DIRUA ETA ESPAINIAR ABERRIA EGITEKO MAKINA


2002ko otsailaren 10ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Euskal-espainiar komunikabide enpresen talde berria, hau da, Correo Prensa Española taldea, Grupo Correok, besteak beste, "Correo Español" eta "Diario Vasco" egunkarien argitaratzaileak, Prensa Española ("ABC") bereganatuta sortu da, eta horrelaxe hasi da funtzionatzen aurtengo 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hala, komunikabideen inperioa bihurtu da talde berria, eta orobat dirua eta espainiar aberria egiteko makina bihurtu da (Espainiaren batasuna da taldearen hastapen ideologiko edo editorialetako bat), talde honen asmoak ez baitira eteten "ABC" espainiar taldearen absortzioan. Urrutirago doaz, eta ARGIAk eskuratu dituen datuen arabera, Kataluniako prentsa eta Galiziakoa dira hurrena lortu beharreko helburuak. Hori, Hego Amerikan duen presentzia baztertu gabe, hain zuzen ere Argentinan baitago, eta bertako krisiak izan dezake eraginik eremu horretan duen planen atzerapenean. Era berean, egungo ekonomia krisiaren bilakaeraren baitan dago burtsara ateratzea ere, nahiz eta datu guztien arabera urte honen beraren bukaera aldera bere kapitalaren parte bat burtsara aterako den.

Egin berri dituen eta egingo dituen urratsei esker, Espainiako Estatu osoko bigarren komunikazio taldea bihurtu da dagoeneko enpresa talde berria. Prisa taldea da aurretik duen bakarra: talde horren fakturazioa 2000. urtean 1.200 milioi euro ingurukoa izan zen, eta irabaziak berriz 100 milioi euro ingurukoak izan zituen. Correo-ABC taldeen bateratzetik sorturiko taldearen fakturazio erantsia 2000. urtean ia 600 milioi eurokoa izan zen eta irabaziak, berriz, 100 milioi euro ingurukoak. Beheko koadroko zenbakietan ikus daitekeenez, hortik oso urrun geratzen dira beste komunikabide taldeak: Zeta taldea adibidez, "Periódico de Cataluña"rekin besteak beste; Unidad Editorial taldea, "El Mundo" egunkariarekin besteren artean; Recoletos taldea, besteak beste "Marca" kirol egunkariarekin; Godo taldea, "La Vanguardia" egunkariarekin besteak beste; Prensa Iberica taldea, besteren artean "El Faro de Vigo"rekin, eta Voz taldea, "La Voz de Galicia" egunkariarekin besteak beste.
Ez da kasualitatez gertatu Grupo Correok orain arte Zamudioko Torrelarragoitiko industrialdean zuen gizarte eta zerga egoitza, Prensa Española taldearekin bat egin ondoren, Madrilera aldatu izana, Juan Ignacio Luca de Tena kaleko 7. zenbakira. Baldin eta Grupo Correok bereganatu badu Prensa Española eta horren ondorioz sorturiko elkartea kontrolatzen badu, gauzarik zentzuzkoena gizarte eta zerga egoitzak Bizkaian jarraitzea dirudi, era horretara Bizkaiaren onurarako izango bailitzateke zergen ordainketa. Ez da adibide ona beren euskal egoitza utz dezaten presionatuak gertatzen ari diren beste euskal enpresa batzuentzat. Izango du horrek zerikusirik noski espainiar aberria egitearekin!

PRENTSA KATALAN ETA GALIZIARRAREN KONKISTAN.

Grupo Correok, hau da, Ybarra eta Bergarechetarrek, kontrolatzen du Correo Prensa Española taldea; izan ere, Correoko euskal taldeko akziodunek inperio berriko akzioen %79ren jabe dira, eta ABCko espainiar taldeak berriz akzioen %21 du bere esku. Grupo Correoren estrategia izan da hori guztia. Izan ere, duela ehun urte ia "Correo Español" eta "Diario Vasco" bezalako bi egunkari lokal kudeatzen dituelarik, beste egunkari lokal eta eskualdekoak bereganatuz joan da, eta irratian ere sartu da (Cope), baita telebistan (Telecinco), eta beste ikus-entzunezko komunikabideetan (telebista lokalak) eta elektronikoetan (Internet) ere. "ABC" bereganatuta eta harekin bat eginda, estatu osoan argitaratzen den egunkari baten gestiora eraman du, garai batean "Ya" madrildar egunkariarekin lortu nahi izan zuen gauza, baina operazio hark huts egin zuen. Oraingo operazio honen ondoren, Correo Prensa Española taldeak 3,4 milioi irakurle eskuratu ditu prentsa idatzian.
Komunikabide talde berri honek oraindik gehiago nahi du ordea. Zabalkundearen bila jarraitzen du eskualdeko prentsan eta prentsa "nazionalean". Hala, iritsi zaizkigun argibideen arabera, Zeta taldeko komunikabideak bazterturik, Katalunian dabil orain Ybarra eta Bergarechetarren taldea, "La Vanguardia" egunkariaren atzetik. Esaten dutenez, Godo familiaren katalan egunkari hau barne krisi latza ari omen da pairatzen, irakurle arazoak direla-eta alde batetik eta bestetik berrikuntzarako ahalmen falta dutelako eta, eta agian Godotarren familiak berak barne arazoak dituelako. "La Vanguardia"k gaur egun bizi duen egoera "ABC"k Grupo Correorekin elkartu aurretik bizi zuenarekin alderatzen dute batzuek.
Galizia Correo Prensa Española taldearen beste helburu hurbil bat dela dirudi. Hala, arreta handiz aztertzen ari dira Bergarechetarrak Voz galiziar komunikabide taldearen bilakaera… azken garaiotan, desiratzen zen emaitza izan ez duten urrats batzuk egin dituztelarik gainera. "Diario 16" erostea eta Voz irrati katea sortzea ez dira operazio onuragarriak izan, alderantziz baizik, eta Reitarren familiak, Voz taldearen jabeak, izan dezake interesik enpresa osoa edo parte bat gainetik kentzeko. "La Voz de Galicia", galiziar talde honen egunkari oso errentagarria, da Bergarechetarren taldeari gehien interesatzen bide zaiena.
Eta gauza gehiago. Euskal-espainiar komunikabideetako enpresa inperio berri honek Hego Amerikan zabaldu nahi du bere hiri eta eskualdeko prentsa eredua. Grupo Correo dagoeneko Cimecoren %33ren jabea da, eta talde horrena da Argentinan argitaratzen diren "La Voz del Interior" eta "Los Andes" egunkarien %85. Ulertzekoa denez, egunkari horiek Argentinan pairatzen ari diren krisi orokorraren mende daude. Cimecok egoera zail bati aurre egin beharko dio laster, pesoetan fakturatzen baitu eta zorrak dolarretan dauzka. Argentinak bizi duen krisi ekonomikoko egoeran, Grupo Correok eten egin ditu oraingoz herrialde horretako eta Hego Amerikako inbertsioak, Argentinako arduradunen erabaki politiko eta ekonomiko berrien zain. Hala eta guztiz ere, eta Argentinako egoera politikoa eta ekonomikoa argitzen ote den zain, Grupo Correoren erabaki estrategikoa da inbertitzen eta negozioak egiten jarraitzea Argentinan eta Hego Amerikako beste lekuetan.

NEGOZIO INDARTSUA.

Correo Prensa Española taldea komunikabideetako bigarren talde indartsuena bihurtu da Espainiako Estatuan. Talde berri honek martxan dauzka dagoeneko zazpi negozio unitate; Zuzendari nagusia Juan I. Mijangos da, eta baditu halaber lau alor korporatibo, Jose Manuel Vargas izanik alor horien zuzendari nagusia.
Hauek dira zazpi negozio unitateak eta arduradunak, hurrenez hurren: "ABC" (Santiago Alonso), Eskualdeko Komunikabideen Korporazioa (Angel Domenech), Ikus-Entzunezkoen Komunikabide Berrien Korporazioa (Victor Viguri), Komunikabide Digitalen Korporazioa (Jose Maria Martin Guirado), Teknologia Berrien Korporazioa (Imanol de Cristobal), Nazioarteko Komunikabideen Korporazioa (Fernando Samaniego), eta Komunikabideen Korporazioa (Luis Iparraguirre). Hauek dira lau eremu korporatiboak eta eremu bakoitzaren arduradunak: Ekonomia-Finantzak (Enrique Marzal), Edizio Koordinazioa eta Erakunde Harremanak (Javier Bardaji), Komertziala (Jose Luis Hazas), eta Zuzenbide Aholkularitza (Jose Manuel Vargas).

Negozio iturri nagusiak aipatuko ditugu jarraian. Prentsan eskualdeko egunkarien liderra da, 11 egunkarirekin eta eguneroko 3 milioi irakurlerekin, ABC kontuan hartu gabe, OJDren arabera. Era berean, "El Semanal" igandeko gehigarria argitaratzen du, OJDren arabera 4 milioi irakurle dituena. Telebistan, gutxienez Telecincoren %25 kontrolatzen du, 75 milioi euroko inbertsioa egin eta gero. 2000. urtean kate honek 154 milioi eurotik gora irabazi zituen. Kontuan izan behar da Telecinco kateak Correo Taldearen irabazien %40 baino gehiago erdiesten duela. Irratian talde honek Cope sarearen %4 dauka bere esku. Produkzio etxeei dagokienez, "Periodistas", edota "Medico de Familia" sailen egile den Arbol Taldeko %17 dauka, eta "Boca a Boca" zinemako produktoraren %30 dauka ("Al salir de clase", "El comisario" eta abarren arduradun), azken honengatik 18 milioi euro ordaindu eta gero


Ybarra-Bergarechetar familiek kontrolatzen dute talde berria
Grupo Correotik datozen Ybarra-Bergarechetar familiak dira Correo Prensa Española talde berria orain kontrolatzen dutenak. "ABC" bereganatu eta harekin bat egin ondoren, beren esku baitituzte talde horren akzio gehienak eta gizarteko postu garrantzitsuetan baitaude. 1989. urtean Luis Bergarecheren lekua hartu zuen Santiago de Ybarra y Churruca da talde honen lehendakari berria, eta zenbaitek dagoeneko "Polanco berria" deitzen dute. Talde berriaren ideia politikoen ordezkaria da: Espainiako Konstituzioaren eta batasunaren defendatzaile sutsua. Jose Maria Bergareche Busquet da lehendakariorde exekutiboa eta talde berriaren kontseilari ordezkaria. Grupo Correoren gerentzian 1975ean hasi zen lanean, eta bertako kontseilari ordezkaria izatera heldu zen 2001. urtean, bere lehengusu Alejandro Echevarriak postu horri uko egin ondoren. Echevarria gaur egun Telecincoko lehendakaria eta talde berriaren lehendakaritzaren laguntzailea da.

Horiek dira talde berriak 2002. urte honen hasieran egin dituen izendapen nagusiak. Administrazio batzorde berriaren eta batzorde ordezkariaren baitan, aipaturiko bi familia horietako kideen beste zenbait kontseilari ageri dira. Horien artean Emilio de Ybarra y Churruca nabarmentzen da, duela gutxi arte BBVAko lehendakari izan zena eta talde berriko lehendakariaren anaia dena. Administrazio batzordea osatzen duten gainerako kideei dagokienez, ondoko pertsona hauek ageri dira: Nemesio Fernandez Cuesta eta Enrique Ybarra lehendakariordeak; Guillermo Luca de Tena ohorezko lehendakaria; Emilio Jose de Palacios gobernuko organoen idazkaria; eta Diego de Alcazar Silvela, Santiago Bergareche Busquet, Carlos Castellanos Borrego, Juan Entrecanales Azcarate, Santiago Eguidazu Mayor, Juan Carlos Guerra Zunzunegui, Catalina Luca de Tena, Soledad Luca de Tena, Victor Urrutia y Vallejo, Emilio de Ybarra y Churruca, María del Carmen Careaga Salazar, Alvaro de Ybarra y Zubiria eta Atlan Pressen izenean dagoen Helene Lemoine ordezkariak.
Administrazio batzorde honek, era berean, bere batzorde ordezkaria ere izendatu zuen. Santiago de Ybarra y Churruca da lehendakaria, eta kide hauek ditu: Jose Maria Bergareche, Nemesio Fernandez Cuesta, Enrique de Ybarra e Ybarra, Santiago Bergareche, Alejandro Echevarria, Santiago Eguidazu, Catalina Luca de Tena, Soledad Luca de Tena, Victor Urrutia, Emilio de Ybarra eta Alvaro de Ybarra


Azkenak
Gazara martxak bere helburua mantentzen du Egiptoko Gobernuaren errepresioaren gainetik

Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.


Euskadi nazioa da

2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.

Euskalduna naizen aldetik,... [+]


Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako

Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
 


Landaguneen despopulazioa
Perotx oinetxea birgaitu, Nafarroako Urraul Goiti biziberritzeko

Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.


Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabana geldiarazi dute Libiako Sirte hirian

Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.


Israelen erasoaren aurrean, Iranek mendekua iragarri du eta 100 bat dronerekin erantzun du

Israelek Iranen aurka orain arte egindako aire eraso gogorrena egin du ostiral goizaldean, Leon operazioa-rekin. Erasoan, Israelgo Armadako 200 bat gerra hegazkinek hartu dute parte eta kalte handiak eragin dituzte Iraneko nuklear programa garatzeko eta misil balistikoak... [+]


Bilboko San Frantziskon ertzainek egindako eraso bat ikertzen ari da Segurtasun Saila

Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.


Agus Gorbea, Gazako martxatik deportatua
“Martxak ezin badu aurrera egin, beste alternatiba batzuk jarriko dituzte martxan; zerbait egingo dute ziur”

Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.


2025-06-13 | Irutxuloko Hitza
Palestinaren aldeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian

Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.


Israel gosea arma gisa erabiltzen ari dela salatu du Nazio Batuen Batzar Orokorrak

Espainiako Estatuak eta Palestinak bultzatuta, 146 herrialdek alde bozkatu dute, 12k kontra eta 19 abstenitu dira. Ebazpenak Gazako sarraskia eta Israelen hedapena Zisjordanian salatu ditu eta nazioarteko ebazpen judizialak betetzea eskatu.


Zer egin Lemoizko zentral nuklearragaz?

1984an, Lemoizko zentral nuklearrak bere ateak betirako itxi zituen, konpondu gabeko urteetako gatazka eta zauriak atzean utzita; zentralaren azpiegitura ia berdin mantendu da, eta gertatutakoa, isilpean iraun du. Orain, tokikoek hainbat proiektu proposatu dituzte Basorda kalako... [+]


Eguneraketa berriak daude