«ZUTABEGILE BATZUEK GORROTO HANDIA EREITEN DUTE ESPAINIAN»


2001eko azaroaren 18an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian, 1988an, Ruiz Olabuenaga irakasleak prentsaren azterketa kualitatibo bat egitea proposatu zien Deustuko unibertsitateko bere ikasleei. Hiru gai eman zizkien aukeran: langabezia, egungo gazteriaren morrontza eta euskal nazionalismoa hizpide duen Espainiako prentsaren zutabegileen azterketa. 80 ikaslek azken gai hau lehenetsi eta 30 zutabegileen artikuluak aztertu zituzten. Emaitza «Opinión sin Tregua» (Visos y denuestos del nacionalismo vasco 1998-1999) liburua da; «Información y proganda ante el conflicto vasco» izeneko liburuaren osagarria.

Euskal nazionalismoarekiko itxurak eta laidoak aztertu dituzu «Visos y denuestos del nacionalismo vasco» liburuan. Zeri buruzkoa da liburua?
Prentsako iritzi-zutabeei buruz. Hiru kazetari mota dago. Bat: mezua helarazten duena. Bi: ekimen politiko baten soldatapeko konspiratzailea. Eta hiru: Estatuaren defentsan ari den kazetari zelataria. Espainiako prentsan, iritzi-zutabeak idazten dituen laugarren kazetari mota bat gehitu behar zaie hiru hauei. Kazetari honek berezko idazkera edo estilo bat sortu du Espainiako kazetagintzan:«estilitismoa». Hitz hau ez dator «estilo»tik, «estilita»tik baizik. Artikulugile honek ezaugarri berri bat darabil euskal nazionalismoaz idazten duenean, itxura (edo itxurakeria) eta laidoa (edo iraina) darabiltza euskal nazionalismoaren aurka bereziki.

Azalduko al diguzu arren, apur bat gehiago «estilita» delakoaren figura?
Grezia zaharrean «estilita» zutabearen gainean jartzen zen ermitaua zen. Ermitaua edo anakoreta zaharra zutabe gainean igoa bizi zen eta berak aholkatzen zituen basamortuan barrena zihoazenak. Liburuan azaltzen diren iritzi-zutabegileak «estilita» haiek bezalakotsuak dira. Hau da, beren zutabeetatik «zuk ez dakizu, nik badakit» esaten diete irakurleei. «Zuk hau uste duzu? Bada ez. Honelaxe da». Iritzia eman beharrean errealitatearen itxuraldatze bat egiten dute, alegia, itxurakeriak eskaintzen dituzte. Itxura -edo visoa- argiak begietan eragiten duen itxuragabetze bat da. Kasuon, artikulugileok euskal nazionalismoaren koloreak itxuraldatzen dituzte, nazionalismoaren kolore anitzak agertu beharrean, itxuragabeki zabaltzen dituzte bere koloreak. Iritzi-zutabe hauek deigarriak eta sentsazionalistak dira, pertsonak estigmatizatzen dituzte, baita errealitatea sinplifikatu, distortsionatu eta faltsifikatu ere.

Zein da Espainiako prentsaren erantzukizuna euskal gatazkan?
Erabatekoa. Gauza bat da egunkarietan iritzi askatasuna izatea, eta beste bat egunkari batek iritziemaile hauek horrela idazten uztea. Zutabegile hauek gorroto ikaragarria ereiten ari dira Espainian. Gorrotoa hain da handia, ezen eta, egunen batean, Jose Maria Aznarrek euskal nazionalismoarekin akordio batera iritsi nahiko balu ere, ezin izango lukeela. Honezkero, Aznarrek espainol iritzi publikoa kontra dauka edozein akordio posible baten aurrean.

ETAren tregua garaian zutabegile horiek treguarik gabeko iritzi-zutabe mota hori mantendu zutela diozu liburuan.
Bai. Ordurako oso hedatua zegoen jada. Iritzi-zutabe mota hau ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil zuenean indartu zen. Victoria Prego kazetariak Espainiako lau gobernuburuak -Suarez, Calvo Sotelo, Gonzalez eta Aznar- atzean zituela «A por ellos» oihua jaurti zuenean euskal nazionalismoaren aurkako hedabideen aldetiko erasoaldi ikaragarria zabaldu zuen. Euskal nazionalismoaren aurkako gerra oihua izan zen, «maccarthysmoa»ren hasiera. Izan ere, gauza bat da borroka politikoa eta beste bat gerra politikoa. Espainiako hedabideetatik biolentzia mediatiko izugarria burutzen ari da. Hitzek ez dute hiltzen baina pertsonen ideiak urratu eta bortxatu egiten dituzte. Funtsean, egoera politikoa itxuraldatu eta zaildu egiten dute.

Gaur egunera etorrita, zein da hedabide hauen jarrera, zure iritziz?
Espero genezakeen kontra, iritzi-zutabegile hauen jarrerak okerrera egin du, irainak are gaiztoagoak dira. Hedabide hauek maiatzaren 13ko hauteskundeak iragarri eta behartu zituzten. Kanpaina ikaragarria zabaldu zuten euskal nazionalismoaren kontra, ordea, frustrazio itzela jaso zuten ordainetan. Beren kanpainak porrot egin zuen eta modu eta neurri batean euskal nazionalismoa indartu dute. Hedabide hauen kanpainak indarrean segitzen du tamalez, Aurelio Artetak edota Fernando Savaterrek ildo beretik segitu nahi dute. Ez dute eskarmentu nahikoa hartu, antza; ez dute aldatu nahi behintzat.

Zer bilatu duzu liburua idaztean?
Gogo intelektual bat bete nahi izan dut. «The Economist» egunkarian agertutako berri batek animatu ninduen. Aznar jaunak euskal nazionalismoa erasotzean EAJko kideak pariak bezala tratatzen dituela zioen egunkari honek. Jeltzaleak baina, eta nazionalistak oro har, ez direla pariak esaten zuen egunkari honek, eta nik ere bai.

Zer proposatzen duzu prentsa honen joera aldatzeko?
Hasteko, pertsonen ideologiarekiko errespetua eskatzen dut. Pertsonaren ideologia edozein dela ere, ezin da berau iraindu eta laidoztatu. Nire eredu teorikoa epailearen eredua da. Epaileak iraindu gabe tratatu behar du epaitua; errespetuz hitz egin behar dio zigortuari. Epaileak pertsona bat hiltzailetzat jotzen badu, zigorra jartzen dio, baina, «putakume edo usteldu zaitez!» esan gabe. Epaileak formala behar du izan, ez du «estilita» izan behar. Iritzi-zutabegileek ere horrela tratatu behar dituzte euskal nazionalistak. Euren kazetaritzak, baina, ez du justiziaren eredua segitzen.

Zutabegileek euskal nazionalismoa ETAren indarkeriaren erantzuletzat jotzen dute, ordea.
Ni ez naiz politikoa, soziologoa naiz. Ez dut zer den ondo eta zer gaizki esan behar. Gizarteak zer esaten eta eskatzen duen aztertzen dut. Jende gehienak Lizarrako Akordioa bake saioarako bidea ontzat jo zuen. Aukera zapuztu ostean ere gizartearen gehiengoa bide horren alde agertzen da. Harrezkero, Batasunako jarraitzaileen erdiak ez du biolentziarik nahi eta gainontzeko nazionalistak zer esanik ez; gehiengoak ez du indarkeriarik nahi. Izan ere, teorikoki behintzat, protesta soziala lantzen den sistema batean biolentziak ez du izaterik. Alabaina, biolentzia historiaren motorea da. Boterea duenak ere biolentziaren bidez eusten dio botereari. Tristea da, baina horrelakoa da giza kondizioa.

Iritzi-zutabegile batzuen ustez, etakideak ikastolen hezkuntzaren fruitu dira. Zure azterketen arabera hola al da?
Nire datuen arabera biolentziari ekiten dioten %83 ez dira ikastolatik pasa izan. Halaber, biolentzia praktikatzen duten euskal jatorriko katolikoak beren jatorria kanpoan dutenak baino gutxiago dira. Euskal katoliko tradizionala hil da. Etakideak ez doaz mezara, ez dute apaizekin harremanik, ez dira ikastolan hezitako umeak ez Elizako enarak.

ETAk ba al du etorkizunik?
Ezein mugimenduk ez dio biolentziari musu-truk uko egiten. Biolentzia Estatuaren monopolio da, halaber. Funtsean, boterea helburu izaki, boteretik ere biolentzia erabiltzen da. Hala ere, nazioarteko egoera kontuan hartuta -Berlineko harresia eroria, EEBBen aurkako erasoa eta globalizazio ekonomikoaren joera- ETAk erakunde bezala oso zaila du irautea. Gizarte fenomeno gisa badu segitzea, ordea. 15 eta 30 urte arteko 20.000 gazte inguru prest daude biolentziari ekiteko egun ere. 1975an biztanlegoaren %3 prest zegoen eta 2000n kopurua berdina da. Sostengu soziala berean mantentzen bada, biolentziak iraun dezake luzaz.

Euskal nazionalismoaren izaera arrazista aipatzen dute ere bai.
Ez dute euskal nazionalismoa zientifikoki ezagutzen, ez dira jabetu euskal nazionalismoak bizi izan duen eskarmentuaz. Euskal nazionalistak arrazistak garela esateko Sabino Aranaren testuetara jotzen dute. Adibidez, nik oraingo espainolez berba egiten dudanean, ez naiz Felipe II.aren Espainiaz ari. Egungo nazionalismoa postindustriala da, hirikoa da; komunismoa eta faxismoaren ondoan bizi izandakoa. Nik Espainiako ezkerrak eta eskuinak bere historian ikasi dutela onartzen badut, bada, haiek ere onart dezaten euskal nazionalismoak ere ikasi duela. Xabier Arzalluzek Euskal Herrian jaioek soilik botoa emango balute nazionalismoak irabaziko lukeela esatea ez da arrazakeria, datu objektibo eta estatistikoa da. Espainolei izorratzen die hori entzuteak, ordea. Zorroztasun historiko eta zientifiko gehiago behar da, eta errespetua.

Euskal nazionalismoa baserriko espresio gisa ikusten dute.
Ikusmolde hau zutabegile hauen itxurakeriaren beste ondorio bat da. Euskal nazionalista bezala azaltzen garen unetik ez omen dugu intelektualak izaterik. Euskal nazionalismoa baserri giroko fenomeno bezala ikusten dute oraindik ere, eta ez dira nonbait hiriko fenomenoa izatera pasa dela ohartzen. Euskal nazionalismoak ez zituen EAEko azken hauteskundeak irabazi herri txikietan lorturiko botoei esker; EAEko botoaren %10 da herrixketakoa. Baina, gauza bat da herri txikietako herritarren %90k boto nazionalista ematea eta beste gauza bat da nazionalisten %90 baserritarra dela esatea. Itsuen artean %90k badaki irakurtzen, baina irakurtzen dakien jendearen %90 ez da itsua

Inmigrazioaren gaia aztertu duzu soziologo gisa. Euskal nazionalismoak jakin al du etorkinak integratzen?
Bai. Francoren diktaduraren porrota lekuko. 1977ko hauteskunde orokorretan 1936ko emaitza berberak errepikatu ziren; Francoren 40 urteko agintaldiak ez zuten aldatu gizartearen nahia. 1977ko herritarren %80 ez zen Euskadin bizi 1936an; ez zirelako oraindik jaioak izan edo herritarren %53 kanpoan sortua zelako. 1977ko hauteskundeetan EAEko botoemailen %53 etorkina zen, gehiengoa. Logikoki ez zion bere botoa euskal nazionalismoari eman behar, baina eman zion. Egun, herritarren %30 kanpoan jaioa da. Hauen seme-alabak ordea, gero eta hurbilago dira euskal nazionalismotik. Euskal Herrian sortu ez den gehiengoak nazionalismoa bozkatzen du. Horixe da euskal nazionalismoaren indarra, pertsonez haratago doana. Azken 150 urteotan -ez politikoki ulertuta- etorkinak euskal kultura asimilatuz joan dira eta gero euskal nazionalistak bihurtuz. Euskal nazionalismoak joan den mendearen erdialdean iritsi ziren etorkin langileen seme-alabak integratu eta bere egin ditu. Adibidez, euskal jatorrikoak badu euskalduntasunarekiko fideltasuna, eta badu euskalduna ez denarekiko erresumin moduko bat. Etorkinen euskal seme-alabak badute bi fideltasun: euskaltasunarekiko fideltasuna, bertan sortu direlako, eta gurasoen jatorriari fideltasuna. Kalean kanpoko bezala ikusiak dira eta etxean euskaldunak bezala. Honek zera esan nahi du, Euskal Herriaren etorkizuna etxean dela; etorkizuna euskal nazionalismoarena da

ESTATISTIKAREN LAGUNA
Urduñan jaioa da. Bilbon bizi da. Soziologian doktorea New Yorkeko Fordham unibertsitatean. Metodo eta ikerketa irakatsi du Deustuko unibertsitatean eta meritu irakasle gisa dihardu oraindik ere. CINDES ikerketaren zentroaren zuzendaria. Liburu ugariren egilea. Euskal migrazioa eta Euskal Herriko inmigrazioa aztertu ditu modu berezian. Prentsan ere badu eskarmentua iritziemaile gisa.


Azkenak
Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


Bayrouren gobernua erori da Frantziako Asanblean eta estu da Macron

Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez... [+]


2025-09-08 | Axier Lopez
Argentinako ultraeskuinak lehen kolpea jaso du haustekundeetan

Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude