UR ETA LUR, DENA GUADALUPEKO AMAREN ESKU

  • Hondarribik poz eta negar gehienak kokapenari eta jendeari zor dizkio. Muga ondoan egonik setio eta borroka ugari jasan behar izan du mendetan, baina bestalde, Txingudiko badiaren mutur pribilejiatuan zabalik eta bertako arrantzaleen izaeraz (jakina, Ama Guadalupekoaren laguntzaz), etsi baino, gero eta biziago eta ederrago agertzen jakin izan duen herria da.

2001eko ekainaren 10an
Bidasoaldea.
Donostialdetik Jaizkibelerantzako bidean, itsasaldeko panoramika bikainak eskainiko dizkigun errepidetik, alegia, kilometro batzuetan Jaizkibel gaina harrapatu eta laister Lapurdiko kostaldetik harantzago iristen diren ikuspegi zabaletaz gozatuko dugu. Jaizkibel ostatuaren ondoan sekulako begiratokia aurkituko duzue, eta jaitsieran Guadalupeko Ama, hondarribitar alardearen helmuga.
1,5 km. geroago erdi izkutuko begiratoki ederra dugu, zuhaitzen artean Txingudi osoa aurkezten diguna. Hemendik 2,5 km.ra berriz, Hondarribin sartzen gara. Lehenbizi ezkerrerantz abiatu gaitezke, hondartza, portu eta hainbat behatokiren ondotik pasatu ostean, Higer itsasadarra harrapatzeko. Itzuleran berriz, erdigunean murgil gaitezke, lehenbizi portuko auzo eta gero alde zahar ondotik igaroz. Batera edo bestera egin, Hondarribia sorgindurik utziko gaituen hiria da.


HONDARRIBIA

Hondarribiaz hitz egitea Euskal Herriko herri edo hiri ederrenetako batez hitz egitea da, eta Gipuzkoan Donostiako hiriburuarekin bakarrik konpara daitekeena.
Batetik, Txingudiko ingurune miragarriaren beste aldea betez, penintsulako lehen gune populatua izateak historia luzea eta kontatzeko istorio asko ekarri dizkio. Beste alde batetik, osorik monumentu den alde zaharretik ibiltzea edota San Pedro kaleko etxe arrantzale tipiko eta koloretsuen aurrean bertako gastronomia ospetsua dastatzea, edonoren eskuetan dagoen luxua kontsidera daiteke.
Azkenik, Gipuzkoako hondartzarik zabalenean eguzkia hartu edo bainua hartu ostean arrantzaleen kaira gerturatu eta Higer muturreko itsasargitik itsaso zabala behatzeko paradarik baldin badugu, zera konprenituko dugu, zergatik hainbeste jendek aukeratzen duen Hondarribia oporrak igarotzeko.

Historia
Inguruetan agertutako aztarnen arabera, alde hau duela 5.000 urte jada populatua zegoen. I. mendean erromatarrak bertatik pasatu ostean, tradizioak VII. mendean Wamba errege godoak lehen gotorlekuak eraiki zituela dio. Hala ere, XI. menderarte ez da agiri idatzitan agertzen hasiko, eta fundazio ofiziala 1203an ezagutuko du, Gaztelako Alfonso VIIIaren eskutik.
Mugaren ondoan egonik, bere kokapen estrategikoak laister gotorleku bihurtu zuen, eta pribilejio asko eskurarazi zion. Baina era berean, izaera horrek askotan setiatua bizi beharra ekarri zion, batik bat Espainia eta Frantziaren arteko gudetan (lehena 1280an).
Batzuetan garaile (1638an 69 eguneko setioari eutsi zion, "Guadalupeko Amaren laguntzaz") eta bestetan galtzaile (1794an erori ostean hiri osoak lapurketa orokorra ezagutu zuen), bertako jendeak borrokalari eta gogorraren ospea du.
Euskal kostaldeko beste askoren moduan, arrantza eta merkatal-portu oparoa ere izan zen, lortutako pribilejioek horretara lagunduz. Ondorioz, Gaztela eta Flandriarekin zituen merkatal harremanek bertako jendeak ere ekarri zituen. Azkenik, XIX. mendean Gerra Karlisten gorabeherak pairatu ostean, XX.ean kontrabandorako leku egokia bihurtu zen, gerra eta gerraosteetan.

Harresien barneko Alde Zaharra
Osorik monumentu izendatua, bere baitan aberastasun artistiko eta arkitektoniko oso zabala gordetzen du. Abiapuntu gisa, Irunetik etortzen hirirako sarrera funtzioa egiten duen errotonda hartu dugu. Puntu honetan, ezkerrera egiten badugu harresiz inguratutako alde zaharra dugu, zuzen joan ezkero portuko auzoan barneratuko gara, eta eskuinera joz Bidasoaren gainean jarriko gara.
Errotondaren alde batean Ama Birjin baten estatua loretsu eta polita dugu, eta bestean harresien hasiera den San Felipe baluartea, horman balearen arrantza irudikatzen duen erliebe ikusgarria duela. Bere ondotik igoz, eta errotondatxo batean eskuinerantz harresien barnean sartuko gara, hiriko armarria ikusgai duen Santa Maria atetik hain zuzen.
Hau hiriko sarrera nagusia izan zen, eta zeuzkan hiru ateetatik erdikoa geratzen da, beste biak 1795ean frantsesek suntsitu eta gero. Atearen ostean Kale Nagusi ederra hasten da, hiriko eraikinik berezienak erakusteaz gain atzealdean Jasokundearen parrokiako dorrea ikusgai uzten duena.
Kale honetan, bereziki azpimarratzeko dira XVIII.eko udaletxe barrokoa, bi armarri eder erakusten dituena, Casadevante jauregi barrokoa (5. zbk.) eta Zuloaga Etxea. Azken honetan gaur egun Hiriko Artxibategi Historikoa eta Udal Liburutegia daude. Ohar zaitezte baita ere, 4. zenbakiko Ladron de Guevara etxeko adreilu urdinez beiraturiko aurrealdean.
Kale Nagusiarekiko paraleloki oso interesgarriak diren beste hiru kale luzatzen dira: Panpinot (ezkerrekoa), eta Apezpiku eta Fraxkueneko Murrua eskubian. XVI. mendeko Panpinot kaleari dagokionez, bere etxe guztiak oso interesgarriak direla esan beharrean gaude, baina baten bat azpimarratzearren, 16. zenbakiko Rameri Jauretxea aipatuko dugu. Etxe honen aurrealdea oso ikusgarri agertuko zaigu, marrazki, moldura eta lore-koadro ugariz apaindua dagoelako.
Orain, Kale Nagusiaren eskuinean dugun Apezpiku kalera pasako gara. Hau Hondarribiko kalerik zaharrenetakoa da, eta gaur egungo izenak XVI. mendetik dirau. Mutur batean Palentziako Torre Urbana etxea edo Etxebestenea dago, Sevillako Artzapezpiku, Carlos Varen kaperau eta Santa Teresaren babesle izan zen Cristobal de Rojas y Sandovalen jaiotetxea. Jaiotetxearen aurrean, bere izena daraman enparantzan, estatua batek pertsonaia historiko hau gogoratzen du.
Plazaren bestaldean, harresien gainean Fraxkueneko Murrua dugu, eta bere amaieran (Nagusi eta Apezpiku kaleen amaieran ere bai), Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren eliza. Estilo gotikoduna, Birpizkundeko elementuak baditu ere, 1474an hasi zen, eta 1549an Baionako Apezpikuak kontsakratu egin zuen. Guda ugariek beren eragina izan dute egituran, eta horrela, 1521ean erre egin zen eta 1638an sabaietako bat jauzi zen. Gaur egungo dorrea mendebete beranduago altxatu zuten.
Gurutze latindar itxurako hiru barneluzego ditu, eta bertan korupeko izardun sabaia nabarmentzen da. Sarrerako bi aldeetan Filipinetako itsasotik ekarritako ur bedeinkatuko bi maskor topa ditzakegu. 1656ko sakristiaren barnean elizmuseo bat antolatu dute; bere atzealdetik, jada harresien gainean, badiako ikuspegi ederra izango dugu.
Elizaren atzealdean, Bretxa kaletik sartuz, Arma Plaza eta Carlos V. enperadorearen gaztelua ditugu. Gaztelua eraikin laua da, dirudienez Nafarroako Santxo Abarka erregearen garaian altxatu eta Carlos Vak handitua. 1794an frantziarrek zati bat suntsitu zuten arte, bertan pertsonalitaterik handienek ostatu hartzen zuten. Gaur egun turismo-paradorea da.
Plaza hau hiriko bilgune publiko nagusia izan da, herri eta jai ofizial eta ospakizunetarako gunea. Gaur egun, balkoi luzeko etxe ederrek osatzen duten lerroa mirestuko dugun zabalunea da. Etxe horiek segitu eta Juan Laborda kalean (Egiluzko jauretxea) eskuin-ezkerrera joz, pasabide batetik Gipuzkoa plazara iritsiko gara, berria baina zahar itxurakoa, eta batez ere oso ederra.
Diagonalean zeharkatuz, Santiago Konpostela kaletik lehenbizi eta Jabier Ugartetik gero, turismo bulegoaren ondotik pasatuz Portuko auzoa dugu.

Portuko auzoa
Hau herriko lehenbiziko gune populatua izan omen zen, eta gaur egun aurrekoarekiko ezberdina bihurtzen duen elementuak gordetzen ditu. Horrela paraleloki dauden San Pedro eta Santiago kaleek arrantzaleen etxe tipiko askotxo erakutsi dezakete, eta baita Santiago eta Pisuzarra plazaren artean sortzen den Madalen karrikak ere.
Hiruetan ezagun eta ospetsuena lehendabizikoa da. Izan ere, aurrealde zuri, teilatu eta gapirio edo habe berdeska-gorriska, eta lorez beteriko egurrezko balkoi koloretsuek sortzen duten postal moduko irudia, buruan grabaturik irauten duten horietako bat duzue, zalantzarik gabe. Hemendik, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiara hurbiltzea gomendatzen dizuegu.

Kaitik Higer Lurbesorantz
Bertatik badiaren gaineko ibileran bi aukera ditugu, hegorantz Bidasoa kale-pasealekua edota iparreranzko Butron pasealekua. Txingudiko badiaren gainean eta bestaldean Hendaia dugula, biak dira ederrak eta beraz lehenetik ibili ostean Butroikoa hartzea gomendatzen dizuegu.
Bide honetan laister Ondarrabia hondartzara iritsiko gara, eta berau zeharkatuz hurbil dugun Arrantzaleen Kai-Babeslekura. Alboan ditugun San Telmo mutur eta gaztelutik begiratokiz zipriztindurik dagoen bide bihurgunetsu eta eder batetik Higer muturreko itsasargira ailegatu gaitezke.

Guadalupeko Ama Ermita
Jaizkibel mendian, XVI.eko baseliza dugu, sekulako bistak eskaintzen dituen paregabeko ingurunean. 1638an suntsitua, eta ondoren berreraikia, Guadalupeko Andra Mariri egozten zaio urte horretako setioa gainditzea eta hiria askatzea. Une horretatik Hondarribiko armarriari Ama Birjinaren irudia erantsi zitzaion, hiriko zaindari izendatuz. Bertatik, Guadalupe Gotorlekuaren multzo harrigarrira iritsi gaitezke.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
HONDARRIBIA

Bidasoa Turismo:
Jabier Ugarte 6. 943- 64 54 58.

Udaltzaingoa:
943- 64 43 00.

Ospitalea:
Mendelu auzoa. 943- 00 77 00.

Jatorduan:
Ramon Roteta Jatetxea- Irun 1.
Sebastian Jatetxea- Kale Nagusia 9-11.
Arraunlari Jatetxea- Pas/ Butrón 3.
Zeria Jatetxea- San Pedro 23.
Arroka Berri Erretegia- Higer Itsasargia bidea 6.

Jan eta lo egiteko:
***Hotel Rio Bidasoa- Nafarroa Beherea 1.
943- 64 54 08. Logela 12.300-16.500 pzta.
Artzu Nekazal Etxea- Mendi auzoa. 943- 64 05 30. Logela 3.500-6.000.
J.S. Elkano Aterpetxea- Faroko Igoera. 943- 64 15 50 / 00 28.
Camping Jaizkibel- Guadalupera bidea 22. km.
943- 64 16 79.

Lo egiteko:
***Parador de Turismo El Emperador- Arma Plaza 14. 943- 64 55 00. Logela bikoitza 15.500-19.500 pzta.
***Hotel Opispo- Pl/ Apezpiku. 943- 64 54 00. Logela bikoitza 15.000.
**Hotel San Nikolas- Arma Plaza 6. 943- 64 42 78. Logela 7.250-8.250.
**Hostal Alvarez Quintero- Bernat Etxepare 2. 943- 64 22 99. Logela 4.900-7.200 pzta.
Iketxe Nekazal Etxea- Arkoll-Santiago auzoa.
943- 64 43 91. Log. bikoitza 6.000-8.000 pzta.
Maidanea Nekazal Etxea- Arkoll-Santiago auzoa. 943- 64 08 55. Logela 6.000-8.000 pzta.


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroen %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude