«ERREPUBLIKAK EMANEN DIZKIGU GURE EGITURAK, EZ UDALBILTZAK»


2001eko abenduaren 02an
Iazko martxoan, Iparraldeko auzapezen ordezkaritza bat Jean-Pierre Chevenementekin bildu zen. Euskal departamendua gauzatzea eskatu zioten orduko barne ministroari. Eskaerari erantzuna eman zaio. Paueko prefeturak neurri administratiboak iragarri ditu Iparraldearentzat: estatuaren ordezkaritza, hala euskara nola laborantzaren atalak sendotzea. Euskal departamendu baten sorrerarik ez dago, ordea.

Auzapezen Biltzarraren ordezkarietako bat izanik, zein da Frantziako Gobernuak iragarri dituen neurriei buruzko zure balorazioa?
Neurri hauek Frantziako Gobernua burutzen ari den erreformaren atalean kokatu behar dira, Hitzarmen Bereziaren karietara garatzen ari den politikaren baitan. Politika honek, besteak beste, Hizkuntza Kontseiluaren sorrera ekarri du eta laborantzari buruzko politika azkartzea erraztuko du. Jakina, Auzapezen Biltzarraren ordezkariek Baionan prefeta bat izan nahi genuke erabaki politikoak hemen berean hartuak izan daitezen. Hots, Euskal departamendua kudeatuko lukeen prefeta bat. Guk, alta, Michel Devret suprefetak aipatua duen hurbileko administrazio hori ontzat ematen dugu eta aitzina egitea proposatzen dugu. Neurri hauek ez zaizkigu aski, baina, gisa berean, euskal departamenduaren erdietsi bidean oso lagungarriak dira. Erabakiek ez dute euskal departamendu baten eskabidea deuseztatuko, hautetsien ustez departamenduaren arrazoiak fermu irauten du eta departamenduaren eskaera atxikitzen dugu.

Suprefeta ez da hautetsi bat, estatuak ezarria da, ez da herriaren bozen bitartez hautatua. Hemengo politika prefetaren esku dago, berak ditu eskumenak. Iparraldeak ez du berezko egitura politikorik.
Hori bagenekien Chevenementekin bildu ginenean, berak argi eta garbi erran zigun ez zela beste egiturarik sortuko. Gure eskaera arrunt bidezkoa iruditu zitzaion. Alta, erran zigun ere, ez zuela bere arrapostua hautetsi baten gisan emanen, barne ministro baten gisara baizik.
Euskadiko (Euskal Autonomia Erkidegoa) egoera latza aipatu zigun, eta partikularzki hango terrorismoa. Frantziak Ipar Euskal Herrian departamentu bat eraikitzen utziko balu, ETAk terrorismoa zabaltzeko eremu bat izanen lukeela hemen. Chevenementek ez zuen historiaren bilakabidean erantzukizunik hartu nahi, baina ez zuen gure eskaera ere gaitzetsi. Guk, berriz, erreforma batzuk onetsiko genituela erran genion. Estatua hemengo herritarrengandik hurbilago nahi genuen eta hori egiten ari da Frantziako Gobernua. Administrazioaren hurbiltze hau, orduan iragarri zen jada eta neurri hauek ez diote departamenduari bidea ixten.

Frantziako Gobernuak hautetsiekiko konfiantza gutxi duela dirudi, hala ere.
Egia da. Gobernuak ez digu konfiantza osoa egiten, Gobernua hemengo hainbat jende terrorismoari lotu daitekeen beldur baita. Hori da bere arrazoia. Hegoaldeko egungo egoera politikoa kontuan harturik Gobernuak eman dituen urratsak biziki onak dira. Daniel Vaillant -egungo barne ministroa- urrirako etorri behar zen Auzapezen Biltzarraren aitzinera neurri hauek aurkeztera, baina mundu mailako egoera dela-eta ezin izan da etorri. Etorriko den egunean urrats hauek departamendu bat eraikitzeko gisan hartzen ditugula erranen diot nihaurek. Frantziako Gobernu baten aldetik ez dela behin ere halako urratsik eman eta hemengo hautetsiengan konfiantza atxikitzeko eskatuko diot. Lasai egoteko erranen diot, ez dugula Errepublikatik kanpo atera nahi, Euskal Herriaren nortasuna zainduko duen egitura bat baizik.

Irudi luke Parisko Gobernuak Euskal Herriko Hegoaldearen egoera politiko gatazkatsua estakuru gisa erabiltzen duela Ipar Euskal Herriraren egitura ez sortzeko.
Ez du estakuru gisa erabiltzen. Espainiako Gobernuak presio handiak egiten dizkio Frantziako Gobernuari, baita Europako Gobernu guztiei ere. Aznarren gobernuak ez du, menturaz, bere burua aski azkar ikusten. Frantziak badu berrehun urte bere erreboluzioa egin zuela. Hemen zentralismoa eta tradizio azkar bat dago Errepublikarekiko, gure politika gakotua dago nolazpait. Espainiako Estatuak ez du gauza bera erraiten ahal, ordea. Autonomiek botere azkar bat dute, eta Espainiako Gobernuak gero eta autonomia handiagoa emanez gero Euskal Herriari independentziarako bidea zabaltzen ahal zaiola sentitzen du nonbait. Kataluniarrek ere, naski, bide beretik joan nahiko lukete eta Espainiako Estatua arriskuan egon liteke. Europako Estatuek, irudiz, Espainia, estatuaren autonomien barnean segitzea nahi dute eta autonomiaren kontzeptu hori atxikitzen lagunduko diote Espainiari.

Jean-Pierre Chevenementek alderdi sozialista utzi eta MCD (Mouvement des citoyens) sortu du presidentziarako bozketan bere burua aurkezteko. Nola ikusten duzu Lionel Jospinen hautagaitza?
Lionel Jospinek Korsikan abiatu dituen elkarrizketek sorrarazi dituzten kalapitak ikusirik, presidentziarako bozketan eztabaida handiak plazaratuko dira. Diputatu sozialista anitzek kritikatu dute Jospinen bidea. Alderdi guztietan Errepublikan kolore anitzeko Frantzia nahi duen alde bat dago eta kolore bakarreko Frantzia nahi duen beste bat. Chevenementek kolore bakarreko Frantzia nahi du eta Jospinek -berdintasunean izanik ere- diferentziak onartzen ditu.

Deszentralizazio gaia sakontzen denean jakobinismoa ageri da.
Hori da. Haatik, lehen ez bezala, orain bederen eztabaida hori ematen ari da Frantzian. Deszentralizazioaren debatea ez da gorde behar, debateak zabalik utzi behar dira. Euskal departamenduaren aferan, hemengo alderdi politikoek, hautetsiek eta herritarrek hautagai bakoitzari bere asmoaz galdetuko diete Jospin, Chevenement, Chirac eta Bayrou hautagaiei. Kanpainan bakoitza nola engaiatzen den ikusiko dugu eta finean hautesleek erabakiko dute boza nori eman.

Lionel Jospin presidentea hautatua balitz, Mitterrandek hitz eman zuen euskal departamendua gauza lezake?
Ez dizut erantzun ahal. Ezin dizut erran Euskal Herriarentzako departamendu bat emanen lukeenik, ez dakit. Kanpotik ikusita, beste afera batzuei lotu aitzin, irudi luke lehenik Korsikako afera trenkatu beharko lukeela.

Korsikako aferan Gobernua ahula eta iritzi bateratu gabe ageri izan da.
Korsikako afera ez da aise bideratzea. Demokrazian bizi izanagatik batzuek terrorismoa praktikatzen baitute. Alta, talde terroristek armak erabiltzeari uzten diotenean aferak trenkatu behar dira ezinbestean. Arazoei aterabideak bilatu behar zaizkie, elkarrizketak gardentasun osoz kudeatu behar dira demokrazia atxikiz eta legea errespetatuz betiere. Ororen buru konpromiso bat erdietsi behar da, baina ez terroristekin herriko ordezkariekin baizik, hautetsiekin. Jospinek Korsikan desmartxa hori abiatu du, nahiz badakien afera arriskutsua eta konpontzen biziki zaila den.

Alain Lamassouren ustez Gobernuak Korsikarako badu diskurtso bat, baina Ipar Euskal Herrirako ez.
Hori erraiten du departamenduaren afera ez delako oraino trenkatu. Gobernuak bere arrazoiak eman ditu, heldu diren hauteskundeetan herritar bakoitzak ikusiko du arrazoiak onak direnentz. Demokraziaren araua eta jokoa hola da.

Alain Lamassourek, halaber, euskal nortasunari buruzko diskurtso politiko bat eskatu dio Gobernuari.
Alain Lamassoure gaizki plazatua da hori eskatzeko. Toubon ministroa zen garaian, ingelesaren erasoetatik babestu nahian frantsesaren aldeko lege berri baten alde egin zuen Lamassoure jaunak. Gerora agertu denez, Konstituzioaren II. artikuluaren babespean, lege hori hizkuntza gutxituen aurka erabiltzen ari da. Jakina, lege hori diputatuen gehiengoak bozkatu zuen, baina berak ere proposatua izan zen. Orain, haren ondorioz, Ikastola, Diwan eta beste eskolek, eskola publikoaren izaera erdiesteko zailtasunak dituzte. Jack Lang kultur ministroak eskualdeetako eskolekin estatutu berri bat negoziatu nahi du eta Konstituzioak oztopatzen du. Gisa berean, Frantziako Gobernuak lurralde gutxietako mintzairak ezagutu nahi ditu Europako Itunean, eta Toubon legeak ez du baimentzen Konstituzioaren aurka doalako. Lamassourek badu erantzukizun izugarria afera horretan, eta orain euskal nortasunari buruzko politika bat eskatzen du. Bai harrigarria, ezta? Lehenbizi, Lamassourreri eskatzen diot Jacques Chirac presidenteari publikoki galde egin diezaion Konstituzioa aldatzeko. Bigarrenik, zertaz mintzo da Alain Lamassoure? Ipar Euskal Herriaz edo Euskal Herri osoaz? Garbiki erran dezan zein lurraldez mintzo den. Erran dezan garbiki ea hemen euskaldunen lurralde bakar bat dagoen eta populu horrek independentzia behar lukeen. Eta nola, Europaren barnean edo kanpo? Nik garbiki erraiten dut: Euskadik bere autonomia azkartu nahi badu, aitzinago joan nahi badu, horrek ez du Frantziako espirituarekin deus ikustekorik. Bide hori Euskadiko (EAE) herritarrei hautatzea dagokie, demokraziaren bidetik aitzinatzea. Guk Ipar Euskal Herria Frantziako Erreplubikaren lurralde bat dela erraiten dugu eta hemengo kezkak hemengo Gobernuak konponduko dituela.

Gobernuak deszentralizazioa eta euskal nortasunari buruzko gogoetak ez omen ditu ezberdintzen. Alain Lamassoure, nik uste, Iparraldeaz ari da.
Lamassourrek Ipar Euskal Herriak estatutu berezi bat behar duela badio, ni ez naiz ados. Ni euskal departamendu batekin bat nator, Frantziako Errepublikaren egitura bat. Niri aski zait egitura hori.

Ipar Euskal Herria eraikitzeko azpiegiturak eskasak nonbait, Udalbiltza egituratzen hasi dira abertzaleak. Zein da Udalbiltzaz zure iritzia?
Eman dizut arrapostua. Euskadik bere autonomian urrunago joan nahi badu (zenbaitek independentzia erdietsi arte) segi dezan bere bidean. Demokraziaren bidean hobe, hori ziur. Ni Errepublikari atxikia naiz, hemen gehiengoa Errepublikari atxikia da. Errepublikaren legeek emanen dizkigute behar ditugun egiturak, Udalbiltzak ez du lekurik hemen.

Egitura hauek ekartzen ez duten laguntza Udalbiltzak ekarriko balu ere ez?
Ez. Hemengo populuak bere egiturak bozkatzen ditu. Guk gure beharrez jarduki behar dugu eta Frantziako Estatuak ekartzen duen diruaren bitartez geure instituzioak eraiki. Instituzio hauek oraingoz eskasak baldin badira ere, eztabaidatzeko eta berriak eraikitzeko geure demokrazia guneak ditugu. Hemengo populuak ez du Frantziatik berezi nahi, ezta beste lurralde batzuetako instituzioei lotu nahi ere


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude