ARRAUNAREN OLINPIADAK


2001eko irailaren 02an
Kontxako estropadak iraileko lehen bi igandeetan jokatzen dira. Arraunzaleen festa egun nagusia bigarrena izaten da nolanahi ere. Jendea goizeko lehen orduetatik ibiltzen da Donostiako Alde Zaharreko kaleetan; probintziatik eta Bizkaitik joaten dira gehienak, eta oro har, Euskal Herriko txoko guztietatik, baita Kantabria, Asturias eta Galiziatik joan ere. Tabernak 10:00ak aldera irekitzen dituzte eta nork bere arraun taldearen elastikoa jantzirik, goizeko lehen orduetatik hasten da txikiteoa. 11:00ak aldera, ogitarteko eta ardo zahatoarekin Urgulera, Igeldora edo portura joaten dira ikusleak estropada jarraitzera. Estropada behar bezala jarraitzeko, ardo zahatoa, irratia, ogitartekoa eta prismatikoak eramaten dituzte beteranoek. Badira, hala ere, tabernako telebistan ikustea nahiago dutenak. Eguraldi ederretako igandeetan, jendez gainezka daude kale guztiak, gazte eta ez hain gazte, neska, mutil eta jarraitzaile guztiak nahasturik ibiltzen dira elkarri zirikatzen.

Estropada amaitzean, traineruak portura iristen dira, giro oso polita izaten da. Mementu alaienak bandera irabazi duen taldeak bizi ditu batez ere. Kolorez gainezka (gorria, horia, larroxa, zuria...), arraunlari guztiak eta haren jarraitzaile piloa elkartzen da portuan, ikuskizuna zoragarria izaten da. Pintxoa eta txakolinaren mementuk datoz gero.
Aitorrek -«Aralar» tabernako nagusia- honela azaldu digu giroa: «Egun horretan txakolina da gehien kontsumitzen den edaria, arratsaldeko bostak arte etengabe ari gara txakolinak zerbitzatzen. Ordu hortatik aurrera alkoholaren efektuak nabariak izaten dira». Arraunzale gazteagoek ordea ez dute txakolinik edaten, sagardoa, garagardoa eta kalimotxoa baizik. Pintxoaren ordez, ogitartekoa jaten dute askotan eta alkoholaren efektua ere nabariagoa izaten da gazteengan. Traineru ezberdinen jarraitzaileek elkar zirikatzen dute, baina beti ere, adiskidetasuna izaten da nagusi. Arratsalde partean, batzuek, muturrak berotuak jadanik, beren trainerua eta kolorea animatzen segitzen dute oraindik. Igandea izanik, jendea ez da berandu arte gelditzen, hurrengo egunean, ajearekin, baina beharrera joan behar baita.


Apustak gora eta behera, dirua barra-barra

. XIX. mendeko marinel eta arrantzaleentzat funtsezkoa zen ontzietan azkar ibiltzea. Portura lehenengo iristen zen traineruak, prezio onenak lortzen zituen. 1920ko hamarkadatik aurrera, baporeek traineruen lekua hartu zuten arrantza munduan, eta denboraren poderioz, lana kirola bihurtu zen. Kirol honen hazia ordea, euskaldunek norgehiagokarako duten afizioak erein zuen. Euskaldunek badute postura egiteko ohitura handia, herriko jaiak direla-eta, pilota partidaren nahiz edozein norgehiagokaren aitzakian. Badira baserririk gabe geldituak eta emaztea eskaini izan dutenak. Kontxako estropadetan trabes egiten dutenak ere ez dira gutxi, baina ehunka pezetako apustak baino ez dira egiten bertan.
Datu historikoen arabera, 1871 urtean, Hondarribia eta Pasaiak elkarren arteko desasafioa jokatu zuten. Hondarribiatik Donostiaraino pasaitar eta hondarribitarrak nor lasterragoan aritu ziren, pasaitarrak nagusituz. 1879an Donostiako Udalak bi traineru horiek deitu zituen herritarren artean ikusmin izugarria sortu zuen estropada hura jokatzeko. Horrela, Kontxako lehen bandera jokatu zen. Apustek eragin zuzena izan zuten lehiaketa mantentzeko.
Gaur egun, oraindik ere, jendea postura egiteko tokietara hurbiltzen da Kontxako estropaden egunean. Mota guztietako apustlariak dira, jarraitzaile sutsuak nahiz dibertitze aldera diru pixka bat jokatzen dutenak. Kontxako banderarako sailkapena abuztuaren azken ostegunean jokatzen da aurten (arratsaldeko 18:30an) eta hura amaitu ostean hasiko dira apustak. Apustak, berez, Donostiako Turismo eta Ikuskizun Zentruak antolatzen ditu eta Begoña Saralegi da 1997tik koordinatzailea. Bi motako apustak egin daitezke, Begoñaren esanetan: «Alde batetik ‘bizki bikoitza’ bezala ezagutzen diren apustak daude. Lehenengo eta bigarren txandako irabazlea eta hurrengoa igarri behar dira. Beste apusta, ‘iriste ordenarena’ da. Honetan egun berean jokatzen den estropadaren klasifikazioa asmatu behar du apustlariak. Gehienek bigarren aukera hau egiten dute, zailagoa izan arren diru gehiago irabaz dezaketelako».
Jendea lehen estropada egunaren bezperan hasten da hurbiltzen Turismo eta Ikuskizun Zentruko bulegoetara postura egitera. Igandetik aurrera, berriz, estropadak gertutik jarraitzeko itsasertzean jarrritako etxoletan postura egiten dute: «Estropada guztietara doazen ohiko apustlariak daude, baita bertatik pasa eta zortearekin jolastea erabakitzen dutenak ere, aditu nahiz ez hain adituak, gazteak asko, nagusiak ez hainbeste eta koadrila ugarik hartzen du parte apust hauetan. Giro izugarria izaten da eta jendeak urduritasunez jarraitzen du traineru bakoitza nola doan jakin aldera. Finean, jolasten den diru kopurua oso aldakorra izaten da, eguraldi eta traineruen arabera aldatzen da», diosku Begoñak.
Joan den urteko lehenengo igandeko estropadan 127.000 pezeta (5 mila libera) irabazi zituen gizonaz gogoratu da Begoña, bera izan baitzen «iriste ordena» asmatu zuen bakarra. Poltsikoak bero-bero joan zen etxera. Aurten, berriz, bada datu erakargarri bat: iazko bigarren igandean ez zuen inork asmatu eta bildutako dirua, 144.000 pezeta, aurtengo estropadetarako geratu zen.


Tabernetako apustuak.

Iraileko lehen bi estropada irrika biziz itxaroten dute arraunzaleek. Aipatutako Aralar taberna da arraunzaleen eta apustlarien txoko kuttunenetariko bat; bere pintxo goxoengatik eta bertan jokatzen diren apustengatik ere. Galiziarrak eta kantabriarrak ere sona handiko taberna denez, bertatik pasatzen dira bere traineruaren alde dirua jokatzeko. Aralar taberna izan aurretik, «Pako» izenez izan zen ezaguna. Orain dela 56 urte Beteluko Berganzos familia jabetu zen tabernaz, nafar hauek apustuzale amorratuak izaki. Mota guztietako apustak egiten ziren Pako tabernan: pilota, arrauna eta herri kirol guztietakoak. Duela hamar urtetik Aitor Ormazabal da Aralar tabernako jabea. Aitor arraunzalea da eta bertara iristean, trabes kopuru handiak kikildu omen zuen. Haatik, Kontxako estropadetako posturak mantentzea erabaki zuen: «Ohitura polita da, nahiz guk ez dugun irabazirik. Guk diru trukaketa egiten dugu soilik. Apustak merezi du, oso giro polita sortzen baita. Ohitura hau mantentzea gustatuko litzaidake».
Apustzale gehienak arraunzaleak dira eta toki guztietatik etortzen dira. Baina badago gutxiengo bat, apustlari profesionalenak, lehiaketa mota guztietan trabes egiten dutenak: frontoietan, aizkol nahiz sega saio jokoetan. Aitorren hitzetan gehiengoak gizon helduak izaten dira eta euskaldunak:«Gure tabernan dirua soilik onartzen dugu, baserriak eta horrelakoak ez ditugu onartzen» dio Aitorrek. Zenbat diru, ordea? Diru dezente mugitzen dela baieztatu digu Aitorrek, baina diru gehien jokatzen dutenak lagun taldeak izaten direla. Badira ere urtetik urtera galdu eta galtzen ez dakiten apustlariak, pasadizo mingarriak izaten dira urtero hartaz: «Apustak egiteko era ezberdinak daude eta apust oso konplexuak ere badira. Horregatik, interpretatzeko moduak daude eta galtzaile batzuk bira eman nahi izaten diote eginiko apustari».
Hain ziur, hainbat apustlari izango dela hil honen azken ostiralean Aralar tabernan goizeko hamarretatik aurrerra. Apustak arbelean idatziko dira eta jendeak ikusten duenaren arabera egingo du trabes:«Egun hauetan gauza bitxi bat gertatzen da: bezero guztiak bizkarrez egoten dira, barrara begira egon ordez» esan digu barrez Aitorrek.


oriok HOGEITA hamar bandera irabazi ditu jada.

Donostiako Estropaden historiak bat egiten dute Orio Arraun Elkartearekin. Hogeita hamar bandera irabazi dituzte oriotarrek dagoeneko. Hamarkada guztietan bandera bat irabazi dute gutxienez. Mende bat bete da lehenbiziko bandera eskuratu zutela eta berebiziko giroa dago Orio herrian.
Oriok arraunlari, patroi eta entrenatzaile handiak eman ditu. Lizarraldetarrak nabarmendu dira horien artean: «altxerritarrak». Orioko egungo entrenatzailea Miguel Anjel Lizarralde da, duela hogeita hamar urteko arraunlari eta patroi ospetsuaren semea. Beste «altxerri» ere bada, haren anaia eta egungo «altxerri» gaztearen osaba: Jose Ramon Lizarralde, «Altxerri» ere deitua: «Orduan ere orain beste jende biltzen zen Donostiako estropadetan. Neroni 10 urterekin joan nintzen Donostiara lehenbiziko aldiz eta 22 urterekin irabazi nuen lehen bandera. Nork bere burua Kontxako badian ikustea izugarria da, eta gaur egun oraindik ere Orioko mutil koskorrek halaxe bizi dute» adierazi digu Jose Ramonek.
Hamaika aldiz jokatu zuen Jose Ramonek Kontxako Bandera. Traineruaren barruan ibilitakoak baino ez omen ditu kontuan hartzen, ordea. Entrenatzaile bezala bat irabazi zuen eta arraunlari gisa lau. Beste hirutan txapeldunorde geratu zen. Oriotarrek horiek galdutzat jotzen dituztela dio altxerritar honek: «Orion irabaztea aurrena ateratzea da, bigarrena eginez gero galdutzat jotzen da. Zer egin duzue, galdu edo irabazi?». Txapeldunen mentalizazioa dago. Arrauna kirola baino zerbait gehiago da. Ez da futbola, esaterako. Orion kirola parte hartzeko da, baina arrauna irabazteko. Arraunean galduz gero biharamuna ez da berdina Orion. Eta areago Kontxako Bandera galduz gero, zaletuak bere baitan darama galdu izanaren samina.
Jendeak ulertzen ote du arraunari buruz, ordea? Antonio Camposen aburuz, jendeak ideiarik ez du oro har, arraunaz ulertzen duen inor gutxi dago; arraunean ibilitakoek baino ez dute ulertzen. Hauek arraunlariak eta trainerua ondo doazen beherehala antzematen dute, gainontzekoek ezer gutxi. Jose Ramon Lizarralderen ustez, kritikak ere erraz egiten dira. Gauzak ez badoaz uste eta nahi bezala, batzuek ezin dute onartu traineruaren ibilera: «Jendeak uste du beti puntan ibiltzea dagoela. Zarauzko estropada pasa ondoren hasi behar zaio Donostiako banderari begiratzen. Jendeak hasieratik estropadak irabazi nahi ditu, eta ezin da hasieratik topean hasi. Jendea horregatik berehala hasten da kritikatzen, ez du ikusten kirol puntua lortzeko eraman behar den eboluzioa, ez du onartu nahi. Azalduta ere, datorren urtean berdin ibiliko da kritikatzen».


ESAMESeRAKO AITZAKIA.

Lehia dagoen lekuan postura egiten da eskuarki. Jose Ramon eta Antonioren esanera, 5.000 pezeta jokatuagatik ez da ezer aldatzen. Arraun munduan ere jokoa ez da errenta, esameserako aitzakia baizik: «Ordea, diru asko jokatzen duenak segurutik nahi du egin eta irabazten ez badu, hurrengo egunean esamesak zabaltzen hasten dira: ez dakiela non nor ikusi duela gauean tratua egiten, norbaitek arraunlari bat erosi duela, arraunlari batek tongo egin duela». Jendeak jokatzen badu diru asko duelako da, eta, irabazi edo galdu, isilean pasatzen da.
Igandeari begira daude oriotarrak, edo ijituak ere deituak. Arraun munduan baina, «Agiluchos» deituak dira oriotarrak. Kontxako Bandera irabaziz gero lehertze moduko bat izango da Orion, festa izugarria 1901-2001 mendeurrena dela-eta. Ez dira fidatzen ordea. Lehenik sailkatu behar da, eta bi txandatan aritu gero. Txandatan egun batetik bestera aldaketa handiak izaten dira, eta itsasoa edo haizea dela medio denbora dezente kentzen ahal dio traineru batek besteari. Bigarren txanda irabazita ere, badago banderarik gabe geratzea Jose Ramonek gogoratu bezala: «Balizek asko esateko dute, barnetik edo kanpotik joatea ezberdina da, baina eragin gehiago dute txandek. Faboritoak txanda ezberdinetan aritzen dira lehen egunean, eta aldeek erabakitzen dute ohorezko txandan. Bigarrenean irabazi bai, baina bandera galdu. Nik bi bandera galdu nituen halaxe». Horrelakoetan jarraitzaileen artean bihotzak agintzen du eta buruak ez ditu ikusten txalupa barnean bizitakoak.


AMILIBIA ONTZIGILEA.

Ez da harritzekoa arraunontzi enpresa egile esanguratsuena oriotarra izatea. Juan Luis Amilibia dugu nagusia. Orio Arraun Elkartearen sortzaileetako bat. Luis Mari Amilia lehengusuak berarekin dihardu ontzigintzan. Orain gutxi arte egurrezko traineru ederrak erabiltzen ziren arraunean -Oriko Ikazetak eginak-, garaiko aurrerapenek ordea, karbono eta poliester gaiak ekarri zituzten ontzingintzara ere. Amilibiatarrak izan dira zuntzezko ontziak egiten aitzindariak, Kontxako Banderan lehiatuko diren txalupa gehienak beraiek eginak dira, Pasaiako San Pedrorena salbu, Juan Carlos Fontan patroi historikoa arotza izaki, berauek beretzako propio egiten hasiak dira. Galizian, bestalde, Cuesta enpresa ari da. Traineru batek 3 milioi pezeta (120.000 libera) inguru balio du. 200 kilo pisatu behar du ezinbestean, eta 12 metroko eslora eta 190 zentimetroko zabalera behar ditu gehienez: «Ontziak egiteko moldea Arraun Federazioaren eta Kluben akordioz egina da. Neurri hauek barrukoak dira, baina barrutikoak izan ordez kanpokoak beharko lukete izan. Modu horretara, mutil handiagoak ere sartu litezke eta txalupak askoz azkarrago ibiliko lirateke», dio Luis Maria Amilibiak. Altxerrik ordea, oso zaila ikusten du neurriz aldatzea: «Azkarrago joatekotan bai, baina 15 metroko lau traineru lau balizetan arraunketan egiteko eremu zabalagoa behar duzu. Ziaboga egiteko zabalera handiagoa beharko lukete. Baliza batetik bestera 50 metro daude orain, eta neurriz aldatuz gero 60 metro beharko lirateke. Toki askotan arrauna egiteko eremuarekin arazoak dituzte orain, beraz, ezinezkoa litzateke».
Ikusmoldeak ikusmolde, Pasaiako nahiz Castroko traineruak dituzte gogoan oriotar hauek. Koxtapeko «Erreka» eta Castroko «La Marinera». Untzi hauek dira oriotarren «Txiki» traineruaren aurkari gogorrenak aurten.


PASAIAKO LEHIA HISTORIKOA.

Miguel Tardagila Kontxako estropaden koordinazio lanetan dabil aspalditik eta Epai Eskolako presidentea izan zen 1995era arte. Bere ustez, estropadak kirol lehia bilakatu zirelako ez ziren desagertu. Portu ezberdinen arteko lehia horrek mantendu ditu estropadak bizirik, Galiziatik Euskal Herrira zabaltzen den kirola eta afizioa. Zorionez, norgehiagoka honek mantendu du kirola, bestela estropadak aspaldian desagertuta egongo ziren. Miguelen ustez, historikoki, Galizia, Asturias, Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioen arteko norgehiagokak izan dira, eta lurralde federazio bakoitzeko taldeen arteko saminak sortu ere. Gipuzkoan adibidez izugarrizko haserraldiak daude oraindik.
Pasaiakoa da betidanik lehia ezagunena. Pasaian arraunlari ugari eta onak sortu dira eta haien arteko lehiak ere ugariak eta ahaztezinak dira. Uda partean ez da beste hizketagairik izaten Pasaian eta bere inguruan. Urduritasuna usaindu daiteke Pasaiako bokalean. Miguelek honela ikusten du arazoa: «Hurbiltasun geografikoak badu lehia honetan zerikusirik, bakoitzak bere herria eta haren interesak defendatu nahi dituelako. Finean, Kontxako bandera irabazten duenak, pareko herrikoak garaitu dituela erakusten du; harrotasun sentimendu bat ere bada neurri handi batean".
Garai batean, indarrak elkartu zituzten eta traineru bakarrarekin joan ziren Kontxako estropadara, baita bandera irabazi ere. San Pedroko sei arraunlari ziren eta zazpi San Juanekoak. Patroia San Pedroko Aita Manuel zen. Beraien arteko haserraldi eta bekaizkeriarengatik batasunak urte bakarra iraun zuen; hurrengo lehiaketarako banatu ziren berriro ere. Miguelen ustez «elkarrekin jarraitu izan balute, Orio gainditu ahalko lukete».
Orain ere San Juan herrian bi traineru daude, Donibaneko Arraunlariak eta Koxtape. Zergatik baina, horrelako herri txiki batean bi talde eta bi traineru? Beraien artean -entrenatzaile eta arraunlarien artean- ados jartzen ez zirenez banatu egin zirelako. Izugarrizko haserreak izan ziren, herria bitan banatu zen eta familiak ere hautsi ziren. Ez da, hala ere, gertatzen den lehenengo aldia. 50eko hamarkadan ere San Juanen bi traineru izan baitziren. Orduan ere haserraldi mota berberagatik: «Banaketa hau ez da interes ekonomikoengatik izan, beste arrazoi batzu izan dira, azken finean San Juan herri txiki bat da eta donibandarrek badute bere izaera propioa ere;herria eta herritarrak ezagutu beharra dago ulertzeko. Gero elkartu egin ziren berriro ere eta ez dut esperantza galtzen; ziur naiz Koxtape eta Donibaneko Arrraunlariak berriz ere elkartuko direla".
Miguelek esan digunez «arrauna ere kirol komertziala bilakatu da eta honek, gauzak asko aldatu ditu. Hasieran bi herri ziren. Egun, ordea, bi marka komertzial daude. Jende asko mugitzen da eta dirua ere barra-barra mugitzen da. Kirol honen atzean ere interes ekonomiko ugari eta indartsu dago. Hau ere beste kirol bat da finean. Garai batean gertatu zen bezala, Pasaia San Pedro, Koxtape eta Donibaneko Arraunlariak noizbait elkartuko ote dira? Ezin jakin. Miguelek ez du ezetz borobilik esaten, ezta baiezkorik ere ez».


CASTRO faborito artean.

Castroko Agustin Anglada presidenteak honela esan digu:«Gure taldea urtea oso ona egiten ari da, herria zinez ilusionaturik dago, zaletuak oso baikor dira, arraun proba guztietara joaten dira. Gainera ligako lehen lekuan gaude». Oriotarrek kastrotarrak lehen aurkari bezala jotzen dituztela jakinarazi diogu Angladari:«Kontxako Bandera Orio eta Castroren arteko lehia soila bezala saldu nahi du prentsak. Baina bada irabazle posible gehiago ere. Agian, batzuei interesatzen zaie horrela agertzea, traineru hoberenak izan garelako denboraldian. Ezin dugu tranpa horretan erori. Pasaiako traineruak eta galiziarrak ere hor daude, oso indartsuak». Kasu, hala ere! Castro Espainiako Txapelketa irabaztetik dator. 8.000 pertsona atera zen herriko plazara arraunlariak zoriontzera :«Kontxako Bandera Olinpiar Jokoak dira Castrorentzat, ez dugu inoiz irabazi. Duela bi urte izan ginen, baina iaz kanpoan geratu ginen. Sailkatzea jada lorpen bat da. Errespetu handia diogu horregatik», esan digu Angladak.

BIZKAITARRAK BAZTERtuak.

Gipuzkoako traineru guztiek plaza libre dute Kontxan. Bizkaitik lau datoz, eta Santander, Asturias eta Galiziatik bina. Horrela dago arautua. Guztira hogeitabost traineru inguru lehiatuko dira. Patxi Bilbao Bermeoko Urdaibai taldearen entrenatzailea da. Sailkatzeko arauez aritu gara: «Bizkaitik lau joatea normala da, agian larregi da Gipuzkoatik denak joatea. Kontxako Bandera izanda ere, gipuzkoarren kopurua ere murriztu beharko litzateke. Traineru gehiegi egoten da, txanda asko, haizea eta itsasoaren gorabeherak handiak dira, baita ustekabeak ere. Kanpoan geratzeko arrisku handia dago».
Donostiara moral handiz etorriko dira edonola ere:«Bermeo herri arrantzalea izanagatik ez du tradiziorik arraun munduan. Ez da beste herrien mailan izan sekula, aurten sekulako denboraldia egiten ari gara eta jendea pozik dago. Arrantzale mundua berpiztu da zelanbait».
Urdaibaiko «Bou Bizkiaia» trainerua orain urte bi aritu zen Kontxako Banderan, hirugarren postua egin zuen. Aurtengoan postu bera errepikatzea garaipen itzela litzateke bermeotarrentzat.
Pablo Fernandez Lekeitioko Isuntza taldearen entrenatzailea da:«Guretzat ere urteko helburu garrantzizkoena da Donostian egotea. Orain bi urte egon ginen azken aldiz. Joan den urtean sailkapen saiora joan arren, kanpoan gelditu ginen».
Bilbo Hiria estropada amaitu berrian, Isuntza aurten ez dela Donostian egongo jakin dugu. Lau segundurengatik ez dira Kontxako banderaren sailkapen proban lehiatuko. Urdaibai, Ondarroa, Santurtzi eta Elantxobe-Arkote dira Bizkaiko ordezkariak: «Giputxiak pixka bat berezituak dira Kontxako banderarako, eta bizkaitarrak apurtxo bat marginatuak gaude. Gipuzkoako traineru guztiak doaz, eta Bizkaiko lau bakarrik. Iaz egon ginen eta lehia itzela izan zen klasifikatzeko», esan digu Pablok.
Lekeitiarrentzat kolpe latza izan da Kontxarako sailkapenetik kanpo geratzea. Haatik, adorea atxikiko dutela esan digu Pablok:«Azken urteotan gauzak asko aldatu dira arraunean, fitxaketak eta guzti egiten dira hainbat klubetan. Gu ondo gabiltza, baina Kontxan aritzeko puntakoa izan behar duzu»

Etxeko egongelatik zuzenean
Etxeko egongelatik zuzenean
Kontxako bandera dago jokoan eta estropaden eguna da Donostian. Asko dira goizeko lehen ordutik Urgul mendira igotzen direnak irratia eta ardo zahatoarekin, aspaldiko ohitura jarraiki. Hala ere, gero eta gehiago dira etxeko egongelan eseri eta telebista pizten dutenak. Jarraitzaile beteranoek diotenez, ez du zer ikusirik giroan murgilduz estropadak ikusteak edo zure etxetik lasterketa jarraitzeak. Baina egia hauxe da: eguraldi ona, txarra, haizetsua edota sargoria, estropadak badira, bertan da telebista. Horregatik gero eta zale gehiagok etxean gelditzea aukeratzen du. Lehen planoak, protagonistekin elkarrizketak edota helikopterotik jasotako irudien ikusgarritasunak badute aukeran eragin zuzena. Baina nola egiten dute telebistako profesionalek lan konplexu hori? Nola egiten dute uretako lasterketa honen iruzkin zuzena, esatari baten ahotsarekin? Helikopteroko planoak, Donostiako portuan bizi den giroa, arraunlarien gertuko planoak, patroiekin elkarrizketak. Lehenengoan ongi egin behar den lana, zuzenean izanik, ez baita errepikatzeko aukerarik. ETBko iruzkinetan, Mikel Olazabalek eta Basarrik -Koxtapeko arraunlari izandakoak- egiten dute kontakizun nagusia. Honetaz gain, beste bi edo hiru kazetari izaten dira toki ezberdinetan; barruko balizetatik gertu, uretan kazetari bat izaten da, lasterketa gertutik jarraituz; beste kazetari bat epaileekin egoten da, denborak ezagutu eta taldeetako presidenteei elkarrizketak egiteko, eta hirugarren lankidea portuko arrapalan izaten da, arraunlariak lehorrera iritsiko zain. Irudiak jasotzeko ordea, 8 kamera erabiltzen ditu ETBk: lehenengoa helikopteroan, hurrengoa, katamaranean eta beste sei kamerak lehorrean izaten dira. Kamera eta giza baliabide hauek guztiek unitate higikorrari lotuak egon behar dute, bertan errealizatzaileak behar dituen irudiak eta ahotsak aukera ditzan. Hau guztia, zuzenean.

Juanan Legorburu, Euskal Telebistako langilea da eta 10 urtetan zehar estropaden iruzkina egin izan du: «Iruzkinean baino, estropadetako antolatzaileek jarri behar duten azpiegiturak du zailtasun nagusia. Desabantaila handienak eguraldia gaiztotzen denean izaten dira, noizbait estropadak bertan behera gelditu direlarik. Orain dela urte pare bat, estropadak igandean izanik, astelehenera atzeratu ziren eta azkenean, asteartean izan ziren. Honek guztiak dispositiboa muntatzera eta desmuntatzera behartu gintuen behin eta berriz», azaldu digu.
Honen inguruko kontakizunen bat ere agertu digu: «1992. urteko estropadetan, bigarren txandaren ostean, zodiakean zegoen nire lankide bat, arraunlari bat elkarrizketatzen hasi zen. Elkarrizketa ontzitik ontzira egiten hasi zen, besoa luzatu eta traineruko arraunlariarengana mikrofonoa gerturatuz. Gorputz erdia baino gehiago bere ontzitik kanpo zuen eta azkenean, uretara joan zen, bere trasto guztiekin batera; blai blai egina bukatu zuen. Gainera planoa helikopterotik ikusi zen. Ordutik aurrera, elkarrizketatua gure ontzira pasatzen dugu, inor uretara eror ez dadin»

Antonio Campos. Orio Arraun Elkarteko lehen presidentea «'Tradizioa galdu gabe olinpismorantz', izan zen gure lehen lema»
Orio Arraun Elkartearen sortzailetariko bat zara eta lehen presidentea. Arraunaren historia luzea kontuan harturik deigarria da elkartea 1965ean sortu izana.

Ordura arte elkarterik ez zen, udalaren inguruan ibiltzen zen lagun talde batek kudeatzen zuen arrauna. Oriok lehen bandera 1901ean irabazi arren, ordura arte herrian ez zegoen arraun elkarterik. Elkartea gazte koadrila batek sortu zuen arraun olinpikoa egiteko helburuz. Beste tokitan arraun olinpikoa egiten bazen, zergatik ez hemen? Eslogan batekin sortu genuen: «Tradizioa galdu gabe olinpismoruntz».

Iraultza ekarri omen zenuten Oriora eta arraun mundura orobat.
Hasieran bakarrik banku mugikorrean aritzeko asmoarik hasi ginen, ez trainerua ateratzeko asmoz. Orio Arraun Elkartearen trainerua ez zen atera 1970a arte. Ordura arte traineruko arraunketa ez zen kirol bezala hartzen, lehiaketa gisa baizik.

1970ean Kontxan irabazi zenuen banderak mugarria izaten segitzen du arraunaren historian.
Parisera joan ginen kirol mediku zentro batera. Artean honelakorik ez zen egiten hemen. Prestakuntza berezi bat jarri zieten arraunlariei. Talde gazte hark gorputz atletikoki prestatua ekarri zuen arraunera. Kontxara joan eta minutu bat kendu genion bigarrenari. Jendea harriturik. Teknikoki aldaketa eta iraultza izan zen. Txalupa berria ere atera genuen, tostak edo eserlekuak mekanikoak jarri genituen, batoleteak mugitzeko sistema berri batez jarri ere bai.

Kontxako Bandera berezia da inola ere, ezta?
Ziklismoan Tourra edo futbolean Champions Ligue irabaztea bezala da. Estropada guztiak irabazi izan arren, Kontxakoa galtzen baduzu, dena galduta bezala geratzen zara. Kontxako Bandera irabaztearekin, denboraldia libratzen duzu neurri handi batean

Jose Luis Korta. Castroko Arraun Klubaren entrenatzailea
Kontxako 11 bandera irabazi dituzu arraunlari, patroi eta entrenatzaile gisa. Azkenekoa 1997an eskuratu zenuen Orioko traineruarekin. Nola ikusten duzu aurtengo bandera?

Lehenik kanporaketa pasa behar da, hori da denoi beldurra ematen diguna. Proba bakarrean jokatzen da eta itsasoa dela, haizea dela edo bestea dela kanpoan gera zaitezke erraz. Kontxan aritzeko lehenik sailkatu beharra dago.

Entrenatzailea zara, eta patroi eta arrunlari gisa ari zara oraindik ere. Aukeran arraunlari gisa aritzeko prest?
Edozein gauza izan liteke. Arraunean, patroi gisa edo motorrean ere joan naiteke. Estropada batzuk egin ditut arraunean, arraunlari batzuei atsedena emateagatik. Eguraldi ona eginez gero ez naiz arraunlari bezala aterako, eguraldi txarra bada, baliteke.

Lau urte dira Castrora joan zinela. Zer moduz?
Euskal Herritik hurbil naiz eta bizimodua beti bezala egiten dut: azkar ibili nahi eta ezinean; denoi gertatzen zaiguna ezta? Kirol ikuspuntutik, Oriotik hona etortzea, lehen mailatik hirugarren mailara etortzea bezala izan zen. Castro puntan jartzea izan genuen erronka eta denboraldi honetan lortzen ari gara. Ez genuen inondik egiten ari garena posible ikusten, baina lan asko eginez dena da posible. Bizi dugun egoera ona azkeneko lau urtetako emaitza da.

«La Marinera» omen da «Txiki» txalupari aurre egin diezaiokeen bakarra. Diotenez, aurten Orioren aurkari zuzenena zarete Kontxako estropadetan?
Euskal Ligako sailkapenean lehenak gaude, Ondarroan eta Hondarribian irabazle izan gara, baina Orio gora etorri da eta berriz ere izugarri ondo dabil. Klub honek behin ere ez du irabazi «La Marinera»rekin Kontxan eta hori mundiala litzateke

Iñaki Iturain
Iñaki Iturain
Ehun urte dira Orioko arraunlarien historia hasi zenetik, 1901ean, mende oso bat. Ez zen hura izan oriotarrek jokatutako aurreneko estropada, baina bai irabazitako lehena, eta oriotarrentzat irabazteak bakarrik balio du, gainontzekoa galtzea da. Beraz, 1901 artekoa aurre-historiatzat jotzen dute Orion.

Mila bederatzirehun eta lehenengo urtean, maiatzaren 14an, Kantauriko azken balea harrapatu zuten; eta lau hilabete geroago Kontxako beren lehen bandera irabazi zuten. Bien bila, balea eta bandera, arraunean joan ziren. Geroztik, herri honen nortasuna eta izaera guztiz lotuta ibili da kirol horrekin, arraunketarekin.
Bi gertaera historiko haietan gizon bat agertzen zaigu protagonista nagusi: Manuel Olaizola. Bietan joan zen mutilen patroi. Gizon hark eman zion, beraz, hasiera Orioko arraunlarien historiari; herri txiki baten historia handiari.
Ehun urteko historia horretan gauza asko aldatu da, bai Donostiako estropadan, bai Orioko traineruan. Orduan mutil guztiek herrikoak eta arrantzaleak behar zuten izan. Gaur egun ez dago arrantzale bakar bat oriotarren tostetan, beren lanagatik ezinezkoa dute eta denak lehorrekoak dira. Gainera, inguruko herrietako mutil batzuk ez ezik, Asturiaseko bat ere badoa oriotarren txalupan. Beste ontzi batean errumaniarrak ere badabiltza. Orain ehun urteko bandera hura soinean ator txuria eta buruan txapela zutela eskuratu zuten. Eta, orain ehun urteko patroia, Manuel Olaizola, euskaldun elebakarra zen: Donostiatik elkarrizketa bat egitera joandako «Ciaboga» aldizkarikoak erdaraz hasi zitzaizkion eta erantzuten ez ziela ikusita, euskaraz probatu eta orduan lortu zuten bestela sekula gauzatuko ez zen elkarrizketa hura; handik ehun urtera oriotarrek darabilten patroi donostiarra euskaldun berria da, jator askoa bera! Manuel oinez etorri omen zen orain ehun urte bere mutilekin Donostiatik, Igeldotik barrena. Oskar automobilez etortzen da Donostiatik Oriora egunero entrenamendua egitera. Hain zuzen, ibilgailu hori izan da, automobila, historia horretako punturik beltzena, oriotarrei hainbat arraunlari kendu diena; horien artean, izan duten patroirik handienetakoa: «Txiki». Hain zuzen «Txiki»k ematen dio izena oraingo traineruari; azken urteotan erabili duten ontziari ere errepidean galdutako mutil batek eman zion izena: «Kanpa»k.
Aurten betiko grina bera jarriko dute irabazteko oriotarrek, beharbada handixeagoa mendeurrena dela-eta. Grina horrexek eraman ditu oriotarrak historia handi hori osatzera. Ehun urteotan 87 bider jokatu da Kontxako estropada. 13 aldiz ez zen izan; gerragatik batzuetan, Donostiako agintari kaskarin batzuengatik 1901etik 1909ra, arraunlariek ematen zuten ikuskizuna zarpailegia zelako orduko turistentzat. 87 urte horietan Oriok 30 aldiz irabazi du bandera. Bandera horiek erakusten dute, beste ezerk baino hobeto denboraren iragana: kataluniarren senyeraren itxura du lehen bandera hark, geroztik hiru koloreko bi bandera errepublikar, Francok emandako hainbat bandera espainol eta azken urteetako bandera txuriek osatu dute ondarea.
Aurten ospakizun handiak izango dituzte herrian. Liburu bat argitaratu dute eta beste bi bidean dira; hiruen artean historia hori jasotzen dute. Erakusketa bat ere izango da, zabaltzear duten kiroldegian; besteak beste, dauzkaten 300dik gora bandera erakusteko. Bukatzeko, festa handi bat egin nahi dute, bazkaritan Orioko traineruan, noizbait, joandako mutil denak elkartzeko asmotan; ehunka izango dira.
Oriotar batzuei ikasteko falta zaien gauza bakarra hauxe da: norgehiagoka batean, edozein dela ere, inportanteagoa dela nor izatea gehiago izatea baino. Nolanahi ere, arraunak asko eman dio Oriori, ez dago zalantzarik, baina Oriok ere bai arraunari


Azkenak
"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


Eguneraketa berriak daude