AMO NUESTROS RINCONES...


2001eko ekainaren 17an
Cuando me los oculta la bruma. Kantu ezagunaren esaldi baten halamoduzko itzulpena, bistan denez. Halamoduzkoa, diot, ez bainaiz itzultzailea; eta hala ere, nago itzultzaile profesionalek ere lanak izango lituzketela kantuaren muina erdaraz ematen. Gure bazterrak eta nuestros rincones ez baitira gauza bera, bazter, rive, marge edo coin ere kontzeptu berak ez diren bezala. Horrez gain, lanbro, bruma ez ezik, sirimiri ere izan daiteke. Aspaldikoa da traduttore, traditore esaera, baina, badaezpada ere, komeni da gogoratzea berba bakoitzak aldean daramala urteen poderioz bere azal-muinetara itsatsiriko konnotazio eta oihartzun-multzoa, barne-barneko esangura transferiezina.
Berba egitea une oro errealitatea interpretatu eta berau bersortzea da. Osasuntsu bizi gura duen edozein hizkuntz-komunitatek, beraz, ezinbesteko du bere berben gainean eraikitako mundu-ikuskera etengabe erreproduzitzea, beti ere bere burutazioetatik abiatuta eta uste horiek kodetze-lan propioaren eta kanpotik jasotzen dituen mezuen deskodetzearen gainean eraikiz. Bere hizkuntzatik abiatuta mezu propio zein arrotzen kodetze/deskodetzean asmatzen badu, hizkuntza horrek une oro bersortuko du bere mundua, bere imajinario sinbolikoa eraberrituz; hartara, hizkuntza horrek mundua interpretatzeko tresna egokia eskainiko dio hiztunari, eta hiztunak ere, baliagarri zaion tresna hori erabiliz, etengabe aberastuko ditu nola hizkuntza hala hizkuntz-komunitatea bera. Hori guztia gerta dadin, ordea, ezein hizkuntz-komunitatek behar-beharrezko du bere mintzairaren gainean eraikitako komunikazio-esparru propioa, gainerakoan bere mundua bersortzen baino, aldamenekoena erreproduzitzen jardungo baitu.


"(...) MINDUTEKO gauzea da izan be, Europa guztiko izkuntzetan albistariak ikustea, gueu bakarrik gareala ainbakoak. Gure anaia Prantzes-Euskaldunak daukee bat Donibane Lohitzunen (...) amabost urte onetan, 'Eskualduna' derichona, erdizka Prantzesez eta Euskeraz eguiña; beste bat eidaukee Kalifornian, ara bizi izaten joan direanak sorturikoa. Katalanak ainbat daukeez; Valencianuak bi edo iru".
Resurreccion Maria Azkue handia duzu, 1902ko urtarrilean, euskara hutsezko "Ibaizabal" astekari sorberriaren talaiatik mintzo. Lau urte lehenago, bi urte iraungo zuen "Euskalzale" kaleratzeari ekin zion. Mugaz bestaldean, Azkuek esandako moduan, 1887an hasi ziren "Eskualduna" kaleratzen, ele bitan, baina Hiriart-Urruty kazetaren gidari bihurtzeaz batera euskara nagusitu zen astekari historiko horretan ere. Hortaz, aipaturiko horiek dituzu prentsa euskaldunaren aitzindariak. "Eskualduna"ri dagokionez, garairik onenetan 7.000 erosle izan omen zituen. Hegoaldean urte batzuk beranduago sorturiko "Argia" astekariak ere beste horrenbeste bezero eduki ei zituen. Kasik mende bat igarota, euskaraz alfabetaturiko lagunak orduan baino askozaz gehiago izateaz gain euskara bera ere batuta eta hezkuntza-sistema oso bat lagun duela bizi garen honetan, euskal prentsaren bandera-ontzitzat har dezakegun "Euskaldunon Egunkaria"k 14.000 ale baino ez ditu saltzen; bera baino, erdal prentsa (abertzale zein estatalista baina erdaldun, azken beltzean) da nagusi gurean. Itzela da gero: duela mende bateko euskal prentsan ageri ziren kexei erreparatu (minoritario zirela, euskal jendeak erdal kazetak irakurtzen zituela...) eta, bere funtsezko estatusari dagokionez, euskal prentsak 100 urtetan ez duela askorik aurreratu ematen du.


GUREA delakoan, menpean gauzkaten hizkuntz-komunitateen munduak erreproduzitzen dituen prentsa kontsumitzen du nagusiki egun ere euskaldun jendeak. Ezen berba errealitate-sortzaile den heinean, darabilzun berbak berari zentzua ematen dion kodea eta haren mundua erreproduzituko baititu. Hartara, erdal prentsa abertzaleak ere Rociíto eta Tamarari buruz dihardu, "ciclista español" deituko dio Unai Osa itziartarrari, edo "La última entrega de Harry Potter ya está en las librerías" titulatuko du orri betean kultura saila zabaltzen duen berria, zeri erreferentzia eginez eta ez ingelesez kaleratu den lan originalari, are gutxiago euskal itzulpenari: Harry Potterren azken lana gaztelaniara emanik Hegoaldeko dendetan salgai dela, horixe duzu albistea.
Aurten irakurritakoak dira denak; askoz adibide gehiago jar dezaket, baina kontua ez da sorgin-ehizari ekitea. Aukeran, indarrak salatari-lanetan xahutu baino, hobe energia hori geure mundua eraikitzeko baliatzea. Eta, geure mundua eraikitzeko, hitza eta hitz horren joan-etorri librea bermatuko duen euskara hutsezko komunikazio-esparru autozentratua ditugu ezinbesteko. Gainerakoan, maite, maiteko ditugu bai gure bazterrak, pero nos los ocultará la bruma, orain artean bezala.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude