EKOLOGIA, HERRIAK ETA HIZKUNTZAK


2002ko otsailaren 10an
Hitzordura iritsi orduko Xamarrek kafesnea mahai gainean du eta katilua nahikoa huts dakusat -begibistako bakarrean ziurtatu dudanez-, ez baitzaio edariaren lurrinik kikaratik ihesean antzematen. Hortaz, Xamarri bigarrena eskaini ostean -antza, kafe gaindosiaren beldur gonbita errefusatu du idazleak- zerbitzariari niretzat bertze kafesnea erregutu eta solasaldiari ekin diogu. "Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz" lerroburupeko idazlearen azken liburua dugu aitzakiatzat. Curia karrikako lehen zenbakietan dago kafetegia, idazlana argitaratu duen Pamiela argitaletxearen kale berdinean alegia. Pamielaren liburu-sotoak goiti egiten du karrikaren aldapan, zenbakietan gora joan ahala.

Horrenbertzez, zortziren bat galdera zirriborraturik daramatzadan papera eskutan hartu eta lehendabizikoa aletzeari eutsi diot. Izan ere, ekologia hitza boligrafoaren pinturaz azpimarraturik dagoela baieztatu dut. Bederen, ekologia gaurkotasunez blai dagoen elea da, ezbairik gabe, eta horretara etorriko da boligrafoaren zirriborroa. Liburu ekologista ote den. Hala, Xamarren aburuz, "ekologia onartutako ideia da, planeta zaintzea beharrezkoa baita". Aitzitik, ekologia zehazteko tenorean agertzen omen da arazoa: "Hau da, non mugatzen dugu ekologia?, hauxe da egin beharreko galdera". Idazlearen aburuz, "ekologiaren oinarrian oreka dago, gizartea bera barne dagoela. Eta gizartea barne erraten dugularik ezin dugu ahantzi kultura, hizkuntza alegia".

Gu gara Euskara.

Ia kasik ez dut bigarren galderarik egin behar. Soilik zera erran diot, «Gu gara Euskara», halaxeko tesia dagoela bere liburuan, eta honen arabera lortzen dela oreka, edota desoreka, behin ekilibrioa galtzen baldin bada: "Baleen eta oihan tropikalaren alde gaude, hartzaren biziraupenaren alde… eta euskararen alde ere gaude, omen. Baina nola? zer da euskararen alde egotea?". Erantzunik behar ez duen galdera horietariko bat da. Erretorikaren araberakoa nonbait. Xamarrek berak jarraitzen du mintzatzen: "Euskara gugandik kanpo zer da? Hiztegi bat eta gramatika bat. Erran nahi dut euskara gugan gauzatzen dela. Gugandik at mintzaira ez da deus, filologoendako denbora-pasa baizik ez. Gu hizkuntzaren bidez garatzen gara. Hortaz, hizkuntzaren bidez gu gara. Euskara gu gara. Gu euskara gara".
Bere hitzaren jarioak ez du stopik ezagutzen. "Euskararen eta euskal kulturaren garapena gure garapen pertsonala da, ez da zerbait abstraktua. Euskararen normalizazioa aipatzen dugunean nik buruan dudana gure bizitza da, familia, gure semea… Zer eginen du gure semeak hemendik urte batzuetara? Nola biziko da?". Erantzunik behar ez duen bertze galdera.

Liburuak bi zati ditu.

Kafesne katiluak eta hautsontzia tartean, Xamarren liburua mahaiaren portzelana gainean dugu. Idazki dotorea da eta kolore biziko argazkiek laguntzen dute paragrafoen irakurketa. Hartara, egiturari dagokionez, bi zatitan moldatu duela liburua diot. Lehendabiziko tartean, unibertsoaren garapena, bizia nola sortzen den, nola sortzen den gizakia, eta antzeko kontuak aipatzen ditu Xamarrek. "Biziaren historia kontatzen da lehen partean. Big Bang-etik hasi eta herri ezberdinak sortzen diren arte". Kafesneari hurrupa egitearekin bat trufarako tartea hartzen du idazleak: "Irudi luke azken denbora honetan euskara Sabino Aranak asmatu zuela, edo kasik! Eta izorratzeagatik, gainera! Hemen biziaren Historia kontatzen den bakoitzean gizakiaren eboluzio fisikoa aipatzen da, baina horretara mugatzen da, kontutan hartu gabe hizkuntzak ere, beraz kulturak ere, biziaren garapenaren parte direla eta eboluzioaren ondorio".
Bigarren zatia hizkuntzalaritzari dagokio. Txepetx izengoitiaren atzean ezagunago den Jose Mari Sánchez Carriónek egindako "Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas" argudio-sarea aintzat hartzen du Xamarrek eta modu ulerterrazean agertzen du liburuan, "Txepetxek landutako teoriaren bertsio dibulgatiboa da", berak argiago dioenez. "Atzo ‘Egunkaria’ irakurtzerakoan ohartu nintzen Inaxio Oliverik ez zuela ideiarik ere zer den elebitasuna, zer den diglosia... kezkagarria baino eskandalagarria da horrelako pertsona batek hori ez ezagutzea. Beharrik euskararen alde dagoen!". Xamarren zeharkako gomendioa izan daitekeela oldoztu dut. "Gure egoera zein den hain ongi esplikatzen duen Txepetxena bezalako bertze teoriarik ez dut ezagutzen, ez dago eta. Egoera gainditzeko zein izan behar den norabidea ere ongi agertzen du", eransten duenez.
Izan ere, bere izkribuari garai batean erabiltzen nituen eskola liburuen kutsua hartu diodala aipatzen diot. Apika, argazkien eragina izanen da. Ikaslea nintzeneko Geografia liburua izan zitekeela. Edota Gizartea ikastearren baliatzen genuen orrialde-ladreilua. Ea nori zuzenduta dagoen galdegin dut. Xamarrek erantzun: "Informazio liburua da. Eskolako liburua izan daiteke, baina ez du zergatik hala izan behar. Eskolatik kanpo gaudenok ere badugu zer ikasi, edo ez? Euskara, Herria, herriak… Bizian interesa duenari zuzenduta dago liburua, munduko etorkizunean interesa duenari, alegia. Eta gutaz ari baldin bagara konkretuki, dena dela ere, liburua planetako herrien etorkizunari buruz ari da".

Etorkizuna eta orainaldia.

Curia karrikan dagoela kafetegia. Arren, orainaldian dugu elkarrizketa eta UPNren politikaren presenteko labankadak aipatu dizkiot. Xamarrek: "Euskararen egoera funtsean, ñabardurak ñabardura, bera da Euskal Herri osoan. Euskal Autonomia Erkidegoan ere ez da egiatan ofiziala. Lehendakaria izan zaitezke euskaraz jakin gabe, baina ez espainolez jakin gabe, Unibertsitateko atezaina izateko hizkuntz eskakizunen bat bete beharko da, erretore izateko ez… ofizialtasun bitxia! Iruñean euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak berberak dira Bilbon eta bertze inon. Agian, Nafarroako agintariek faxismoaren ezaugarririk nabarmenenak agerian dituzte, hemen politikoki indartsu sentitzen direlako, baina kezkagarria dena gure erantzuna da. Orain dela ehun urte Nafarroako gobernadore zibilak eskoletan euskaraz egitea debekatu zuen, erran nahi dut gaur egun gertatzen dena ez dela deus berria. Gure erantzuna da kezkagarria. Babes politiko falta nabarmena dugu alde batetik, euskara alderdi abertzale guztiendako ere gai bat gehiago baita eta ez, bistan da, inportanteena. Gero, botereari erru guztia botatzeko joera ere badago eta, hala izanik ere, hau ez litzateke gure eginbeharrak eta ardurak baztertzeko arrazoia izan beharko. Hori bai, hiru hilabetean behin ‘euskararen aldeko manifa nazionala’… eta horrela 27 urte".
Eta etorkizunean, bada, nora jo? "Guk geuk egin beharreko bide bat badago. Eta hori nabarmendu nahi dut liburuarekin, badugula lan serioa egiteko euskararen alde -ez, preseski, negarrez egotea edo txanpon eskean ibiltzea-, gure alde, giza aniztasunaren alde, alegia, herri guztiek toki bat bete behar baitute munduan, orekan".
Elkarrizketa amaitzear dugu. Gaztelaniazko bertsioa moldatzen ari direla dio Xamarrek. Nik ordainduko ditudala kafeak. Aitzitik, berak eskuratu du lehendabiziko zerbitzariaren arreta, eta idazleak kitatu du bi kafesneren zorra


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude