TERMOMETROA


2002ko urtarrilaren 20an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

ETA BILBOKO BIHOTZEAN

Denboraldi batean ETAren ekintza bortitzik ez dagoenean, balizko su-etenen inguruko hotsak han-hemenka hedatzen dira ezin azkarrago. 98ko su-etenak bigarrengo baten segida izango duela buru gehientsuenetan sustraitua dagoen ideia da; logika mota askok eskatzen duena da. Noiz ordea? Logikak indar harreman orekatuago eskatzen du, baina ekintza armaturik gabeko tarte luze bat dagoenean, logikak baino indar handiagoa du nahiak. Bilboko eztandak egoeraren egiazko gordintasuna agerian utzi du. ETAk lehergailuaren berri eman zuen, hiri erdiguneetan jarritako bonba-auto mota horrekin azkenotan ohi duen legez.


PSE-EE: IDEIAK ETA PERTSONAK

ALDERDI sozialistak martxoaren 23 eta 24an egingo duen ezohiko kongresuari begira barne eztabaida gogorra bizi du. Eztabaidak ideien inguruan izaten ohi dira, baina ideiak pertsonek barreiatzen eta gauzatzen dituzte, horregatik da hain gaitza sarritan ideien eta pertsonen arteko eztabaida horiek bereiztea. Ideien eztabaidak lehentasuna behar duela aipatzen dute PSE-EEn alde guztietatik, baina izenen dantza saihestezina da halakoetan, ikusi besterik ez bestela Redondo Terrerosen kudeaketa eta ildo politikoa babesteko sortzen ari diren sostengu zerrendak. Ideien eztabaida hobeto eman zitekeen deitu nahi ez zen konferentziaren eremuan ezohiko kongresuan baino, baina ideienak pertsonen eztabaida dakar ondoren.


EUSKAL HERRI OSORAKO LEGEA HERRI EKIMENAREN BIDETIK

EUSKAL Herri osorako unibertsitate lege bat egiteko herri ekimena bultzatuko dute Bai Euskal Unibertsitatea ekimenaren inguruan ari diren gizarte erakundeek. Lege zirriborroa Eusko Legebiltzarrera, Foru Legebiltzarrera, Udalbiltzara eta Iparraldeko Garapen Kontseilura badalia izan da eta Euskal Herriko unibertsitateak izan beharko lukeen izaerari buruz eztabaida sortzea da helburu garrantzitsuenetakoa. Ikastolen Federazioa, AEK, Sortzen-Ikasbatuaz, Euskal Herriko Gurasoen Elkartea eta unibertsitateko hainbat irakasle dira ekimenaren bultzagile nagusienak.


'NEWSWEEK': EUSKAL HERRIA, INBERTSIOGUNE APROPOSENA

'NEWSWEEK' AEBetako astekari ospetsuak 2001eko azken zenbakian Euskal Herria ekonomi inbertsioak egiteko Europako lekurik onena zela zioen erreportaje batean. Nazioarteko enpresa asko ohartu dela horretaz eta konpainia asko inbertsio handiak egiten ari dela aipatzen du, horien artean Daimler, Benz, General Electric, IBM, Ericsson edo Nestle. Euskaldunen ezaugarriez hiruzpalau datu eskaini ondoren, 1991tik 2000ra, esportazioak hirukoiztu dituztela aipatzen da eta hori euskal produktutuen kalitate hona medio lortu dela. Aldizkaria, Euskal Herriaz ari denean, EAEri buruz ari da.


LABORANTZA GANBARA HIZPIDE

ELB sindikatuaren eledunak, Michel Berhokoirigoinek, laborantza ganbara izan du hizpide berriki ('Le Journal du Pays Basque). Departamenduko Laborantza Ganbarak (Pauen kokatua eta zentralizatua) SUAT (Lekuan lekuko nekazal lurralderako zerbitzuguneak) sortu ditu azkenaldian; azkenekoa Hazparnen, esate baterako. Berhokoirigoinen aburuz, ekimena polita eta sinbolikoa izanagatik ere, SUATeko zuzendaritza Paueko Ganbarak molde eta iritzi aldebakar batez izendatua da: ELBk bi aulki ditu eta FDSEAk (oposizioko sindikatua) zazpi. ELBko eledunak Iparraldeko azkeneko bozketan ELB bozkatuena izan zela oroitarazi du eta SUAT honetan FDSEAk ELBk baino ordezkaritza handiagoa izatearen kontraesana agerian uzten du.


722 ATXILOTU, 95 TORTURATU

ASKATASUNA erakundeak jakinarazitako datuen arabera 2001ean 722 atxilotu izan ziren Euskal Herrian, horietatik 178 espetxeratuak izan ziren eta 95ek tortura salaketak egin dituzte. Preso kopuruari dagokionez, erakundeko datuen arabera, egun 548 euskal preso politiko dira, duela urtebete baino 33 gehiago.


AURREKONTUEN KORAPILOA

PSE-EEk argi berdea eman die Bizkaiko Diputazioko aurrekontuei, eta Gipuzkoan ere bide berdinetik joko dela pentsatzen da, PSEko gestorak berak hori eman du aditzera. Korapiloa Eusko Legebiltzarrean sortzen da, PSE-EEk adierazia baitu ahalik eta gehien trabatuko dituela bere gustokoak ez diren aurrekontuak.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude