«Hustutzeko bakarrik ez, hedonismoagatik ere idazten dut»

  • Modernitatearen kontra dabilen «karramarro» honen «aztarnak» egunkarietako «odolkietan» atzematen ditugu sarri. Iritzi zutabe horietan, «beti eskamak kentzen» aritzen zaio ETBko txoritxoari, Guggenheim aurreko Pupi txakurrari eta bestelako arrain potoloei.Telebistan ere egin du bere bidea: «Arrainak ura baino» maiteago zuen, Mafaldak ere, «Zopa Haundi». Eta zein gustura lokartzen garen igandero siloian kuzkurturik, «Sautrela» aurrean: ez programa astuna delako, ahots lodi eta kasik terapeutikoa duelako baizik.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre  |  Ixiar Eizagirre
2001eko irailaren 30a
Ipuin asko idazten dituzu, nobelak baino gehiago. Zer ezaugarrik egiten dute ipuin generoa zure neurri-neurrikoa?
Sarri mindu egin nau genero txiki bezala tratatua dela ikusteak. Ipuingintza ez da txantxa. Nik hurbilago ikusten dut poesiatik, nobelatik baino. Esan nahi baita, poesiaren lege bera jarraitu behar duela: ez du hitz bat alferrik eduki behar.
Nire bizitzaren antolamenduak ere badu zerikusia: ez naiz sekula maratoilari ona izan. Horretara bakarrik jarrita, ipuin bat idazteak eramaten ahal dizu 15 egun, eta nobelak urtebete edo gehiago.

Zergatik idazten duzu?
Idazten hasten naizenean ez da beteegi nagoelako bakarrik izaten. Akzio horretan hedonismo asko dagoelako eta oso ongi pasatzen dudalako ere idazten dut.
Edozer idazten dut: gidoiak, gutunak... Ez literatura bakarrik, asko maite ditut idazkera enkargu batera makurtzera behartzen duten lanak ere. Gustatzen zait administrazioko dokumentuak idaztea, txostenak, diskurtsoak... kasik, perbertitu bat naiz.

Noiztik perbertsio hori?
Ume umetatik idatzi dut. Badira 6-7 urterekin idatzitako lan argitaratuak. Umeen "Deia"n idazten nuen txiki-txikitatik eta 14-15 urterekin hasi nintzen kolaboratzen "Zeruko Argia"n. Literatur sarietan txikitatik hartu dut parte.

"Arrainak ura baino" liburua irakurtzen ari nintzen. Bertako protagonistak (Azkue ginekologoak) Madrilgo Burtsa leherrarazi zuenean, begiak jaso nituen telebistara, eta New Yorkeko dorre bikiak erortzen ikusi. Kasualitatea al da?
Nire nobela horretan, protagonistak mundu kapitalistaren sinboloa botatzeko beharra sentitzen du. Hasierako asmoa nobelan La Defens lehertzea zen. Eta La Defens da justu Parisen dagoen dorre biki horien parekoa. Izugarrizko dorre multzoa da, eta New Yorkekoa gertatu zenean, hustu egin omen zituzten hauek ere. Badirudi Simon Azkue pertsonaiak sintonia handia duela EEBBak eraso dituzten terroristekin.

Emakume batekiko maitasunak darama Madrilgo Burtsa lehertzera...
Badirudi pertsonaiak amodioagatik egin zuela atentatu hori, baina egiazki ez da hala. Badu beste arrazoi bat askoz pertsonalagoa. Simon Azkuek nire belaunaldiak dituen gabezia berak ditu. Ni jaio nintzenetik hona bizitza abiadura handiko tren batean sartu da. Guri egokitu zaizkigu hippyen mugimenduak, emakumeen askatze bidea, abortua, dibortzioa, diktaduratik irten eta ustezko modernitatean sartzea... Eta denbora guztian koherentzia exijitu diogu geure buruari, %ehunean zintzotasuna, eta hori ezinezkoa da. Osotasun hori bilatu ezinean, bere azalean sartu ezinean, protagonista erdi-erotu egiten da.

Osotasun hori bilatzen omen du, "gizon berria" deitzen duzun horrek.
Gizon berria bere ahotsa entzuten duena da. Denok gaude sartuta bide horretan baina badut kezka bat. Uste dut zarata gehiegi dagoela bazterretan, eta jendeak ez duela egiazki bere ahotsa entzuten. Milan Kunderak berak esana da, moderno izateko modu bakarra anti moderno izatea dela. Moderno ustekoen jarrera da "stablishmena kritikatzen dut eta, hala ere, ondo bizi naiz. Zein jatorra naizen". Denok gaude, ordea, sisteman sartuta, ihesbiderik gabe. Kontsumoak eta merkatuak bizi gaitu. Ez dut uste jarrera horrekin pertsona hazi egiten denik. Gaurko gizakiak ez dio begiratzen bere buruari eta kontsumitu egiten du auzokoak lain edo gehiago, "zerua lurrean" pentsatuz. Arretaz ibili behar da egia eta gezurraren artean ez nahasteko. Kontserbadore deitzen zitzaion lehenago progresoaren aurkakoari. Ene ustez, gaur egun progresista izateko modu bakarra, balizko progreso mota horren aurrean erne egotea da.

"Arrainak ura baino" liburuko Joxe Elosegi pertsonaia euskaltasunaren karikatura bat da: abarkak, kaikua, txapela... Nori ari zara zirika?
Pertsonaia horrek sinbolizatzen ditu hainbat eta hainbat euskal herritar. Euskaldun folkloriko, txapeldun, fededun, gora Erreala edo Athletic, horietakoak ugari ezagutu ditugu. Horrelako euskaldunak maite beharrean nago, nire herkideak baitira izan, baina gorroto ditut aldi berean euskalduntasuna horrela asetzen dutelako, ez direlako jabetzen bizi dugun egoeraz ere. Hartzen dituzte topiko batzuk, jeneralean kitsch-aren mundutik, eta horrekin kontsolatzen dira. Azken batean, miserable koldarrak baino ez dira.

Nolako euskalduntasuna maite duzu, orduan?
Ez zaio buelta gehiegi eman behar: gure herriaren gauzak ezagutzen dituena eta txarki dagoena, zela edo hala, aldatzen saiatzen dena. Beti ere, inguruan beste herri batzuk ere badirela ohartuz, jakina. Betiko metafora erabiltzeko: sustraiak ondo errotuta, mundua maite duena.

Hanka bat Hegoaldean duzu, bestea Iparraldean. Nolakoa da bi aldeetako euskalduntasuna?
Ezin da orokortu, denean pertsonak daude. Oinarrian ikusten dut fenomeno bera gertatzen dela. Jendea ez dago prest bere euskalduntasuna egiazki bizitzeko. Oso gogorra baita, hori bere azkenetaraino eramatea. Ikusten dut batzuk espainolera jotzen dutela, eta besteek frantsesera, baita euskara irakasleen edo politikari abertzale sonatuen artean ere.
Zoritxarrez, kasik atzera ezinezko prozesu administratiboetan zatituta gaude eta kulturalki oso jende ezberdina da Iparraldekoa eta Hegoaldekoa. Horretan Hegoaldekook erru handia dugula iruditzen zait. Iparraldea esaldi bat besterik ez da. Laino artean irudikatzen dugun lurralde bat. Baina egiazki, Hegoaldeko nork ezagutzen du Iparraldea? Neuk ere ez oraindik.

Telebistan egin duzun ibilbidea aztertu ezazu.
Fortuna handiko mutila izan naiz. Ikus-entzunezkoa oso lan sortzailea denez, oso gustukoa dut. Gainera idatzizkoan oinarritzen da. Eta niri ia denetik egitea egokitu zait: aurkeztea, zuzentzea, errealizatzea... Hori txarra eta ona da aldi berean, denetik ezagutu arren ezin baita ezertan ona izan. Hala ere, nik oso balantze positiboa egiten dut. Postu exekutiboak ere izan ditut, gero haserreak eta zigorrak ere ezagutu ditut, denetarik... Prozesu horretan heldu egin naizela uste dut.

Heltzen joan ahala, zer programa klase egitera iritsi nahi duzun garbiago izango duzu...
Hau jada ez da ETBren kontua soilik, orokorrean telebista ia guztiena da: gero eta gutxiago gustatzen zait dagoen eskaintza. Ni albistegi eta dokumentalen kontsumitzailea naiz, eta noski, film onak ere oso gogoko ditut. Beste generoak ez zaizkit hainbeste interesatzen. Ezta lana egiteko ere. Telebista aurrean jarri, eta niretzako garrantzizkoa da zerbait ikasi duzunaren irudipenarekin altxatzea.
Lehen ETBk bazuen helburu mesianikoago bat. Hasieran ez zuelako inork ikusten, audientziarik ez zegoelako. Nolabait, "Euskadi salbatzen" ari ginen. Orain hori dena audientziaren legeetara makurtu da. Salbuespenak salbuespen, orain, ingurukoetan bezala, zerbitzuzko programa gutxiago egiten da eta ia programa denak dira "jijirijijai".

Kultur jendea beti audientziaz kexatzen da. Baina bada beste biderik lehiakorra izateko?
Telebista publikoan badago, ez bakarrik beste biderik, baita beste obligaziorik ere. Euskal telebistaren lana da audientzia propio zintzo bat sortzen joatea. Oso geuretzakoa den telebista bat egin beharko litzateke. T5 edo A3ek programatzen duen gauza bera programatzeak ez du zentzurik. Besteek ematen duten zabor klasea banatzeko beste lekurik ez dugu behar, eta gainera guk ordaindua. Audientzia bada arazo, har dezala prime-timea baita pornografia eskaintzeko ere. Baina zerbitzuzko programak egin egin behar dira.
Egia da, hala ere, ETBri ez zaizkiola eman behar berezkoak ez dituen ardurak. Gauza guztien panazea bihurtzen dugu askotan ETB, dena berak salbatu behar balu bezala. ETB telebista bat da soilik, baina geuk ordaindua eta geuretzakoa. Teorian behintzat.

Etorkizun hurbilean telebista kateak biderkatu egingo omen dira kablearekin, eta kate tematikoak ere sortuko dira. Zer etorkizun du euskara hutsezko kate batek?
Esan bezala, guretzako beste inork egiten ez dituen gauzak eskaintzea da estrategia zentzuzkoena, eta horretan erreferente bihurtzea. Ugaritasunarena arazo izanen da. Hondar ale bakarra ez da ikusiko hondartza horretan. ETBk derrigorrez biderkatu egin beharko du eskaintza. Kanal generalista izaten jarraitu beharko du, baina gaikako pila bat ere bai: umeentzako kanal berezitua, kiroletakoa... Asko poztuko naiz hala gertatzen bada, orduan edukiko baititut literaturaz, animaliez, osasunaz, aritzen diren "txapa minoritario" horietakoak.

Ez al da posible literatura eta antzerako gaiak "txapa minoritario" beharrean, telebistaren bidez denengana zabaltzea?
Eskola, unibertsitatea, eta orokorrean heziketa eta gizartea dauden bezala egonda... ez. Gainera audientzia kontsumoaren faktore gehiagorekin lotuta dago. Literatura kontsumoa 0,0001ekoa bada, ezin da eskatu horri buruzko saioaren audientzia %50ekoa izatea eta iluntzeko bederatzietan gainera. Baina kontua da, nahiz eta literaturari eskainitakoa bezalako programak jende gutxirentzat izan, sortu eta eskaini egin behar direla. Zergatik? Minoriek ere badutelako eurek ordaintzen dutenaz gozatzeko apeta. Zertarako? Euskal giza-espeziea hobetzeko.

Nazio mailako beste katearen bat euskaraz zer litzateke, gehitxo?
Ikusiko da nola datozen belaunaldi berriak. Oraintxe ari dira iristen literaturara euskal liburuen kontsumitzaile naturalak. Hona arteko denok esfortzuz jo dugu euskal literaturara, oraindik ere kosta egiten zaigu euskaraz irakurtzea. Gauza bera gertatzen ahal da telebistarekin. Eskaera balego, sortuko lukete. Katea batzuk hasi dira pausoak ematen zentzu horretan, ziur aski interes politiko maltzurrekin.

Generazio naturalak iritsi dira, baina egoerak anormala izaten jarraitzen du. Non dago oreka?
Belaunaldi naturala aipatu dugu, eta alde onak eta txarrak ditu aldi berean. Naturaltasun hori aurrekoen ahaleginak ekarri du. Gure belaunaldikoei eta aurrekoei eskertu beharrekoa da, ikastolak sortzen aritu ziren heroi haiei guztiei. Ona da, euskaldun naturalak gehiegizko pisurik gabe ariko direlako lanean, eta egiazki eurek nahi dutena egiten. Baina horren arriskua desmemoria da. Gazteek guk baino gehiago zaindu beharko dute memoria. Guk oso present daukagu denbora aldaketa hori guztia. Oraingoek horrela ezagutu dute, baina egoera ez da horrelakoa sorreratik, asko arriskatu delako baizik.

Zutabegile aditua zara, "odolkigile" profesionala.
Oso genero garrantzitsua da niretzat, taberna mailako bla-bla-bla-bla hori guztia zentzutzeko, eta neure pentsamenduak eraiki eta ordenuan jartzeko balio baitit. Hiztun zabarra naiz ni. Idazten beti txukunago. Agian ez dut asmatzen gaurkotasunaz kanpoko gaiez idazten. Egunerokotasunak harrapatu egiten zaitu. Baina mila artikulutik gora idatzi ditut honezkero, eta azkenerako langintzaren trikimailuak hartu ere egiten dira. Aldiro daukat barruan har eta kezka hori, zer idatzi, eta nola... Baina badakit aterako dela. Denborarekin hartzen da konfiantza apur bat.

Iritzigile asko dago, baina zenbat buru hainbat aburu, edo denek esaten duzue gauza beretsua?
Nik hor larrua uzten dut. Pentsatzen dudana ongi idatzi arren ez dut mundua aldatuko, baina hori da gure lana. Leku askotan argitaratu dut baina, hala ere,jende askok galdetzen dit: "nola jarraitzen duzu "El Mundo"n idazten?" Adizu, erantzuten dut, niri ez didate sekula hitz txar bat egin! Eskizofrenia dirudi aldi berean "Gara"n eta "El Mundo"n idazteak, baina bietan jartzen dut pentsatzen dudana. Ziur naiz "El Mundo"ko irakurle askori ez zaiola gustatzen nik idatzitakoa, ezta "Gara"ko askori ere. Zutabegintza da lagunak galtzeko bide errazena.

- Jaio: Elgoibarren, 1957an.
- Bizi: Hendaian.
- Argitaratutako liburuak: Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (1984), Estatua baten historia (1988), Mugetan (1989), Alajaineta (1995), Sukaliztegi partikularra (1997), Karramarroaren aztarnak (1997), Erabateko sukaldea (1998), Arrainak ura baino (2001).
- Sariak: Literaturan: Bilintx (Haur literatura, 1987), Imajina ezazu Euskadi (1990), Julene Azpeitia (1992), Rikardo Arregi (Kazetaritza, 1993), Irun Hiria (1998), Gabriel Aresti (Ipuingintza), Telebistan: Antena de Oro eta Emakunde.
- Aurkeztu eta zuzendu dituen telebista saioak: Zopa Haundi, Lapikoka, Fahrenheit, Beti eskamak kentzen, Ez dago larrosarik eta Sautrela.
- Iritzi artikuluak idazten ditu: «Euskaldunon Egunkaria»n, «El Mundo del País Vasco»n, «Gara»n, «Argia»n...

Doinua: Aita izena
Orri zuriko puntu beltzaren
itzalaren erruduna,
bikoitz antzutu zentzu bakardun
ironiaren laguna,
gure ideien bonbilekiko
kontrastearen iluna,
zeinen topiko kitsch hutsak garen
oroitarazten diguna,
zu zara Hasier Etxeberria
Sanchez Dragó euskalduna.
Aitor Mendiluze


"Euskara batuaren auzia hasi zenean Xabier Gereñori galdetu nion eta hasiera hitzetik eratortzen ziren guztiek h-z behar zutela erantzun zidan. Euskara batuaren aldeko garai gogor haietan Hasier jartzen hasi nintzen eta h horri harrapaturik gelditu naiz."
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-21
"Nahiz eta euskararen problematika ulertu, euskaraz lan egin eta euskara maitatu, gozoago irakurtzen dut espainolez. Niri, 43 urterekin, alfabetaturik, ikastaroak eman ondoren, Euskaltzaindiaren titulu guztiak edukita, nobela bat irakurtzen hasi eta hiztegira jo beharrak min egiten dit."
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-21
"ETB2 sortuz geroztik, ETB1 "anaia txikia" bihurtu zen. Kirolak, erretransmisio folklorikoek eta bikoizketarik behar ez duten produktuek (Mister Bean, Burusoiltxo, Algara...) betetzen dute ia programazio osoa".
Euskaldunon Egunkaria, 1999-07-03
"Neure seme-alaben kontenplazionean dut plazerrik handiena gaur egun."
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-21
"Guggenheim jarri edo Disneylandia jarri, arrakasta ekonomiko bera izango zen. Ezer gutxi ekarri dio euskal artistari, eta ez dut uste artearekiko sentsibilitatea zabaltzeko balio izan duenik."
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-21

BIZITZAREN PASARTEA
Egun batean Oteizak bazkaltzera eraman ninduen Getariara. Berak eskatu zuen bion bazkaria eta oroitzen naiz asko haserretu zela lanpernarik ez zegoelako. Ezpata fin bat atera zuen esku-makilatik eta jangelaren erdian dantzatu zuen airean builaka, ia zer jatetxe mota zen hura, itsas ertzean egonik lanpernarik ez edukitzeko. Ikaraturik begiratu ziguten hango mahaietan ziren guztiek.
Eseri ginen bazter batean eta halako batean, izkiren ostean, egundoko ostra bandejadaka agertu zen mahai gainean. Bizpahiru dozena, seguru. Ordura arte higuina baizik ez zidaten eragin ostrek, irensten mila aldiz saiatuagatik. Ez nintzen ausartu, ordea, ez zitzaizkidala gustatzen esatera. Jorgek biziki maite ditu ostrak eta ezpataz jo edo zulatuko ninduela uste izan nuen. Horrelakoak eta handiagoak ere ikusi izan dizkiot. Kontua da, egun hartatik aurrera, ostrak jaten ditudala. Berak ez dakien arren, hori ere Oteizari zor diot.

ARGAZKI ZAHARRA
Eskolako argazkia: Atzeko lerroan, mutilik handiena, Hasier. Aurreko lerroan, eskuinetik hasita lehenengoa, Arnaldo Otegi.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-11-21 | ARGIA
Lanbidek emakumeekiko daukan jarrera salatzeko elkarretaratzea egin dute Bilbon

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza aurrean batu dira hainbat hiritar, “Gure prekarietatea, haien negozioa” lemapean. Bereziki indarkeria matxista pairatu duten emakumeak kaltetuz, Lanbidek darabiltzan praktika okerrak eta murrizketak izan dituzte jo puntu.


2018-11-21 | Tasio Erkizia
Ikastolak-eskola publikoak: elkarlanean ala mokoka?

Modu kezkagarrian ari dira zabaltzen gure herri askotan, eta bai hezkuntza-komunitateko zenbait eragileren artean ere, ikastolen eta eskola publikoen arteko lehia eta mokoka aritzeko jarrerak. Elkarrekiko itxura gabeko deskalifikazioak eta mespretxuak. Noizbehinka, zenbait iritzi-artikulutan ere, adierazpen oso dogmatikoak irakurtzen ditut.


Hemen da Mastodon.eus

Asteazken honetan aurkeztu dugu Bilbon Mastodon.eus sare sozial libre eta federatua. Azkue Fundazioa, PuntuEUS Fundazioa, Iametza, Laborategia 2.0, Talaios Koop. eta Dinahosting erakunde eta pertsonen elkarlanetik sortu da eta euskal komunitateak fedibertsoan bere espazioa izan dezan helburuarekin abiatu da.


2018-11-21 | Iigo Igartua
"Black Fraude", erosketarik gabeko egun bat eta kontsumo arduratsuko 364 egun aldarrikatuz

Setem Bidezko Salerosketa eta Kontsumo Arduratsuaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeak eta OCSI Lankidetza eta Nazioarteko Elkartasunaren Erakundeak Black Fraude eguna antolatu dute. Egungo modelo produktibo eta kontsumista salatu, eta kontsumo eredu alternatiboak sustatzea du helburu ekimenak.

 


2018-11-21 | ARGIA
13.000 saski bidez, Errigorak 162.500 euro bideratuko ditu Nafarroako hegoaldeko euskalgintzara

Errigorak dagoeneko amaitu du bere seigarren saski kanpainaren eskaera unea. Udazken hasieran eskaerak egiten dira eta hauek prestatu ondoren orain banaketaren unea da. Honetarako Nafarroa osoan eratu duen sare zabala erabiltzen du Errigorak, besteak beste eskola, auzo elkarte, euskaltegi, taberna edota herri mugimenduko beste hamaika talde.

 


2018-11-21 | Arabako Alea
Garbiketa greba mugagabea deitu dute Gasteizen abenduaren 2tik aurrera

Langileek salatu dute FCCk ez dituela atzerapenak ordaindu, eta adostutako aurretiko erretiroak ere ez dituela eman.


2018-11-21 | ARGIA
Espainiako hauteskundeak maiatzeko beste bozetatik bereizi nahi ditu EAJk

Espainiako hauteskundeak aurreratzeko aukera geroz eta gehiagotan aipatzen ari dira hedabideak eta mahai gainean dagoen datetako bat datorren urteko maiatzaren 26a da, udal eta foru hauteskundeak eta Europako parlamentukoak egingo diren egun bera. EAJk posibilitate hori txartzat jo du.


Elgoibarko ahozko euskara
MULTIMEDIA - solasaldia

Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo elgoibartarrak Elgoibarko euskara aztertu du eta 2011ko irailean solasaldi hau eskeini zuen.


2018-11-21 | Hala Bedi
Mediku egoiliarrek txosten klinikoak euskaraz idatziko dituzte Gasteizko ospitaletan, Euskaraldiaren uholdea probestuta

Gasteizen lan egiten duten mediku egoiliar ugarik urrats txiki baina esanguratsua egingo du datozen egunetan: gaixoei bideratutako txosten klinikoak euskaraz idazten hasiko dira. Osakidetzak baimena eman die hainbat zentrotan, baina trabak ere jaso dituzte. “Langileok gure aletxoa jartzen hasiak gara, bada garaia euskaldunok gure osasunaren jabe bihurtzeko”.


2018-11-21 | Iigo Igartua
Kalez jantzitako guardia zibilek Altsasuko gazteak probokatu dituzte beste behin

Berehala identifikatuak izan ziren kalez jantzitako guardia zibilek gazte ugari probokatu dituzte Altsasun joan den larunbat gauean. Gazteei beren izenez deitu eta “orain bai, lau baten aurka” bezalako esaldiekin kalera borrokatzera joateko “gonbiteak” luzatu dizkiete.


Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude