Belodromoa: urrats ala mugarri?

  • Arrazoiak arrazoi, askok aitortu du kleenexak ateratzeko zorian egon zela. Emozioarekin jolasten omen dute bertsolariek, eta gaiek ere jartzen omen dituzte horretarako baldintzak. Baina bertsolariek, beraiek, azaleratzen al dute bere barrua, edo pertsonaje baten papera betetzera mugatzen dira?Entzuleek sarri ez dituzte bertsolariak hainbeste ezberdintzen, ezta bertsoen berezitasunak harrapatzen ere. Baina, axola al du horrek, berdin gozatzen badute?
Hurrengo asteetan barneratu eta ordenatu ditu bakoitzak final hartako bizipenak. Hamaika gogoeta, iritzi eta kritika egin zaizkio egun horri. Guk ere Belodromoan zer egosi zen aztertu nahi izan dugu. Baina ez bertso aleak hartuta, ez hitzak neurtuz eta errimatuz. Ikusleen aulkian eseri, eta bertatik aztertu dugu nola ikusi zen oholtza gaina, nola pantaila, zer esaten zuten ingurukoek, nola entzun zituen publikoak bertsoak... Entzuleen bizipena, eurek bertsolaritzaz duten perzepzioa da interesatzen zaiguna. Horregatik osatu genuen mahaia bakoitza gai ezberdin batean aritzen diren lau hankabikorekin. Aldiz, mahainguruan entzule izan ziren normalean hitz egitera ohituta daudenak: bertsolariak (Andoni Egaña, Maialen Lujanbio), bertso kritikariak (Karlos Aizpurua), epaile eta gai jartzaileak (Mikel Taberna, Felix Irazustabarrena) eta kazetariak (Laxaro Azkune, Mikel Aramendi)... Eta mahainguruaren bukaeran, gonbidatu hauek aukera izan zuten beren iritzia emateko, galderak egiteko edo eztabaidan sartzeko. Beraz, bukaeran bertsolari eta entzuleen ikuspegiak eta iritziak kontrastatu ziren.
Mahaira mugatu gabe, LARRUN honek irakurleengana zabaltzen du eztabaida. Irakurri lasai, koadernotxoa, eta ez izan zalantzarik zure iritzia ARGIAra bidaltzeko. Hurrengo asteko aleetan aterako ditugu jasotako erantzunak.

Hasteko, mahai inguruaren galdera nagusiari helduko diogu. Aurtengo finala zer izan da, bertsolaritzaren historian urrats bat, edo mugarria? Zer inpresio jaso zenituzten?
XABIER ETXEBERRIA. Orain 8 urte izan nintzen aurreko aldiz finalean, Andonik lehen txapela jantzi zuenean. Ile galtzeaz eta kilo galtzeaz aparte, aurtengo finaleko oholtzan nabaritzen zen ezberdintasuna belaunaldi aldaketa zen. Aurreko finaletan ere jende pila elkartu zen. Baina jendetza horren artean deigarria izan zen gazte jende asko zegoela. Sarrerak hartzeko ilarak gazteentzako kontzertu batena zirudien. Oroitzapenetan ditut emozioa, bukaerako suspentsea, euforia kolektiboa, denak tente txaloka...
XABIER ISASI. Goizez hotz, arratsaldean bero. Bertso eskolen garaipena izan da, eta hor aurreko belaunaldi eta bertsokerarekiko haustura moduko bat planteatzen da. Bertsolaritzaren gogortasunaz jabetu nintzen, eta gaztea izan beharra dagoela ariketa horiei eusteko. Emozioa, giro berezia aldez aurretik jarria zegoen, ez bertso mundutik bakarrik datorrena: Sustrairen fenomenoa-eta aipatu egiten zen. Bertsogintzan sekulako maila erakutsi zuten, eta gaiak oso landuak izan ziren. Emozionantea izan zen.
CARMEN LARRAÑAGA. Lujanbioren bertso batekin ebaluatuko nuke egun hura: niretzako izan zen gozatzeko eta dibertitzeko egun bat, oso ludikoa. Bestetik, egun samurra, aurreko finalak baino samurragoa. Emandako iritzi politikoak beste finaletan baino integratzaileagoak izan ziren. Ez ziren hain agresiboak. Nire lagun batek hurrengo egunetan argumentatzen zidan han geundenen %80aren botoa EHkoa zela, eta esperientzia hori gozatzen dutela iritzi politiko hori dutenek. Nik iritzi politiko hori ez dudanez, argumentatu nuen ezetz, euskalduna izanda, nahiz botoa PPri eman, gozatu daitekeela finalean.
Bertsolarien perfil soziologikoa bai aldatu dela: denak unibertsitarioak dira, eta gaztetasuna da nagusi. Egañak aitona zirudien, eta aldiz ni baino gazteagoa da, eta nik neure burua gaztetzat daukat... Hiritar kutsukoak dira ia denak, Irazu bakarrik da baserri girokoa. Janzkeraren aldetik antzerako estetika dute: Egaña kenduta, oso ‘kasual’ edo ‘sport’ motakoa. Aurreko finaletan baino garrantzia handiagoa eman diote janzkerari, hobeto pentsatuta eraman dute, dotoreago joan dira. Bai, aldaketak daude, baina zenbateraino den hori mugarri? Zaila da definitzen.
ENEKO OLASAGASTI. Nik egun hura emozioaren aldetik bizi nuen, gozatzera joan nintzen. Hausnarketak gero datoz. Gu lau lagun joan ginen, eta horietatik bat nabarmen zen EAJkoa, bestea EHkoa, eta beste bi independente. Horrek ez zuen inporta izan, eta justu ez inporta beharra zen inportantea. Eguna eskurtsio baten modukoa izan zen: goizean esnatu eta makarrak begietan azaldu ginen, ondoren esperientzia bat bizitzen joan ginen, eta esperientziak goia jo zuen arratsaldean. Ni negar egin zuenetakoa izan nintzen, barre egin nuen... Beste edozein ikuskizuni ere hauxe eskatzen diot, horrekin gozatzea eta emozionatzea, barrea eta negarra dena batera egitea. Hori eman zidan finalak. Urrats ala mugarri? Adierazgarri izan zela uste dut. Niretzat benetan mugarri litzateke Maialenek irabazi balu, kasu egiten badiogu belaunaldien kontuari. Trantsizio garaian gaude, Andoniren belaunaldiak orain hamar urte hasi zuen trantsizio horretan.
Nire aldetik ikusita, ikuskizunaren aldetik, esango dut igande horretako alderik kaxkarrena horixe izan zela: eszenaratzea, argiekin izan ziren gorabeherak... Ez nago ados Carmenekin, uste dut estetika okerrerantz joan dela. Nik lehen bertsoak entzuten nituen «La voz de Guipuzcoa»-n, Basarrik egiten zuen saioan, eta bertsolari haiez gogoratzen dudan irudia da, alkandora jantzita eta dotore azaltzen zirela.
X. ETXEBERRIA. Ez nago ados Enekorekin eszenaratze txarraren kontu horretan. Sartu eta pentsatu nuena izan zen, tela beltz horiek eta ikusita... «Kristauak igo egin behar du horra kantatzera 7.000 pertsonen aurrean!». Beste eszenategi klase batekin galdu egingo litzateke soiltasun eta bakartasun irudi hori. Ikuskizun horren atrezzoa bera bada inpaktantea.
E. OLASAGASTI. Ez naiz ari eszenografiaz orokorrean, eta ez dut esaten iraultza bat egin behar denik hor. Nik argien antolamendua kritikatzen dut. Eszena txukun egoteko egin zen ahalegina egin eta gero, argien planteamendua oso okerra izan zen: argiek publikoa matxakatzen zuten erabat, pantaila ez zen ikusten, argiak itsutzen gintuelako. Bertsolarientzat beraientzat ere, nik eszenategira igotzean bizitzen dudanaren arabera, ez dut uste oso ona denik publikoa hain zehatz ikustea.

Carmen, aipatu duzu bertsolarien janzkera, estetika... Horrek denak badu, ikuslearen ikuspuntutik garrantzia, eragina?
C. LARRAÑAGA. Bertsozale batentzat badu garrantzia. Ikuskizun baten zati dira, eta hitza da nagusi, baina hitza norbaitek adierazten du. Bertsolaria ez dut trajez jantzita ikusi nahi, baina zainduta bai.

Zuen baloraziotan denek aipatu duzue emozioa. Goizean hotz, arratsaldean bazkariaren laguntzaz beroago... Emozioa zerk eragin zuen, bertsoak eta bertsoak bakarrik?
X. ISASI. Bertsolariak berez dira emozio trafikanteak. Horrekin jolasten dute. Bertsolari xelebreak, Mañukorta bat esaterako, baztertu egiten dira. Eta egungo bertsolariak eskolatuak direnez, segituan ikasten dute ofizioa, eta ofizio horren lanetako bat da emozioekin trafikatzea. Oso zaila iruditzen zait egungo bertsolaritzan ezustekorik aurkitzea.
Entzuleak ere finalera emozio bila joaten dira. Finalean sartzen gara barre egitera, negar, txalo jotzeko... Halako katarsi baten bila.
Gaietan ere, herri honetan bizitzen dugun egoera ateratzen da, baina era berean oso grisa, oso argia da. Gaiak gaurkotasun handikoak ziren, baina gaurkotasunetik atera gabe, eta bertsolariak ere hartara lotu ziren. Andoni eta Maialenen buruz-buruko horretan, kartzelako gaian mendizalearen gutuna jarri zutenek nik uste jakin behar zutela Andoniri gertatutakoa, edo erreferentziak eduki... Dena prest zegoen gure emozioekin trafikatzeko, eta entzuleria ere horren zain zegoen. Egañak azken kartzelako gaia zela eta aitortu zuen Felix Iñurrategi etorri zitzaiola gogora eta zera esa zuen: «Azken bertsorako utzi nuen. Bestela, ez nukeen kontrolatuko».
Hala ere, espero zitekeena baino emozio handiagoa izan zen. Pozgarria da, bertsolari gazteek ofizio hori nahiko ongi ikasi dute, eta entzuleriarekin emozioetan oinarritutako komunikazioan trebatuta daude.
Txapelketako finala masa ikuskizuna da, bertsolaria urrundu egiten da entzulearengandik eta gehiago lantzen ditu emozioak. Elkartearen aldetik egiten diren gogoetak, edo hemen bertan gurekin egindako esperimentuan, jakin nahi dena da ikusleek nola perzibitzen duten mezua, emozio hori.
C. LARRAÑAGA. Nik ez dut «trafikante» hitzaren zentzu txar hori onartzen. Bertsolariak trafikante izango dira, guk dosi hori eskatzen dugulako. Bertsolaritza ez da ezer entzulerik gabe. Etengabeko feed backa dago, zuk txistu jotzen baduzu, horiek berehala berregingo dute bere bertsoa. Guk entzun nahi duguna esaten dute. Bertsolariak doaz gizartea doan moduan, bai orain eta bai lehen ere. Ahozkotasunean konbergentzia puntua egotea ezinbestekoa da, horrek elkartzen ditu bertsolari eta entzuleak.

Denek aipatzen duzue, trafikante izan edo ez, bertsolariaren lana izan zela jendea emozionatzea. Beste faktorerik egon al zen? Jendea asko emozionatu zuen Belodromoa zutik ikusi izanak: publikoa bera altxa eta bera emozionatu zen...
X. ETXEBERRIA. Jendeak eraman egiten zaitu. Testua eta testuingurua bereizten zaila da. Testuak gero eta jantziagoak dira, bertsoak gero eta gehiago kontatzen dira istorio oso bat sortuz... Maialen, adibidez, erabat sartu zen aulki gurpildunaren paperean, motxila txikiaren xehetasuna emanaz... Horrela iritsi zen jendearengana, xehetasunak ematea da trukuetako bat. Metaforak, eta horrelakoak gero eta gehiago erabiltzen dira. Testuak berak emozionatzen du, baina jendeari galdetuz gero, «zutik jarri arazi zintuen bertsoa zein izan zen?», ez da gogoratuko lehenengo errimaz ere. Hainbeste tristura bizi dugun herri honetan, jendeak elkarrekin emozionatzeko beharra sentitzen du. Batera zerbait garela, Belodromoa herri bat zela sarri aipatu zen, eta ez dakit noraino den egia. Uste dut gehiago dela gure nahia, desioa. Horrek ere eraman zuen jendea emozionatzera. Aturritik Ebrorako gaia atera, eta aspaldiko partez Iparraldeko bertsolari bat ari zen kantatzen finalean...

