ALDI BATERAKO KONTRATUEN ERABILERA BIKOIZTU DA


2001eko abenduaren 09an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Soldatapeko hiru langiletik batek aldi baterako kontratua dauka, eta emakumearen kasuan are nabarmenagoa da. Emakumeen langabezi tasak gizonenak baino altuagoa izaten jarraitzen du; hala ere, zenbait kasu eta sektoretan gizonezkoengan baino txikiagoa da emakumezko langabezi tasa. Horiexek BBK Fundazioko Gaztelanbideanen enkarguz egindako ikerketaren ondorio batzuk dira.

Azterketa hori, "Lana Euskal Autonomi Erkidegoan", Alfonso Perez Argote irakasleak zuzendu du, eta bere helburua EAEko lan merkatuaren ezaugarri nagusiak ezagutzea da. Diotenez, lehenik, merkatu horretako aldagarri nagusien bilakaera ezagutu nahi izan dute, eta, aldi berean, bilakaera horrek eta Espainiako lan merkatuaren bilakaerak dituzten ezberdintasunak eta antzekotasunak. Bigarrenik, EAE osatzen duten herrialde historiko bakoitzeko bilakaera aztertu nahi izan dute. Hirugarrenik, eskualdeetako esparruraino iristen dira herrialde historiko bakoitzaren barruan kokaturik, honela, gaurko egoeraren ahalik eta deskribapen zehatzena egin ondoren, lan merkatuaren arloan EAEn dauden gune geografiko arazotsuenak atzemateko.

ALDI BATERAKO KONTRATUAK EMAKUMEENTZAT.

Azterketa horren arabera, 1987tik 2000ra bitartean, bikoiztu egin da aldi baterako kontratuen batez bestekoa, eta soldatapean daudenen %16 izatetik %32 izatera igaro da. Gizonezkoak geroz eta gutxiago dira aldi baterako kontratuekin, eta, aldiz, emakumeak geroz eta gehiago. Aldi baterakotasun hori gutxitu egin da 16 urtetik 24 urtera bitartekoen artean, eta goraka doa 25etik 54ra bitartekoen artean. EAEn nahiz Espainiako Estatuan bikoiztu egin da aldi baterako kontratuen batez bestekoa, eta hiru langiletik bat honelako kontratuarekin ari da. Kontratu mota honekin lanean ari direnen artean, gaur egun, gehienak gizonezkoak dira, baina geroz eta gehiago nabari da kontratu mota hori emakumeen kontrataziorako erabiltzeko joera.
Txostenean ageri denez, 2000. urtean Arabak izan du emakumearen kontratazio tasarik handiena, eta txikiena, berriz, Bizkaiak; Gipuzkoa, berriro ere, tartean gertatu da. 1986tik 1991ra bitarteko ekonomiaren susperraldiak hiru herrialdeetan onura handia ekarri zuen emakumearen kontratazioaren arloan. Eta 1992-1993 urteetako krisiaren ondorioz galdutako lanpostuek eragin handiagoa izan zuten gizonezkoen artean, nahiz eta Gipuzkoan bi kolektiboak gertatu ziren nahiko erasanda. Azkenik, 1994-2000 urteen bitarteko enplegu hazkundea bi sexuen onerako izan da, herrialde historiko bakoitzean eragin ezberdina izan badu ere.
1993. urteaz geroztik etengabean egin du gora aldi baterako kontratuak erabiltzeko joerak, eta gaur egun soldatapeko langileen %29,5i eragiten dio; ehuneko hiru puntu igoz azken zazpi urteotan. Araban dago kopuru txikiena: %16,8. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, %31tik gorakoa da. Bestalde, Gipuzkoan, 1993. urtean aldi baterako kontratuen kopurua %21ekoa izanik, 1997ra bitartean bikoiztu egin zen, eta %43ra iritsi zen, nahiz eta gero, ziurrenik 1997ko lan arloko erreforma ezarri izanaren ondorioz, berriro behera egin zuen.
Eskualdeka, mugarik gabeko kontratuen kopuru handiena, %70etik gorakoa, Gorbeia inguruneak, Plentzia-Mungiak eta Arratia-Ibaizabalek dute. Eta, bestalde, aldi baterako kontratuen presentzia nabarmenena Arabako bailaretan, Arabako mendialdean, Gernika-Bermeon eta Markina-Ondarroan kokatzen da; hain zuzen ere, nekazaritza eta arrantza arloko jarduerek garrantzi handia duten eskualdeetan. Kontraturik gabeko soldatapeko emakumeen kopurua (%12) sei aldiz handiagoa da gizonezkoena baino (%2). EAEn kontraturik gabe lanean ari diren langileen %80 emakumeak dira.

LANGABEZIA: EMAKUMEEN ARTEAN HANDIAGOA.

Azken hogeita bost urteetan langabeziaren tasak gorabehera handiak izan ditu EAEn. Azterketak honelako datuak ematen ditu: lehen epealdian (1976-85), langabeziaren tasa 20 puntu igo zen, krisialdi larri eta luzea izan zen; bigarren epealdian (1986-91), langabezia 5 puntu jaitsi zen, nolabaiteko errekuperazioa egon zen; hirugarren epealdian (1992-93), langabezia 6 puntu igo zen, krisialdi sakon eta laburra izan zen; laugarren epealdian (1994-2000), langabeziak 12 puntu egin zuen behera, ekonomia suspertzen hasi baitzen.
Langabezia tasa altuagoa da beti emakumeen artean gizonezkoen artean baino. 2000. urtean bi aldiz handiagoa zen, gutxienez. Ezberdintasun horrek, Espainiako Estatuan baino handiagoa, parekatzeko joera izan du: lehen epealdian (1976-85), langabeziaren tasak gogor egin zuen gora gizonengan nahiz emakumeengan; bigarren epealdian (1986-91), langabeziak behera egin zuen gizonen artean, baina ez emakumeen artean; hirugarren epealdian (1992-93), gizonezkoen langabezia emakumeena baino gehiago hazi zen; laugarren epealdian (1994-2000), langabeziak behera egin zuen bi esparruetan, eta ezberdintasunak parekatzera jo zuen.
Ikasketa mailari dagokionez, gehienek, EAEko langabetuen %85ek, gutxienez bigarren hezkuntzako ikasketak dituzte. Langabezia gutxiago dago lehen hezkuntzako ikasketak dituztenen edo ikasketarik ez dutenen artean, baina, kopuruz, denen artean ez dira langabetuen %20ra iristen. Bigarren mailako ikasketak dituztenen artean langabezia gehiago dago goi mailako ikasketak dituztenen artean baino.
Herrialde historikoetara begiratuz, oso ezberdintasun handiak aurkitzen dira batzuetan eta besteetan. Handiena, beti, Bizkaiko langabezia tasa da. Araba eta Gipuzkoa, berriz, txandaka aritzen dira. 2000. urtean Gipuzkoak zuen langabetu gutxien, %9,2; Arabak %10,1 zuen; eta Bizkaiak %15,1. Hiru herrialdeetan nahiko bilakaera homogeneoa egon zen 1994 arte; eta 1986tik 1994ra bitartean hirurek antzeko kopuruen gorabeherak izan zituzten ehunekoetan. Baina 1994tik 2000ra bitartean Gipuzkoan lortu zen langabeziaren beherakadarik nabarmenena, eta ondoren Araban. Urte horietan Bizkaian ez zen hainbeste jaitsi langabezia.
Eskualdeka, hiru eskualdetan dago langabeziaren tasa, EAEkoarekin alderatuz, biztanleriaren ehunekoaren gainetik dago: Arabako Kantaurialdea, Bilbo Handia eta Bidasoa Behea. Bestalde, lau eskualdetan langabezia EAEko batez bestekoa baino handiagoa da. Langabezia tasarik handiena duten eskualdeak: Bilbo Handia (%20,2), Bidasoa Behea (%18,8), Arabako Kantaurialdea (%16,8) eta Enkarterriak (%16,7). Eskualde hauetako langabezia tasa, bai gizonezkoen artean eta bai emakumezkoen artean, EAEko %25eko batez bestekoaren gainetik dago.
Azterketak garbi erakusten du langabezia mailarik handiena hiri nagusietan dagoela, batez ere Bilbo inguruko hiri nagusietan, batik bat Ezkerraldean, Laudion esaterako; eta horrekin batera, Donostia inguruan, Hernanin eta Errenterian

Gazteen laneratzea Bizkaian
Izen horrexe duen inkesta bat egin du BBK Fundazioak Gaztelanbideanen eskutik. Lan horren helburu nagusia Bizkaiko gazteak lan merkatuan barneratzeko erabiltzen dituzten prozesuak ezagutzea da. Beraz, gazteen eta lan merkatuaren arteko egoera aztertu eta lotura horretan zein alderdik eragiten duten ikertu nahi da. Gainera, lana lortu duten gazteek zer-nolako prozesua burutu duten jakiteko bidean sakondu nahi da, eta zein den lortu nahian dabiltzanek daramaten prozesua.

Horretarako, 21 eta 29 urte bitarteko 1.200 gazteren artean egin du inkesta, lan merkatuan barneratzeko arazoei buruzko diagnosia egiteko egokienak direlakoan. Inkesta luzea eta zehaztasun handikoa da, besteak beste, familiaren abiapuntua, ikasketa maila eta ikasketak egin bitartean izandako lan esperientzia aztertuz. Ezaugarri horiek lanpostu bat lortzeko xedez erabilitako baliabide eta mekanismoetan eta lortutako lanpostuaren ezaugarrietan eta mailan, zenbaterainoko eragina duten jakin nahi da.
Inkestan bildutako gazteen erdia baino gehiago soldatapean dago (%51,3). Bigarren multzo garrantzitsuena lan bila dabilen langabeena da (%38,8). Hirugarren multzoa, berriz, bere kasa lanean ari diren gazteena da (%5,7). Horien ondoren, langabeak izan arren lan bila ez dabiltzanak (%2,8) eta familiako lanetan laguntzen dutenak (%2) daude. Lortutako emaitzak, inkesta egin dutenen ustez, interesgarriak dira, eta are oso interesgarriak ere badirela esan daiteke sustapen jarduera publikoetan nahiz pribatuetan edo gazteak laneratzeko jarduerak bultzatzeko ahaleginetan aritzen direnentzat

Noizko benetako estatistika nazionalak?
Ez da, ez, lehenengo aldia orri hauetan horrelako zerbait eskatzen duguna. Eta, ziurrenik, ez da azkena izango. Euskal Herriko edozein arlori buruzko estatistikak edo gizarte arloko datuak ematen direnean, betiko hutsune berbera aurkitzen dugu: gaur egun, ez dago inolako euskal erakunderik -hizkuntzaren arloko Euskaltzaindia izan ezik- Euskal Herri osoko errealitateari buruzko estatistikak, azterketak edo ikerketak eskaintzeko. Egiten diren guztiak azterketa edo ikerketa partzialak izan ohi dira, herrialde bakoitzari edo gehienez ere EAEri edo Nafarroari dagozkionak. Orri hauetan beraietan ikus dezakegunez, BBK-k egiten duen azterketa hori EAEko lan merkatuari atxikitzen zaio. Noiz edo noiz, esaterako, Euskadiko Kutxak euskal ekonomiari buruz egiten duen urteko azterketan, Hego Euskal Herria hartzen da azterketarako esparru gisa. Enpresa pribatuei, agian, ezin zaie horrelako ahaleginik eskatu. Eta gaur egungo egoera politikoan Euskal Herriak hiru administraziotan zatiturik jarraitzen du, eta horietako bakoitzak ez ikusia egiten du, bere lurralde mugatutik ateratzeari muzin eginez. Egoera horrek irauten duen bitartean, oraingoz, lan hori bere gain har lezakeen erakundea Udalbiltza izan liteke, nahiz eta horretarako elkartasuna, giza baliabideak eta dirua behar diren. Baina horretan borondate politikoa nagusitzen da. Balego, ederki!


Azkenak
Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


2025-07-17 | ARGIA
EH Bildu: “Ez da nahikoa salaketa, hizkuntza politika ausartak behar dira”

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko". 


2025-07-17 | ARGIA
Jaurlaritzak esan du ez duela bat egiten Auzitegi Gorenaren erabakiarekin

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “indar politiko batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira”.


2025-07-17 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


Tortura argitara atera ezinik oraindik Euskal Herrian

Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Israelek Damasko bonbardatu du, eta Siriako armada su-eten akordio batera heldu da milizia drusoekin

Israelen bonbardaketek Siriako Defentsa Ministerioa eta presidentearen egoitzaren ingurua izan dituzte jo-puntuan. Asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean piztutako liskarrek gutxienez 300 hildako eragin dituzte As-Suwayda hirian. Israelen erasoen ondoren, Siriako... [+]


Eguneraketa berriak daude