"ALDERDIEK OREKA PUNTURIK LORTU EZEAN, HERRITARREK ESAN BEHARKO DUTE ZER NAHI DUTEN"


2002ko martxoaren 03an
Garzon epaileak legez kanpo utzi berri ditu Segi eta Askatasuna erakundeak. Zer irizten diozu epaile honek Euskal Herriarekin lotuta hartu izan dituen erabakiei?

Garzon aspalditik dabil, obsesionatuta, mamu baten atzetik. Gauza bat da ikertzen ibiltzea eta beste bat aurrez daukazun iritzira zure ikerketak ekarri nahi izatea. Hori edozein epailek ekidin behar duen arriskua da, baina Garzonek daraman dinamikak, arrisku hori ekidin beharrean, errealitate bihurtu du. Dituen usteetara heltzeko darabiltzan bitartekoak ez dira epaile batek erabiliko beharko lituzkeenak. Aspaldiko kasuen artean AEKrekin, ‘Egin’ekin edo Zabaltzenekin gertatutakoak aipa daitezke, eta kasu horietan epailearen jarduerak eragindako kalteak kaltetutakoek eurek ordaindu behar izan dituzte. Oraingoan, legez kanpo utzi dituen talde bi horien jarduera delitua denik ez du inork frogatu eta hala ez den bitartean errugabetasunari eutsi behar zaio. Mamiz bete nahi den aurreiritzi batekin jokatzen ari dela ematen du.

Bultzada politikorik ikusten al diezu erabaki horiei, atzean ez bada, inguruan, behintzat?
Estalki handi baten antzekoa dago, hori guztia biltzen duena. PPren ibilbidea ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko, batik bat, gehiengo osoa duenetik. Dena den gauzak ez zaizkio ondo joan Euskal Autonomia Erkidegoan eta, horrek, zenbait buruzagi haserretu egin ditu, gizarte honek heldutasunik ez duela esateraino. Hala, euren estrategiari eutsiko diotela iragarri digute eta hainbat hedabideren laguntzarekin, eta teorian independenteak izan beharko liratekeen Estatuaren zenbait botererekin batera, ez noa esatera horiek menpe hartuta, bide horretan doaz.

PPren azken Kongresua argigarria iruditu al zaizu ildo horretan?
Pertsona jakin bati egindako neurrigabeko eta baldintzarik gabeko entrega saio baten antzeko zerbait izan da. Patriotismo konstituzionala deitzen dutenaren inguruko ponentzia izan dute ardatz nagusia, baina zerbait ezkutatzeko erabili izan duten mozorroa besterik ez da. Kuriosoa da Espainian eskuineko mutur homologaturik ez egotea, Frantzian, Alemanian edo Austrian bezala adibidez, eta ez dira agertzen PPren barruan daudelako. Horien presentzia ere beharrezkoa zaionez, gero eta muturragora doa teorian zentrorako bidea egiteko jaio zen eskuma hori. Oso jatorri ezberdina duen izenburuarekin jantzita, topikoz betetako ponentzia onartu dute patriotismoaren inguruan, han zirenetako gehienek Konstituzioari, eta zer esanik ez Gernikako Estatutoari, hainbat oztopo jarri zizkioten arren. Jende askok lotsarik galtzen ez duenez, gai dira Estatutuaren aldeko hainbat aldarrikapen egiteko eta, aldi berean, berau ez betetzeko eta eginda dagoen bidean ere atzerako urratsak egiteko. Jokabide horri, bizitzan, gezurra eta zinismoa baliatzea deitzen zaio.

Mayor Orejak dioenez EAJk etapaka banatutako estrategia dauka independentziara abiatzeko...
Bere burua oso argi agertu du azkenaldian. Etorkizunari begira jartzen denean, aitortzen du ez dela Euskal Herrian maitatuena, baina bere proiektua Espainia denez, eta Espainia mota bat gainera, badaki hor bere perfila maitatua dela eta hori agertzen du behin eta berriro. Igarlearena egiten du beti, interpretatu ahal izateko gertatzen dena gertatzen dela etorkizuna bere klabeetan adierazteko. Gu ez gara Mayor Orejaren tranpetan eroriko, eta ezta euskal gizartea ere. Bere gidoia inposatu nahi du bere burua aurrera ateratzeko, besterik gabe.

Estatu mailan horrelako buruzagiak izanez gero, zirrikiturik ikusten al duzu euskal gatazka konpondu ahal izateko?
Horrelako buruzagiek, gatazkak konpondu beharrean sortu egiten dituzte. Euskal gizartearen borondatea errespetatu ez eta hemen gatazka politiko bat dagoela ikusi nahi ez duena edo itsua da edo borondate txarrekoa da. Abertzaletasun demokratikoak 107 urteko bizitza dauka modu antolatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, guztiok dakigu zer-nolako onarpen eza izan zuen Espainiako Konstituzioak eta 1990ean Eusko Legebiltzarrak autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena egin zuela gehiengo osoz. Hori ikusi nahi ez duten pertsonekin eta egin behar denaren kontrakoa egiten dutenekin euskal gatazkak ez du onera egingo. Espainiak ikusi beharko du zein aukera egiten duen, ze estatu mota nahi duen, zer-nolako elkarbizitza politikoa nahi duen bere baitan dauden nazio eta identitate politiko, kultural eta demokratikoekin... eta arazo hori konpondu nahi badu ez du horrelako buruzagirik aukeratuko. Hala ere, badakit hori esatea erraza dela eta zailagoa dela hala gertatzea, hedabideen artean PPk jarraitu duen pribatizazioa politikarekin batik bat.

Dena den, ematen du nazioarte mailan, eta Europako Batasunean batik bat, elkarrizketaren aldeko jarrerak gero eta ozenago entzuten hasi direla Aznarren itxikeriaren aurrean...
Bai, azkenean mundu guztiak ditu bere burua erakustera emateko intzirrikituak, eta hor diren zenbait buruzagik euren jarrerak aldatu egin dituzte. Maiatzaren 13ko hauteskundeek ere izan dute zerikusia aldaketa horretan, eta ezberdina da gauza bat urrunetik entzutea edo bertotik ikustea. Horregatik ez du nahi Aznarrek hona inor etortzea, eta beste gatazka politikoetan eta bake prozesuetan bere burua bakegile eta bitartekari gisa nabarmendu nahi duen artean, gu isolatu nahi gaitu. Nazioarteratze polizial eta judiziala baino ez du nahi, eta guk aspektu horiei arlo politikoa gehitu nahi diegu. Dena den, uste dut astiro-astiro bidea argitzen joango dela eta, bitartean, lanean jarraitu beharko dugu PPren azken okurrentziak erantzuten ibili beharrean. Gainera, hori da euskal gizarteak eskatzen diguna.

Abertzaletasunaren helburu historikoa estatu bat eratzea izan da. Zein izan behar du gaur egun? Europako Batasunean besteen pare izatea?
Noski, hori da kontua. XIX mendean estatu independenteek modu bateko burujabetza zuten, baina gaur egun alde handia dago. Orain independentea izatea erabakiak hartzen diren tokietan ahotsa izatea da, eta besteen maila berean. Europan hamahiru bat izango dira gu baino txikiagoak diren herrialdeak. Beraz, beti bilatuko dugu gure identitatean sakontzea eta besteekiko berdintasunezko harremanak izatea.

Baina, orain, Espainiako ordezkaritzaren parte izateko aukerarik ere ez dago...
Hala da, eta Espainia da horrelako zerbait eragozten duen bakarretakoa. Dena den, denboraren aurka doanak arazoak ditu, beti ezin duelako denen kontra joan.

Gernikako Estatutoa blokatuta dago. Egoera horretan, zein bide jorratu behar da aurrera begira?
Eusko Legebiltzarrean autogobernuan sakontzeko batzorde berezia eratu da eta bertan azaldu beharko da bakoitzak egungo egoeraz egiten duen diagnostikoa eta aurrera begira nahi duenaren azterketa. Guk batzorde horretan adostu nahi dugu, EAEko alderdi politikoen artean, etorkizun hurbilean eta erdikoan gure artean izango dugun elkarbizitza politikorako adostasun puntua. Jarrera ezberdinak daudenez, ikusi egin beharko da bat etortzeko kapazak garen ala ez.

Oreka punturik lortu ezean, herritarren ahotsa entzuteko momentua litzateke?
Bai, noski. Alderdi politikook gure asmoak eta nahiak ditugu, eta oreka puntu hori lortzeko ahaleginean jardun behar dugu, baina ezinezkoa izango balitz, euskal herritarrek esan beharko lukete zein den euren nahia, maiatzaren 13an ere egin zuten bezalaxe.

ETA aipatu duzue beti alderdi abertzaleen elkarlanerako oztopo gisa. Ika-mika handia eragin du ehun jeltzalez osatutako jomuga zerrenda horrek. Nola hartu duzue EAJn horren berri?
ETAk aspalditik egiten dio eraso EAJri eta bere aroak, programak eta logikak ditu ekintza mota batzuk edo beste batzuk lehenesteko. Eta gizartearentzat ulertezinak diren moduak eta irizpideak baliatuta lehenetsiko ditu talde batzuk. Ez da lehenengo aldia abertzaletasunaren esparruan dabiltzan politiko, enpresario, talde eta bestelakoei eraso egiteko prest daudena eta egin diena. Aingeru Berazadi enpresarioa bahitu eta erail zuten oso aspaldian eta, beraz, honelako jomugak izatea ez da ezer berria, abertzaleon aurka ekin izan baitiote sarritan. Bestetik, ez dakit horretaz jarduten ibiltzea ETAri berari auspoa ematea ez ote den. Kuriosoa da PPk aspaldi modan jarri zuela honelako informazio ikaragarriak, segurtasunarekin lotuta daudenak, interes politiko oso argiekin ematea edo ez ematea. Horrek arrisku handiak ditu eta haizea ematen dio publizitate bila dabilenari.

n Giro honek ze eragin izan dezake udal hauteskundeei begira?
Gu prest agertu gara beharrezkoak diren segurtasun neurriak aztertzeko, bozak baldintza demokratikoetan egin daitezen. Dena den, jendea eztabaida antzuez nekatuta dago, soluziobideak nahi ditu, lerro lodiz jarritako adierazpenak barik. Honelako gaiak eguneroko kudeaketan ari diren erakundeen dinamikatik atera behar dira. Batzuek politika geratu nahi dute gatazka konpondu arte, bitartean euren politikarekin jarraitzeko, eta hori ez da onargarria.

Batasunak Iruñean egindako proposamenean aurrerapusorik atzeman al duzue?
Testua irakurri ondoren hainbat hitz eta termino kontrajarri ikusten dira. Adibidez, 'eskubide guztiak euskaldun guztientzako' aldarrikatzen dute eta galdera hauxe da: hori hala ez den bitartean zein da irtenbidea? Inolako eskubiderik ez inolako euskaldunentzat? Ala gauden tokitik abiatuta eskubide guztiak lortzen ditugun arte, eskubideak lortze aldera egin behar ote dugu lan? Bestetik, eskubide guztiak aipatzen dituzte, baina non dago bizitza eskubidea? Bizitza eskubidea beste guztien oinarria da. Totem bihurtzen ari diren hitzen eta kontzeptuen atzean asko dago eztabaidatzeko. Luze hitz egin behar da eta seguru nago Batasunak esateko duen guztia ez duela orri batean esan eta askoz gehiago daukala adierazteko. Dena den, euren dokumentuan hizkera ezberdinak ikusten dira, esku ezberdinak.

Haiekin berba egiteko prest zaudete?
Orain arte Elkarrik antolatutako mahaietan eta abar egin izan dugu topo eta hortik aurrera euren dokumentuarekin egin nahi duten bidea zein den ikusi beharko dugu. Guztiekin hitz egin behar da gauzak konpondu nahi badira.

Elkarriren Bake Konferentziak emaitza borobilik ekar al dezake?
Prozesu horren ekarpenetako bat, eta ez txikiena, gizartean elkarrizketaren, konponbidearen eta demokraziaren aldeko iritzi sare bat lortzea da. Ondorioz, gizartearen beraren heldutasunak eta adoreak ordezkari politikook dauzkagun arazoez hitz egitera mahai baten ingurura eramango gaituela espero dut.

PSE-EE kongresu baten atarian dago eta EAJ barne eztabaidaren erreferente bihurtu da...
Euren eztabaidetako ardatz gu bihurtzeak asaldatu egiten gaitu. Badirudi zenbait buruzagik EAJri ematen dioten ezezkoan oinarritzen dutela euren jarduera. Euren burua gune bihurtzeko zenbait maniobra ziztrin egiten ariko dira batzuk, baina horrek epe erdira ez darama inora. Bada garaia, eta gurekiko izan eta esan dituzten gezur eta irain guztiek ematen diguten autoritaterakin esaten dut, Alderdi Sozialista bere buruari begira jartzeko eta, hortik aurrera, zer nahi duen besteok jakin dezagun. Bitartean, PSE-EEko buruzagiek oso ondo dakite zer izan garen, zer garen eta zer izango garen. Badakite asko arriskatu dugula bakea lortzeko eta beti egon garela indarkeriaren aurka eta bortizkeria hori jasan ere egin dugula


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


Eguneraketa berriak daude