Hamar urte bete ditu jada Iruñeko Gor diskoetxeak. Hamar urte daramatza, beraz, euskal rocka bultzatzen, eta hoberena dena, dagoeneko 100 disko kaleratu ditu. Eta hori guztia ospatzera dator Gor-ek plazaratutako azkenak, hau da, «Aurtengo Gorakada, 5» diskoak eta gehitu dion CD ROM-ak. Diskoan, Skalariaken «Eguzkitan edan», Ken-7ren «Zenbat min», Txapelpunken «Ese soy yo», Su ta Gar-en «Eromena», Cuervo de Chivo-ren «Pánico Rodríguez», Buitraker-en «F.M.I.», Mad Bomber-en «Patxi (Kabernikola mix)»eta Hemendik at!en «Bandera, untzi eta kalaberaz» kantuak jasota daude. Bigarrenean, berriz, hau da, ikus-entzunezko formatuan, Berri Txarrak taldeak zuzenean eskainitako «Betiko leloaren betiko leloa» kantuaren bideoa agertzen da.