BILBOTIK BARAKALDORANTZ, POLEMIKA ARTEAN


2002ko martxoaren 10ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo da, Bilboko Nazioarteko Erakustazoka, Makina Erreminten Bienala 2002, kokaleku horretan egingo den azkena. Izan ere, hurrengoa, 2004. urteari dagokiona, lehengo jadanik desagertutako Bizkaiko Labe Garaien Ansioko lurretan egingo da, eta dagoeneko hasiak dira nazioarteko azoka horren egoitza berria altxatzen. Mundu osoan da ezaguna bienala, eta planeta guztiko enplegatzaileak eta inbestitzaileak etortzen dira.
Dagoeneko, mundu osoko ia 2.000 enpresak baieztatu dute bienal horretan parte hartuko dutela. Bi urtez behin egiten da Bilbon, eta hogeita bigarren aldia beteko du oraingoan. Horregatik, Bilboko azoka lekuak dauzkan zortzi pabiloiak erabat beteta egongo dira. 700 bat standetan banatuak egongo dira, eta esleitutako eremu okupatu netoa 42.200 metro koadrotik gorakoa da.
Azoka horretan, nazioarteko erakusleihoa baita makina erreminten sektoreko enpresentzat, Euskal Herriko firmek errepresentatzen dute Espainiako estatuko produkzio industrialaren parterik garrantzitsuena. Mundu osoko 34 herrialde bilduko ditu, eta nazioarteko hitzordu horretan erakusteko egongo diren hamahiru azpisektoreetan aurkeztuko dituzte beren produktuak. Kopuruz errepresentagarrienak txirbiltzezko eta deformaziozko makina erremintak izango dira, bai eta erremintekin eta osagarriekin zerikusia dutenak ere.
ZUHURTZIA 2002RI BEGIRA. Oraingoz 2001eko urtealdiaren datu ofizialik ez badago ere, egun gutxi barru emango baitituzte ezagutzera, dagoeneko jakina da makina erreminten sektoreak Espainiako estatuan (gehienbat euskal enpresak) iaz %6 inguru gehitu zituela produkzioa eta esportazioak. Ondorioz, makina erreminten produkzioa (932 milioi eurokoa izan zen 2000. urtean eta marka guztiak hautsi zituen) 1.000 milioi euroren jiran ibiliko da. Kontrol numerikoko teknologiarekin dabiltzan makinek produkzioaren balio totalaren %76 errepresentatzen dute.
Esportazioek produkzioaren balio totalaren %52 errepresentatzen dute eta 483 milioi eurora igo ziren 2000. urtean. Hortaz, 500 milioi euro gaindituak izango ditu 2001. urtean. Behin-behineko datuen arabera, makina erreminten esportazioak %7 hazi ziren 2001. urtean; 517,5 milioi eurora iritsi ziren. Lehenengo lau herrialde bezeroek (Alemania, Frantzia, Italia, Estatu Batuak eta Portugal), guztiak ere teknologia-mailarik gorenekoak, esportazioen %51 eskuratu zuten.
Barruko merkatuan, salmentak 449 milioi eurora iritsi ziren 2000. urtean, eta kontsumo aparentea %2 hazi zen, 947 milioi eurora iritsi baitzen. Ondorioz, barruko merkatuko salmentak 500 milioi euro ingurukoak izango ziren 2001ean. Horrela, betiere behin-behineko datuen arabera, makina erreminten kontsumo edo demanda aparentea, barruko merkatuan, 971,2 milioi eurora heldu zen 2001. urtean; alegia, %2,5 gehitu zen aurreko urtearen aldean.
Espainiako Estatuko makina erreminten sektorea, gaur egun, 120 enpresak osatzen dute. Horietatik gehienak (%68) Hegoaldeko Euskal Herrian daude kokatuak. Sektoreak zuzenean enplegatzen dituen 6.000 langileetatik, 4.500 inguru EAEn instalatutako enpresetan ari dira.
Sektorean 2001. urtea hazkundezkoa izan bazen ere, sei urtean haziz joan eta gero, aurtengo 2002. urte hau zalantzekin ageri da: mundu osoan eta Europan ageri direnak, hain zuzen. Arrazoi horregatik, sektoreko enpresak eta arduradunak zuhur eta arduratsu ageri dira munduko, Europako eta Euskal Herriko egoera ekonomikoaren eboluzioari buruz. Ez dugu ahaztu behar ezen sektore horretako produkzioaren parte garrantzitsu bat, gorago aipatutako datuek frogatzen dutenez, esportaziorako dela, nahiz Europarako, nahiz Amerikarako.
Irailaren 11koaz geroztik, munduko ziurgabetasunaren ondorioek hortxe segitzen dute, eta, gutxixeago edo gehixeago, ia herrialde guztietako ekonomiei eragin diete. Hain zuzen ere, beheranzko eboluzio nabarmena erakusten dute eskarien portafolioek. Hala ere, Makina Erreminten Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM), Euskal Herriko lurretan kokatua dagoenak, uste du kapital finko produktiboan eta berrikuntza teknologikoan inbestitzearen erritmoa onartzeko moduko galgan mantenduko dela Euskal Herriko eta Espainiako gainerako eskualdeetako ekonomietan. Kontuan izan behar dugu barruko merkatuko eskaritik datozela sektoreko salmenta guztien erdiak. Egoeraren okerragotzea gertatuko balitz, AFM beharrezko transformazioak egiteko moduan legoke egoera berriari aurre egiteko; oraingoz, ordea, ez du arrazoizko pisurik ikusten orain daraman estrategia aldatzeko.
INTERNAZIONALIZATZEKO PROZESUA. Makina erreminten sektorea aspaldidanik dabil murgildua internazionalizatzeko prozesuan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta, ondorioz, jarraipena izango du etorkizunean. "Esportazioa eta nazioarteko presentzia gehitzeak -dio Rafael Barrenetxeak, AFMko presidenteak- promozioko ekintzak areagotzera behartzen gaitu, ohiko merkatuetan posizioak sendotzeko (Europako Batasunean, Estatu Batuetan, Latinoamerikan), posibilitate handiko beste batzuetan hobetzeko (Txinan, Indian, Asiako eta Pazifikoko hego-ekialdeko herrialdeetan, Errusian eta Ekialdeko Europako herrialdeetan), bai eta merkatu emergenteetan modu eta une egokian barruratzeko ere"

Ansion eraikiko duten erakustazoka berrian egingo da hurrengo Bienala
Bizkaiko Labe Garaien instalazio zabalak desmantelatzearen ondorioz libre gelditutako lur eremu handiek, hala Barakaldokoek nola Sestaokoek, eskualdearen susperraldi urbanistiko eta sozialerako bidea ere emango dute. Bi dira lur sail horien gainean martxan diren proiektu handiak, tren metropolitanoaz gain, geltokietako bat Ansion izango baitu. Bata Bilboko Nazioarteko Erakustazoka da, gaur egun Bilbon San Mamesko futbol zelaiaren ondoan duen kokalekutik Ansiora pasatuko baita, jadanik desmantelatutako Bizkaiko Labe Garaien instalaziorik modernoenetako bat egon zen lekura. Bestalde, Euskal Herriko siderurgia desmantelatuaren beste lur sail batzuek Barakaldoko zabalgune berrirako balioko dute eta, ondorioz, egoitzako, ekonomiako eta aisiako zona berri bat ekarriko diote udalerriari.

Oraindik polemikaz inguratua badabil ere, dagoeneko gauza erabakia da Bilboko Nazioarteko Erakustazoka behin betiko Ansiora aldatzea. 2004. urterako burutua egotea espero dute, urte horretako martxoan egingo baita Makina Erreminten Bienala, hango erakusketarik garrantzitsuena. 480 milioi eurotik gorako inbestimenduak ekarriko ditu, eta, era berean, 480 milioi eurotik gorako aktibitate ekonomikoa genera lezakete produkzioko terminoetan. Horrek guztiak berekin ekarriko du enplegua sortzea ere, hala aldi baterakoa, esparru hori eraikitzen duten bitartean, nola estrukturalagoa, behin nazioarteko azokak funtzionatzen duenean.
Obraren finantzazioa oraindik airean dago, azokaren kokalekua aldatzeak piztu duen polemikagatik. Bilboko Udala, lekualdatze horren kontrakoa, ez da integratu azoka berriko bazkideen artean: Bizkaiko Diputazioa (kapitalaren %33rekin), Eusko Jaurlaritza (%33), egungo Erakustazoka (%11), Merkataritzako Ganbera (%11) eta Barakaldoko Udala (%11). Hala eta guztiz ere, dagoeneko erabakia dago Ansioko instalazioak eraistea, eta aurki hasiko dira erakustazokako sei pabiloiak eraikitzen, 117.700 metro koadroko hedadurarekin. Horiei eranstekoak dira eraikin nagusiko beste 31.750 metro koadro: 95 metro gora da, eta barruan hartuko ditu kongresu zentro bat eta azoka lekuaren beraren bulegoak. Pabiloiak belar artifizialez estaliak egongo dira, eta elkartea aztertzen ari da energia alternatiboko plantak instalatuko ote dituen, instalazioek estruktura laua baitute. Gainera, beste 180.000 metro koadro ere izango dira, lurpeko lau solairutan banatuak: aparkalekuetara xedatuko dituzte, eta 4.000 automobilentzako lekua izango dute.
Azoka lekua izango denak hotela, dendak eta jatetxeak ere izango ditu, bai eta estazio intermodal bat ere Ezkerraldeko metroarentzat eta autobusentzat, eta ikusgai jarriko diren produktuak garraiatzeko duen erosotasunagatik nabarmentzen da. Azoka leku berria bidez inguratua egongo da erabat, edukiera handiko kamioien zirkulaziorako; izan ere, lau tokitatik sartu ahalko dira pabiloietara. Oraingo azoka lekuan, zama lanak banan-banan bakarrik egin ditzakete kamioiek.
Bada estudio bat, KPMG Consulting kontsultore etxeak egina, Bilboko azoka lekua orain Ansion kokatzeak izango duen inpaktua aztertzen duena: bai Ezkerraldeko udalerri afektatuetan, bai Bizkaian, bai eta EAEko gainerakoan ere. Azoka-leku berriaren efekturik nabarmenenetako bat ostalaritzako negozioentzat izango da, kalkulatzen baita urtean 450.000 eurokoa izango dela eta 128 enplegu sortuko dituela. Trenbidezko eta errepidezko garraioak 1,3 milioi eurotik gora generatuko ditu guztira, eta kulturako eta olgetako jarduerek ere antzeko kopurua generatuko dute. Memento puntual jakinetan, hala nola azoka bienalak egiten direnean, azoka leku berriak 7.000 lagun baino gehiagorentzat sortu ahalko du aldi baterako enplegua.
Ansioko Nazioarteko Azoka berriko erakusketariek eta bisitariek egingo duten zuzeneko gastua urtean 6,5 milioi eurokoa izango da Bilbon; Barakaldok, berriz, 1,3 milioi euro inguruko gastu zuzenaren onura jasoko du. Bizkaiko gainerakoak urtean 1,8 milioi euro inguruko etekina aterako du, eta EAEko gainerakoak 1,35 milioi euro ingurukoa


Azkenak
Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


Eguneraketa berriak daude