Eraman zituzten, bortxaz, Yeu uhartera. Gazteak gehienak, adintsuenak ez zuen berrogei urteko langa pasatua izango, eta jada taldean, aitonaren tratamenduaz joko zioten adarra errukirik gabe. Hogeita bost bat urte joan zaizkigu dagoeneko. Balio luke orduko argazkiari begirada bat emateak. Joandakoak gogoan, handik gutxira akordeoi soil batez lagunduta tonu apaleko ahotsez entzun genuen kantuak, sekulako arrakasta bildu zuen. " Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora ". Lizartzako itsua omen zen kantu haren egilea. Bere bihotza begi, etxean grabatutako maketa zen irratiz entzutera ematen zitzaiguna, euskal errefuxiatuen konfinamentuaren testigantza. Kaxiano. Oker ez banago, publikatutako bere lehen kantua zuen. Eta niri konfinamentu hark beste gizon bat dakarkit gogora: Arratiako Juanpe Bernaola. Gure alaba eta semearentzat aitona olentzero. Bere handian, soinu ttikia jotzen zuena etxeko tximini ondoan bero. Bere bihotza gogo, Bermeoko portuan tona erdia janari bapore batean sartu eta konfinatuen bisitan abiatu zena, bertako ostalari eta jendarmeen harridurarako. Urtero legez Santa Agatan, Arratiako korala ariko da kantuz San Mamesen, eta nik Juanpekin batera Kaxiano eta Yeu gogoratuko ditut