ZERTARAKO DIRA OPORRAK?


2001eko irailaren 02an
NK-k, berriro ere galdera xinplea bezain bihurgunetsua egin dit, nerabeei buruzko artikulu hartan egin bezala. Zenbat begi, hainbat argazki egin dakizkioke oporren paisaiari, nahi beste erantzun aurkituko dugu eta denek dute izateko arrazoiren bat. Garbi dagoena zera da, urte osoa pasatzen dugula udako hilabetea noiz iritsiko eta, oporrak hasi orduko hauen amaierarekin kezkatzeari ekiten diogula, berriro lanean edo gure zereginetan hasteko eguna hortxe dagoela ohartuz. Dena den, oporren aurrean hartzen dugun jarreraren arabera, honako «oportarrak» aurkitu ditut:

Kilometros: honen helburua berrien berri izatea da, berdin da lekuak, harriak, elizak... baina zerbait berria «ezagutu». Horretarako, Mundua hogeita hamar egunean zeharkatzeko prest dago, kostatik kostara kosta ahala kosta. Urterik gehiena interneten eta bestetan bidaiari buruzko xehetasunak aurkitzen pasatzen du eta bere lema "dirurik gutxiena gastatuz, bazterrik gehien ikusi" izaten du. Abiatzean baino askozaz nekatuago itzuliko da baina zer kontatua ekarriko du eta, aldaketaren aire-berritzeari esker, beste hamaika hilabetez ardurei aurre egiteko adorea gainezka. Irudimentsua baldin bada, bizi izan duenari amestutakoa erantsi eta hilabeteak pasa ditzake oporrei zukua ateratzen.

Obseguzki: izaki hau, gauza guztien gainetik, eguzkiak liluratzen du. Ezin da bizi bera eta bere bertute beltzaranik gabe. Krema mota ia denak hartu eta, egunak argia duen arte, hondartzan etzanda egoteko joera du, hilabetean. Hori bai, sistematikoki gorputza posizioz aldatzen joango da kolore orekatua lortze aldera soin atal guztietan eta, iluntzean (aftersun eman ondoren) jantzirik gogokoenez erdi estalita, bere buruaz pozik eta osasunez bor-bor, miope begiradaz, pauso patxadatsuan ibiliko da etorbiderik jendetsuenean. Oporretatik herriratzean kolore bikaina ekarri duela esaten ez diona erruki!

Betikotarra: familiako norbaitek, askotan gurasoek, behin aurkitu zuten herrian kanpinean, apartamentuan, hotelean... edo auskalo non, urtero bere hilabeteko egonalditxoa egiten duena. Ohitura zalea eta eguneroko bizitzan egiten duena oporretan ere egin zalea. Eguneroko erosotasunak inguruan, urtero tratua eteten ez duen jende multzo berriarekin etxean bezala sentitu ohi dena. Askotan, herrian geratzea oporrik gabe geratzea dela sinesten duelako bakarrik joaten dena oporretara. Gainera, gizonezkoak askotan eta emakumeak beti, bere etxea baldin badu oporleku horretan, eguneroko bizitzan egin ohi duen hainbeste lan egiten du oporretan ere.

Bertan gozo: inora joateko bidaia, trasteleria, aldaketa eta abar alde batera utzi eta hilabete honetan herria erdi hutsik geratu dela aprobetxatuz, sekula baino zoriontsuago eguneroko lekuetan inoiz aurkitzen ez duen lasaitasunaz gozatu zalea da. Inolako konplexurik gabe tarteka inguruko mendi, herri edo jaietara bisitatxoak eginez, zoriontsu da. Oporrak amaitzean oso funtzio garrantzitsua izaten du gainera: aurrez aipatu bi «oportarrek» derrigor kontatu behar dutena arretaz entzun eta interesatuki jarraitu, berak ez baitu ezer "berririk" kontatzeko.
Nire aurkikuntzaren berri eman diodanean, NK-k, besteak zirikatu baizik ez dudala egin esan dit eta berak ez didala zenbat «oportar» mota dauden galdetu, oporrak zertarako diren baizik!
Gehienok, gure ekonomiak ahalbidetzen digunaren arabera, diru xahuketa huts antolatzen ditugu. Urte osoko lan zama arindu eta hurrengo kurtsoa hobeto nola bizitu pentsatu ordez, kolpean ahaztu eta hilabete egoera paradisiakoan pasatzen saiatzen gara, ia beti saiatu bakarrik, zergatik? Pentsatzeko astirik ez dugulako hartu nahi, edo horretarako ohitura galdu dugulako. Egunerokotasunak irentsi egiten gaitu oporretan ere.
Zertarako dira oporrak? Arrazoi dauka NK-k, bizitzaz gogoeta egiteko hartu behar genituzke, zoriona aurkitzen ahalegintzeko eta gauzak nola antolatu pentsatzeko bizimodu duinaren mesedetan. Astia dugunean egiten ez badugu, noiz egin behar dugu hau dena? Hortik hasi beharko lukete gure oporrak baina nik ez dut asmatu aurten ere horretan, eta zuk NK?


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude