BURGOSKO ARGANTZUNDARRAK ARABAKO EUSKALDUN

  • Ekainaren 17an Araba Euskaraz egingo da Argantzunen, Zadorra ibaiaren ertzean. Egun horretan arabarrek eta bertara hurbiltzen diren guztiek hazia ereingo dute Trebiñoko konderria euskalduntzeko. Jaialdia handiusterik gabea izango da, baina ziur jai giroak bazterrak alaitzen dituela. Ekitaldiari esker lortuko den dirua Argantzunen, Trebiñoren bihotzean, haur hezkuntzako gelak irekitzeko erabili nahi dute, gaur egun bertako ume eta gazte askok Gasteizko ikastolara joan behar baitute egunero.

2001eko ekainaren 17an
Iristear dago milurteko berriko lehenengo Araba Euskaraz. Zadorra ibaiaren ertzean ospatuko da, Argantzunen. Ekainaren 17an izango da, mendea zabaldu eta sei hilabetera, beraz. Berez, Gaztela eta Leongo administraziopean dagoen herri bat aukeratu dute aurten Arabako ikastolek. Marta Martinez Araba Euskarazeko koordinatzailearen esanetan, "Trebiño Araba dela erakusteko modu bat izango da Araba Euskaraz Argantzunen egitea. Trebiñok Arabarekiko dituen loturetako bat, euskara ere badelako". Aldarrikapen bikoitza izango du beraz, aurtengo Arabako ikastolen jaialdiak.
Argantzun ez da oso herri handia, baina, Trebiñoko eskualdeko herririk handiena da. Batez ere, nekazaritzan eta abeltzantzan oinarritutako ekonomia dauka.
Gaur egun gutxi gora behera 600 lagun bizi dira Toloño mendikatearen azpiko ingurune horretan. Bizilagun horien artean, gero eta gehiago dira euskaldunak. Bertako ume eta gazte asko, gainera, Gasteizko ikastolara joaten dira egunero. Euskaltegia, baina, badaukate Argantzunen. Ikastoletatik ateratako belaunaldi berrien eta euskaltegiaren lanaren ondorioz, euskal kontzientzia indarra hartzen ari da herrian. "Zerbait ikusten da, mugimendua badago", Marta Martinezen iritziz.
Gaur egun, Argantzuneko biztanleriaren % 20 inguruk daki euskaraz mintzatzen edo gutxienez ulertu egiten du. Euskaldun asko gazteak dira gainera. Kopuru hori igotzen doa eta bertakoak arabar sentitzen diren heinean, giro euskalduna sortzen eta indartzen ari da Argantzunen eta inguruan. Araba Euskarazko koordinatzaileak dioenez, "hemengoek, arabartzat dute beraien burua eta euskara haien hizkuntzatzat hartzen dute".
Esan bezala, euskaltegia badago Argantzunen, baina oraindik ez daukate ikastolarik. Horixe da hain zuzen ere, Arabako ikastolen jaia bertan ospatzeko arrazoietariko bat. Aurtengo Araba Euskarazen helburua, Argantzunen haur hezkuntzarako gelak eraikitzea da. Bestalde, jaialdiarekin bultzada eman gura zaio Trebiñon gero eta nabarmenagoa den euskararen aldeko mugimenduari. Orain arte gune erdalduntzat eduki den arren, gero eta handiagoa da Trebiñoko konderrian euskararenganako kontzientzia. Horren adibide da, euskalduntzeko eta alfabetatzeko prest dagoen herritarren kopurua. Araba osoko batez bestekora heltzen da Argantzunen alfabetatzeko eskaera egiten duten herritarren kopurua, "oztopoak, baina, beste leku batzutan baino askoz handiagoak dira", Alfredo Oraa alkatearen ustez.
Argantzuneko agintari gorenaren esanetan, "ikastaroak diruz lagundu behar dira herriak elkarrengandik oso bananduta daudelako. Gainera, Udala da euskararen erabilerarako aukerak errazteko egitasmoak antolatzeko laguntzak ematen dituen bakarra". Horrek zaildu egiten du egoera, kontuan hartzen badugu, orokorrean, eguneroko gizarteari begirako bizimodua asko murrizten dela aste egunetan Argantzunen.
Eskola Publiko bakarra daukate argantzuarrek. Hala ere, herriko erroldan ikasteko adinean dauden gazteen % 90a, kanpora joaten da ikastera. Alfredo Oraa bertako alkateak ziurtatu duenez, hortik % 80a B edo D ereduetan matrikulatzen da. Egoera hori errepikatu egiten da Trebiñoko gainontzeko herrietan.
Ez da berria, gainera, Araba Euskaraz Argantzunen ospatzeko asmoa. Duela 5 urte inguru dute Arabako ikastolek ideia hori buruan. Aurten beteko dute asmo hori eta Argantzuneko ikastola eraikitzen hasteaz gainera, Arabako ikastolen elkarteko beste ikastola batzuei ere lagunduko zaie jaialdian lortzen den diruarekin.


HAZTEKO EREIN.

Ez da erraza Trebiño bezalako inguru batean euskararen aldeko mugimenduak suspertzea. Lehenago euskararen mapa Logroñoraino zabaltzen zenean, euskaldunak ziren Arabako lautadak. Geroetan ere euskaraz egin zen Araban. Hala ere, inguru askotan eta Trebiñon batez ere, euskara galduz joan da. Izan ere, administrazioa bera, Burgosen menpe egoteak asko oztopatu izan du egoera.
Dena dela, bertako alkateak ez du uste Araba Euskaraz antolatzeko arazorik izango dutenik. "Trebiño Eguna ere sarritan ospatu dugu herrian eta ez dugu arazorik izan", esanda, baikor ageri da Alfredo Oraa. Ikastolen elkarteak, berak, jakinarazi duenez, inguruan euskararekiko mugimendua indartu izana eta suspertu beharra izan dira aurtengo Araba Euskaraz Argantzunen antolatzearen arrazoiak, baina baita alkatearekin daukaten harreman ona ere.
Lema aproposa jarri diote aurtengo Araba Euskarazi: Hazteko Erein. Izan ere, Trebiño euskalduntzeko bidean hazia izango da Arabako ikastolen jaialdi hau. Oraingoz, euskararen aldeko mugimendurik gehien dagoen herrira jo dute arabarrek, baina inguruan ere sortuz doa euskararen aldeko sentimendua eta konderri osoan suspertu nahi dute euskal giroa.
Argantzun da herririk handiena Trebiñoko konderriaren barruan. Bertan ereingo dute euskalduntzearen hazia. Haur hezkuntzako gelak eraikitzeko asmoa daukate eta luzera ikastola osoa eraikitzen ahaleginduko dira non eta Argantzunen, Trebiñoren bihotzean. Askok oraindik, Gaztela eta Leon moduan hartzen duen ingurune berezi horretan. Hala ere, lehen urrats horri esker, Argantzun eta inguruko haurrek ez dute Gasteizeraino joan beharrik izango, herrian bertan izango dute ikastola berria.
Gainera, Gaztela eta Leongo eta Burgosko administrazioak ez du inolako oztoporik ezarri antolakuntza lanetan; momentuz behintzat. "Nahiz eta euskarari ez dieten begi onez begiratzen, eta lupaz irakurtzen dituzten arren, sasoi batean gure lurretan nagusi izan zen hizkuntzaren aldeko ekimenak, oraingoan ez dute oztoporik jarri", azaldu du bertako alkateak.
Dagoeneko, gainera, Argantzunetik zabaltzen ari da euskararen aldeko mugimendua. Trebiño herrian ere, eskualdeko bigarren herririk handienean, euskararenganako kontzientzia sortzen ari da. Denborarekin, baina, Arana, Argote, Añastro eta Trebiñoko beste herri guztietarantz zabaldu nahi dute euskara Araba Euskaraz-en antolatzaileek. Lehenago ere euskaraz berba egiten zelako konderrian. "Euskarak bai Argantzunen eta bai Trebiño osoan onarpen handia dauka eta bai euskaraz ikasteko edota euskara bera ikasteko eskaria Arabako beste edozein lurraldetako bestekoa edo handiagoa da", azaldu zuen Argantzuneko alkateak. Konderriko ia 2.000 biztanleek euskaraz bizitzeko aukerak izateko bidean, pauso bat izango da beraz, aurtengo ikastolen jaia. Aurrerantzean eskaera horri erantzuteko erraztasunak izan nahi dituzte bertakoek.
Gainera, oztopo guztien gainetik euskara aktiboki babesten duen herritar multzo handia dagoela uste du Oraak. Orokorrean, alkateak azaldu zuen moduan, "begi onez eta laguntza handia emanez, hartzen ditu hemengo jendeak euskararen aldeko adierazpen eta dinamikak". Dena dela, euskararenganako sentimendu hori, "naturaltasunez" agertzen dutela adirazi du Argantzuneko alkateak, "barru-barrutik eta euskararen etsaiek erakusten dituzten moduko kolonialismo haizeak erakutsi gabe. Euren osmosia erabiltzen baitute, egoera honi azalpena emateko aitzakia moduan". Argantzundarren eta Trebiñoarren ustez baina, behin baino gehiagotan adierazi duten moduan egoera honek ez dauka zentzu larregirik eta Euskal Herriaren barruan eta euskaraz bizitzeko eskubidea agertu dute askotan.


X. MENDETIK ARABAR IZATEKO NAHIAN.

Lehenengo aldiz, X. mendean idatzitako dokumentu baten aipatzen dira Trebiño eta inguruko herriak. Sortu, baina, XII. mendean sortu zen Trebiño konderri moduan. Hurrengo mendean Nafarroako errege Antso IV.arekin bat egin zuten bertakoek, bere aita Gaztelako errege Alfontso X.aren kontra. Ondorioz, eskomikatu egin zituen trebiñoarrak Martin V.a Aita Santuak.
Hala ere, 1201ean, patuak hala nahita, hitzarmena sinatu zuten Nafarroako eta Gaztelako erregeak Diego Lopez de Haro jauna hil zenean. Ondorioz, Trebiño Gaztelaren eskuetan geratu zen eta Joan II.a izendatu zuten Trebiñoko konde. Horrela bihurtu zen konderri, ordura arte jaurerri izandakoa. Trukean Arga-Miranda konderria eskuratu zuen Nafarroak.
XV. mendean jaurerriak desagertu eta hiribilduak ermandateetan biltzen hasi zirenean, Arabatik bereizi egin zen Trebiño, eta Manrique familiaren eskuetan egon zen XVII. mendera arte. Ondoren, Maquedako dukearen etxeak eskuratu zituen lurraldeok. Geroago, Altamirako kondearen eskura pasatu ziren eta probintzien arteko banaketak etorri zirenean, 1833an, Burgosen menpean geratu zen Trebiñoko konderria. Bertako bizilagunen borondatearen gainetik hartu zen erabaki hura, izan ere, populazioaren gehiengoak Araban geratzeko hautua agertu zuen.
Ordutik hona, behin baino gehiagotan egin dute trebiñoarrek Araban sartzeko ahalegina. 1940an, Argantzuneko eta Trebiñoko Udalek Araban sartzearen arteko erabakia onartu zuten eta konderriko familiaburu guztiek sinatu zuten erabakiaren aldeko idazkia. Burgosko diputazioari igorri zioten erabakitakoa, baina horrek Madrila bidali zuen zuzenean. Erantzunik ez zen izan.
Geroago, 1958an, Sede Santuak eta Espainiako gobernuak 1953an sinatutako konkordatuaren arabera, elizak ere, Trebiño Araban sartzea eskatu zuen. Espedientea zabaldu zen eta bertako kontzejuek aldeko botoa eman zuten. Arabako Foru Aldundia bera ere, eskaerarekin ados agertu zen, baina Burgoskoak ezezko jarrera agertu zuen. Espediente hori ere, Madrilgo erantzunik gabe geratu zen.
Frankismo osteko lehen urteetan, 1980 inguruan, 200 trebiñarrek erreferenduma eskatzeko idazkia egin zuten eta Argantzuneko eta Trebiñoko udalek, ahalegin berria egin zuten. Berriro ere alferrikakoa izango zena.
1983an Gaztela eta Leongo autonomia estatutuak onartu ziren eta lege oztopo ugari ezarri ziren Trebiño Burgostik atera ahal izateko. Eusko Legebiltzarrak, ostera, helegitea aurkeztu zuen Gaztela eta Leongo estatutuen aurka. Hala ere, Auzitegi konstituzionalak atzera bota zuen Eusko Legebiltzarraren ustez, bere Autonomia Estatutuaren aurka zihoan legearen kontrako helegitea.
Gaur egun, dagoeneko herri eskakizuna da Trebiño Araba izatea. Bertako alderdi politiko guztiek eman diote baietza arabartzeari. Hala ere, Gaztela eta Leongo eta Burgosko administrazioak ez dute adostasunik agertzen.
Aurten, Araba Euskaraz erabiliko dute arabartasuna aldarrikatzeko. Izan ere, euskal herrialdearekiko duten loturetariko bat euskara dela aldarrikatzen da gaur egun Argantzunen. Ez da baina, Argantzunen aldarrikapenak eta altxatzeak izan diren lehenengo aldia. baskoiek Argantzuneko batailan hartu zituzten arabiarrak menpean 801eko iraila eta urria bitartean. Bertako haizpitartean egin zieten Baskoiek segada arabiarrei eta han erori ziren musulmanak.

PATXI ZABALETAI OMENALDIA
Hilaren 17an ez da beste munduko kontzertu erraldoirik eta antzerako ekitaldi potolorik izango Argantzunen. Xumea izango da jaialdia. Programa arrunta izango du. Izango dira bai, bertsolariak, kantariak, musika taldeak... Hori guztia, baina, handinahirik gabe, era apal baten. Aurretik ere ez da egin beste batzuetan egin izan den moduko jaialdi itzelik. Maiatzean egin zuten kultur astea Argantzunen eta Gasteizen egin zen Euskal Herriko Haur Kantarien Txapelketako finala.
Egunean bertan, hiru gune nagusi izango dira zirkuituan: bata gazteentzat (Asgarth, bertsolariak...), bestea familian doazenentzat (pailazoak...) eta umeentzako bestea (EITBren gunea).
Zirkuituak bost kilometro eta erdi izango ditu bere osotasunean. Kilometrorik gehienak Argantzunen barruan egingo dira, baina herritik atera egingo da ibilbidea zati batzuetan. Ibilbidearen zati bat Zadorra ibaiaren ertzetik egingo da.
Patxi Zabaleta apaizari egingo zaio omenaldia Araba Euskarazen. Irakaslea ere bada Zabaleta eta euskararen sustapenean gogotsu lan egin du Araba aldean. Ekainaren 17an, Arabako ikastolen elkartearen eta Arabako euskalgintzaren aldeko mugimendu osoaren omenaldia jasoko du Argantzunen, esker onaren adierazgarri legez.


Azkenak
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da

Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Donostiako Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak

Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.


AEBek proposatutako su-eten akordioa “aztertzen” ari da Hamas

Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  


Eguneraketa berriak daude