"TXAPELKETAKO FINALA KULTUR EKITALDIRIK GARRANTZITSUENA DA"

  • Nafarroako Txapelketa bertako bertsolaritzaren isla da. Horren arabera bertsolaritza gaztea ageri da, maila parekatua duena, urtero sorpresarentzat lekua duena. Nafarroako labelaren berezitasunak aztertu ditugu bertako kasta nagusiarekin.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Berako gorakada oraindik jaitsi gabe, Manolo Arozenarengana jo dugu bertako bertsolaritzaz eta txapelketaren zentzuaz hausnartzeko. Manolo da Nafarroako txapela urte gehienez eraman duena, eta bere oinordekotza ziurtatuta utzi duenabertso eskoletan.

Zure harrobitik atera da Nafarroako belaunaldi indartsuena: Silveira, Estitxu, Olaetxea, Telletxea... Zein da formula?
Ez da erraza. Hasieran dena izaten da ilusioa, eta gero denborarekin ilusioak itzaltzen joaten dira. Horregatik, oso garrantzitsua da talde giroa, alegia, bertso eskolaz kanpora ere afaltzera elkarrekin joatea... Taldea dagoenean, errazagoa delako ilusioari eusten.

Txapelketa bertsotan jarraitzeko motibazioa da?
Bai, ilusioa mantentzeko bertsotan egin behar da eta Nafarroan dagoen aukera bakarra mementoz txapelketa da. Bertsolaritza Txapelketagatik dago bizirik, baina Txapelketak beti ematen ditu ostikoak. Bat edo besterentzat ona izaten da, baina beste denentzat txarra.

Harrobia nola dator?
Nik uste Euskal Herri osoan bezala Nafarroan ere, orain baino egoera hobean egon izan dela. Duela 10-12 urteko apar hura bere lekura joan da. Aurtengo Txapelketan 17-18 urteko batzuk ikusi ditugu (Julen Zelaieta, Ekhine Etxepeteleku...), eta horien atzetik urte batzuetako hutsunea dator. Badira 12 urtekoak, baina geroago etorriko dira.

Hain Txapelketa gaztea izanda, beteranoenetako bat zeu zara. Zer helbururekin joaten zara txapelketara?
Nik oso zahartuta, 38 urterekin, hartu nuen parte lehen aldiz Txapelketan. Oso Txapelketa zaharkitua zen, eta finaletan gazteenetakoa nintzen. Orduan txapela lortzea nuen helburu. Aspaldiko urteetan ez, ez nau gehiegi motibatzen ere. Aurten parte hartzera animatu egin nautelako atera naiz, eta ikusten dut orain gazteak direnak ere (Estitxuk eta Silbeirak kasu) hamargarren txapelketa jokatzen ari direla. "Nik hamalaugarrena dut eta utzi egin behar dut", pentsatzen duzu. Baina hamargarren txapelketa duenak datorren urtean esaten ahal du hori. Errazena litzateke ez ateratzea, baina beti esan izan dugu Nafarroan bertsolaritza bizirik dagoela erakutsi behar badugu, Txapelketa urtero egin behar dugula. Bestela nafar bertsolariak urtean zehar ez baitira beste inon ateratzen.

Nafarroako Txapelketa soilik bertsolaritza da, edo zerbait gehiago?
Azken hiruzpalau urteotako finalak nahiko politak atera dira, eta 1.000 pertsona inguru bildu da ikusten. Final hori Nafarroan kultur aldetik egiten den ekitaldirik garrantzitsuena da, dudarik gabe. Nafarroako kultur eta euskal mundua nola dagoen ikusita, gero eta behar handiagoa izango du Txapelketa egiteko.
Zerbaitegatik antolatu da aurten saio bat Lodosan, iaz Tafallan... Nafarroa zabala da, eta Nafarroa osoan bertsolaritza zer den erakusten saiatzen gara.

Bertsolari nafarrek ba al dute lekurik Euskal Herriko plazetan?
Zaila da oso. Garai batean Nafarroako bat eta Bizkaiko beste bat eramaten ziren saioetara, baina hori bukatu zen. Nafar bertsolariak ezin gara egon beste herrialdeetatik deitzeko zain. Bertsotan aritzekotan, autoantolakuntza lana egin beharra dago. Bortzirietan, bertako taldekako txapelketa egin dugu hirugarren aldiz, inguruko auzoetako festetan sei-zazpi saio egiten ditugu urtero, eta horrelako saioak antolatu behar dira. Bestela, urte osoan bertso eskolan aritu eta gero, ez badago Txapelketa besterik, horrek berak desanimatzen zaitu.

Orain arte Nafarroan urtetik urtera aldatu izan da txapeldunez.
Nafarroan badira hamar bertsolari txapela irabaz dezaketenak. Badirudi orain Ametsek besteen gainetik maila ematen duela. Eta badira beste bi-hiru bertsolari besteen ondoan nabarmentzen direnak. Baina txapelketa batean huts bat nahikoa da beste batek irabazteko. Nik 91-92-93 urteetan irabazi nuen Txapelketa eta geroztik aurten arte ez du inork bi aldiz segidan irabazi. Gainera komeni da jende ezberdinak irabaztea, horrek animatzen zaituelako. Urtero Txapelketa egiteak arrisku hori dakar: bertsolari gazteek noizean behin ez badute ezer lortzen, desilusionatu egiten direla.

Finalerako zure izena esatean edo txapela janztean ez duzu aparteko poz aurpegirik jartzen. Zergatik?
Aurten kanpoan geratu naiz, eta minutu bateko pena izan nuen, ustez sailkatua bainintzen. Handik hamar minutura, nire lekuan sailkatu zena nirekin etorri zen kotxean eta pozetan nengoen. Ni baino 27-28 urte gutxiago dituelako eta hori oso garrantzitsua da. Ni ez naiz sekula harrotu Nafarroako Txapelketa irabazita. Badakit Nafarroako txapela jantzita ez naizela Egaña. Lehendabiziko txapela janztean poza sentitu nuen. Baina handik aurrera, jende gaztea sartzen hasi zen eta irabaziz gero, erdi poz eta erdi pena sentitzen nuen. Laugarren Txapelketan ondoan nituen Estitxu eta Silveira, bostgarren Txapelketa jokatzean Iñigo, Estitxu Fernandez, Amaia eta Aitor Telletxea eta beste koadrila bat ere bai. Nahiago nuen haien tartean edo atzetik geratzea. Haien poza nire poza zen, hamar urte zituztenetik astero biltzen baikinen bertsotarako.

Sanzekin zer moduz?
Nafarroko Aurrezki Kutxa izaten dugu babesle nagusia, eta kutxa hori Nafarroako Gobernuaren esku dago. Beraz, alde horretatik ez dugu inolako trabarik. Badira beste diru iturri batzuk, bertso eskolak direla edo eskolarteko txapelketak direla... Oraingoz, ez da mozketa handirik ezagutu, pentsa dezagun ez dela izanen gero ere!.

Amets Arzallus, bertsolaria
Amets Arzallus, bertsolaria
Bertsolari gisan, zaila da, txapelketarekiko distantzia hartu, eta kanpotik begira jarriz, balorazio zuzen bat egitea. Oraino zailagoa, dena borobil atera zaizularik. Etxabek zioen bezala, ordea, "oker zuzenik" ez da izaiten, eta oker dagoenarekiko balorazio zuzen bat egitea zaila bazait ere, saiatzera noa.
Egia da, final polit batek, gainerako guzia itzalpean uzten duela. Dena ahanzteko balio duela, alegia. Baina, aurtengo txapelketan, guzia ez da borobila eta polita izan. Beraz, Berako finalak itzalpean utzitakoa, argi ez zegoena, argitaratzea komeni da, ahantzi aitzin. Silveirak Etxaberi eman zion arrapostuaz oroituz, garaia badenez, okerrak zuzentzen hastea izanen da onena.
Lehenik eta behin, antolakuntzak sartu du hanka. Txapelketa burua galtzear egon da, eta batzuk buru belarri saiatu direlako, aitzina eraman ahal izan da. Hasteko, aste beteko berantarekin hasi zen. Atzerapenak, nahasketa bat baino gehiago eragin zituen, eta horrek, bertsolariengan eragina izan du. Zerbait oker zegoenaren sentimentua denongana kutsatu zen, eta finalerdiak horren islada izan ziren. Bertsolariek nahiko sufritu zuten, eta entzuleek ere, bertsolariek adina bai. Ezintasun bat ageri zen. Leitzan, bazen jende sobera, baina bertsoak eskas ziren. Iruñean eta Izpuran aldiz, jendea eskas, eta bertsoetarik ez aski. Beti zerbaiten faltan ibili gira. Beti, edo finalera heldu arte behintzat bai. Azken saio horrek salbatu eta itxuratu du dena. Eta beharrik.
Hala ere, oker zegoena ez du finalak estaltzen, eta txapelak ere ez du estaliko. Bazkari exkax bati, alferrik da deserta on bat gaineratzea. Ezpainetan zapore ona utzirik ere, tripako min ugari sor litzazke. Ez du nehor asetzen gainera. Beraz, aitzina begira, aurtendik hasiz, goizik eta ongi pentsatu beharko dira gauzak. Heldu den urterako. Edo bertzenaz, bi urteren bururako.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Indendentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Biktimen artean lau kazetari hil daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larriagoa” bihurtzen ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude