«GAUR EGUN ANTZERKIA EGITEAK BELDURRA EMATEN DIT»


2002ko otsailaren 03an
Elkarrizketa hau egiteko deitu nizunean, egiteko inongo arazorik ez zegoela esan ostean, intereseko ezer gutxi zenuela esateko behin eta berriro esan zenidan.

Egia da. Izan ere nik baino askoz interes handiagoa duten eta interesgarriagoak diren ehunka pertsona baitaude munduan. Eguneroko bizitzan garrantzizkoak diren gauzak egiten dituzten pertsonak, adibidez. Ni azken finean aktore bat baino ez naiz, hau da, beste autore baten testua "errepikatzen" duen pertsona.

Testu hori esateko forma desberdinak daude, hala ere. Eta testu hori ona izan arren aktoreak lana gaizki egiten badu, testua ez dago jarraitzerik.
Hala da, bai. Aktoreok, zentzu batean, koautore ere izan gaitezke. Dena den, benetako autoreak beste batzuk direla uste dut. Gogoeta egitera bultzatzen zaituen liburu bateko autorea, esate baterako. Azken finean, nire buruarekin errealista izaten saiatzen naiz eta argi dut telebistan azaltzeagatik ez naizela beste ezein baino garrantzitsuagoa.

Jendeak gustukoa duena gehiago ezagutu nahi du. Aktoreen kasuan, benetan nolakoak diren jakin nahi du?
Afaltzen daudenean telebistaren bitartez beraien etxeetan sartzen diren pertsona horien berri jakin nahi izatea logikoa dirudi, bai. Baina niri hain zaila egiten zait...

Horrela bada, nolatan bilakatzen zara aktore?
Pertsonalitate faltagatik (irribarreka). Nire txikitako ametsa sukaldaria izatea zen. Benetan magikoa iruditzen zitzaidan nola aurrez ikusiriko oilasko itsusi hura eder eta desiragarria egiteko gaitasuna zuen nire amak. Edota belar batzuk nola janari bilakatzen zituen bere trebezia magiko harekin.

Baina aktore egin zinen?
Bai. Dena den, aktore izan aurretik irakasle ere izan nintzen eskola batean. Beste askok bezala, mundua hobetzeko ideia erromantiko bategatik hasi nintzen magisteritza ikasten. Gero eskola batean gizarte zientziak, soinketa eta frantsesa irakasten hasi nintzen. Urtebete nahikoa izan zen hura ez zela nik egin nahi nuena ikusi ahal izateko. Umeak "hondatu" aurretik nire burua hondatzea hobeto zela pentsatu eta irakaskuntza utzi egin nuen.

Antzerkiarekin hasi zinen orduan?
Antzerkia egiten magisteritza ikasten ari nintzenean hasi nintzen. Baina bai, irakasle izateari utzi nionean antzerkira dedikatu nintzen osoki. Jose Ramón Barea eta Santiago Gurrutxagak aktoreak behar zituzten "Cómicos de la Legua" antzerki talderako eta nigan pentsatu zuten. Asko zor diet hauei biei, beraiek gabe orain akaso ez nintzateke-eta aktorea izango.

Zein oroitzapen ekartzen dizkizu garai horrek?
Oroitzapen oso onak ditut. Pentsa, 70eko hamarkadaren hasieraz ari gara, erabat hippyak eta oso militanteak ginen. Francoren erregimena bizirik zegoen garai hartan eta antzerkia egitea, edo guk egiten genuen antzerkia egitea behintzat, erdi galerazia zegoen. Hortaz, sistemaren kontra egiten zenuen antzerkia egite hutsarekin. Miguel Hernandezen poesiak irakurtzea delitua zela kontuan hartuz...

Istiluren batean baino gehiagotan sartuko zineten bada.
Bai. Gogoan dut oso surrealista izan zen bat. Madrilen adierazpen askatasunaren aldeko manifestaldi bat egin zen "Els Joglars"ekoak espetxeratu zituztenean. "Vinos Savin" margotua zuen furgoneta zahar bat hartu eta bertara joatea erabaki genuen erraldoi eta buruhandiekin. Behin manifestaldian ginela, «grisak» etorri eta egurra ematen hasi ziren. Erabat surrealista zen poliziak buruhandien atzetik korrika nola zebiltzan ikustea (barrez). Dena den, poliziak ez ziren kontu txikitan aritu eta gutako bat, Loli Astoreka, ospitalera eraman behar izan zuten.

Militanteak, beraz.
Bai, baina gu militante kulturalak ginen batez ere. Antzerkia kalera ateratzen genuen edota jende kopuru multzo handia biltzen ginen poesia saioak entzuteko. "Cómicos de la Legua" banandu zenean, batzuek militantzia politikoagoa egitea erabaki zuten eta besteek berriz, militantzia kulturalaren aldeko apustua eginez, "Karraka" antzerki taldea sortu genuen.

Zer antzerki egiten zenuten?
Antzerki bizia egin nahi genuen, kalekoa. Publikoa aurkitzera jotzen genuen eta neurri handi batean lortzen genuela esan daiteke. Gure erreferentzi nagusiak, egia esan, euskal tradizioan oinarritutako antzerkian baino Katalunian eta Espainian egiten ari zen antzerki modernoan zeuden. "Tábano" edota "Els Joglars" ziren imitaziorako gure ereduak.

Zinemarekin lehenengo esperientzia "Segoviako Ihesa".
Esperientzia polita gainera. Hamaika aldiz kontatutako istorioa da, baina zineman egin nuen lehenengo planoan, Barea eta nire kontu, makina bat barre bota zituzten filma egiten ari ziren zuzendari eta teknikoek. Izan ere, gure lehenengo planoa bukatu zenean, eta "moztu" nola esaten zuten entzun arren, Bareak eta biok zuzendariak agindutako ekintzarekin jarraitu genuen han zeuden askoren harridurarako. Bestalde, euskal aktore mordo bat bildu ginen pelikula honetan, baita Madriletik etorri ziren aktore famatu asko, eta denen artean giro polita bizi genuen.

Film esanguratsua euskal zinemagintzan?
Baietz uste dut. Jende askok ikusitakoa da eta oraindik ere gustura asko ikusten den film horietakoa delakoan nago. Genero pelikula bat bilakatu da, ondo zaharkitu den film bat izateaz gainera. Euskal aktore, teknikari, zuzendari edota produktore askorentzat lehenengo kontaktua izan zen zinemarekin eta gutako askok orduz geroztik medioarekin kontaktu gehiago izaten jarraitu dugu.

"Segoviako Ihesa" eta gero zineman makina bat lan egina zara. Almodovar, Iciar Bollain, Martinez Lazáro eta Ibarretxe anaiak bezalako zinema zuzendariekin lan egin duzu.
Bai. Baina hauen guztien maisutasuna zalantzan jarri gabe, zine zuzendariak izateaz gain nire lagunak ere badiren zinegileak erreibindikatu behar ditut: Enrique Urbizu eta Alex de la Iglesia, batez ere.

Alex de la Iglesiarekin duzun erlazioa atal berezi batean sartzekoa nintzen.
Normala. Jendeak niri Alexekin lotzea normala iruditzen zait eta gainera ohore bat ere bada. Asko estimatzen dut Alex, bai profesionalki eta baita pertsonalki ere. Edozein gauzarako deitzen nauenean, asko pentsatu gabe, baiezkoa ematen diot. Hala ere, batzutan ezin izan dut berarekin lan egin aurrez harturiko konpromiso batzuk zirela medio.

Bere lehenengo lanetan ere hor zeunden.
Alex zinema zuzendari izan aurretik zuzendari artistiko bezala ari zen lanean eta guk eginiko antzezlan batean edo bestean dekoratuak egin zizkigun Arri eta Biafrarekin batera. Bere laburmetraian ("Mirindas Asesinas") parte hartzeko gonbitea zuzendu zidanean ez nuen dudarik izan. Gero "Acción Mutante"n ere berarekin lan egiteko aukera izan nuen. Alex asko motibatzen da bere lanekin, eta berarekin lan egiten dutenak ere erraz motibatzeko gaitasuna dauka.

Orain dela urte pare bat Morgan Freeman aktore estatubatuarra Donostiako zinemaldira etorri zenean, kazetari batek "Seven"eko gidoia pasa ziotenean zer sentitu zuen galdetu zion. Gidoia irakurri bezain pronto bere aukerarik handiena esku artean zuela argi ikusi zuela erantzun zion Freemanek kazetariari. Antzeko zerbait sentitu al zenuen "El Día de la Bestia"ko gidoia pasa zizutenean?
Ez. Egia esan ni pelikula behin eginda dagoenean konturatzen naiz nolako pelikulan egin dudan lan. Dena den, Alexengan konfiantza osoa nuen, eta pelikula bikain bat atera zela ezin da ukatu. Oihartzun handia izan zuen eta ez hori bakarrik, iraultza txiki bat ere izan zen espainiar zinemagintzan, nahiz eta akaso bere lehenengo filma ikusmoldez oraindik ere ausartagoa izan zen.

Ondas saria jaso zenuen gainera bertan egindako lanagatik. Nola baloratzen dituzu zuk eta filmak jasotako sari guztiak?
Mementoan ez dituzu bere neurrian baloratzen. Denboraren poderioz ordea, orduan lortutakoak baloratzen hasten zara. Hala ere, sariak ondo egindako lanen errekonozimenduak baino ez dira, eta horrela baloratu behar dira.

Sariez gain famatuago ere bilakatu zinen horren ondoren.
Dudarik gabe. Fama TeleNorten lan egin nuen garaian sumatu nuen lehenengo aldiz, bertan lanean ari nintzenean Bilbon poliki-poliki gero eta jende gehiagok ezagutzen ninduen-eta. Baina jakina, orain orduan baino askoz ezagunagoa naiz zineman egindako lanengatik, eta batez ere astelehenero telebistan ateratzen naizelako.

"Periodistas" telesailean. Oraintxe hurrengo denboraldirako kapituluak grabatzen ari zarete. Zein iritzi duzu telesail honi buruz?
Ni egia esan ez naiz oso telebista zalea, gaur egun egiten den telebista eredu horren zalea, behinik behin. "Periodistas"ek beste telesail batzuekiko, hasieran behintzat, proposamen desberdina zen eta hori beti da txalogarria. Laugarren urtea betetzera goaz, era duin batean nire ustez.

Hainbeste urte pertsonaia bera egiten, azkenean pertsonaia zure berezko ezaugarri batzuk hartzen joan al da?
Urte asko dira, bai, pertsonaia bera egiteko. Pertsonaia fikziozkoa da, eta denbora lagun nire ezaugarri batzuk hartzen joan izan daitekeen arren, pertsonaiak eta nik ez dugu hainbesteko gauzarik amankomunean.

Telebistan lan egiten hastea erakargarria iruditzen zitzaizun?
Telebistan beste lagun aktore batzuek bultzatuta sartu nintzen. Honek ez du esan nahi lana hartzeaz damutzen naizenik. Azkenean antzeztea da nire lana. Eta aktoreentzat hain preziatua den egonkortasun bat ekarri dit telebistan lan egiteak, adin bat izan artean izan ez dudana.

Telebistarako lan egiteak badituela bere abantailak.
Nekatu ere egiten du. Normalean medio batean lanean ari zarenean beste batean aritzea sumatzen duzu faltan. Hau da, orain, nagusiki telebista egiten ari naizenean, antzerkia egiten nuen uneaz gogoratzen naiz; telebistan lan egin aurretik ordea, bertan lan egiten zutenen egonkortasuna desira nezakeen. Dena den, telebistan dena oso azkar egiten da, dena oso azkar baitoa.

Agustin González aktore espainiarrak, zinematik gero eta urrutirago sentitzen dela esateaz gain, aktore batentzat zinema egitea batez ere manipulazioa dela dio, antzerkia egitea interpretazioa den bitartean. Ados al zaude berarekin?
Zentzu batean bai. Zineman, adibidez, zuzendariak gauza asko erabakitzen dituen heinean, gauza bat moztea erabaki dezake. Antzerkian berriz, ezin da atzera egin, zuzenean ikusleekin, interpretazio puruagoa egin daiteke.

Antzerkia faltan sumatzen duzu.
Antzerkia oso gogoko dut, baina orain beldurra ere ematen dit pixka bat. Errespetu handia diot antzerkiari eta ez dakit memento honetantxe antzerkia egiteko gai ote naizen. Telesailean egoteak gainera ez dit beste gauza askorako denbora uzten eta hortaz, mementoz, ez dut uste antzerkia egingo dudanik. "Periodistas"en nirekin lanean ari diren beste aktore batzuk ondo asko antolatzen dira mila gauza batera burutzeko, baina nik ez dut gaitasun hori. Adina, akaso.

Bilbora etortzeko ordea, denbora ateratzen duzu. Madrilen lan egin arren, ia astebururo etortzen zara. Horretara moldatzea ere ez da erraza.
Hamar urte dira dagoeneko horrela nabilela. Emaztea hemen bizi da eta bategatik edo besteagatik, beti niri tokatzen zait etortzea (irribarrez). Hasieran ez nuen ondoegi eramaten, baina denboraren poderioz autobusera ere ohitu egin naiz. Errepidea bidai lagun.

Hiri batengatik galdetzen badizut, Bilbo esango didazu?
Bai, ziurrenik.

Eta film bat, telebista saio bat eta antzezlan batengatik galdetzen badizut?
Filma "El día de la Bestia", telebista saioa "Periodistas", nahiz eta "Siete vidas" ere oso gustukoa nuen eta antzezlanen artean Peter Brooken edozein lan.

Liburu bat, zaletasun bat...
Oraintxe Boadellaren "Memorias de un bufón" irakurtzen ari naiz eta iraganeko pasadizoak gogorarazteaz gain, barre asko egiten ari naiz bertan kontatzen diren gauzekin. Dena den, "El libro del desasosiego"rekin, Pessoa deskubritu nuen eta ordutik asko miresten dut. Bestetik, hainbeste zaletasun ditut bakar bat esatea ez legokeela ondo.

Eta desioa?
Bada gertatu behar dena gerta dadila, baina beti onerako bada


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude