ERRIOXAKO UZTA BERRIA: ONA BAI, BAINA SALDUKO AL DA?


2001eko irailaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Azken orduko eguraldi gorabehera larririk ezean, XXI. mendeko lehen uzta kalitatezkoa izango da Errioxan, baina baliteke mahatsaren prezioak behera egitea. Horrela laburbildu daiteke Errioxako Ardoaren Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileko adituek eta ekoizleen sektore batzuk egiten duten iragarpena.

Mahats bilketari buruzko aurreikuspenak egiteko garaian, adituek mahastien osasun egoera ona eta mahatsaren heldutasunak izan duen duen bilakaera egokia balioesten dute. Une honetan baldintzak betezen dira eta, hala, azken orduko arazorik sortzen ez bada, XXI. mendeko uzta kalitatezkoa izango dela dirudi.

KLIMA ONA ETA IZURRITE EDO EKAITZIK EZ.

Orain artean oso klima ona izan da mahatsarentzat. Tenperatura egokiak eta gorabehera aipagarririk ez, leku jakin bat edo bestetan izan ezik; eta ekaitz garrantzitsurik ez jasan izanak ere berebiziko eragin onuragarria du. Landarearen zikloan zehar izurriteek edo gaixotasunek ere ez dute kalte aipagarririk eragin mahastietan, eta, horregatik, eguraldiak zertxobait laguntzen badu, kalitate handiko ardoa lortuko da Kontseilu Arautzaileko adituen ustetan.
Ekoizleek gehiegizko mahats kopuruaren kezka dute, eta ekoizpen handiegiak saihesteko neurriak hartzekotan dabiltza. Horrela, batzuk, dagoeneko, mahats sortak murriztu egiten dituzte mahatsondoetan, geratzen direnen kalitatearen mesedetan. Zenbait upelategik jakinarazia dute zazpi edo zortzi mahats sorta baino gehiago dituen mahatsondoetako mahatsik ez dutela erosiko. Nolanahi ere, ez dirudi erraza hektareako 6.500 kilotik gorako uztarik aurrera ateratzea, hori baita Kontseilu Arautzaileak Jatorrizko Izendapenaren inguruan jarritako gehienezko muga.
Kalitatea handia izango bada ere, mahatsaren prezioak oso behera egitearen kezka azaldu dute ekoizleek. Zenbait kooperatibak oraindik saldu gabe ditu iazko ardoak, eta aurten ezingo dute ardo gehiago egin; izan ere, hamabost egunetan merkatuan mahats kopuru handiak biltzeak jaitsiarazi egiten baitu prezioa. Upelategiak egoera horretaz baliatzeko arriskua ere nabarmena da, bai baitakite ekoizleek ez dutela hainbeste mahats gordetzeko biltegirik, eta horrek are gehiago jaitsaraziko luke mahatsaren prezioa. Arabako Errioxako Ekoizleen Elkarteak ere horrelaxe adierazi du, hau da, kalitateko mahatsa izan arren prezioak behera egingo duela. Nolanahi ere jakin badakite upelategiak kalitaterik handieneko mahatsen bila joango direla eta ordaindu egingo dutela. Aitzitik, prezio ezberdin ugari egongo dela aurreikusten dute.

ESPORTAZIOAK AMILDU.

Azken hamarkadan Errioxa ardoak hazkunde ikusgarria izan du, bere salmentak hiru aldiz handiagoak bihurtuz kopuruari dagokionez, eta bost aldiz handiagoak balioari dagokionez. Baina bilakaera horrek erabateko etena izan du 1999. eta 2000. urteetan, eta beherakada handiak izan ditu merkatu guztietan, batez ere esportazioetan: %30 kopuruan, eta %12 fakturazioan. Horren arrazoia prezioen igoera izan zen. Hori ikusteko, nahikoa da Errioxako ardoen esportazioek azken hamarkadan izan duten bilakaera jasotzen duen goiko taulari begirada bat ematea.
Horrela, 1990. urtean 23 milioi litro eta 8.526 milioi pezetako (341 milioi libera) esportazioak izatetik 1995ean 59 milioi litro eta 26.000 milioi pezetakoak (1.040 milioi libera) izatera heldu ziren, eta gailurra 1998an egin zuten 71 milioi litro eta ia 42.000 milioi pezetarekin.
Hortik, erabat amildu ziren 1999. eta 2000. urteetan: 57 milioi pasatxo 1999an, eta ia 40 milioi litro 2000. urtean. Hala ere, bi urte horietako fakturazioa, prezioek izandako igoeragatik, ez zen txikiagoa izan: 44.000 milioi pezeta 1999. urtean, eta 38.630 milioi pezeta 2000.ean.
Egoera honek kezka larria sortu du sektorean, nahiz eta hazkunde garai luzearen tarteko bolada bateko krisialditzat hartzen den. Hori kontuan izanik, esparru horretan aurreikusten ziren inbertsioak aurrera egiten jarraitzen dute. Edozein modutara ere, krisialdi horrek mahatsaren eta ardoaren prezioarekin kontuz ibili beharra erakutsi die; izan ere, 1999. urtean 400 pezetatik gorakoa izan zen mahats kiloaren prezioa eta beranduago ardoarena.
Azken hamarkada honetan Errioxako ardoak hedatze handia izan du maila guztietan. Horrela, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak emandako datuen arabera: ekoizpenerako azalera 43.000 hektareatik 52.000 hektareatara igo da; errendimendua hektareako 37.4 hektolitrotik 60 hektolitrora; barneko salmentak, 77 milioi litrotik 140 milioi litrotara, eta esportazioak 26 milioi litrotik 70era; eta, azkenik, upelategiak, 100 izatetik 262 izatera iritsi dira.
Prezioek igoera apala izan zuten azken hamarkadan zehar, 1990eko 374 pezetako batez besteko preziotik 1999ko 772 pezetakora igaroz. Baina bilakaera orekatu hori guztiz etenda gelditu zen 1999. urtean. Izan ere, 273 milioi litroko uzta izatetik 216 milioi litro izatera jaitsi baitzen, eta horrek mahatsaren prezioa izugarri igotzea eragin zuen. Errioxako ardo gaztearen litroa, batez beste, mila pezeta ingurura iritsi zen, aurreko bi urteetan 586 pezetakoa izanik. Ulertzekoa denez, egoera horrek bere isla izan zuen merkatuan, bereziki kanpoaldeko merkatuetan. Horrela 1998an 71 milioi litroko esportazioak izan baziren, ondorengo urteetan 51 eta 39,8koak izan ziren, %20,15 eta %30,24ko beherapenak nozituz, hurrenez hurren. Salmenten balioa, berriz, 44.000 milioi pezetatik 38.500 milioi pezetara jaitsi zen.
Errioxako salmentek Alemanian jasan zuten beste inon baino eragin handiagoa, eta 2000. urtean %67 murriztu ziren -bi urtetan 16 milioi litrotatik 4ra jaitsiz-. Beste hainbat herrialdetan ere beherakada garrantzitsua izan zuen: Holandan (%38) eta Suedian (%34). Errioxako ardoaren merkaturik garrantzitsuenak diren Britainia Handian eta Suitzan %18an jaitsi ziren salmentak. Salbuespen gisa Mexiko aipatu behar da, %17,55ean igo baitzen Errioxako ardoaren salmenta. Nolanahi ere, Errioxako ardoaren bezerorik onena Britainia Handia da oraindik, han 9.700 milioi pezeta eskuratu ziren eta 12 milioi botila saldu. Salmenta kopuruari dagokionez, Suitza eta Alemania dira hurrengo herrialde garrantzitsuenak.
2001. urte honetan zehar Errioxako ardoa hasia da beren salmenten kopurua berreskuratzen, eta batez beste %50 igo ditu bere esportazioak. Joan den urtean, uzta handiagoa izan zutenez, 150 pezetara jaitsi zen mahats kiloaren prezioa, eta horrek prezioak murriztea eta salmentak berreskuratzea ekarri du.

PRODUKZIOA MUGATZEA.

Bere iritzia adierazi duten aditu guztiek diotenez Nafarroako ardoaren sektoreak duen arazorik larriena gehiegizko soberakinetan datza, eta, beraz, ezinbestekoa dute ekoizpena mugatzea kalitatea hobetzeko. Nafarroan ardoaren sektoreak 80 upelategi eta 6.500 mahastizain ditu dagoeneko. Nafarroako Jatorrizko Izendapenarekin 16.516 hektarea ditu, eta beste 5.802 Errioxako izendapenarekin.
2000ko uztan 160 milioi kilo mahats inguru bildu ziren, eta horietako 125 milioi kilo Nafarroako Jatorrizko Izendapenaren barruan sartu ziren eta 35 milioi kilo Errioxako izendapenean. Horrek esan nahi du 2000. urteko uztan aurreko urtekoan baino 45 milioi kilo gehiago bildu zirela.
Kontseilu Arauemailea neurri batzuk ari da hartzen ekoizpena murrizteko eta ardo nafarren kalitatea hobetzeko. Esate baterako, produkzioa hektareako 8.000 kilotara mugatzea, aurreko urteetan onartu zen %25eko igoerarik egin gabe. Kalitateari buruzko parametro batzuk ere ezarri ditu kolorearekin.
Nafarroan ere XXI. mendeko lehen uzta oparoa izatea espero da, eta, ondorioz, prezioek behera egingo dutela eta aurreko urteetan baino askoz gutxiago ordaindu litekeela uste dute. Errioxan bezalaxe oso kalitate handiko mahatsak ondo ordainduko dira, baina ez dirudi mahats arrunta kiloko 50 pezeta baino gehiago ordaintzeko asmorik dutenik upelategiek.
Gauza jakina denez, Nafarroan ardo gorri, beltz eta zuriak ekoizten dira. Joaquin Pegenaute Nafarroako Ardogintza eta Enologia Estazioko zuzendariak dioenez, ardo gorria izan da "kalitatearen aitzindaria", lehen, orain eta beti; ardo beltzak etorkizun izugarria du kalitatezko ardoetan, bai ardo gazteetan eta bai onduetan; ardo zuriei dagokienez, Chardonnayrekin "kalitate handiko ardoak lor daitezke" zenbait ingurutan.
Azken asteetan adierazpen batzuk entzun dira Nafarroako Jatorri Izendapeneko ardoek sumatzen duten merkatu kuotaren galera iraunkorrak eragiten duen kezka nabarmenduz. Izan ere, urtearen lehen seihilekoan %3 jaitsi baitzen berriro. Nafarroako administrazioak bolada txar baten ondoriotzat jo zuen beherapen hori, baina adituen ustetan, beherako joera horrek horrela jarraituko du, baldin eta sustapen aldetiko zuzenketaren bat egiten ez bada. Esate baterako, Errioxako Izendapena daraman ardoaren kasuan, hari dagokion plan bat osatu da, 400 milioi pezetetako aurrekontuarekin, Errioxako ardoei bultzada indartsu bat emateko asmotan


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude