Emakumeak borrokan

Iratiko Oihana. Bakardade lasaia

2001eko urriaren 28a

LHaLpeara lasaitasun bila

Donibane Garaziko erdialdeko bidegurutzetik Eiheralarrerako bidea hartuko dugu, udal kanpinerantz. 3,5 kilometrora Eiheralarre, Donazaharre eta Ibañeta mendatearen arteko erromatar eta gero Santiago Bideko etapa. Eskumara Esterenzubira hartu.
5 kilometrora Esterenzubi. Hau Errobi ibaiaren inguruko txangoetarako abiapuntu egokia izan daiteke. Bidegurutzean eskuin-beherantz egin, erreka ondotik (honen ezkerretik) eta erdialdetik pasatzen den bidean, jo zuzen. Oraingoz, seinalizatu gabeko errepidetxo hau beti zuzen jarraituko dugu.
2,5 kilometrora dugun bidegurutzean eskuinera joko dugu, «Iraty-Sources de La Nive» jartzen duen seinaleari jarraikiz. Gero zuzen jarraituko dugu. 1,5 kilometrora Hotel Artzain-Etxea pasako dugu, eta handik 200 metrora bidegurutzean eskuinera egingo dugu «Sources de La Nive»rantz, hau da Errobi ibaiaren sorburantz. Ezkerreko bidea "Iraty"rantz doa, eta itzuleran hartu beharko duguna da. Azken kilometroetan jada Iratiko bihotzean sartzen ari garela nabaritzen da.
Handik gutxira igotzen hasiko gara, paisaia gero eta basatiagoa bihurtuz. Metro batzuk aurrerago aldiz, Hotel Sources de La Nive ezkerrean utziz gorantz doan bidea hartuko dugu. Kilometro batera dugun bidegurutzean ezkerreko bidea, lauagoa, hartuko dugu. Bestelako seinalerik ez dagoen bitartean, gu beti zuzen joango gara.
Hoteletik 7 kilometrora, eta 180ºko hiruzpalau bihurguneren ostean, kotxetik ateratzeko gogoa etorriko zaizue, begien aurrean duzuen paisaia zoragarria delako. Ongi etorri Organbideko mendatera. Pixka bat aurrerago dugun bidegurutzean, ezkerrera egingo dugu, eskuinerantz Nafarroan sartzen garelako. Orain bidea estuagoa da.
Azkenik, 4 kilometro zuzen egin eta borda pare bat pasatu ostean, bidearen azkenera iritsiko gara, Harpeatik 5 minutura oinez. Hemen ere patxadaz parajeak begiratzea osasuntsua da, seguru.


IRATIKO OIHANA (Harpea)

Iratiko oihanean barneratzea Euskal Herriko eremurik birjin eta basatienean barneratzea da; antzinako basoak zelakoak ziren ezagutzea; eremu magiko eta mitiko batean murgiltzea. Irati Euskal Herriko Amazonia da, hots, gure birika; azken finean gure lurrak sortu duen eta oraindik badirauen fruiturik gozoena.

Izan ere, izugarrizko landare mantu honek bere baitan gure altxorrik ederrenetako asko gordetzen ditu, natur mundu harrigarri baten froga gisa. Laburbilduz, baso hau miraria kontsidera daiteke, batetik izatea bera eta bestetik gaur arte irautea. Espero dezagun hurrengo belaunaldiek ere horrelaxe ezagutzea.


Iratiko mirariaren ezaugarriak

Iratiko oihanaren hedapena zehaztea gaitza bada ere, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artean banatzen diren 150 kilometro koadro inguruko zabaleran hauexek lirateke bere mugak: Ekialdetik Orhi mendia eta Ollokiako lepoa, Iparraldetik Ori eta Mendizar mendiaren arteko gailurrak, Hegoaldetik Abodiko mendizerra eta Mendebaldetik Berrendi eta Azalegi mendien arteko zabalunea.
Kaiku arbolatsu erraldoi horren hondoan Irabiako urtegia kokatzen da, eta berau mendean hartzen duen talaia, Orhi mendia, Pirinioetako lehen bi milakoa da. Europako Erdialdeko Oihan Beltzaren ondoren Europako mendebaldeko bigarren basorik garrantzitsuena den honek, paregabeko pagadi eta izeidia osatzen du. Zehazki, Iratik izei zuriaren mendebaldeko muga markatzen du Europan.
Irabiako urtegiaren mendebaldean pagoak erabat nagusi badira ere, ekialdeko zatian lurra izei luzeekin elkarbanatu behar du. Gainera, intxaurrondo eta urki franko ere topa dezakegu. Faunari dagokionez basoan basurdeak, orkatzak, katagorriak, oreinak, putreak, saizuriak eta abar luzea bizi dira, nahiz eta urtetan zehar populazioak beherantz egin, ehiza, turismoa eta egurraren ustiaketa dela-eta. Horrela, otsoa eta hartza aspaldian desagertu ziren. Udazkenean gerturatzen bazarete, irail azkenetan edo urriaren hasieran, orduko landare eta argiaren tonu arreen artean animalien orroa entzun ahal izango duzue, estaltze garaia baita.
Historian atzera eginez, itsasontziak egin asmoz, bi estatuek XVIII. mendean basoa ustiatzeari ekin zioten, berau urrituz. Halere, basoaren barnean mugarik ez izateak alde bateko zein bestekoen arteko liskarrak ekarri zituen, 1856an bi estatuek behin betiko muga erabaki zuten arte. Erabakiaren ondorioz, Ipar Euskal Herriak basoaren bosten bat jaso zuen, eta beste guztia Nafarroaren eskuetan geratu zen.
Nafarroako aldean, hertsi eta basatiena kontsideratua, bi eremu bereziki babestu dira, beren aberastasuna dela-eta: Mendilatzeko Natur Erreserba eta Lizardoiako Erreserba Integrala. Azken honek, inoiz ustiatua izan ez den pagadi-izeidi birjina gordetzen du Zabaleta mendian.
Azkenik, kontuan hartu bertan klima nahikoa hezea dela, udan bat-bateko ekaitzak ez direla batere arraroak eta gauez hotz egin dezakeela.
Harpea
Inora ez daraman leku isolatu batean, bi Nafarroak elkar ukitzen duten bazter galdu eta isolatuan, Luis Pedro Peña Santiagoren esanetan "isiltasuna, bakardadea, edertasuna eta buru gaineko haizea maite dutenak bakarrik heltzen diren leku batean", Harpea kokatzen da.
Bertan, Beherobiko erreka, egurrezko zubitxo, harrizko harresitxo eta artzain bordaren ondoan kobazulo misteriotsua kokatzen da. Triangelu ikusgarria, tolesdura arrokatsuak... natur mirari honen aurrean ahotsik gabe geratuko zarete. Errozate mendiko barrena behatzea ahalbidetzen digun fenomeno geologiko bitxi honek eta bere ingurune ederrak luzaroan gogoratuko duzuen osotasun zoragarria eratzen du.
Bertaratzeko, Organbide lepoa azken bordetaraino jaitsi baduzue, oinezko bidea ezin errazagoa da. Egin behar duzuen gauza bakarra azken borda horietatik ateratzen den bidezidorra bost bat minutu segitzea da. Segituan, txundituta utziko zaituzten Euskal Herriko paisaiarik politenetakoa osatzen duen mirari naturala ikusiko duzue: Izugarrizko mendi biren artean, goitik ehera isurtzen den errekatxoaren atzealdean, Harpeako begi okertua, ikuskizun zoragarria behatzen duen parajeko erregea.
Kondairak dioenez, udako arratsalde beroetan lamiak kobaren sarrerara irteten ziren, eta haitzaren gainean eserita, eguzkiaren azken errainuen artean distira itsugarria sortzen zuen urrezko orraziaz beren ilaia luzea orrazteari ekiten zioten.

EIHERELARRE


Jan eta lo egiteko:
**Hôtel Xoko Goxoa- (0)5 59 37 06 34. Logela bikoitza 220-250 libera.



ESTERENZUBI


Jan eta lo egiteko:
**Hôtel Artzain Etchea- Iratira bidean. (0)5 59 37 11 55. Logela 180-290.
**Hôtel Les Sources de La Nive- Ibilbidea.
(0)5 59 37 10 57. Logela 220.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude