TERMOMETROA


2001eko azaroaren 18an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

AZNAR PROTAGONISTA LIDON-EN HILETA ELIZKIZUNETAN

JOSE Maria Aznar Espainiako gobernuburua Jose Maria Lidon epailearen hileta elizkizunetan egon ez izanak hautsak harrotu ditu eta inork gutxik ulertu du PPk arrazoi gisa agertutako «protokolo eta segurtasun» arazoak. Esan ez den beste zerbait zegoela aipatu dute batzuek, harrokeriaz eta protagonismo gogoaz ere mintzo izan dira beste batzuk. Ingurukoek ere kritika gogorrak egin dizkiote. «El Correo» egunkariak hala zion editorial batean: «Berotasunik ere ez zuen eskaini eta, jakina, Aznarrek ez zuen asmatu elizkizunetara ez joatearekin; elizaren azken lerrotik balitz ere, han egon beharko zukeen, sendiari bere sostengua adierazten».


LIDONEN HILKETAREN AURKAKO KRITIKAK LAB SINDIKATUAN

LAB-EKO administrazioa eta justiziako sekzio sindikalak, Jose Maria Lidonen hilketa arbuiatzen zuela eta irtenbide elkarrizketatua oztopatzen zuela agertu zen zenbait komunikabidetan. Sekzio horretako langile batzuk izan zirela azaldu zen beste batzuetan, eta sindikatuaren zuzendaritzako kide batek ere batzuk zirela azpimarratu zuen.


HARRERA EPELA NAFARROAN ESPAINIAKO PRINTZEARI

EUSKAL gizartea ohitu da aldian behin Espainiako errege familia euskal lurretan ikusten. Garai bateko istilu hotsa baredu da jada. Aldian aldiko presentzia horrek, ordea, ez du balio izan euskal gizarteak berotasunez har ditzan, Espainiako beste hainbat tokitan ikusi ohi dugun gisan. Protokolo instituzionalaren hotza nagusi ohi da. Nafarroak ere hotz hartu zuen Iruñean eta hegoaldean topatu izan zuen herritar eta hautetsien berotasun pixka bat.


BALIZKO HERRI KONTSULTAZ

LEGEALDI honetan Juan Jose Ibarretxeren Gobernuak herri kontsulta bat egingo du EAEn. Hori da bederen zirkulu politiko gehientsuenetan egiten den hipotesia. Espainiako Legebiltzarraren baimenik izan ezean, ordea, ezingo luke egin eta Madrildik eragotzi egingo litzateke. Egungo PPren Gobernutik bai, baina beste gobernu mota batetik ere bai? 2004an Espainian hauteskunde orokorrak izango dira eta EAEkoak, aldiz, urtebete geroago. Zenbaiten ustez, Ibarretxek orduan dei dezake herri kontsulta, beti ere gobernu berriaren jarrera egunggoaren desberdina balitz. Hipotesi ugari egingo bide da aurrerantzean ere, bai erreferendumaren gauzatzeaz, bai dataz eta, garrantzitsuena, galderaren edukiaz ere bai.


EUROPAKO BATASUNAK KEINUA EGIN DIE PP ETA PSOE-RI

JOSE Maria Lidon epailearen hilketa gaitzesteko komunikatua argitaratzean Europako Batasunak sostengu keinu argia egin die PP eta PSOEri, lehenbiziz bereizi zituen «indar demokratikoak» eta «muturreko euskal indarrekin itunak egiten dituztenak». 2002ko lehen seihilekoan Espainiari dagokio Europako Batasuneko Lehendakaritza, eta keinu hau testuinguru horretan ulertu behar da seguruenik.


TENTSIOA PSE-REN BAITAN

GIPUZKOAKO PSE-EEren baitan ikusmira handia zegoean Nicolas Redondo Terrerosek ‘Egiguren txostenean’ sar zitzakeen aldakuntzez, eta honek PSEko idazkariordearen txostenarekiko suposatu zezakeen desautorizazioaz. Bada, dirudienez, hori guztia gauzatu da jada eta orain ikusi beharko da ideien borroka honek epe ertainean organikoki aldaketarik dakarren ala ez, Redondo Terreros botoen %51rekin atera baitzen idazkari nagusi.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude