«Euskaraz egindako pop musika falta da»

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Ooso inauteri zalea den batek esan digu tolosarra izateko ez zarela festa horien maitale amorratua...

Ez da ez naizela inauteri zalea, baina mozorrotzea ez zait inoiz gustatu. Nire bizitza osoan, tolosarra izanik, behin bakarrik mozorrotu naiz, eta pailazoz. Pentsa, zer originala! Barregarri geratzearen zentzu handi-handia daukat.

Babarrunaren kofradian sartu omen zaituzte.
Denetatik egin behar da bizitza honetan. Babarrunak gustatzen zaizkit, gutxienez!

Familia mendizalea duzu.
Horretan ere nahiko ardi beltza naiz. Aita eta anai-arrebak oso mendizaleak dira, baita eski zaleak ere. Niri mendira joatea gustatzen zait, baina oso alferra naiz, eta oso kaletarra. Kirola den edozerk ez nau gehiegi erakartzen, lasai egotea nahiago dut.

Musika munduarekin bestelako harremanik eduki gabe, nola hartu zenuen lanbide?
Kasualitatez. Sekula ez dut instrumenturik jo, eta ez neukan musika zaletasun ikaragarririk. Irakurtzea askoz gehiago gustatzen zitzaidan, baita zinema ere. "Katu kale" telebistako programan zaletu eta aditu asko zeuden lantaldean eta hauen bidez zaletu nintzen.
Oraindik ez dut ulertzen nola ausartu nintzen «Katu kale»rako castingera joaten. Lagun batek konbentzitu ninduen. Gogoratzen dut castinga egiteko zain, itxaron gelan nengoela, nire aurretik sartu zen neska kordea galduta atera zutela frogatik.

Euskadi Gazteako koordinatzailea zara bere sorreratik. Nola antolatzen duzu lantaldea?
Abantaila handia daukat, taldea txikia delako eta ilusioa duelako. Orain hain modan dagoen gestio sistema partehartzailea behar beharrezkoa dela uste dut. Proiektu bat aurrera atera behar denean, bakoitzak oso garbi baldin badu proiektu horren barruan zer eginkizun duen eta bakoitzak bere eginbeharra gustuko badu, erraza da gurdiari tira egiten. Langileak identifikatuta sentitu behar du proiektuarekin eta parte hartu.
Asteroko programazioa egiteko, zer disko jarri erabakitzeko, bilera egiten dugu. Disko denak entzun, bozkatu, eta bakoitzaren iritzia kontuan hartzen da. Hasiera batean, beste irratietako arduradunekin biltzen nintzen eta bakoitzak nola funtzionatzen duen kontatzen genuen. Beste irratietako arduradunei gure funtzionamendua arriskutsua iruditzen zitzaien. Denek esaten zidaten "damutuko zara, astakeria bat da!". Baina niri sistemak funtzionatu dit. Irizpideak argi badaude, eta denok baldin badakigu Euskadi Gaztea zer den, garrantzitsua da denen iritzia kontuan hartzea. Jendeak berea sentitzen duenean proiektua, gehiago ematen du, eta errazagoa da harremana.

Nolakoa izan behar du kantu batek Euskadi Gaztean jartzeko?
Irizpidea nahiko zabala da estilo aldetik: rock, pop, heavya… denetik lantzen dugu. Euskal produkzioak plus handi bat du. Euskaraz kaleratzen den gehienak badu lekua Euskadi Gaztean, nahiz eta batzuek ez duten onartzen hala denik. Horrez gain, estatuko eta nazioarteko produkzioetan, kantuak kalitate puntu bat behar du eta era berean komertziala izan.

Katalanek irratietako musikaren hainbateko bat katalanez izan dadin kupo bat betetzen dute. Euskarazko musikarentzat ere ez al litzateke horrelako neurriren bat komeni?
Katalanak ez daude gustura kupoarekin, ezta musikariak ere. Gutxiengo bat da konforme dagoena. Kuota bat jartzen bada, gero hori errespetatzeko merezi ez duten katalanezko kantu asko jarri behar dituzte irratiek. Politika babeslea izan behar dugula ez daukat batere dudarik, batez ere irrati publiko bat izanda. Euskal produkzio batek ezin du izan AEBetako baten tratamendu bera. Baina hori nola bideratu, kuota jarri behar den edo beste modu batera egin, hor dago koxka. Nik uste gure buruari jartzen diogula kuota. Euskal disko bat iristen denean, beste tratamendu bat ematen zaio.

Zein da euskal musika produkzioaren panorama?
Nik uste diskogintza sendotu dela, eta nolabaiteko profesionaltasunera iritsi dela. Musikari batzuek pentsatzen dute euskaraz kantatze hutsagatik diskoetxeek diskoa atera behar dietela, eta hori ez da hala.
Ni batzutan kezkatzen nau estilo kontuak. Badirudi euskaraz kantatzeak estilo batera bideratzen zaituela. Eta kasu hau maketa lehiaketan ikusten da inon baino argiago. Maketa lehiaketako 200 maketatik 140 heavyak dira. Ez da moda kontua, heavya ez baitago oso modan hemendik kanpo. Eta entzun, berriz, Euskal Herriko jendeak denetatik entzuten du, beraz, nolabaiteko desoreka dago gehien egiten den eta entzuten denaren artean. Euskaraz egindako beste estilo batzuek, esaterako popa gehiago entzutea estimatuko nuke.

"Operación Triunfo"ko irabazleek Donostiako zezen plazan eman behar duten kontzerturako sarrera denak egun bakarrean bukatu dira.
Albiste horrek ez nau batere harritu. Hemen funtzionatzen du kanpoan funtzionatzen duenak. Hemendik kanpora arrakasta duten programek hemen arrakasta berbera izaten dute. Espainiako jendearekiko dugun ezberdintasuna da geurearekiko ere badugula ardura bat.

Zuk ere aurkeztu zenuen musika programa bat. Zer iruditzen «Operación Triunfo?»
"Operación Triunfo"ko gauza batek poztu egiten nau. Urteetan esan da musikak ez duela lekurik telebistan. Eta programa honek erakutsi du ez dela egia. Formatu bat bilatu behar dela, eta asmatzen denean musikak izan dezakeela lekua telebistan. Telebistak formatu gisa baditu gauza interesgarriak, esaterako, dekoratua...
Baina produktua bera ez zait interesatzen. Musikalki ez du ekarpenik egiten. Karaoke bat da, gaizki kantatua. Kantu aukeraketa aldetik, musika arina da. Eta gazteek ematen duten "bigun" itxura hori ere ez dut gogoko. Oso txintxoak dira denak, denak hain eredugarriak.

"Komertziala" hitzak kutsu txarra du. Ezin liteke ona eta denen gustukoa izan?
Badago ipurterre eta intelektual puntu hori, komertziala dena ez dela interesgarria esaten duenik. Eta ez da egia. Badira gauza komertzialak piperrik balio ez dutenak, eta badira gauza komertzialak sekulako maila dutenak. Horrek ez du esan nahi saltzen ez duenak baliorik ez duenik. Ona eta salgarria, bi balio ezberdin dira, eta produktu batek uztartu ditzake biak edo ez. Baina zergatik zaio hainbeste errezelo arrakasta duenari? Ziurrenik eurek egon nahi luketelako bestea iritsi den lekuan.

Non dago komertzialtasunaren gakoa?
Hori inork ez daki. Multinazionalek fabrikatu egiten dituzte produktuak. Baina fabrikatzen dituzte mila, eta mila horietatik bik saltzen dute. Inork ez dauka sekretu horren formularik. Zergatik saltzen du horrenbeste "La oreja de Van Gogh" taldeak? Musika entzun erraza da, neskak ongi kantatzen du, baina horrelako zenbat talde daude? Eta zergatik ez dute besteek saldu eta hauek bai? Ez zuten sekulako kanpainarik egin, eta hasieran egin zituzten bideo klipak oso txarrak ziren. Proiektuak fabrikatu daitezke, eta marketing kanpainek dudarik gabe laguntzen dute, zerbaitegatik egiten dira. Baina ez dago formularik. Milaka adibide daude horrelako proiektu bat fabrikatu, makina bat diru gastatu eta funtzionatu ez dutenak. Beste hainbat gauza, "Estremoduro" eta halakoak, beste bide batzuetatik, ohiko marketing kanpainarik gabe, eta teorian baztertzen diren produktuak eginaz, ikaragarri saltzera iritsi dira.

Internetek eta teknologia berriek zer irrati mota ekarriko dute?
Irratia interaktiboagoa izango da. Azken hamabi urteotan nabaritu dugu jendeak gero eta gehiago hartzen duela parte irratsaioetan. Formula erraza jartzen badiezu, noski. Oraindik erantzun gehien jasotzen dituena betiko kantu eskaera da.
Bestalde, jendeak aukera gehiago izango du selekziorako. Hamaika kantu programatu ahal izango ditu. Horretarako ez duzu irratiaren beharrik, hori zure diskoak entzunaz egin baitezakezu. Baina irratiak beste zerbait eskaintzen du. Komunikazioa, ez zaudela bakarrik sentitzea. Batzutan nahiago duzu disko bat lasai entzun, eta beste batzutan norbait entzuteko beharra daukazu.

Euskal Telebistan eta Canal+ kateetan lan egin duzu. Zer alde dago batetik bestera?
Canal plus-en jende guztia produktutik gertuago dago. Telebista jende askoren artean egiten da, eta Canal plus-en ikusi nuen programa bakoitzeko langile denak oso inplikatuta zeudela: makilatzailea, argiztatzailea… Horrek laguntzen du produktua txukunagoa izan dadin. Ez dituzte hemengo telebistak baino baliabide gehiago, baina inplikazio handiagoa dute. Hori izan liteke oso programa gutxi dituztelako.

Zinema aretoen asteroko eskaintza zer moduzkoa iruditzen zaizu?
Kartelera begiratu, eta zine areto denetan film berak botatzen dituzte. Bertsio originalean botatako filmak eta bestelako eskaintzak ikusiko nituzke gehiago. Komertzialak diren filmeez ari naiz, ez esperimentu arraroez, baina independenteak direnak nolabait.

Euskal Herriko zinema produkzioak esperantzarik ba al du?
Ez dago zinema industriarik. Musikan errazagoa den bezala, zineman oso zaila da produktu osoa hemen egitea. Sortzaileak badauzkagu. Arazoa da oso herri txikia garela, eta produktua zenbat eta garestiagoa izan, zailagoa da aurrera egitea, ez dagoelako biderik inbertsioa berreskuratzeko.

Zergatik ez dituzte zinema aretoetan atzerriko filmak azpitituluekin eskaintzen?
Ni azpitituluen oso aldekoa naiz. Arazoa da telebistan filmak beti itzulita ikusi ditugula, eta ez gaudela ohituta azpititulatutako lanak ikusten. Atzerrian film gehienak jatorrizko bertsioan ikusten dituzte, baina hemen ez daukagu azpitituluaren kulturarik.

Donostiako Zinemaldiko aurkezlea zara. Hamaika artista ezagutuko zenituen. Zer moduzko jendea da?
Normalean oso profesionalak izaten dira. Entseguetara etortzen dira denak, eta xehetasun txikiena entseatzen dute, nondik sartu behar duten eta nondik atera… Lana serio egitea eskertu egiten da, Robert de Nirok edo Al Pacinok berak ere ez dute entseguetara hutsik egin

"Erabat normalizatu da euskal musikaren alorrean udako kantaren fenomenoa, eta positiboa iruditzen zait. Ez dut uste taldeek musika egiten dutenean buruan dutenik udako abestia lortu behar dutela, baina promoziorako diskoetan udarako aproposa izan daitekeen singlea ateratzen dute, eta lehen ez zen horrelakorik gertatzen."

www.zabalik.com/070701/suscr/erreportajean02.html
"Katu Kaleren garaian ez zegoen audientzia ikerketarik, bestela ez zuen bi hilabete iraungo. Nire ustez mitifikatu ere egin dugu Katu Kale. Mundu guztiak esaten dit oso ona zela, hala ere horiek beraiek orain ikusiko balute agian ez lukete iritzi bera izango."

«Aho bete doinu» liburua, 123.orr.
"Euskal Herrian euskal diskagintza bultzatuko duten euskaraz eginiko irrati-formula pribatuak sortzen diren unean Euskadi Gazteak beste bide batzuk jorratu ahal izango ditu irrati publiko bezala."

«Aho bete doinu» liburua, 122.orr.
"Beti egon da rock musika kulturatzat hartzeko errezelo bat gizartean. Mundu guztiari ondo iruditzen zaio opera diruz laguntzea, baina rock kontzertu bat diruz laguntzea ez da begi onez ikusten. Agintariek ez dute uste zerbait bultzatzekoa denik, eta hori gero komunikabideetan islatzen da."

«Aho bete doinu» liburua, 125.orr.

- Jaio: Tolosan, 1963. urtean.
- Euskadi Gaztea irratiko koordinatzailea, bere sorreratik (1990).
- Psikologian lizentziatua.
- Kazetari: Donostiako Herri Irratian hasi zen (1985ean). «Deia» egunkarian ere kronikak idazten zituen garai berean, eta «Antena 3» irratian esatari hasi zen.
- Telebista: Euskal Telebistan «Katu Kale» musika programa egin zuen (1985etik 1989ra) eta «Zine Oro» programa aurkezten du. Canal+ katean, berriz, «Zine keinuak» programa aurkeztu zuen (1998tik 2001era).
- Donostiako Zinemaldiko aurkezlea da eta prentsaurrekoen koordinatzailea.

Nik txikitatik ezagutu behar izan nuen emakume izateak ekarri dezakeen
diskriminazioa. Zazpi anai-arreba gara eta ni neu zaharrena. Ni baino urte
bete eta bi urte gazteagoak, Ion eta Xabier, anaiak eta jolaskideak. Beraiekin
batera jolaskide nuen goiko pisuko bizilaguna, bai, Kike Amonarriz. Hamar urte
inguru izango genituen eta gure jolasik maitatuena "indio eta bakeroetara"
jolastea izan ohi zen. Bi talde egin ohi genituen, bata indioena eta bakeroena
bestea, eta txandatuz talde batek bestea harrapatu behar izaten zuen. Baina ni
neu neska nintzenez eta dirudienez indio eta bakeroen filmetan
emakumezkoek paper handirik izaten ez zutenez, niri tabernako emakumearen
lana tokatzen zitzaidan. Hau da, nire anai eta lagunak etxeari buelta bat eta
beste bat ematen ari ziren bitartean, nik hantxe egon behar izaten
nuen, tabernara nire gizontxoak noiz etorriko zain. Benetan dibertigarria!
Ziur naiz Kikek behin baino gehiagotan gogoratu izan dituela jolas horiek
aita denetik, hiru alaben aita! Agian orain berari tokatuko zaio tabernako
gizonaren papera egitea bere alabekin jolasean ari dela.

Doinua: Espainian behera
Zinemaldia eta
Euskadi Gaztea,
eta ez da zilegi
Canal + ahanztea.
Lortu duzu uhinen
artean haztea,
eta hainbat lekutan
guk zu ikustea,
ez da gutxi denetan
marka bat uztea.

«Katu kale» programa. Aurkezlea, ikuslearen pare, sofan eroso. Kasik bere etxean.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Eguneraketa berriak daude