorri. Sagardi, Euskal Etxe berria, Txakoli... Hau euskal tabernaz josia dago! Hertzainak edota Mikel Markez entzuten ari gara, pate pintxoa eskuan eta aldi berean sagardo basoari eutsi ezinik. Hemengo zotzak ez omen dira hortzak garbitu orduko botatzekoak. Denak jaso, eta horiek kontatuta ateratzen ditu kamareroak kontuak. Euskaldun jende ezagun ugari ere ikusi dugu, hormako txalapartaren argazkiei disimuluan begira.
Kamarero gehienek ere labela daramate. «Euskaldunek oso fama ona dute ostalaritzan. Erraza da tabernan lana aurkitzea» dio Eneko Narbartek. Bartzelonako gazte honek aita, Jabier, aranoarra du (Nafarroa). Baina gaztetan etorri zen Bartzelonara, lan bila. Semeak Bartzelonan jaio eta hazi dira, baina ez dituzte Euskal Herriko festak galtzen. Eneko bera hartu dugu gure gidari. «Nik euskara Bartzelonako kaleetan berreskuratu nuen» dio Enekok. Etxean jasotako hizkuntza, badauka non hitz egina.

AKLIMATAZIOA.

Baina behin etxetik aterata, ez gara Euskal Herriaren «enbaxadetan» bakarrik sartuko! Kalean atzera eta aurrera ibili gara.
Zortzi aldiz pasatu kale beretik, eta sekula ez duzu berdin ikusiko. Agian horixe da Bartzelonaren ezaugarri nagusia: nahasketa. Kaleko artista bakoitzak badu Rambletako bere betiko izkina edo txokoa ongi irabazia. Mugitzen ez den karateka, argazkiak baino marrazki errealagoak egiten dituen margolaria, bere miseriak erakutsiz bizi den eskalea...
Parean pasako zaizkizu exekutibo gorbatadunak, makarrak, burkak, txapelak, pijoak, horteroak... Bartzelonan ez dago arraroa izaterik, eta zerorrek ikusten duzu zeure burua besteena bezain zelebre (horrelako barietatea egon, eta zer egiten dut nik hain «normal», hain moja zintzo itxura honekin?).
Antzeko nahasketa dago hizkuntzekin, usainekin, zaporeekin. Sartu gara taberna italiarretan, Pakistangoan, galiziarrean, japoniarrean, juduen postuan falafela hartu gabe ezin pasa, eta etxerako butifarrak eraman beharko...
Nahi adina plan egiteko aukera ematen du Bartzelonako gauak. Taberna lasaietan berriketak luzatu, trabestien ikuskizunetan tximak askatu, bakailaoaren erritmoari eusten ahalegindu... Guk Gracia auzoko gaztetxean bukatu dugu gaua. Okupatutako etxe zaharrari erabilpen berria aurkitu diote bertako gazteek, barra bat jarrita. Independentziaren aldeko pintadak eta poliziaren aurkakoak ikus daitezke barruko gelan. Estetika Euskal Herriko gazte mugimenduaren beretsua da, baita lemak ere. Eta «La polla»ren musika dantzatuz bukatu dugu.

BAZKARI MUSIKATUA.

Aurreko astean Ruper Ordorikak jo zuela, hurrengoan Fermin Muguruza joatekoa dela... Bartzelonatik Euskal Herriko talde asko pasatzen da. Ikasleak direla edo bertan bizi direnak, ez zaie entzulerik falta izaten. «Plater konbinatua» bazkaldu nahi izan dugu: Bartzelonako eta Euskal Herriko musikariak elkartzea, alegia. Joseba Tapiak komentatu duenez, «urteak daramatzagu hona etorriz, eta hemen ere badugu publikoa. Iruditzen zait oraindik musika ezberdinekiko jarrera hobea ote dagoen hemen. Baina uste dut Bartzelonan ere hori galtzen ari dela. Hemen ere komertzioak agintzen du» Carles Belda trikitilari katalanak ere jarri digu saltsa pixka bat bazkaritan. «Musika mota bat herri bati lotzea erlijioa iruditzen zait», ziurtatzen du. Trikitiari mugaz kanpo atera dizkiogu tripak, beraz.

TOPO ETA POTO.

Arratsaldean, Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikasleak topatu ditugu poteoan. Klase ostean mintza praktika egiteko modu aproposagorik ez dago, noski. Horietako ikasle batzuk aski ezagunak ditugu lehendik ere. Bertso saio bat ere galtzen ez duenik ere bada tartean. Halako batean Bartzelonatik etorrita Hernaniko Ereñozu auzoko elkartean azalduko da, bi bertso eskolen arteko desafioa ikustera. Beste ikasleren bat, berriz, euskalkien amorante handia da, eta zubereraz kantuan jarri zuen Maialen Lujanbio...
Auzo txinoan dagoen Pakistango jatetxera joan gara, bertso afari berezi xamar bat egitera. Quebab platera bukatzerako, denok hasi gara kantuan. Katalan azentudun «euskalki» berezi horretan mintzatzen diren ikasleak bertsotan ikusita, Ainhoa Aranburu euskara irakaslea zoratzen dago: «Aditz laguntzaile bat jarri behar dutenero denbora behar dute pentsatzeko, eta aldiz bertsotan bat-batean aritzen dira, neurtuta eta errimatzen! Nik puntu bat entzuten dudanean zazpi-sei silabak ongi neurtuta, flipatu egiten dut. Hor magia bat dago, zerbait berezia gertatzen da, azalpenetatik kanpo dagoena».
Ikusi arte, ez genuen asko pentsatuko Bartzelonan bertso eskola bat bazenik. Ainhoak kontatzen duenez, «duela bi urte sortu zen ‘Si cola cola, bertso eskola’ (si cuela, cuela gazteleraz). Azken urratseko jendearekin hasi ginen. Aurten hirugarren mailako jendearekin hasi gara, euskara menderatzen ez duen jendearekin. Eta planteamendua ezberdina da, gehiago da hizkuntzarekin jolastea».

Bertsoa ez omen dute euskara ikasteko terapia gisa hartzen. Komunikatzeko eta jolaserako baizik: «Sortu den kimika hori aprobetxatu egin behar da. Gauza bat da klasean egiten duguna, baina politena da ez dela horretan gelditzen kontua. Ikasleak euren artean aritzen dira bertsotan posta elektronikoz. Euren artean harremanetan jartzerakoan bertsotan idazten diete elkarri» gehitzen du Ainhoak.



BETIKO IKASLE.

Gaur gauerako txoko bat egin digute ikasle pisu batean. Horrelako pisu asko aurkitu genitzake Bartzelonan. Fisioterapia karrera euskaldunez betea dago, baita artearen munduko ikasketak ere. Euskal etxera gehien inguratzen direnak ere ikasleak dira. «Honaino etorri egin behar da, zer eta leitzar bat ezagutu edo Arrasatekoren batekin ligatzeko!» entzun diogu bati baino gehiagori.
Batzuk erabat murgiltzen dira Kataluniako bizimoduan eta besteek denbora gehiago ematen dute euskaldunen artean. Baina Euskal Herrian kalean pasata justu-justu agurtuko zenukeenak, Bartzelonan hirugarren hitzerako gonbidatzen zaitu bazkaltzera bere etxera. Distantziak elkartu egiten du.
Lanean hasteko nagiek eta ikasle bizitza luzatzeko tentazioak erakartzen ditu gazte asko Bartzelonara. Klasera joan gabe, kale bueltan ibilita egunero ikasten da izugarri horrelako hiri batean.
Aisiaren gida da ikasleen agendarik onena. Egunero ba omen dute film, antzezlan edo kontzerturik ikusteko aukeran.

ETXERA BUELTAN.

Bertan bizitzen urteak daramatzatenek ere aldiro deskubritzen dute ezezaguna zitzaien hiriko txoko edo paraje berriren bat. Gu, zer esanik ez, justu-justu zaporea hartzera iritsi izanaren sentsazioarekin geratu gara. Maletak egin, eta Ranbletako iturriari jo diogu trago. Kondaira egiazkoa bada, ur hori edanez gero berriro itzuliko gara Bartzelonara. Baina luzeegia ere ez diogu jo, iturri horren erruz bertan geratu diren asko daude eta...

C. Belda: «Minoritarioa izateak hobeto bizitzen laguntzen du»
Azer koadrila bildu garen bazkaritan. Carles Belda, Kataluniako trikitilaria. Euskal Herrian ibilia da trikitia ikasten. Gaur, bere irakasleetako bat izan den Joseba Tapia ere Bartzelonan aurkitu dugu, hurrengo diskoa prestatzen.

Bi herriek trikiti bera al dute?
C.BELDA: Euskal Herrian finkatuta dago nolakoa den trikitia, instrumentu bezala. Katalunian oraindik trikiti bakoitza ezberdina da. Nire ustez, trikiti eredu bat zabaltzerakoan badu eragina lurraldearen egiturak. Euskal Herria lurralde gisa bilduagoa da, eta leku batean ematen diren aldaketak Euskal Herri osora zabaltzen dira, gutxi gora-behera aldi berean. Bartzelonan, berriz, itsasoak bereizten gaitu irletatik, eta beraz, abiadura ezberdinetan garatzen da trikitia. Zailagoa da toki denetara eredu bakarra hedatzea.

Nola piztu da trikitiaren mugimendua Katalunian?
C.BELDA: Luis Mingets eta Frances Marimond-en «erruz». Hauek asko jo dute eta beti agertu dira jarrera naturalarekin, ez dute trikitia jo folklorea eta etnia aldarrikatzeko. Eta jende askori eurek jotzen dutena ikasteko irrika piztu diote. Egun eskola ofizial bat dago, lau edo bost ordezkaritza dituena. Eta orain garrantzitsuagoa dena lortzen ari gara, alegia, musika eskola arruntetan ere trikitia irakastea.
J. TAPIA: (zirika). Bai, baina zuek ez duzue elkarterik...
C.BELDA: Hobe. Denak taldeka funtzionatu beharrean, gehiago oinarritzen garelako pertsonengan.

Nola ikusten duzue trikitiaren egoera eta etorkizuna?
C.BELDA: Ni oso baikorra naiz. Hainbeste internet eta txat, baina oraindik egoera aproposa denean, trikitia jotzen hasi eta zerbait pizten da trikitilari eta entzulearen artean. Hori da balio duena. Ez mila entzuleko makrokontzertua. Trikitia errekuperatzea, bazkalosteak errekuperatzea da, ez pabilioiak.
J.TAPIA: Ni ezkorra naiz, bada, zeharo. Nik, bizi naizen artean, beti izango dut bazkaloste batean trikitia jotzeko aukera. Hori ez dit inork kenduko. Baina beste guztia bai. Gaur egun, komertzialki interesatzen den musika belarri denetara iristen da, eta hori ez da aldatuko. Egun kultura aldatzea ez da borroka ideologiko bat, komertziala baizik. Kondenatuta gaude sagardotegietan bakarrik arrakasta izatera. Eta egiatan funtzionatzen duena beste mota bateko makinaria ikaragarri bat da, abaila bizian garatzen ari dena. Nola egingo diogu mundu mailako merkatu handi horri aurre? Nola eutsi gure musikari? Hemen dator eztabaida. Batzuek uste dute gurdi handi horretara igotzea dela bidea, eta beste batzuok nahiago dugu esentziari eustea, gero eta entzuleria murritzagoa baldin badaukagu ere.
C.BELDA: Bada beste aukera interesgarri bat, alegia, txikitasunean militante izatea. Nik erabaki dut, katalana naizen aldetik 40 disko iristen zaizkidala urtean, eta 40 horietatik 10 interesatzen zaizkidala. Eta hamar disko horien artean hain daude onak, urte bakarrean ezin ditudala asimilatu. Zertarako behar ditugu gehiago? «Munduko hiritarrari» 150 disko iritsiko zaizkio urtean, baina zenbat ulertuko ditu? Minoritarioa izateak hobeto bizitzen laguntzen du

«Bertsoak erakarrita, pixkanaka deskubritu nuen Bartzelonako garrotin a»
Helena Casas Pomada taldean panderoa joaz infiltratzen da Euskal Herrian. Hemengo ideiak hartu eta gustuko dituenak Bartzelonan txertatzen artista da.

Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Filologia katalana ikasi nuen, eta euskara "ikasgai maria" edo erraz horietakoa zenez, hartu egin nuen. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta Hizkuntza Eskolara joan nintzen, gehiago ikastera.

Euskal Herritik katalanez bertsotan itzuli omen zinen...
Bertsoa ezagutu nuenean konturatu nintzen nik ere horixe egin nahi nuela katalanez. Garai hartan ez nekien katalan trobadoreak bazirenik. Pixkanaka deskubritu nuen Bartzelonako garrotina, eta oraindik leku batzuetan bizirik dagoela.

Zer estiloko pomada da zuena?
Instrumentuak Euskal Herrikoak dira, baina estiloa gurea da. Musika tradizionala egiten hasi ginen, baina segituan aldatu genuen estiloz. Hip-hoparekin, eta beste mila gauzarekin nahasten dugu. Pomadarekin kontzertu bukaeran garrotina inprobisatzen genuen. Baina orain beste proiektu bat sortu da, "Ensaladilla" izenekoa, inprobisazio hutsa izango dena. Ez garrotina bakarrik, Mallorkako xinbonba ere bai, Gironako torrandak...

Zer publiko duzue?
Publiko oso zabala dugu. Aiton-amonak etortzen zaizkigu gaztetxera kontzertua ikustera. Guraso batzuk ere etorri zitzaizkigun, bere hiru urteko semeak pomadarekin bakarrik jaten duela esanez!

Zer moduz Euskal Herrian egindako kontzertuak?
Ondo, jendea harrituta geratzen da trikitia eta panderoa euskaldunak ez direnek jotzen ikusita. Publikoaren erreakzioa oso ezberdina da, hemengo publikoa askoz gehiago mugitzen da, ez du hainbeste lotsarik askatzeko. Euskal Herrian geldi-geldi egoten dira, nahiz gero gustatu zaiela aitortu. Trikitilariak ere ezberdinak gara, gu gara ipurdia gehien mugitzen dugunak

«Euskal Herriko errealitate kulturala gerturatzen saiatzen gara»
Euskal filologia ikasten ari zela, katalana ikastera joan zen lau udatan Bartzelonara. Udako maitasun bero horietako bat piztu omen zitzaion katalanarekiko, eta Hizkuntza Eskolan euskara departamentua ireki asmoz joan zen duela bederatzi urte Bartzelonara bizitzera.

Zer da Hizkuntza Eskola?
Bartzelonan dagoen Hizkuntza Eskola Ofiziala eta bertan 14 hizkuntza erakusten dira. Hizkuntza "handiez" gain, japoniera, arabiera, txinera, euskara, nederlandera…

Katalanak txunditu omen zintuen. Nolako hizkuntza da bada?
Gazteleraren oso antzerakoa da egituraz. Baina fonetikoki mundu ezberdina da, oso aberatsa. Ni txunditu egiten ninduen ikusita posible zela Bartzelona bezalako hiri handi batean bizitzea gaztelera erabili gabe. Tira, gaur ez dut berdin ikusten. Orduan Donostiako eta Bilboko errealitateekin konparatzen nuen, eta ikusten nuen askoz handiagoa den benetako hiri batean, proportzioan askoz katalan gehiago entzuten nuela, han euskara baino. Batez ere gauza ofizialetan, metroko karteletan… Egun errealitatea hobeto ezagutzen dut, eta jada ez dut konparatzen Euskal Herriko egoerarekin, iazko hemengoarekin baizik. Eta egia da Euskal Herriarekin konparatuta askoz gehiago egiten dela hemen, baina Gironarekin alderatuta Bartzelonan ez da hainbeste katalan hitz egiten. Oso hiri handia izanik, kanpotik datorren jende gutxik ikasten du. Tira, era berean asko dira ikasten dutenak ere, bi errealitateak daude.

Hizkuntza Eskolako euskara ikastaroak jada guztiz osatuta daude?
Egun oinarrizko zikloa eta goi zikloa dago, beste hizkuntza guztietan bezala. Urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena. Aurten 145 ikasle ditugu. Aduna Olaizola eta biok gaude irakasle.

Zerk bultzata datoz euskara ikastera?
Batzuk senide eta jatorri euskaldunak dituztelako. Beste batzuk dira oso maiz Euskal Herrira doazenak, eta bertako hizkuntza errealitatea ikusita kontzientziaz ikasten dutenak. Hirugarren taldea litzateke interes linguistiko hutsagatik ikasten dutenak. Gainera bertako unibertsitatean ere bada euskara ikasteko aukera. Beraz, badago tradizio bat euskara ikasteko. Nabarmena dena da hemen euskara ikasten duenak nahi duelako ikasten duela. Hori ez da Euskal Herrian gertatzen. Hemengo frantseseko edo ingeleseko departamenduan ere ez da hori gertatzen. Beraz, lan erdia eginda dago, motibatuta baitatoz.

Nola ikusten dituzu Euskal Herriko eta Bartzelonako hizkuntza errealitatea?
Ezin dira konparatu, Euskal Herria lurralde zabal bat delako eta Bartzelona hiri handi bat. Beste indar bat du katalan munduak, katalana eremu publikotan presente egon dadin. Gainera ez da ahaztu behar denborarekin nahi gabe ere ikasten den hizkuntza dela. Tira, uste dut Euskal Herrian ere jarrera bera edukita berdintsu izango litzatekeela.
Euskal Herriko borroka politikoa oso idealizatuta daukate, baita irudi eta erreferentziak ere. Ikusi izan dut herri bazkari batean "gora, gora!" euskarazko lema botatzen. Bartzelonan politikaren aferak ez du hainbesteko kargarik. Posible da katalanez hitz egin, PPkoa izan eta ez dakit nolako bizimodua eramatea… Hemen kontua sozialagoa da, estuki politikoa baino.

Zer-nolako dinamika duzue Hizkuntza Eskolan?
Ofiziala da, agiria ematen dugu, azterketak daude… Baina Euskal Herritik hain urruti egonda, eta ikasleak hain motibatuta daudenez, saiatzen gara hizkuntzara bakarrik ez mugatzen. Hango errealitate kulturala gerturatzen saiatzen gara, oso-oso zaila den arren. Urtero barnetegia antolatzen dugu, eta 9 egunez joaten gara Zestoara. Ikasle askok oporrak eskatu behar dituzte lanean propio barnetegira joateko. Saiatzen gara gauza kulturalak ekartzen, euskarazko antzerkiak, hitzaldiak, musikariak… Ostegunero poteatzera joaten gara. Hor oso dinamika polita sortzen da. Euskal tabernetara joaten gara, euskaraz eskatzeko aitzakian. Ostiraletan tailerrak egiten ditugu, dantza ikastaroa, internet tailerra (euskarazko web guneak bisitatzeko)...

«Gure helburua ez da ghettoa sortzea, parte hartzea bultzatzea baizik »
Orain 9 urte etorri zen Etxarri-Aranatzetik Bartzelonara argazkilaritza ikastera. Euskal Etxea sortu zenetik da bertako bazkide, eta lau urterako izendatu zuten lehendakari.

Nola sortu zen Euskal Etxea?
Ikastera etorritako euskaldunek eratu genuen "Euskide" kultur elkartea, Nafar Etxearen inguruan. Euskara irakasteko klaseak ematen genituen, eta festak eta akelarreak antolatu. Bartzelonan beti egon izan dira Euskal Etxeak, baina beti pisu txikitan eta oso talde txikiak.
Duela 8 urte "Euskalzaleak" elkarte gastronomikoak antolatu zuen egoitza handi hau: erosi, obrak egin… Eta gero guri utzi zigun, ekimenez betetzeko.

Zenbat bazkide dituzue?
350 bazkide ditugu. Bazkide gehien mugitzen dutenak euskara ikasteko klaseak dira, urtero 100 ikasle inguruk ematen baitute izena. Gure bazkideen erdia baino gehiago katalanak dira. Batzuek senideren bat euskalduna dutenak dira, eta besteak euskal munduarekiko interes handia dutenak. Ekintza puntualetan, berriz, 2.000 pertsona elkartu daitezke.

Zenbat euskaldun daude Bartzelonan?
Ditugun datuen arabera Katalunia osoan 16.000 euskaldun daude, eta Bartzelonan 6.000. Horiek dira Bizkaia-Gipuzkoa-Araba-Nafarroan jaio eta hemen erroldatuak. Baina orain askoz gehiago izango dira, ikasleak gehitu behar baitzaizkie. Proportzioan Madrilgo Euskal Etxeak askoz bazkide gehiago ditu, han integratzea zailagoa delako. Hemen errazagoa da jendeak bere bizitza egitea.

Zein da Euskal Etxearen helburua?
Saiatzen gara ekintzak antolatzen jendeak parte hartu dezan, baina ez jendea egun osoan hemen sartuta egon dadin. Ikasleak hasieran etortzen dira galduta daudelako, pisu bila, lan bila… Eta halako zerbitzuak ere eskaintzen ditugu. Niri hasieran ere gertatzen zitzaidan, denbora osoa ematen nuen Euskal Etxean eta euskara besterik ez nuen hitz egiten. Eta gure helburua ez da ghetto bat osatzea. Ez dut uste hori gertatzen denik, hona datorren jendea gauza berriak ikastera eta jende berria ezagutzera dator. Ez dadila hau "little basque country" bihurtu.

Zer ekintza mota antolatzen dituzue?
Batetik, tailerrak. Txalaparta, trikitia, panderoa, dantza, abesbatza… Jai egun bereziak ere ospatzen dira. Santo Tomasak, San Sebastianak, Euskararen eguna, Korrika… Eta azaroan euskal musika jaialdia. Aste gastronomiko bat ere antolatu berri dugu.

Turismo zerbitzua ere jarri omen duzue...
Bai, zerbitzu hori jarri genuen, jende asko inguratzen zitzaigulako informazio eske eta beste inon eskaintzen ez zelako. Euskal Herrira turismoa egitera doan jende gehiena madrildarra eta katalana da.

Jatetxearekin zer harreman du Euskal Etxeak?
Saiatzen gara tabernan agertu dadila euskal etxeko lanaren berri. Jatetxearen martxa euskal etxearenarekin integratzen saiatzen gara, horregatik antolatu dugu aste gastronomikoarena.

Zenbat langile ari zarete Euskal Etxean?
Pertsona batek eramaten ditu administrazio kontuak eta beste liberatu bat dugu koordinazio lanerako. Bost euskara irakasle ditugu. Eta ikastaroetako irakasleak ere kontuan hartuta, guztira dozenatik gora langile izango gara

«Bartzelona aisialdiaren paradisua da»
Hau da artista koadrila! Artearen historiako doktoretza ikastaroa egitera etorri dira batzuk, marrazketa eta argazkilaritza ikastera bestea, zinema ikastarotara laugarrena...

Zergatik etorri zineten Bartzelonara?
L. LASA: Banekien Bartzelonan ikasketa oso onak zeudela. Gainera aisialdiaren paradisua da, nahi adina aukera dago egunero. Bai zineman, erakusketetan, kontzertutan… denetik duzu. Pila bat harritu ninduen ikusteak hemen jende heldua ere asko joaten dela filmak ikustera, edo kultur ekitaldietara.

Pisua aurkitzeko komeriak, ordea...
E. OLAZIREGI: Euskal Herrian ohikoena pisuak altzairuak dituztela alokatzea da, Bartzelonan ez. Sukaldera sartu, eta hutsik aurkitzen genituen, ez frigorifiko, ez su… ezer ere ez.
I. INDAKOETXEA: Euskal Herrian zuri bakarrik erakusten dizute pisua. Bartzelonan 30 bezero elkartu ginen ordu berean pisua ikusteko.
N. LUJANBIO: Sekulako eskaera dago, eta oso pisu gutxi daude alokairuan. Oso garesti daude.

Aldaketa handia sumatu duzue zuen herritik hona?
E. OLAZIREGI: Han egun huts asko pasatzen dira, eta hona etorrita hainbeste gauza egin nahi dituzunez, beti aurkitzen duzu zer ikusi. Hemen dena eskura duzu, han bilatu egin behar da.
N. LUJANBIO: Agian da han egiten diren mila gauzez ez garela enteratu ere egiten. Han parranda jada ez dugu egiten gogoz, inertziaz baizik. Ez da aukerarik ez dugulako, planteatu ere egiten ez dugulako. Hemen giro lasaiagoko tabernetan ere aukera handia dago.

Bertakoekin integratzen al zarete?
N. LUJANBIO: Koadrila handi bat Euskal Etxearen bueltan ibiltzen da. Gu lau lagun etorri garenez, gure artean ibiltzen gara, eta egia esan gure integrazioa nahiko tristea da. Bakarrik etortzen dena errazago integratzen da, derrigor.
I. INDAKOETXEA: Euskaldunok itxi fama dugu, baina katalanak ere ez dira irekiegiak. Klasean bakoitza berera doa, eta ez dugu besteekin harreman gehiegirik. Euskal Herriko unibertsitateetan lehen klase egunean jartzen da klaseko afarirako eguna. Eta Bartzelonako kasuan, argentinarrak eta gu, alegia, kanpotik etorritakoak, izan gara hori mugitu eta antolatu dugunak.
L. LASA: Hemengo gauetako giroa gainera ezberdina da. Bakoitza bere mahaian eserita edaten dute, eta ez dago jende arteko ukiturik edo bultzadarik… Ez zara besteren mahaian eseriko lagunak egiteko!

Anonimotasuna zer moduz?
N. LUJANBIO: Kaletik zoaz eta bat gehiago zara. Zure munduan zoaz, inor ezagutu gabe. Askatasun ederra da inolako loturarik ez duzun jende artean ibiltzea. Agian denborarekin anonimotasun horrek ere nekatuko du. Euskal Herrian arbol genealogiko osoa daramazu zeurekin (zu norbaiten alaba zara, halakoren laguna, halakoren arduraduna…). Horrek era berean kokapen bat ematen dizu herri barruan, babes bat. Beste batzutan zu izan nahi duzu eta kito, ez inoren ezer. Momentuko beharren arabera da


Eguneraketa berriak daude