«Herri bat gara» mezua sarri entzun genuen. Hurrengo egun bateko «Euskaldunon Egunkaria»ko artikulu batek zioen hori bakarrik ez zela Euskal Herria. Gizarte mailan, belodromoa zer izan zen eta zer ez?
X. ETXEBERRIA. Ez zela Euskal Herri oso bat izan esango nuke. Herri honetan euskaraz hitz egiten dugunok gutxiengoa gara. Belodromoak zerbait ordezkatu bazuen, zati hori bakarrik ordezkatu zuen.
E. OLASAGASTI. Nahiarekin eta desioekin zerikusi gehiago du beste ezerekin baino. Bertsolariaren papera beti izan da emozioekin jokatzea, eta burua eta bihotza erabiltzen ditu. Bateren batek finala liturgia bat bezala azaldu zuen. Eta zer da liturgia? Egitura zehatz bat, zeinetan entzuleak badakien zer entzun behar duen, baina ala ere berriro hori entzutera doa, beste modu batera. Bertsolariak emozioekin jolastu eta kronika egin du, garai guztietan. Egun ere hori egiten dihardu, gaurko egunetara egokituz. Eta soziologikoki fenomeno bat bihurtu bada, hain zuzen da euskal mundutik gaur egungo egituretara ongien egokitzen jakin duen arloa izan delako. Jokoa beti berdina da: norbaitek hitz soilekin eta doinu batekin ideia bat komunikatzea, emozio bat... Horrekin gozatuko dugu beti. Orain, beharbada internetez kantatuko digute, edo nork esaten du ez dutela rap doinuan inprobisatuko?
Euskaldunok gutxiengo izanik, behar dugu, gizarte denek bezala, geure burua eredu batean ikusi, geure mitoak sortu.
Aurten uste dut gauza bakarra izan dela ezberdina Belodromoko mezu politikoan: kolore ezberdinetako abertzaleak elkartu zirela, egon zela nahi bat Belodromoa gailendu zuena. Liturgia horrek gailendu zuen Belodromoa. Uste dut zentzu sinbolikoan hori eman zela, eta oso ondo iruditzen zait emozioak kaleratzeko tresna bat edukitzea. Katarsi edo leherketa bat egon zen, elementu soziologiko asko zegoen jokoan, eta hori ateratzea bilatu zen. Bertsolariek lortu zutena izan zen burua jartzea emozio horri, baina ondorioak emozioan geratu ziren, oraindik oso goiz da esateko hor eman zen indar edo ilusio hori noraino gauzatu daitekeen, eta hori ez dago bertsolarien esku.
X. ISASI. Lau urtean behin izaten da horrelako zerbait. Bertsozale arrunten ikuspegitik, desiratzen egoten dira horrelako bizipen baten zain. Egañarena salbuespen, agian ibilbide luzeagoa duelako, beste bertsolariak uniforme ikusten ditut, ez dago Mañukorta bat, ez dago Peña bat. Bertsoak entzutean baziren beroaldi batzuk, baina 1991n Egaña eta Peñak amona-ilobaren paperean egindako saio (gero Negu Gorriak-ek rapeatu zuena) hartako txisparik ez dut ikusi, ez oraingo finalean, ez aurrekoan. Oso formalak dira bertsoak jada, formalegiak. Barru-barruan badago halako beldur eszeniko bat, sufrimendu ikaragarria. Finalaren biharamunean, «Gara»n Egañaren aurpegia ikusi, eta nik uste argazki hori dela bertsolaritzaren isla.
Entzuleriak emozioa eskatzen du eta bertsolariak horretarako prestatzen dira. Bertsolari xelebrearena baztertuta dago, neurri horretan «enkofratuago» dago bertsolaritza, oholtza gainean. Gaia jarri eta zer nahi dugun, hori eman behar digute. Gero eta irudimen zorrotzagoa behar da berrikuntzak aurkitzeko, eta bertsolariek aurkitzen dituzte, baina gero eta esparru txikiagoa dute gu emozionatzeko.
E. OLASAGASTI. Isasik arketipo xelebreaz dionari erantzunez, seguru badagoela gaur ere horrelakorik, baina hor gaztetasunak du eragina. Nortasuna edadearekin gehiago gauzatzen da. Artistei ere gertatzen zaie, bere ahotsaren eta estiloaren bila ibiltzen dira. Uniformetasuna badago, baina gaztetasuna da horren arrazoi.

Bertsolariari, jarritako gaiaren arabera, alde bateko edo aurkako arrazoiak defendatzea tokatzen zaio. Zer da bertsolaria, aktore edo iritzi emailea?
X. ETXEBERRIA. Gehiago edo gutxiago, bakoitza bere paperean sartzen da. Baina bakoitza oreka bilatzen saiatzen da: nola esan paperak eskatzen duena, zuk esan nahi duzuna traizionatu gabe. Uste dut jendeak ikusten duela paperetik kantatzen dutela, eta ez beren iritzitik.
E. OLASAGASTI. Aktore edo iritzigile? Plazagizonak diren neurrian, eszenategira igotzerakoan bere zati bat behean uzten dute. Jolas batera doaz. Eta bertsolariak hausnartu egiten du zer herritan dagoen, nork antolatutako saiora doan, zer publiko mota duen aurrean... Bertsolaritzak baditu konbentzio edo klabe batzuk, ez direnak agerikoak, eta horietan bertsolariak garbi uzten du noiz ari den ematen bere iritzia, noiz sartu den pertsonaian... Entzuleak ez du zailtasunik antzemateko noiz ari den paperetik eta noiz jartzen duen beretik.
C. LARRAÑAGA. Nik uste kasu batzuetan ez direla paperean erabat sartzen. Emakumeen gaia dela eta, adibide batzuk ekarri ditut, eta hauetan ikusten da bertsolariek antzeztu egiten dutela baina beraien izaera beraiekin daramatela. «Sukalde» hitza jarri, eta sukaldean amona ikusten dute. «Erratza» eta ama lotzen dituzte. Azken txapelketan, Maialeni ofizioka bikote izatea tokatu zaionetan, beti emakume papera bete du. Maiarekin tokatu zitzaion dantzako gai bat, eta Maia emakumea zen. Baina bai Maialenek eta bai Maiak berak, mutiltzat hartu zuten, nahiz gaian espreski zehaztu neska zela.
Euskaraz ez da generorik bereizten, eta kasu horietan (esaterako, «bi jubilatu zarete» gaia jarrita) gizonek beti gizonen papera hartuko dute. Beren estereotipoei lotuta daude, eta originala litzateke libre utzita bestearen paperean sartzea, «nik nire burua gizon bezala nola ikusiko nuke?».
X. ETXEBERRIA. Hori naturala iruditzen zait. Gaiak zirrikitu libreren bat uzten duenean, errazagoa da zugandik gertu dagoen egoeretatik sortzea. Peña eta Lizasori esanez gero «zuek bi jubilatu zarete», gizonezko paperetik kantatuko dute, beren burua horrela ikusten dutelako. Hori jarriko baliete Maialen eta Estitxu Arozenari, ziur aski bi jubilatuk emakumeren paperetik kantatuko lukete. Maia, dantzariaren kasu horretan, ziur aski nahastu egingo zen.
X. ISASI. Bertsolaritza garaian garaiko gizartearen isla da. Aldi berean garatzen ari da. Nonbait aldaketa sakonik eman bada pentsaera aldetik, bertso munduan eman da. Lizaso eta Peñak besterik gabe emakume papera hartuko balute, oso artifiziala litzateke.
E. OLASAGASTI. Nik uste zerikusi handia izan zuela presioak txapelketa horretan. Beldur eszeniko handia zegoen. Emozioak askatu ziren berrikuntzarekin: Maialen eta Andoni zirela finalistak jakin zenean, beraiei ere berdin zitzaielako une horretan nork irabaziko zuen, eta publikoak ere onartu zuelako hori, beste modu batean hasi ziren bertsotan. Erlaxatu zenean taula gaina, eta haiekin ikusleak, orduan sortu zen emoziorik gehiena. Emozioak ez dira sortzen tentsioa dagoenean, tentsioa erlaxatzean baizik.
X. ISASI. Entzuleen ikuspegitik antzematen zen aurreko finalean ezberdintasun handia zegoela elkarren arteko mailan. Honetan, berriz, kosta egiten zitzaigun kiniela asmatzea. Eta horrek ere sortzen du tentsioa, txapelketa lehia bat da eta. Goi mailan aritu ziren guztiak, eta ez zegoen alde handirik.
X. ETXEBERRIA. Denok espero genuen Egaña azken txanpan. Egañarekin abestu zuena Maialen izan ez balitz, ez litzateke berdina izango. Bukaeran besarkatu zirenean, aita-alaba sentsazioa eman zidan...
X. ISASI. Nik uste bertsolari uniformizatuak zirela, eta Maialenek kontrapuntua jartzen zuen.
C. LARRAÑAGA. Hor emakume izateak bazuen garrantzia. Emakume bat, bere lekua merituz lortu duena. Egaña adinako bertsolari batekin lehian dabilen emakume bat badagoela jakiteak jende gehiena poztu zuen. Maialen bertsolaria da denaren gainetik, eta gero emakumea. Ni Maialenengatik jarri nintzen zutik bukaeran, baina ez emakumea delako.
X. ETXEBERRIA. Maialen beste batzuekin kantari ikustean, ez naiz hasten kontatzen «neska bat eta bost mutil». Ahaztu egiten zaizu hori.
E. OLASAGASTI. Emakume bakarra izanik finalean, emakume guztien zaletasuna, sentimendua bereganatzen zituen. Ikusleen erdia baino gehiago ari zen energia bat sortzen Maialenen alde. Eta beste denok kutsatu egiten gara. Bertsotan ongi egiteaz aparte, nik uste egon dela fenomeno bat, emakumea delako.
X. ETXEBERRIA. Bertsoaz asko ulertu gabe, gure sentsazioa izan zen: «Ea oraindik txapelak Zarauztik alde egingo duen...» Nik azken finalean, ez emakumea zelako edo gaztea zelako, oso maila altua zuelako nabarmenduko nuke Maialen.
C. LARRAÑAGA. Baina emakume izateak badu eragina, bertsolaritza egun oraindik oso maskulinoa delako, gizartea bezala.
X. ISASI. Belodromoan zutitzen lehena neska koadrila bat izan zen. Nire eskuin aldean agure koadrila bat nuen eta batzuk marmarrean hasi ziren, «ez da horrenbesterako» esanaz. Maialen bezalako erreferenteak edukitzea ona da emakumeen garapenerako. Berak zama eraman beharko du, Egañak beste era batekoa eraman behar izan duen bezala. Azken agurrean belaunaldi oso baten agurra egitean ikusi zen zama hori. Maialenek berdin: berak aldarrikatutako aldaketei ez eustea eta «orain guztiok berdin» esatea, publikoaren zati batek ez dio barkatuko. Aldaketak etorriko dira modu horretan, puskatu egin behar da eredu maskulinoa ziriak sartuaz. Egun babes sozial handia dago, baina adinean zatituta, gazteentzat ikur izan zen, eta zaharrentzat ez hainbesterako.

Mahai ingurua gero eta biziago doa. Hemendik aurrera, entzule dauden bertsolari, kritikari eta kazetariek ere parte hartu ahal izango duzue eztabaidan. Elkarrizketarekin jarraituz, bertsolaritzak biltzen du gizarteko aniztasuna, edo homogeneoa da?
E. OLASAGASTI. Ez dut bertsolarien mundua barrutik ezagutzen, baina irudipena daukat ez dela batere homogeneoa. Ziur badagoela belaunaldien arteko gatazka naturala, bertsolaritza oso mundu maskulino rurala ezagutu duen jendea, beste belaunaldi gazte bat... Nik uste Elkarteak duen meritua dela ezberdintasunen gainetik lortu duela mugimendu bat sortzea. Erakutsi du ugaritasunean ere elkarrekin urratsak eman eta garatzen joan daitekeela.
X. ISASI. Nik uste bertso eskolen garaipena konfirmatu dela txapelketa honetan. Bertso eskolek jartzen dute galbahe bat, eta oso zaila da berezko bertsolaria edo bertso eskolaz kanpokoa ateratzerik, gero eta plaza gutxiago baitaude. Bertsozale bezala, horregatik ikusten ditut gero eta uniformatuagoak bertsolariak: kaletarrak, eskolatuak, eta berritzaileak dira. Unai eta Igorrengandik bizkaiera erabiltzea espero nuen. Uniformizazioa hizkuntza erregistroetan ere eman zen. Sustrai ere Urruñakoa edo Azpeitikoa berdin-berdin izan zitekeen.

Mahai inguru osoan apunteak hartzen egon eta gero, gogotsu altxa du eskua lehen entzuleak, eta berak hartuko du hitza.
JOXERRA GARTZIA. Ni ere poztu egin nintzen Maialen azkenera iritsi zelako. Baina beste elementu garrantzitsu bat dago hor: txapelketa sistemak beti saritzen du txukuntasun baten barruan gorabeherarik gabe dabilena. Ezin da akatsik egin eta azkenean arriskatu gabe, emoziorik gabeko bertsolari batek irabaz dezake txapelketa. Horregatik poztu nintzen bi horien izena entzutean, final honetan aportaziorik handiena Andonik eta Maialenek egin baitzuten nire ustez.
Bertsolariak «emozio trafikanteak» direla esateak usain txarra du. «Kudeatzaile» esateak, niretzat behintzat, agian txarragoa izan dezake, baina horrela esatea hobe izango da. Bertsolariak entzuleak eskatutakoa ematen duela esan duzue. Nire ustez askoz konplexuagoa da. Jon Sarasuak esaten duen bezala, norberak esateko daukana eta audientziak daukan espektatibaren arteko jokoan, tira-bira horretan dago azkenean bertsolaria izatea edo ez izatea. Bertsolaritza errimak josteko artea baino gehiago da, arte komunikatiboa da.
Herria belodromoan al zegoen? Han geundenak behintzat bageunden. Eta horrek zein eragin du? Gogoratzen al duzue «Bai Euskarari» kanpainak lau estadioak bete zituenekoa? Bada Anoetan zuziak ez ziren piztu, suaren ondoan gasolina egonda ere. Azkenean Xabier Mendigurenek «Euskarari bai!» sei aldiz errepikatu eta horrela amaitu zen. Denok etxera joan ginen pentsatuz «emozionatzeko gogoa bagenuen ba...». Belodromoa gainezka egotea, bertsolariarentzat, aldi berean mauka handiena eta arriskurik handiena da. Ez bada lortzen une horretan nahi den emozioa, erridikuloa ikaragarria da. Egiten diren bertsoek momentu horri eutsi behar diote.
Baina duela hogei urte langostino bat jatea plater berezia zen. Geroztik langostino asko jan ditugu eta bazkari berezia egiteko langostinotik gora behar du, langosta-edo. Tabernan, tontoenak ere berezia eskatzen du txikiteoan. Bertsotan gauza bera gertatu zaigu, sibarita hutsak bihurtu gara. Ez da soilik bertsolari guztiak unibertsitarioak direla, guk ere beste eskakizun maila bat ezartzen dugu. Ahal dela «gora gu ta gutarrak» baino bertso hobea eskatuko dugu eta forma aldetik akats bat bera ere ez diegu onartuko. Baina nire ustez bertsolaritzak ez du txisparik galdu. Finaleko egunean Maialenek orain arte gutxitan egin diren detailez betetako deskribapen psikologiko zehatzak egin zituen. Literaturaren muga-mugan ibili zen.
Txapelketa hau mugarri baino aurrerapauso bat izan da. Amurizatik datorren bertsogintza berri hori erabat asimilatuta dagoela ikusi da. Hurrengo pausoan ez dakigu zer gertatuko den.
X. ETXEBERRIA. Jendea emozionatzeko gogoz joan zela esan dugunean, ez da bertsolarientzako demeritua. Ez du esan nahi «emozionatu egin nahi genuen, eta nahiz eta hiru poto eta bi hanka luze bota, berdin-berdin emozionatuko ginen». Denok aitortu dugu finalean sekulako maila egon zela, denen aldetik. Bertsokeran ezberdintasunak antzematen dira, gero eta gehiago jokatzen da metaforekin... Nik nabaritu nuen, Egañari hitza «Donostia» jarri, eta «saskia, eguzkia» errimak botatzen hasi zenean, aldamenekoak, zaharragoa zelako ez zuela tutik ulertu. Guk horrekin gozatu genuen, beraz, belaunaldi berri batek beste zerbait eskatzen du.
X. ISASI. Maialenek edo Egañak erabilitako ñabardurak, entzule zabalak galdu egiten ditu. Gehiago jasotzen da ziria, eta nire ustez alde horretatik denak puntako bertsolariak dira, eta elkarrengandik bereizten gero eta zailagoak.
J. GARTZIA. Bada nik oso bereizketa garbia egingo nuke. Egaña, Maialen, Unai... gutxienez hiru estilo desberdin bazeuden han. Errima antolamendu berriak, gisa horretako berrikuntzak Andonirengan somatu ditut bakarrik. Besteetan asimilazioa eta estiloa lantzea somatu dut. Nik Maialenengan ikusi eta estimatu dudana lan ia zinematografikoa izan da. Aulki gurpildunaren gaiarekin botatako bigarren bertsoak ez du errima berezirik, baina nola deskribatzen duen lapurra atzetik etorriko zela... Inork ez du aipatu, baina Iturriagak, erretorika antierretoriko bat egiteko sekulako ahalegina egin zuen. Badirudi hizketan ari dela bere bertsoetan. Joxe Mari Aranaldek horixe estimatzen dio Bilintxi... baina Iturriagari ez zaio estimatzen. Hiru horiek behintzat bereiziko nituzke. Agian besteak berdintsuago ikusten ditut. Baina 67ko finalean Xalbador kenduta, zer ezberdintasun zegoen Uztapide, Txomin Garmendia eta besteen artean? Horiek bai egiten zutela denek gauza bera.
C. LARRAÑAGA. Bat-bateko jardunean, horiek guztiak antzematen dira? Hik ikertu egiten dituk, hi ikerlea eta aditua haizelako, baina entzule arrunt gisa joanda horiek guztiak antzeman egiten dituk, benetan? Entzulea zerk ukitzen du?
Gero ezin duk aztertu, han gaudenok momentuan bizitzen dugu.
J. GARTZIA. Maialenek aulki gurpildunaren bigarren bertso hori bota zuenean, ni zorionez ez nintzen epaile, eta emozionatu egin ninduen. Estetikoki gehien gustatu zitzaidana izan zen, eta epaile banintz seguru asko puntu gutxien bertso horri emango nizkioke. Une horretan pentsatu nuen: «Ostia! Zein dago bere atzean?». Hitchcock-ek lortzen zuena lortu zuen. Formulazioarekin lortu zuen, eta ez birgeria teknikoekin. Birgeriak sartu zituen bakarra Andoni izan zen.
ANDONI EGAÑA. Birgeria sustantiboak bai, baina gramatikalak Aitor Mendiluzek egin zituen.
X. ETXEBERRIA. Emozionatzeko kontu horretan, jakin beharrik ere ez daukazu zerk emozionatzen zaituen. Emozio baten analisia egitea, txistea esplikatzea bezala da, kaka. Emozionatu egin nauela jakitea nahikoa da. Trafikatzaile izateak hori du bere alde ona: zerbait esan dit emozionatu nauena, berdin zait zer.
E. OLASAGASTI. Film bat ikustean pentsatzen hasten bazara, «hau nola egin du, begira zein argazki polita...» akabo. Hori, ni zinemagilea izanik ere. Nik bertsolaritzan ez dut adituen pertzepzio hori. Nik disfrutatzen dut Egaña hasten denean hizkuntzarekin jolasten eta horri zukua ateratzen. Hurrengo egunean kritika bat irakurrita edo besteei komentarioa entzunda, horrela joaten zara iritzia sortzen.
A. EGAÑA. Galdera bat dut mahaikideentzat: ez al gara egiten ari bertsogintza bat «listoentzakoa», jasoegia, edonork ez disfrutatzekoa?
X. ETXEBERRIA. Bertsokera, bertsolari eta entzule oso ezberdinak daude, eta finaleko saioak ez du zerikusirik Urdanetako auzoko festetakoekin. Baina bai bertsokera klase bat saritzen dela: arriskurik hartzen ez duenarena. Eta sistema dagoen bezala egonda, txapelketan gehien nabarmentzen direnak dira urtean zehar plaza gehien dituztenak. Arriskua dago bertsolari koldarrak saritzeko.
X. ISASI. Bertsozalea naizen aldetik halako zorroztasuna antzematen diet adituei bertsoa ebaluatzerakoan. Entzuleen balorazioa askotan bestelakoa da. Azken kartzelako gaia emandakoan, nire aldamenean zegoen Pumorin galdu ziren mendizaleen ezagun bat, eta Maialenek lehen bertsoa bota zuenean, negar batean ari zen. Niri bertsoa oso ederra eta bitxia iruditu zitzaidan, baina berari gaiak berak eragin zion emozioa. Hori da sarritan bertsozaleen ikuspegia, ikuspegi sinpleegia agian, baina niri gustatzen zait. Agian bertsozale eskola antolatu behar litzateke bestelako fintasunak harrapatzeko.
IXIAR EIZAGIRRE. Egañak esan duenaren harira (ez ote diren «listoentzako» bertsogintza egiten ari), lagun batek esan zidan bere aitak, adinean aurrera joandakoak, eraman zuela bera txapelketako kanporaketa bat ikustera. Saioa sentitu eta gozatu nahi eta ezinean ibili zela esan zidan. Seguruenik mundu erreferentziala oso desberdina delako. Beldurra ematen dit publiko guztietara ez ote den iristen.
Bertsolari unibertsitarioa aipatu da eta baserri girokoak ere. Nik Mañukortaren aldeko apologia egin nahi dut. Mañukorta, onean ona da. Xabierrek esan duen bezala, txapelketan saritzen ez den bertsokera bat da, baina estilo hori maila gorenera eramanez gero, ez dut uste ez denik finalera iristeko modukoa.
J. GARTZIA. Bertsotako finalean Europako Kopako futbol finalean gertatzen den gauza bera gertatzen da. Nekez jokatuko da partida ona, asko dagoelako jokoan. Jaialdietan bertsolariek testuaz gain dauzkaten baliabideak ez dauzkate finalean. Intertextualitaterik ez dago, esaterako.
A. EGAÑA. Publikoa da hori baldintzatzen duena.
J. Gartzia. Eta epaileak.
A. Egaña. Ez. Niri epaileek bost axola. Ez nuen epaileengan pentsatzen, baina komunikatu nahi nuen. Jon Maiaren bertso bat entzun («loreak onak dira ikusteko, baina digestiorako txarrak» bota zuen) eta pentsatu nuen: «Bertso hau ona da!». Jendearen erantzuna berriz, oso epela. Unai eta Igorri esan nien, «hau betiko jendea da, baina publiko diferentea». Beste gauza batzuk entzun nahi ditu, gauza serioagoak. Hor intertextualitateak-eta ez dute funtzionatzen. Niri ikasleaz maitemindutako irakaslearen gaia jarri zidaten. Jaialdi batean banengo, hirugarren bertsoan garbi dut zer kantatuko nukeen; hamar minutu lehenago Irazuk kantatu zuen oso serio eta transzendente «umeak jakin dezala familia honetan beti hiru izan garela», nik horrekin bat egin eta esango nuke «nire umeak ere jakin dezala beti hiru izan garela». Baina finalean jendea ez zegoen horretarako.
J. Gartzia. Jendea bai, epaileak ziren horretarako ez zeudenak. Esango zuten gaitik atera zinela...
LAXARO AZKUNE. Bertsolaria gaztetzen ari da azken urteetan. Eta bertsolariarekin batera bertsogintza ere aldatzen ari da, ingurua, gaiak... eta hori jarraitzen ez duenak galduta egotearen sentsazioa izan dezake. Duela bizpahiru txapelketako saio guzti-guztiak jarraitzen zituzten batzuek esan zidaten azkenekoan: «Beno, hi, noiz hasiko dituk kategoriko bertsolariak kantatzen? Zein saiotik aurrera hasi behar diagu txapalketa jarraitzen?». Finalaurrekoetatik aurrera jarraitu dute eta finalean harrituta geratu dira ezagutzen ez zituzten bertsolari batzuk emandako mailarekin.
X. ETXEBERRIA. Kritikatu nahi nuen aurten txapelketarako erabili den kanporaketa sistema: txapelduna zuzenean finalera joan da, eta finalistak bigarren kanporaketan sartu dira. Hori da «status quo»a mantentzeko sistema. Bestela egingo balitz, aukera gehiago legoke plaza asko egiten ez dituen jendeari ateak zabaltzeko mundu horretan sartzen joateko. Inpresioa ematen du bestela, beti berberak direla. Gure amonak ikusten du «Hitzetik Hortzera» telebista programa, eta esaten du «a, hau ezaguna!» eta ondoren beste bat ateratzen da, eta nahiz eta bertso onak bota, ez du gozatzen, ez delako ezaguna. Ateak itxita daude.
A. EGAÑA. Nik askotan entzun behar izan diat zuzenean finalera sartzearen kontu hori. Nik ez nian nahi. Zergatik eskalafoiak euste hori? Beti ez da horrela egin, baina Uztapideren garaian bai, eta 82an bi lehenak sartu ziren zuzenean finalera.
X. ISASI. Nik uste dut ona dela erreferentzia horiek sortzea, eskola markatzeko, eta dorre bikiak sortzeko zeren kontra jo edukitzeko. Nik hor ez nuke sistema aldatuko, txapeldunak azkeneraino defendatu behar luke. Hala ere, ematen den puntuazioa, aritmetikoki eman daitekeen sinpleena da: batura. Ez dira lanak bereizten, ez dira ponderazioak egiten... Bakarkakoei edo ofiziokakoei, zein lanei puntu gehiago eman bereizi zitekeen...

Prentsak iragarri al zuen bertsolari gazteen maila finalaren aurretik?
X. ETXEBERRIA. Prentsak aipatzen zuen bertsolarien arteko parekotasuna, eta pentsatzen nuen «ba, izango duk gutxiago!» eta egia esan txapela zalantzan ikusi nuen. Maialenek uste baino progresio handiagoa egin du, eta Sustrai ere ez nuen ezagutzen eta asko gustatu zait.
X. ISASI. Nik uste Maialen finalean heldu egin zela, zazpi urteotako esperientzia osoa gainera etorri zitzaion.
E. OLASAGASTI. Prentsa jarraituta jakin zitekeen besteek nola eutsi zioten txapelketari, baina Egaña ez genuen aurrez ikusia. Egañarekin denak ziren hipotesiak, eta lehen aipatutako mito zaletasunaren gailurra jo zen txapelketaren aurretik. Gerora gauzak aldatu ziren. «Andoni Zuri eta 7 ipotxak» atera zuen «Irutxulo»k, eta nire uste apalerako beste bertsolariak gertuago zeuden Andonirengandik, aurrez uste genuena baino.
C. LARRAÑAGA. Lehengo puntuazioen kontu horri eutsiz, ez dakit zergatik esaten den txapelketa ez duela onenak irabazten. Badakigu erabat arbitrarioa dela, onaren definizioan zer sartzen duzun, horren arabera neurtzen da. Bestela zertarako balio du txapelketak? «Egun ona izan du» esateak ez du zentzurik.
J. GARTZIA. Berez, bertso txapelketako finalean txirrindularitza Munduko Txapelketan bezala gerta daiteke: azken saio horretan edonork irabaz dezake. Baina azkenean mirakulua gertatzen da. Beti irabazten du bertsolaririk onenak, irabazi behar duenak. Txirrita, Basarri, Uztapide, Amuriza... Oso sistema txarra izango du txapelketak, baina oso ondo asmatu zuen kasu horietan denetan. Ez da gertatzen txirrindularitzako Munduko Txapelketetan bezala.
C. LARRAÑAGA. Hortik ondorioa ateratzen dut, bertso txapelketak jartzen direla aurrez aukeratutako bati saria emateko?
J. GARTZIA. Amurizak txapela irabazi zuenean, oso eztabaidatua izan zen. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen asmatu egin zutela. Txapelketaren finala gauza arbitrarioa da. Nahikoa da epaileak hagineko min pixka bat izatea 6,5 jarri ordez, bertso hori 6 puntuatzeko.
E. OLASAGASTI. Futboleko arbitroek esaten dute zelai batzuetan afizioak agintzen duela. Epaileentzat galdera bat dut, bertso txapelketako entzuleek baldintzatzen al dute epaileen erabakia?

Galdera erantzunik gabe geratu zen, eztabaidarako denbora eta papereko lekua bukatu zitzaizkigulako. Baina ez ahaztu, irakurle, zerorrek eman diezaiokezula jarraipena mahai inguruari. Bidali zure iritzi eta gogoetak ARGIAra.Hurrengo asteetan barneratu eta ordenatu ditu bakoitzak final hartako bizipenak. Hamaika gogoeta, iritzi eta kritika egin zaizkio egun horri. Guk ere Belodromoan zer egosi zen aztertu nahi izan dugu. Baina ez bertso aleak hartuta, ez hitzak neurtuz eta errimatuz. Ikusleen aulkian eseri, eta bertatik aztertu dugu nola ikusi zen oholtza gaina, nola pantaila, zer esaten zuten ingurukoek, nola entzun zituen publikoak bertsoak... Entzuleen bizipena, eurek bertsolaritzaz duten perzepzioa da interesatzen zaiguna. Horregatik osatu genuen mahaia bakoitza gai ezberdin batean aritzen diren lau hankabikorekin. Aldiz, mahainguruan entzule izan ziren normalean hitz egitera ohituta daudenak: bertsolariak (Andoni Egaña, Maialen Lujanbio), bertso kritikariak (Karlos Aizpurua), epaile eta gai jartzaileak (Mikel Taberna, Felix Irazustabarrena) eta kazetariak (Laxaro Azkune, Mikel Aramendi)... Eta mahainguruaren bukaeran, gonbidatu hauek aukera izan zuten beren iritzia emateko, galderak egiteko edo eztabaidan sartzeko. Beraz, bukaeran bertsolari eta entzuleen ikuspegiak eta iritziak kontrastatu ziren.
Mahaira mugatu gabe, LARRUN honek irakurleengana zabaltzen du eztabaida. Irakurri lasai, koadernotxoa, eta ez izan zalantzarik zure iritzia ARGIAra bidaltzeko. Hurrengo asteko aleetan aterako ditugu jasotako erantzunak.

Hasteko, mahai inguruaren galdera nagusiari helduko diogu. Aurtengo finala zer izan da, bertsolaritzaren historian urrats bat, edo mugarria? Zer inpresio jaso zenituzten?
XABIER ETXEBERRIA. Orain 8 urte izan nintzen aurreko aldiz finalean, Andonik lehen txapela jantzi zuenean. Ile galtzeaz eta kilo galtzeaz aparte, aurtengo finaleko oholtzan nabaritzen zen ezberdintasuna belaunaldi aldaketa zen. Aurreko finaletan ere jende pila elkartu zen. Baina jendetza horren artean deigarria izan zen gazte jende asko zegoela. Sarrerak hartzeko ilarak gazteentzako kontzertu batena zirudien. Oroitzapenetan ditut emozioa, bukaerako suspentsea, euforia kolektiboa, denak tente txaloka...
XABIER ISASI. Goizez hotz, arratsaldean bero. Bertso eskolen garaipena izan da, eta hor aurreko belaunaldi eta bertsokerarekiko haustura moduko bat planteatzen da. Bertsolaritzaren gogortasunaz jabetu nintzen, eta gaztea izan beharra dagoela ariketa horiei eusteko. Emozioa, giro berezia aldez aurretik jarria zegoen, ez bertso mundutik bakarrik datorrena: Sustrairen fenomenoa-eta aipatu egiten zen. Bertsogintzan sekulako maila erakutsi zuten, eta gaiak oso landuak izan ziren. Emozionantea izan zen.
CARMEN LARRAÑAGA. Lujanbioren bertso batekin ebaluatuko nuke egun hura: niretzako izan zen gozatzeko eta dibertitzeko egun bat, oso ludikoa. Bestetik, egun samurra, aurreko finalak baino samurragoa. Emandako iritzi politikoak beste finaletan baino integratzaileagoak izan ziren. Ez ziren hain agresiboak. Nire lagun batek hurrengo egunetan argumentatzen zidan han geundenen %80aren botoa EHkoa zela, eta esperientzia hori gozatzen dutela iritzi politiko hori dutenek. Nik iritzi politiko hori ez dudanez, argumentatu nuen ezetz, euskalduna izanda, nahiz botoa PPri eman, gozatu daitekeela finalean.
Bertsolarien perfil soziologikoa bai aldatu dela: denak unibertsitarioak dira, eta gaztetasuna da nagusi. Egañak aitona zirudien, eta aldiz ni baino gazteagoa da, eta nik neure burua gaztetzat daukat... Hiritar kutsukoak dira ia denak, Irazu bakarrik da baserri girokoa. Janzkeraren aldetik antzerako estetika dute: Egaña kenduta, oso ‘kasual’ edo ‘sport’ motakoa. Aurreko finaletan baino garrantzia handiagoa eman diote janzkerari, hobeto pentsatuta eraman dute, dotoreago joan dira. Bai, aldaketak daude, baina zenbateraino den hori mugarri? Zaila da definitzen.
ENEKO OLASAGASTI. Nik egun hura emozioaren aldetik bizi nuen, gozatzera joan nintzen. Hausnarketak gero datoz. Gu lau lagun joan ginen, eta horietatik bat nabarmen zen EAJkoa, bestea EHkoa, eta beste bi independente. Horrek ez zuen inporta izan, eta justu ez inporta beharra zen inportantea. Eguna eskurtsio baten modukoa izan zen: goizean esnatu eta makarrak begietan azaldu ginen, ondoren esperientzia bat bizitzen joan ginen, eta esperientziak goia jo zuen arratsaldean. Ni negar egin zuenetakoa izan nintzen, barre egin nuen... Beste edozein ikuskizuni ere hauxe eskatzen diot, horrekin gozatzea eta emozionatzea, barrea eta negarra dena batera egitea. Hori eman zidan finalak. Urrats ala mugarri? Adierazgarri izan zela uste dut. Niretzat benetan mugarri litzateke Maialenek irabazi balu, kasu egiten badiogu belaunaldien kontuari. Trantsizio garaian gaude, Andoniren belaunaldiak orain hamar urte hasi zuen trantsizio horretan.
Nire aldetik ikusita, ikuskizunaren aldetik, esango dut igande horretako alderik kaxkarrena horixe izan zela: eszenaratzea, argiekin izan ziren gorabeherak... Ez nago ados Carmenekin, uste dut estetika okerrerantz joan dela. Nik lehen bertsoak entzuten nituen «La voz de Guipuzcoa»-n, Basarrik egiten zuen saioan, eta bertsolari haiez gogoratzen dudan irudia da, alkandora jantzita eta dotore azaltzen zirela.
X. ETXEBERRIA. Ez nago ados Enekorekin eszenaratze txarraren kontu horretan. Sartu eta pentsatu nuena izan zen, tela beltz horiek eta ikusita... «Kristauak igo egin behar du horra kantatzera 7.000 pertsonen aurrean!». Beste eszenategi klase batekin galdu egingo litzateke soiltasun eta bakartasun irudi hori. Ikuskizun horren atrezzoa bera bada inpaktantea.
E. OLASAGASTI. Ez naiz ari eszenografiaz orokorrean, eta ez dut esaten iraultza bat egin behar denik hor. Nik argien antolamendua kritikatzen dut. Eszena txukun egoteko egin zen ahalegina egin eta gero, argien planteamendua oso okerra izan zen: argiek publikoa matxakatzen zuten erabat, pantaila ez zen ikusten, argiak itsutzen gintuelako. Bertsolarientzat beraientzat ere, nik eszenategira igotzean bizitzen dudanaren arabera, ez dut uste oso ona denik publikoa hain zehatz ikustea.

Carmen, aipatu duzu bertsolarien janzkera, estetika... Horrek denak badu, ikuslearen ikuspuntutik garrantzia, eragina?
C. LARRAÑAGA. Bertsozale batentzat badu garrantzia. Ikuskizun baten zati dira, eta hitza da nagusi, baina hitza norbaitek adierazten du. Bertsolaria ez dut trajez jantzita ikusi nahi, baina zainduta bai.

Zuen baloraziotan denek aipatu duzue emozioa. Goizean hotz, arratsaldean bazkariaren laguntzaz beroago... Emozioa zerk eragin zuen, bertsoak eta bertsoak bakarrik?
X. ISASI. Bertsolariak berez dira emozio trafikanteak. Horrekin jolasten dute. Bertsolari xelebreak, Mañukorta bat esaterako, baztertu egiten dira. Eta egungo bertsolariak eskolatuak direnez, segituan ikasten dute ofizioa, eta ofizio horren lanetako bat da emozioekin trafikatzea. Oso zaila iruditzen zait egungo bertsolaritzan ezustekorik aurkitzea.
Entzuleak ere finalera emozio bila joaten dira. Finalean sartzen gara barre egitera, negar, txalo jotzeko... Halako katarsi baten bila.
Gaietan ere, herri honetan bizitzen dugun egoera ateratzen da, baina era berean oso grisa, oso argia da. Gaiak gaurkotasun handikoak ziren, baina gaurkotasunetik atera gabe, eta bertsolariak ere hartara lotu ziren. Andoni eta Maialenen buruz-buruko horretan, kartzelako gaian mendizalearen gutuna jarri zutenek nik uste jakin behar zutela Andoniri gertatutakoa, edo erreferentziak eduki... Dena prest zegoen gure emozioekin trafikatzeko, eta entzuleria ere horren zain zegoen. Egañak azken kartzelako gaia zela eta aitortu zuen Felix Iñurrategi etorri zitzaiola gogora eta zera esa zuen: «Azken bertsorako utzi nuen. Bestela, ez nukeen kontrolatuko».
Hala ere, espero zitekeena baino emozio handiagoa izan zen. Pozgarria da, bertsolari gazteek ofizio hori nahiko ongi ikasi dute, eta entzuleriarekin emozioetan oinarritutako komunikazioan trebatuta daude.
Txapelketako finala masa ikuskizuna da, bertsolaria urrundu egiten da entzulearengandik eta gehiago lantzen ditu emozioak. Elkartearen aldetik egiten diren gogoetak, edo hemen bertan gurekin egindako esperimentuan, jakin nahi dena da ikusleek nola perzibitzen duten mezua, emozio hori.
C. LARRAÑAGA. Nik ez dut «trafikante» hitzaren zentzu txar hori onartzen. Bertsolariak trafikante izango dira, guk dosi hori eskatzen dugulako. Bertsolaritza ez da ezer entzulerik gabe. Etengabeko feed backa dago, zuk txistu jotzen baduzu, horiek berehala berregingo dute bere bertsoa. Guk entzun nahi duguna esaten dute. Bertsolariak doaz gizartea doan moduan, bai orain eta bai lehen ere. Ahozkotasunean konbergentzia puntua egotea ezinbestekoa da, horrek elkartzen ditu bertsolari eta entzuleak.

Denek aipatzen duzue, trafikante izan edo ez, bertsolariaren lana izan zela jendea emozionatzea. Beste faktorerik egon al zen? Jendea asko emozionatu zuen Belodromoa zutik ikusi izanak: publikoa bera altxa eta bera emozionatu zen...
X. ETXEBERRIA. Jendeak eraman egiten zaitu. Testua eta testuingurua bereizten zaila da. Testuak gero eta jantziagoak dira, bertsoak gero eta gehiago kontatzen dira istorio oso bat sortuz... Maialen, adibidez, erabat sartu zen aulki gurpildunaren paperean, motxila txikiaren xehetasuna emanaz... Horrela iritsi zen jendearengana, xehetasunak ematea da trukuetako bat. Metaforak, eta horrelakoak gero eta gehiago erabiltzen dira. Testuak berak emozionatzen du, baina jendeari galdetuz gero, «zutik jarri arazi zintuen bertsoa zein izan zen?», ez da gogoratuko lehenengo errimaz ere. Hainbeste tristura bizi dugun herri honetan, jendeak elkarrekin emozionatzeko beharra sentitzen du. Batera zerbait garela, Belodromoa herri bat zela sarri aipatu zen, eta ez dakit noraino den egia. Uste dut gehiago dela gure nahia, desioa. Horrek ere eraman zuen jendea emozionatzera. Aturritik Ebrorako gaia atera, eta aspaldiko partez Iparraldeko bertsolari bat ari zen kantatzen finalean...

«Herri bat gara» mezua sarri entzun genuen. Hurrengo egun bateko «Euskaldunon Egunkaria»ko artikulu batek zioen hori bakarrik ez zela Euskal Herria. Gizarte mailan, belodromoa zer izan zen eta zer ez?
X. ETXEBERRIA. Ez zela Euskal Herri oso bat izan esango nuke. Herri honetan euskaraz hitz egiten dugunok gutxiengoa gara. Belodromoak zerbait ordezkatu bazuen, zati hori bakarrik ordezkatu zuen.
E. OLASAGASTI. Nahiarekin eta desioekin zerikusi gehiago du beste ezerekin baino. Bertsolariaren papera beti izan da emozioekin jokatzea, eta burua eta bihotza erabiltzen ditu. Bateren batek finala liturgia bat bezala azaldu zuen. Eta zer da liturgia? Egitura zehatz bat, zeinetan entzuleak badakien zer entzun behar duen, baina ala ere berriro hori entzutera doa, beste modu batera. Bertsolariak emozioekin jolastu eta kronika egin du, garai guztietan. Egun ere hori egiten dihardu, gaurko egunetara egokituz. Eta soziologikoki fenomeno bat bihurtu bada, hain zuzen da euskal mundutik gaur egungo egituretara ongien egokitzen jakin duen arloa izan delako. Jokoa beti berdina da: norbaitek hitz soilekin eta doinu batekin ideia bat komunikatzea, emozio bat... Horrekin gozatuko dugu beti. Orain, beharbada internetez kantatuko digute, edo nork esaten du ez dutela rap doinuan inprobisatuko?
Euskaldunok gutxiengo izanik, behar dugu, gizarte denek bezala, geure burua eredu batean ikusi, geure mitoak sortu.
Aurten uste dut gauza bakarra izan dela ezberdina Belodromoko mezu politikoan: kolore ezberdinetako abertzaleak elkartu zirela, egon zela nahi bat Belodromoa gailendu zuena. Liturgia horrek gailendu zuen Belodromoa. Uste dut zentzu sinbolikoan hori eman zela, eta oso ondo iruditzen zait emozioak kaleratzeko tresna bat edukitzea. Katarsi edo leherketa bat egon zen, elementu soziologiko asko zegoen jokoan, eta hori ateratzea bilatu zen. Bertsolariek lortu zutena izan zen burua jartzea emozio horri, baina ondorioak emozioan geratu ziren, oraindik oso goiz da esateko hor eman zen indar edo ilusio hori noraino gauzatu daitekeen, eta hori ez dago bertsolarien esku.
X. ISASI. Lau urtean behin izaten da horrelako zerbait. Bertsozale arrunten ikuspegitik, desiratzen egoten dira horrelako bizipen baten zain. Egañarena salbuespen, agian ibilbide luzeagoa duelako, beste bertsolariak uniforme ikusten ditut, ez dago Mañukorta bat, ez dago Peña bat. Bertsoak entzutean baziren beroaldi batzuk, baina 1991n Egaña eta Peñak amona-ilobaren paperean egindako saio (gero Negu Gorriak-ek rapeatu zuena) hartako txisparik ez dut ikusi, ez oraingo finalean, ez aurrekoan. Oso formalak dira bertsoak jada, formalegiak. Barru-barruan badago halako beldur eszeniko bat, sufrimendu ikaragarria. Finalaren biharamunean, «Gara»n Egañaren aurpegia ikusi, eta nik uste argazki hori dela bertsolaritzaren isla.
Entzuleriak emozioa eskatzen du eta bertsolariak horretarako prestatzen dira. Bertsolari xelebrearena baztertuta dago, neurri horretan «enkofratuago» dago bertsolaritza, oholtza gainean. Gaia jarri eta zer nahi dugun, hori eman behar digute. Gero eta irudimen zorrotzagoa behar da berrikuntzak aurkitzeko, eta bertsolariek aurkitzen dituzte, baina gero eta esparru txikiagoa dute gu emozionatzeko.
E. OLASAGASTI. Isasik arketipo xelebreaz dionari erantzunez, seguru badagoela gaur ere horrelakorik, baina hor gaztetasunak du eragina. Nortasuna edadearekin gehiago gauzatzen da. Artistei ere gertatzen zaie, bere ahotsaren eta estiloaren bila ibiltzen dira. Uniformetasuna badago, baina gaztetasuna da horren arrazoi.

Bertsolariari, jarritako gaiaren arabera, alde bateko edo aurkako arrazoiak defendatzea tokatzen zaio. Zer da bertsolaria, aktore edo iritzi emailea?
X. ETXEBERRIA. Gehiago edo gutxiago, bakoitza bere paperean sartzen da. Baina bakoitza oreka bilatzen saiatzen da: nola esan paperak eskatzen duena, zuk esan nahi duzuna traizionatu gabe. Uste dut jendeak ikusten duela paperetik kantatzen dutela, eta ez beren iritzitik.
E. OLASAGASTI. Aktore edo iritzigile? Plazagizonak diren neurrian, eszenategira igotzerakoan bere zati bat behean uzten dute. Jolas batera doaz. Eta bertsolariak hausnartu egiten du zer herritan dagoen, nork antolatutako saiora doan, zer publiko mota duen aurrean... Bertsolaritzak baditu konbentzio edo klabe batzuk, ez direnak agerikoak, eta horietan bertsolariak garbi uzten du noiz ari den ematen bere iritzia, noiz sartu den pertsonaian... Entzuleak ez du zailtasunik antzemateko noiz ari den paperetik eta noiz jartzen duen beretik.
C. LARRAÑAGA. Nik uste kasu batzuetan ez direla paperean erabat sartzen. Emakumeen gaia dela eta, adibide batzuk ekarri ditut, eta hauetan ikusten da bertsolariek antzeztu egiten dutela baina beraien izaera beraiekin daramatela. «Sukalde» hitza jarri, eta sukaldean amona ikusten dute. «Erratza» eta ama lotzen dituzte. Azken txapelketan, Maialeni ofizioka bikote izatea tokatu zaionetan, beti emakume papera bete du. Maiarekin tokatu zitzaion dantzako gai bat, eta Maia emakumea zen. Baina bai Maialenek eta bai Maiak berak, mutiltzat hartu zuten, nahiz gaian espreski zehaztu neska zela.
Euskaraz ez da generorik bereizten, eta kasu horietan (esaterako, «bi jubilatu zarete» gaia jarrita) gizonek beti gizonen papera hartuko dute. Beren estereotipoei lotuta daude, eta originala litzateke libre utzita bestearen paperean sartzea, «nik nire burua gizon bezala nola ikusiko nuke?».
X. ETXEBERRIA. Hori naturala iruditzen zait. Gaiak zirrikitu libreren bat uzten duenean, errazagoa da zugandik gertu dagoen egoeretatik sortzea. Peña eta Lizasori esanez gero «zuek bi jubilatu zarete», gizonezko paperetik kantatuko dute, beren burua horrela ikusten dutelako. Hori jarriko baliete Maialen eta Estitxu Arozenari, ziur aski bi jubilatuk emakumeren paperetik kantatuko lukete. Maia, dantzariaren kasu horretan, ziur aski nahastu egingo zen.
X. ISASI. Bertsolaritza garaian garaiko gizartearen isla da. Aldi berean garatzen ari da. Nonbait aldaketa sakonik eman bada pentsaera aldetik, bertso munduan eman da. Lizaso eta Peñak besterik gabe emakume papera hartuko balute, oso artifiziala litzateke.
E. OLASAGASTI. Nik uste zerikusi handia izan zuela presioak txapelketa horretan. Beldur eszeniko handia zegoen. Emozioak askatu ziren berrikuntzarekin: Maialen eta Andoni zirela finalistak jakin zenean, beraiei ere berdin zitzaielako une horretan nork irabaziko zuen, eta publikoak ere onartu zuelako hori, beste modu batean hasi ziren bertsotan. Erlaxatu zenean taula gaina, eta haiekin ikusleak, orduan sortu zen emoziorik gehiena. Emozioak ez dira sortzen tentsioa dagoenean, tentsioa erlaxatzean baizik.
X. ISASI. Entzuleen ikuspegitik antzematen zen aurreko finalean ezberdintasun handia zegoela elkarren arteko mailan. Honetan, berriz, kosta egiten zitzaigun kiniela asmatzea. Eta horrek ere sortzen du tentsioa, txapelketa lehia bat da eta. Goi mailan aritu ziren guztiak, eta ez zegoen alde handirik.
X. ETXEBERRIA. Denok espero genuen Egaña azken txanpan. Egañarekin abestu zuena Maialen izan ez balitz, ez litzateke berdina izango. Bukaeran besarkatu zirenean, aita-alaba sentsazioa eman zidan...
X. ISASI. Nik uste bertsolari uniformizatuak zirela, eta Maialenek kontrapuntua jartzen zuen.
C. LARRAÑAGA. Hor emakume izateak bazuen garrantzia. Emakume bat, bere lekua merituz lortu duena. Egaña adinako bertsolari batekin lehian dabilen emakume bat badagoela jakiteak jende gehiena poztu zuen. Maialen bertsolaria da denaren gainetik, eta gero emakumea. Ni Maialenengatik jarri nintzen zutik bukaeran, baina ez emakumea delako.
X. ETXEBERRIA. Maialen beste batzuekin kantari ikustean, ez naiz hasten kontatzen «neska bat eta bost mutil». Ahaztu egiten zaizu hori.
E. OLASAGASTI. Emakume bakarra izanik finalean, emakume guztien zaletasuna, sentimendua bereganatzen zituen. Ikusleen erdia baino gehiago ari zen energia bat sortzen Maialenen alde. Eta beste denok kutsatu egiten gara. Bertsotan ongi egiteaz aparte, nik uste egon dela fenomeno bat, emakumea delako.
X. ETXEBERRIA. Bertsoaz asko ulertu gabe, gure sentsazioa izan zen: «Ea oraindik txapelak Zarauztik alde egingo duen...» Nik azken finalean, ez emakumea zelako edo gaztea zelako, oso maila altua zuelako nabarmenduko nuke Maialen.
C. LARRAÑAGA. Baina emakume izateak badu eragina, bertsolaritza egun oraindik oso maskulinoa delako, gizartea bezala.
X. ISASI. Belodromoan zutitzen lehena neska koadrila bat izan zen. Nire eskuin aldean agure koadrila bat nuen eta batzuk marmarrean hasi ziren, «ez da horrenbesterako» esanaz. Maialen bezalako erreferenteak edukitzea ona da emakumeen garapenerako. Berak zama eraman beharko du, Egañak beste era batekoa eraman behar izan duen bezala. Azken agurrean belaunaldi oso baten agurra egitean ikusi zen zama hori. Maialenek berdin: berak aldarrikatutako aldaketei ez eustea eta «orain guztiok berdin» esatea, publikoaren zati batek ez dio barkatuko. Aldaketak etorriko dira modu horretan, puskatu egin behar da eredu maskulinoa ziriak sartuaz. Egun babes sozial handia dago, baina adinean zatituta, gazteentzat ikur izan zen, eta zaharrentzat ez hainbesterako.

Mahai ingurua gero eta biziago doa. Hemendik aurrera, entzule dauden bertsolari, kritikari eta kazetariek ere parte hartu ahal izango duzue eztabaidan. Elkarrizketarekin jarraituz, bertsolaritzak biltzen du gizarteko aniztasuna, edo homogeneoa da?
E. OLASAGASTI. Ez dut bertsolarien mundua barrutik ezagutzen, baina irudipena daukat ez dela batere homogeneoa. Ziur badagoela belaunaldien arteko gatazka naturala, bertsolaritza oso mundu maskulino rurala ezagutu duen jendea, beste belaunaldi gazte bat... Nik uste Elkarteak duen meritua dela ezberdintasunen gainetik lortu duela mugimendu bat sortzea. Erakutsi du ugaritasunean ere elkarrekin urratsak eman eta garatzen joan daitekeela.
X. ISASI. Nik uste bertso eskolen garaipena konfirmatu dela txapelketa honetan. Bertso eskolek jartzen dute galbahe bat, eta oso zaila da berezko bertsolaria edo bertso eskolaz kanpokoa ateratzerik, gero eta plaza gutxiago baitaude. Bertsozale bezala, horregatik ikusten ditut gero eta uniformatuagoak bertsolariak: kaletarrak, eskolatuak, eta berritzaileak dira. Unai eta Igorrengandik bizkaiera erabiltzea espero nuen. Uniformizazioa hizkuntza erregistroetan ere eman zen. Sustrai ere Urruñakoa edo Azpeitikoa berdin-berdin izan zitekeen.

Mahai inguru osoan apunteak hartzen egon eta gero, gogotsu altxa du eskua lehen entzuleak, eta berak hartuko du hitza.
JOXERRA GARTZIA. Ni ere poztu egin nintzen Maialen azkenera iritsi zelako. Baina beste elementu garrantzitsu bat dago hor: txapelketa sistemak beti saritzen du txukuntasun baten barruan gorabeherarik gabe dabilena. Ezin da akatsik egin eta azkenean arriskatu gabe, emoziorik gabeko bertsolari batek irabaz dezake txapelketa. Horregatik poztu nintzen bi horien izena entzutean, final honetan aportaziorik handiena Andonik eta Maialenek egin baitzuten nire ustez.
Bertsolariak «emozio trafikanteak» direla esateak usain txarra du. «Kudeatzaile» esateak, niretzat behintzat, agian txarragoa izan dezake, baina horrela esatea hobe izango da. Bertsolariak entzuleak eskatutakoa ematen duela esan duzue. Nire ustez askoz konplexuagoa da. Jon Sarasuak esaten duen bezala, norberak esateko daukana eta audientziak daukan espektatibaren arteko jokoan, tira-bira horretan dago azkenean bertsolaria izatea edo ez izatea. Bertsolaritza errimak josteko artea baino gehiago da, arte komunikatiboa da.
Herria belodromoan al zegoen? Han geundenak behintzat bageunden. Eta horrek zein eragin du? Gogoratzen al duzue «Bai Euskarari» kanpainak lau estadioak bete zituenekoa? Bada Anoetan zuziak ez ziren piztu, suaren ondoan gasolina egonda ere. Azkenean Xabier Mendigurenek «Euskarari bai!» sei aldiz errepikatu eta horrela amaitu zen. Denok etxera joan ginen pentsatuz «emozionatzeko gogoa bagenuen ba...». Belodromoa gainezka egotea, bertsolariarentzat, aldi berean mauka handiena eta arriskurik handiena da. Ez bada lortzen une horretan nahi den emozioa, erridikuloa ikaragarria da. Egiten diren bertsoek momentu horri eutsi behar diote.
Baina duela hogei urte langostino bat jatea plater berezia zen. Geroztik langostino asko jan ditugu eta bazkari berezia egiteko langostinotik gora behar du, langosta-edo. Tabernan, tontoenak ere berezia eskatzen du txikiteoan. Bertsotan gauza bera gertatu zaigu, sibarita hutsak bihurtu gara. Ez da soilik bertsolari guztiak unibertsitarioak direla, guk ere beste eskakizun maila bat ezartzen dugu. Ahal dela «gora gu ta gutarrak» baino bertso hobea eskatuko dugu eta forma aldetik akats bat bera ere ez diegu onartuko. Baina nire ustez bertsolaritzak ez du txisparik galdu. Finaleko egunean Maialenek orain arte gutxitan egin diren detailez betetako deskribapen psikologiko zehatzak egin zituen. Literaturaren muga-mugan ibili zen.
Txapelketa hau mugarri baino aurrerapauso bat izan da. Amurizatik datorren bertsogintza berri hori erabat asimilatuta dagoela ikusi da. Hurrengo pausoan ez dakigu zer gertatuko den.
X. ETXEBERRIA. Jendea emozionatzeko gogoz joan zela esan dugunean, ez da bertsolarientzako demeritua. Ez du esan nahi «emozionatu egin nahi genuen, eta nahiz eta hiru poto eta bi hanka luze bota, berdin-berdin emozionatuko ginen». Denok aitortu dugu finalean sekulako maila egon zela, denen aldetik. Bertsokeran ezberdintasunak antzematen dira, gero eta gehiago jokatzen da metaforekin... Nik nabaritu nuen, Egañari hitza «Donostia» jarri, eta «saskia, eguzkia» errimak botatzen hasi zenean, aldamenekoak, zaharragoa zelako ez zuela tutik ulertu. Guk horrekin gozatu genuen, beraz, belaunaldi berri batek beste zerbait eskatzen du.
X. ISASI. Maialenek edo Egañak erabilitako ñabardurak, entzule zabalak galdu egiten ditu. Gehiago jasotzen da ziria, eta nire ustez alde horretatik denak puntako bertsolariak dira, eta elkarrengandik bereizten gero eta zailagoak.

J. GARTZIA.
Bada nik oso bereizketa garbia egingo nuke. Egaña, Maialen, Unai... gutxienez hiru estilo desberdin bazeuden han. Errima antolamendu berriak, gisa horretako berrikuntzak Andonirengan somatu ditut bakarrik. Besteetan asimilazioa eta estiloa lantzea somatu dut. Nik Maialenengan ikusi eta estimatu dudana lan ia zinematografikoa izan da. Aulki gurpildunaren gaiarekin botatako bigarren bertsoak ez du errima berezirik, baina nola deskribatzen duen lapurra atzetik etorriko zela... Inork ez du aipatu, baina Iturriagak, erretorika antierretoriko bat egiteko sekulako ahalegina egin zuen. Badirudi hizketan ari dela bere bertsoetan. Joxe Mari Aranaldek horixe estimatzen dio Bilintxi... baina Iturriagari ez zaio estimatzen. Hiru horiek behintzat bereiziko nituzke. Agian besteak berdintsuago ikusten ditut. Baina 67ko finalean Xalbador kenduta, zer ezberdintasun zegoen Uztapide, Txomin Garmendia eta besteen artean? Horiek bai egiten zutela denek gauza bera.

C. LARRAÑAGA.
Bat-bateko jardunean, horiek guztiak antzematen dira? Hik ikertu egiten dituk, hi ikerlea eta aditua haizelako, baina entzule arrunt gisa joanda horiek guztiak antzeman egiten dituk, benetan? Entzulea zerk ukitzen du?
Gero ezin duk aztertu, han gaudenok momentuan bizitzen dugu.

J. GARTZIA.
Maialenek aulki gurpildunaren bigarren bertso hori bota zuenean, ni zorionez ez nintzen epaile, eta emozionatu egin ninduen. Estetikoki gehien gustatu zitzaidana izan zen, eta epaile banintz seguru asko puntu gutxien bertso horri emango nizkioke. Une horretan pentsatu nuen: "Ostia! Zein dago bere atzean?". Hitchcock-ek lortzen zuena lortu zuen. Formulazioarekin lortu zuen, eta ez birgeria teknikoekin. Birgeriak sartu zituen bakarra Andoni izan zen.

ANDONI EGAÑA.
Birgeria sustantiboak bai, baina gramatikalak Aitor Mendiluzek egin zituen.

X. ETXEBERRIA.
Emozionatzeko kontu horretan, jakin beharrik ere ez daukazu zerk emozionatzen zaituen. Emozio baten analisia egitea, txistea esplikatzea bezala da, kaka. Emozionatu egin nauela jakitea nahikoa da. Trafikatzaile izateak hori du bere alde ona: zerbait esan dit emozionatu nauena, berdin zait zer.

E. OLASAGASTI.
Film bat ikustean pentsatzen hasten bazara, "hau nola egin du, begira zein argazki polita..." akabo. Hori, ni zinemagilea izanik ere. Nik bertsolaritzan ez dut adituen pertzepzio hori. Nik disfrutatzen dut Egaña hasten denean hizkuntzarekin jolasten eta horri zukua ateratzen. Hurrengo egunean kritika bat irakurrita edo besteei komentarioa entzunda, horrela joaten zara iritzia sortzen.

A. EGAÑA.
Galdera bat dut mahaikideentzat: ez al gara egiten ari bertsogintza bat "listoentzakoa", jasoegia, edonork ez disfrutatzekoa?

X. ETXEBERRIA.
Bertsokera, bertsolari eta entzule oso ezberdinak daude, eta finaleko saioak ez du zerikusirik Urdanetako auzoko festetakoekin. Baina bai bertsokera klase bat saritzen dela: arriskurik hartzen ez duenarena. Eta sistema dagoen bezala egonda, txapelketan gehien nabarmentzen direnak dira urtean zehar plaza gehien dituztenak. Arriskua dago bertsolari koldarrak saritzeko.

X. ISASI.
Bertsozalea naizen aldetik halako zorroztasuna antzematen diet adituei bertsoa ebaluatzerakoan. Entzulee
MAHAIKIDEAK
XABIER ETXEBERRIA

IDAZLEA
Zarauztarra, 1974tik. Idazlea da eta Goenkaleko gidoiak txukuntzen ditu azken aldian. Zarauzko «Motxian» helduen bertso koadrilako kidea, bertso idatzietan ere utzi du erregimeneko ale ederrik, «Lizardi» sariketa irabazi baitzuen «Dietan jarrai» bertso sailarekin. Enpresak «gonbidatuta» Korean pasatu zuen iazko urtea. Anaia bikiarekin 4x4 osatzen du, eta telebista programetan bezala moldatzen dira «Euskaldunon Egunkaria»n iritzi alprojak eta tesi zoroak borobiltzen.

ENEKO OLASAGASTI

GIDOIGILEA

Donostiar `betigazte'a. Dabilen lekuan uzten du bere arrastoa: «Bi eta bat», «Jaun eta jabe» telesailak, «Maite» eta «Si quiero» filmak... Bertsoekin uztartutako ikuskizunak ere zuzendu ditu, iaz Korrikak bertsolaritza omentzeko egindakoa, esaterako, edo aurtengo Bertso Eguna. Ikuskizunaren ikuspegitik, finalaren argi-itzalak aztertzen artista. Hamaika saltsa eta ofiziotan aritua, proiektu zein ideia berrien «Tentazioak» zuzentzen du bere eguneroko lana.

CARMEN LARRAÑAGA

FILOSOFIA IRAKASLEA ETA BERTSO IKERLEA
Azkoitian jaio zen 1955ean. Lasarteko institutuan filosofia irakasten du, eta emakumeak plazan duen lekuak kezkatu du beti. «Plazandreak» plataformaren bultzatzaile izan zen, Donostiako Udalean emakumeen ordezkaritza ziurtatzeko. Bertso munduan ere, itzalean baina betidanik emakumeak bertsolari izan direla erakusten duten lanak argitaratu ditu, eta tesi bat ere hasia omen du bertsolaritzako emakumeen bueltan. Bertsozale zalea, plazer hutsaren bila doan entzulea.

XABIER ISASI

UEUko ZUZENDARIA
Deustun jaio zen, 1956an. Psikologian doktoratua, esperimentutako kuia bihurtuta ikusi omen du bere burua, entzuleen portaera eta erreakzioak aztertu dituen LARRUN honetan. Soziolinguistikan hamaikatxo lan egindakoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Tartean Irazu izan omen zuen ikasle. Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria da, eta publikoki aitortu ez arren «bertsozale eskola» sortzearen ideia susmagarriki sarri bota du.

Belodromoko giroak eraginik izan al zuen epaileengan?
Larrunek antolatutako mahai-inguru bukaeran epailontzat zuzenean egindako galdera airean utzi zen. Ea hango giroak, emozioak... eraginik izan ote zuen epaileongan puntuak ematerakoan. Zehazki futboleko arbitroek zelai handietan izaten duten presio gaindiezina somatu ote genuen.

Han, eta futbolarekin jarraituz, entrenatzaileen taktikaz jabetuz baloia kanpora bota nuen, baina lasaiago pentsatu eta gero, erantzuna gure eztabaidetan, irizpide txostenean... emanda zegoela iruditu zitzaidan.
Hasteko eta galderari sinple erantzunda baietz esan beharra dago. Guk ere bizi izan genuen hangoa, eta hunkitu, emozionatu... egin ginen. Ni bai behintzat. Baina horixe zen hain zuzen eskatzen zitzaiguna (edo zati bat behintzat). Gure «bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak» txostenean garbi azaltzen diren puntu batzuk laburbilduko ditut hemen:
3 Bertsolaritza komunikazio ekintza izanik, komunikazio legeetara harilkatu behar da. Kontutan izan behar ditu beraz testuingurua eta testua.
3 Testuinguruaren barruan, entzuleengan eragitea, emozioak sortzea da bertso saioaren xedea.
3 Entzule kualifikatua da bertso-epailea, beraz gainerako entzuleei bezala eragiten dio bertsoak. Eragin hau saihestu gabe bertsoari erreparatuko dio epaileak....
Beraz, eragitea normala izateaz gain, neurri batean beharrezkoa ere bada.
Zerbait (poza, beldurra, atsekabea, maitasuna, errukia, haserrea...) komunikatzen duen bertsoa da hain zuzen epaileak saritu behar duena, filigrana tekniko hutsaren aurrean.
Testua da hala ere, epaimahaiak epaitu behar duena. Aipatutako kontestu horretan, baina testu egokiak. Beste entzuleek ez duten eginkizuna da hori, eta horretarako prestatzen, lantzen dugu gure burua juez moduan aritu behar dugunok. Horretarako aztertu, eztabaidatu, idatzi eta zabaldu ditugu aipatutako irizpideek osatzen duten liburuxka.
Batez ere testuaren zuzentasuna, egokitasuna, baliabideei buruz hitz egiten da irizpide txosten horretan eta ni hemen aipatzen ari naizen ideiak datoz sarrera eta kokapen gisa (hemen baino hobeto azalduta gainera). Eta irizpideen atala ixten duen azken puntuak ere (zehazki 7.4) horrela jartzen dio bukaera txostenari «Testua ez ezik, testuingurua ere kontutan hartuko du juratuak bertsoa epaitzerakoan. Ez baita bertsolariak esaten duena soilik, baita NOIZ, NON, NORI eta ZERGATIK esaten duen ere» .
Beraz, ni ere pozten naiz Belodromoko (zein beste saioetako) bertsoek eragina izan zutelako nigan. Bertsoak epaitzeko lagungarri nuelako, eta bizirik nagoen seinale.


* Txapelketako epailea

Autokritika
Oro har begiratuta, zantzuak badira 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiak urratsetik mugarritik bainoago duela pentsatzeko. Dena den, kritikari dagokionez ez dut uste berrikuntza handirik izan denik, kantitateari dagokiona ez bada bederen. Egia da kazeta, irrati eta telebistan toki zabala eskaini zaiola saioei buruzko iritzia emateari. Zer esanik ez, zurito arteko solasaldietan. Alta, askatasunean, eta beraz sakontasunean, ez dut uste koraleraino iritsi garenik.

Sormenean aritu direnek eta hedabideetan iritzia, batzuetan kritika, ematen aritu garenok, etxe berean dugu ostatu. Egunero ikusten dugu elkar igogailuan. Eta horrek zenbaitetan iritzia deskafeinatu du, abortatu, elbarritu. Ez dugu beti konfiantza gehiegi sentitu pentsatzen genuena adierazteko, lagunik galdu edo etsairik sortu gabe. Kritika, ados egon edo ez, zerbaiti buruz pentsatzen hasteko abiapuntu bat izan daiteke; gure hanka sartzeek ere gogoeta eragin dezakete, hizpide hartutakoaren azterketa zuzenagoak abiatzeko. Iritzi bat edo analisi bat eztabaidatzea da interesgarriena.
Kontua da baina, Txapelketa garaian denok lanez eta presioz mukuru gabiltzala, eta ondorioz, denak biziki minbera gabiltzala. Horrelakoetan edozein zimiko har liteke zartakotzat. Hargatik aholkatu zitzaigun iritzia ematerakoan alderdi positiboei baizik ez erreparatzeko, petoak bazter utzirik. Bai, baina ez. Eta izan dira, inor gaitzitzearen beldurrez, alde batera utzi ditugun testuak; horietan azterketak, bertsogintzaren alderdi ez hain polit bati erreparatzen baitzion, ezinbestean. Obrari buruz egin iruzkina eraso pertsonal bezala hartzea ez da zuzena. Kontua da, baina, nahita edo nahi gabe, zeharka-edo egileari buruzkoak ere izan direla. Horrelakoetan haserreak ulergarriak direla uste dut. Bestalde, bitxia izan da ikustea, beste sasoi batean eginiko komentarioekin eskuak burura zeramatzatenak, oraingoan kritiko epeltzat izan gaituztena.
Nago iritzi emaileok, eta zaleok oro har, ez ote diegun behin baino gehiagotan bertsolari, gai-emaileei eta epaileei sobera eskatu. Zenbaitetan, bost duroko bertsoek ez gintuzten loriatu, gutxienez euro batekoak behar genituen. Beharbada, irakasle lanetan gabiltzanon kasuan, deformazio amateurra izan liteke arrazoia. Bestalde, irratian pasatu izan zaigu, oso bertso-aldi ederra entzun ondotik, bertsolariak egin akats nimiño bati erreparatzea, eta horri buruzko eztabaidan korapilatzea, bertsoen ederrarekin ahantzita. Edo, bertsoen azterketari heldu beharrean, epaileen lana aztertzea, hasterako zeinen antzua den jakina arren.
Dena den, lan egiteko moduari beha, gu ere bertsolarien moduan ibili gara ia beti; zerbait idazteko edo esateko genuenean bat-batean egin behar izan dugu, azken hauxe bezala. Eta zer esan edo idatzi ez genekienean, zerbait bota beharra zegoen eta hauxe atera zaigu.

Asperraren muga-mugatik
Finalari eta txapelketari buruz orain esan daitekeen ia guztia esan dugulakoan nago. Gehitxo ere bai, akaso. Hemendik aurrerako komenentario eta irakurketak, aho zapore atsegina mikazteko baino izango ez ote diren beldur naiz. Behar bada, denbora puska gizen bat pasatzen uztea hobe genuke, eta gero, analisiak distantziatik egin. Eta ez orain, sentsazioak gogoan (ez azalean); berotasuna epeletik hoztera; baina dena ondo ikusteko adina zurrunbilotik irten gabean. Perspektiba okerreneko garaia delakoan nago. Horra beraz, besterik gabe, hiru puntuko errimatu gabe bat:

3 Betikoa da, baina, berriz ere, txapelketa bertsolaritza osoaren errepresentaziotzat jo dela iruditzen zait. Bertsolarien homogeneotasuna; gaiei erantzuteko modua; gaitegiaren gaurkotasuna; gaztetasuna... Txapelketa, bertsolaritzaren agerraldi publiko handiena bada ere, ez da bertsolaritzaren isla, zorionez edo zoritxarrez. Plazaz plazako saioetan, balizko homogeneotasuna eta gaztetasuna ez dira hain bistakoak; gaitegia ez da beti hain landua, ez erantzuteko modua ere... Plazako gaiak, estereotipoak, gaiei erantzuteko era beti-beretsua e.a. litzateke aztergaia. Luzetxo joko luke...
3 Ez dut orain nik dudan jarriko Belodromoan bizitu genuen orgasmo kolektiboaren benetakotasuna. Badirudi, ordea, minutu haien beroa, une epiko, historiko, sutu bihurtu dela. Nik, nahiago dut goxo gogoratu. Baina prentsaren sentsazionalismo horiak hezurretaraino kutsatuta gauzka, eta geuk ere dena titular potolo koipetsuetan kontatzen dugu: nola jende guztia jeiki egin zen..., eta gure ondokoek nola negar egin zuten..., eta nola besarkada hunkigarri bat eman zioten elkarri..., eta bertsolarien batasuna..., eta... Ez, mesedez, ez!! Nik goxo gogoratu nahi dut. Ez dut sentsazio kuttun hura manipulatu dezagun nahi. Oroimen xamur bat gorde nahi dut, handitasuna azaldu beharraz, mihia gizendu dakidan gabe. Herri honen eta norbanakoon sentimendu handi eta betetasun behar gorria da arduratzekoa. Luze joko luke...
3 »Emakume bat izan daiteke lehenengoz txapeldun», (r)emakumezkoa zelako jarri zen jendea zutik neurri handi batean», (r)emakumeen konfirmazioa bertsolaritzan» eta bla, bla, bla,... eta gisako kiratsdun komentario haizatuetan ez dut sartu ere egin nahi (astakeria batzuk esateko beldurrez... nazka-nazka eginda nago eta!). Bestek nire/gure jokaeraz eta egoeraz hitzegin dezaten aspertuta nago. Baina horretaz hizketan hasteak..., luzeegi joko luke...
Eta nik behintzat, orain ez dut batere gogorik

Emanari bide
Txapelketak iratzargailu lana egiten du gutako anitzen baitan: bertsolaritza hor dago. Eztanda handi bat: begira zertan ari(tzen) diren neska-mutil (andre-gizon) hauek! Erakusleihoa da. Atzean txapelketaz kanpoko bertso jardun jori bat ere badela oroitarazi beharko ligukeena.

Bertsolariak Donibane Garazin hasi ziren hegaka. Egin duten bidea hurbil samarretik segitu dut. Nola egiten zuten goiti edo beheiti, baina beti hegalei ematen. Beti sortzen, kolkotik mokora. Zaharxeagoekin batera, gazteagoak ere bai. Lehendik egina zutenek lehenbiziko aldia zutenei erakusten. Haiek erretiratzen badira ere, hemendik lau urtera nondik-nora ibili jakin dezaten.
Finala hagitz egun berezia izan zen. Armiarma-bertsolariak, hutsean ehuntzen, sekulako saioa egin zutela iruditu zitzaidan. Hainbertze jende, hainbertze orduz hitzaren sarean harrapaturik edukitzea! Sinesten ez da erraza. Badakit badirela bertsolari mota eta bertsokera klase diferenteak. Entzuleetan ere igualtsu. Denak ez ginela berdin ase izanen, alegia. Nolanahi dela, haiek ganbara hustu eta guk poliki bete genuen geure gogoaren zakua!
Iruñera buelta gero, Belaten barna. Biharamunean, prentsa eske joan eta muturrean errealitatea: beren burua nafartzat jotzen duten bi egunkarietan aipamen bakarrik ere ez! Osasunaren golak bai, baina Sustrai Colina eta konpainiarenak ez!
Zorionez (...) telebistak indar izugarria du. «Ya te vimos en la tele» erraten didate etxeko bizilagunek edo semearen futbito taldeko gurasoek. «Y éso, cómo lo hacen?», galdetzen dute jakinminez, «y tú, qué pintas ahí»?, eta halakoak.
Finalean, eta txapelketa osoan oro har, halako bertso emana izanik, hedatzeko bide estuegia izan duela pentsatzen dut. Zenbait euskaldunengana eta erdaldun gehienengana ez da ailegatzen (Xabier Etxeberriak zioena, Zarautz edo Donostiako mediku hark ez zuela Andoni Egaña ez izanez ezta izenez ere ezagutzen!). Lastima! Haiek galtzaile, eta bertsolaritza ere bai.
Ez da preziso jende guztiaren gustokoa izatea, inondik ere ez!, baina hobekixeago ezagutzeak, batez ere, paseoan dabiltzan topiko gaiztoak uxatzen lagunduko luke.
Gisa beretsuko gogoeta egin liteke euskarazko produkzio guztiarentzat.
Amaitzeko, anekdota bat: «íMe daba una envidia! Me gustaría poder entender lo que dicen los bertsolaris», lantokian, Alvaro gazte itxuraz axolakabeak errana. Jakinmina du. Otsailean hasi behar omen du euskara ikasten. Pozgarria.

Ez da historikoa izan
Gaitz gertatzen zait asmatzea zer dela eta azken txapelketa nagusiari halako garrantzia eman zaion. Eman zaiola, behintzat, uka ezina iruditzen zait, eta Larrunekoek antolatutako mahai-inguru berezian esan zirenek berretsi baino ez dute egiten lehendik ere neukan irudipena. Xabier Etxeberriak, Xabier Isasik, Karmen Larrañagak eta Eneko Olasagastik -hala atera nuen nik behintzat kontua- txapelketa historikotzat edo jo zuten, nork bere talaiatik, Egañaren hirugarrenekoa. Larrunek mahai ingurua antolatu izanak ere beste horrenbeste adierazten duelakoan nago, bestalde.

Bertso kontuez geure iritzia ematen ohituak entzule jarri gintuzten, eta, behingoz, bertsoarekin bertsozaletasuna beste loturarik ez dutenak ziren hizlari. Egiari zor, aitortu behar dut jakinmin dezentez bai, baina uste eskasez hurbildu nintzela mahai-ingurura. Ustea, ordea, beste behin ere, ustel gertatu zen: argigarria izan zitzaidan, oso, mahai-ingurua. Arrazoi osoa du kantuak: "Barrengoak ez daki -ez baitaki- kanpokoaren berririk", eta maizago entzun behar genuke bertsolaritza gu baino kanpoagotik bizi dutenen iritzia. Batetik, iritzi hori gurea baino garbiagoa delako (aurre-juzkurik gabea, sanoagoa). Eta, bestetik, guri, beharbada, gehiegi findu zaigulako mokoa, jate kontuetan ez ezik baita bertsoei dagokienez ere: amaitu dira langostino egosiekin emozionatzen ginen garaiak; orain langosta behar dugu, gutxien jota, zirraratxoa sentitzeko, eta ez pentsa langostari ere beti aski fin irizten dionik geure aho-sabai sibarita ondoegi ohituak.
Hori esanik, esan behar dut, argi eta garbi, nik ez dudala "historiko"tzat jotzeko moduko deus ere ikusi azken txapelketa honetan, non eta epiteto hori dohan banatzen hasten ez garen, kirolean-eta egin ohi den gisan. Jon Sarasuari lapurtutako hitzez esanda, ez dakit arrazoi dudan diodana esatean, baina arrazoiak baditut diodana esateko, eta banan-banan aletu nahi nituzke arrazoiotako batzuk.
1) Bertsogintzaren ikuspegitik, nik bizi izan ditudan txapelketetan badira pasa-modukoak, onak, oso onak eta bikainak ere. Historikoa, ordea, bakarra, nire ustez: 1980koa, Amurizak bere bertsogintza berriaren aurkezpena egin zuenekoa. Neurri batean, Amurizaren orduko hartatik bizi da gaur egun ere bertsogintza, eta proposamen hura txapelketan baino ez zezakeen Amurizak egin, artean hori baitzen bertsolaritzak zeukan bozkorailu ia bakarra. Andoni Egañarengan gorpuztu izan dut nik belaunaldi oso bati dagokion meritua, eta Egañaren ekarpenari erreparatzen diodanean oso gutxi dira txapelketetan kantatutako bertsoak. Egañak plazan eta teleplazan aurkeztu baitu, nire ustez, bere bertsogintza. 2001eko finalean, ekarpen berririk ez nuen nik hauteman. Teknikaren aldetik (errima-joko berriak, estrofa-moldeak, doinuak…) oso gutxi, eta apur hori Egañak berak. Komunikazio estrategiei dagokienean, Maialenen ahalegin literario-zinematografikoa, Unairen erretorika biluzi ohartua, eta ezer gutxi gehiago. Gutxiago ere ez, ordea: bertsogintza berriaren prozedurak eta estrategiak guztiz barneraturik, maila tekniko eta komunikatibo ikaragarria azaldu baitzuten Belodromoko oholtzan jardun zuten zortzi bertsolariek (eta harako txartelik gabe geratu zen beste hainbatek).
2) Belaunaldi-txanda ere aipatu izan didate, iazko txapelketaren historikotasunaren aldeko argudiotzat. Horretan ere, ordea, zaharrak

berri, nire ustez, Sustrai Kolina izan ezik gainerakoek aspaldi hartua baitute zaharragoen lekukoa ez ezik haien lekua ere. Nago ez ote den hemen gertatu behiala Atxagarekin gertatu zena: saria eman ziotenerako bagenekien, eta esana genuen, zer zen eta zer zekarren Atxagak. "Obabakoak" mugarritzat jo behar dela? Soziologiaren ikuspegitik beharbada bai, baina niretzat "Kamilo Lizardi" argitaratu zen data askoz egokiagoa litzateke. Ez, belaunaldi berriak plazan irabazi du bere lekua, ez txapelketan. Txapelketak lagunduko diola bere presentzia areagotzeko? Seguru asko bai, baina distortsioak ere sor ditzake: zenbat plaza gutxiago merezi dute Ametsek, Sorazabalek, Harkaitzek eta beste hainbatek, finalistek baino?
3) Bertsogintzaren ingurukoa. Txapelketa honi esker aurrera-pausu nabarmenik egin izan bagenu inguruko alorretan (kritikan, tratamendu mediatikoan, gaietan, epailetzan…) prest nengoke txapelketa historikoa izan dela aitortzeko. Ez dut esan nahi alor horietan gaizki aritu garenik. Aitzitik, alor gehienetan gauzak txukun egin dira (dituzte), baina halere ez dut uste bertsogintzaren mailara iristen garenik gainerako alorretan. Kritikarenean, esaterako, eta Karlos Aizpuruaren zenbait ekarpen salbu, ez dakit ez ote goazen atzeraka. Hedabideetan ere bada salbuespenik (Hitzetik Hortzera, Nikolas Aldai), baina batez besteko balantzea ez da pozez saltoka hasteko modukoa.
Bertsogintza sasoiko agertu da txapelketa honetan. Bertsolari gazteek zernahi egiteko gaitasuna erakutsi dute. Zernahi egin ahal izatea eta zerbait egitea ez dira, ordea, gauza bera, eta, nire ustez, oraindik ikuskizun dago zer egingo duten. Amuriza edo Egañaren pareko dira teknikoki eta komunikazio estrategietan, baina dena beharko dute, niri behintzat gaitz egiten baitzait imajinatzea nondik jo litekeen jaso dutena -hain ondo menderatzen duten hori- hobetzeko.
Horiek dira, labur eta zakar, txapelketa hau historikoa izan ez dela esateko nik ditudan arrazoiak. Eskatu ere ez dakit eskatu behar zaion txapelketa bati hori. Nik behintzat ez diot eskatzen. Konforme nago, beraz, iazkoak eman duenarekin. Hurrengoan, ordea, ez da aski izango Egañaren pareko direla erakustea. Orduan bai, orduan txapelketa historikoa izango da. Bien bitartean, ordea, lau urte ditugu, bertsolaritzaren historia idazteko, bakoitzak bere alorretik.

Mahainguruko gai ezberdinen inguruko hainbat gogoeta
Larrun aldizkariak deiturik, bertso munduan ez-adituen bota zituzten ikuspegiak interesgarriak iruditu zitzaizkidan orohar. Harrigarria da hala ere nola nahasten ditugun terminoak eta berez hartara prestatuta joan behar zutenek ere ez zituzten nonbait datuak zuzen hartu eta zenbait puntutan okerrak izan zirenez zuzen ditzadan, neure zereginagatik dudan ezagutzaz baliaturik:

Maialen Lujanbio eta Jon Maiak zortziko txikian egin zuten saioan, batek esan zuen gaia gaizki hartu zutela eta denek ontzat eman zuten. Maialenek berak ere ez zeukan seguru neska eta mutilaren arteko bereizketarik egin zutenik kantuan. Dantza irakaslearekin ibili zirelakoan zegoen. Bakoitza bere paperean dago, irakaslea da mutila eta ikaslea da neska eta bakoitzak bere lehen bertsoan markatzen du gainera. Geroko beste sei bertsotan ez dago horren aipamenik. Agian, entzule gisa, usteko zuten gaiak bestela behar zuela, dantzan ondo egitea zegokion Maialen neskari eta gaizki egitea Jon mutilari, betiko estereotipoaren bidetik. Uste horretatik gaia gaizki hartu zutenaren irudipenarekin gelditu ziren nonbait. Gaian ibili ziren ba. Dantzan gaizki egiten zuena zen neska eta akademiara joan eta han irakasle aurkitu zuena igandeko mutila bera zen. Grabazioak daude frogatzeko.
Bestea, Iparragirre doinuan Maialen eta Andoni aritu zirenekoaz, harrigarria iruditu zitzaidan bertan gertatu zena. Gaiak berez ez zuen markatzen ez aita eta ez ama, frogatu nahi dituenak baditu grabazioak. Seme bana galdu duzue biok, zioen. Lehen bertsoan ordea Maialenek markatzen du bera ama dela eta baita Andoni ere. Baina Txapelketatik hilabetera denek argi dute gaian bi ama markatzen omen zirela, bai bertsolariek eta baita epeileek ere. Gaijartzaile neu izan eta zalantzan jartzeraino. Gaiaren erredakzioak ez du ordea zalantzarik uzten. Seme bana esaten da eta Maialen da biak ama izendatzen dituena eta Andonik onartu egiten du ekarpena. Aita izan zitekeen baina Maialenek aldatu du gaia, intentzioz edo gabe.
Zenbaiten aldetik faltan botatzen da bertsolari xelebrearen fenomenoa. Bertsolari irrigarriak bi eratara izan daitezke, berez ironia inteligentziaz erabiltzeko duen gaitasunagatik edo berak duen fisiko, izaera edo dena delakoagatik jendeari barregarri gertatzen zaiona. Ez da beti bertsoa barrea eragiten duena, bertsolaria bera kasu askotan.
Bestalde bertsolaritzaren historian izan diren ekarpenik handienek beti izan dituzte entzuleen artean joera desberdinak. Basarriren ekarpena ez zuten entzule denek onartu eta esango nuke Basarri berak sofritu zuela horregatik. Nire garaian hobeto ezagutu dudana izan da eta Amurizaren ekarpenaren aitormena gaur mundu guztiak onartzen omen du baina entzule arruntak ez du erabat onartu hori ere eta Xabier bera ere horren jakitun izan da eta da, irakurri bestela bere «Enaz Banaz». Esango nuke gaur egungo fenomenoa, Egañaren


Azkenak
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude