EZINEZKOA GERTATU DA

  • Zientzi fikzioa ez da jada gutxiengo bati eskainitako generoa. Iluntasunean, galaxiez janzten diren zine aretoek milaka miresle bereganatzen dituzte, noizbehinka iruzurraren zientziak oparitzen duen dosia hartzeko prest. Etorkizunaren gaitza bizi al dugu?

2001eko martxoaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Zine beltzari sarritan jartzen zaion klasiko adjektiboa lortzea zaila egin zaion arren, lortu, aspalditik lortu du.
Ez da ondo konpontzen komediarekin, eta fantastikoaren lehengusua dela diotenek arras miresten dute. Terrorearekin zenbaitetan egin du lan eta John Wayne protagonista izan duten westernak arrotz egiten zaizkio. Misterioari besoak zabaltzen dizkion bitartean , ez du lotsarik amodiozko istorioekin jolasteko. Gerrazalea ere bada, geneetatik datorkio, genero iraultzailea, fikzioaren mugak gainditzen dituena, zientziaren menpeko. Errealitateari ihes egiteko prest dauden fotograma matxinoak. Aurkezpenik behar al du?
Zientzi fikzioa literaturan aspaldi sortutako generoa den arren, pantaila erraldoian ezagunagoa egin zen joan den mendean. Irakurleen irudimenak sortutako mundu utopikoak, irudi bilakatu ziren bat-batean. Alemanian jazo zen, zinea egiteko estilo bati fideltasunez jarraitzen zioten zenbait zuzendariren (Murnau, Robert Wiene...) erruz. Ez ziren garai gozoak haiek, 20ko hamarkadan, Alemaniak gudaren kiratsa arnasten zuen eta horrek, bertako zuzendariengan eragina izan zuen zinea egiteko orduan. Espresionismoa deitu zioten. Estilo ilun eta zapaltzailea, iradokitzailea erabat. 1926. urtean Universum Film ekoiztetxearen laguntzaz Fritz Lang zuzendari handiak maisulana erditu zuen, "Metropolis" film bikaina, alegia. Zine industriak eman duen zientzia-fikziozko lehendabiziko lana.
Maitasuna eta itxaropena, teknologia aurreratuaren kontra, bi mundu zeharo ezberdin, klase sozialei eginiko kritika zorrotza. Pelikula honekin ezaguna egin zen Lang, baina estreinatu aurretik, Universum ekoiztexea, porrot egiteko zorian izan zen. Aurtengo Berlingo zinemaldiak Fritz Lang berari egin dio gorazarrea eta bere omenez "Metropolis" pelikularen bertsio berri bat izan da ikusgai. Zentsurak aspaldi moztutako fotograma zatiak, ez guztiak baina gehienak, berreskuratu dituzte bertara hurbildutakoek zinegile alemaniarraren artelanaz gozatzeko.


LAN EMARIA GARI LATZETAN.

Hurrengo hamarkadan, zientzi fikzioa, kultozko generoa bihurtu zen, gutxiengo zaletu batzuei eskainia. Estatu Batuetan, Europa zaharrean jaiotako mugimendu honi ongi etorria eman zitzaion, horrela, 1936. urtean, Frederick Stephani zuzendari eta gidoilariak, 97 minutuko "Flash Gordon: Rocketship" pelikula filmatu zuen. Aipatu filma, Universal ekoiztetxeak Flash Gordon pertsonaiari buruz eginiko 20 sailen azken emaitza bihurtu zen.
Estatu Batuetako merkatuan zientzi fikzioak bere tokia lortu zuen nahiz eta "B" mailako eserlekua izan. Martiarren edota komunisten erasoari beldur, bizilagun yankiak mehatxatuta sentitzen ziren eta zineak, uneko egoera aprobetxatuz, fikzioa mundu osora zabaldu zuen. 1953an jaio zen H.G. Wells idazlearen eleberrian oinarritutako "War of the Worlds" (Munduen gerra) zinta aparta. Byron Haskin-en zuzendaritzapean, martiar espaziuntziek lurra eraso zuten, bertako bizilagun guztiak menperatu asmoz.
Paramount ekoiztetxeak landutako filma dugu hau, maisulana, nahiz eta aurrekontu aldetik, diru-laguntza murritza izan. 1956an "Invasion of the body snatchers" pelikulak, garai hartako gizarteak bizi izandako paranoia azaleratu zuen. Don Siegel zuzendari handiaren lan honetan espaziotik etorritako leken erasoa da ikusgai, gizakien gorputzak zurgatzen dituzten leka erraldoien eraso isil eta krudela. Walter Wanger Pictures ekoiztetxeak hartu zuen lan honen ardura, egun klasikoa bihurtu den zintarena, alegia.
Estudio handiek ez zuten begi onez ikusten zientzi fikzioa eta ekoizle umilenak generoari aukera eman zioten. Britainia Handiko Hammer ekoiztetxe txiki baina aski ezagunak ere ateak ireki zizkion. Terrorea, zine fantastikoa eta zientzi fikzioa nahastu zituen. Ahaztezina zaigu Quatermass izena zuen doktoreak estralurtarren aurka borrokatzeko erakusten zuen grina, bikain, Brian Donlevy aktorearen interpretazioa Val Guest zuzendari handiaren esanetara. 1955eko pelikulak Guest-i bigarren zatia egiteko aukera eman zion, "Quatermass 2", kritikarien iritziz, lehenengoa baino askoz hobea.
50-60ko hamarkadan zientzi fikzioak gorakada izugarria ezagutu zuen. Kalitate aldetik aldaketa nabarmena izan zuen, etorkizunaren generoak gidoi landuagoak eta istorio sakonagoak kontatzen zituen. Publikoak eskertzen zuen eta estudio handiek, nahi ala ez, aukera eman zioten.


GARAI BERRIAK FIKZIOARENTZAT.

70eko hamarkadak zientzi fikzioaren bestelako aurpegia erakutsiko digu. Hala ere, txima luzedun hippyen aroak kalitatezko ekoizpen apartak ezagutu zituen. Besteak beste, "Robinson Crusoe on Mars", "The Village of the Damned" edo "Barbarella" filmek publikoaren onespena jaso zuten. Garai gozoak bizi zituen generoak, baina benetako iraultza 1977an gertatu zen, "The Six Million Dollar Man", "The Andromeda Strain" eta "THX 1138" filmeek utzitako zapore onari eutsiz. George Lucas zuzendari estatubatuarrak kalitatea eta aurrekontu lodia batu zituen, Alec Guinness edota Harrison Fordi gainerako lana utziz. Garai jakin batean produkzio handiak eta zientzi fikzioa bateraezinak ziren, Lucasen lanari esker ordea, garai berri bati hasiera eman zitzaion. "Star Wars" filmak osagarri guztiak zituen: gudak ematen duen bizitasuna, pertsonaia interesgarriak, gidoi sendoa eta batez ere, beste guztiei falta zitzaien aurrekontu lodia. Horrek efektu berezi landuagoak erabiltzea erraztu zuen. Lurra utzi eta galaxia, robot eta estralurtarrekin partituko duen zenbait gizakik bizitzen duen konplot politikoa da ikusgai Lucasen zinta honetan. Lehena izan zen baina ez bakarra, beste hiru atal filmatu ziren honen ondoren, "The Empire Strikes Back", "Return of the Jedi" eta "Star Wars. Episode I: The Phantom Menace". Arrakasta eta dirua, aurreikuspen guztiak hautsi zituzten; azkenak orain dela urte bi.
Estudio handiek jaio berria zen 80ko hamarkadari etorkizun kutsua eman nahi zioten, ordurako, fotograma puskek ahotik kiratsa darien Alienen itxura hartzen hasiak ziren. Ridley Scott-ek 1979an espero ez zuen arrakasta lortu zuen bere "Alien" filmarekin eta egun zinezaletuen artean pertsonaia mitikoa den Ripley sarjentuarekin. Steven Spielberg zuzendari aski ezagunak ere, zientzi fikzioa ezagutu nahi zuen eta horretarako bere etxeaz sarritan oroitzen zen estralurtar baten gorabeherak kontatu zituen "E.T"n.
"Blade Runner", "Dune", "The Fly", "The Terminator"... 80ko hamarkadak ateak erabat ireki zizkion genero honi eta, teknologiak are gehiago. Ordenadoreen bidez, efektu bereziak erabat biribilak bilakatu ziren, Wachowski anaien "Matrix" (1999) filma ikusi besterik ez dago.
Azken albisteen arabera, Peter Jackson zuzendariak Tolkien-en eleberrian oinarritutako "Lord of the rings" filmatu berri du. Wingnut Films ekoiztetxearen laguntzaz Zeelanda Berrian filmatu da eta hiru atal izango ditu. Bata, aurtengo Gabonetan estreinatuko da eta besteak 2002 eta 2003ko Gabonetan. Ongia eta gaizkiaren arteko borroka amaigabea, hori bai, beste garai batean eta beste toki batean kokatuta. Akaso etorkizunean?

FILM AIPAGARRIENAK
- Metropolis. Fritz Lang (1926)
- The War of the worlds. Byron Haskin (1953)
- Them!. Gordon M. Douglas (1954)
- Godzilla, King of the Monsters. I. Honda (1956)
- Invasion of the body Snatchers. Don Siegel (1956)
- Forbidden Planet. Fred Wilcox (1956)
- The Time Machine. George Pal (1960)
- Farenheit 451. Francois Truffaut (1966)
- Planet of the apes. Franklin J. Schaffner (1968)
- 2001: A space Odyssey. Stanley Kubrick (1968)
- The Omega Man. Boris Sagal (1970)
- Star Wars. George Lucas (1977)
- Alien. Ridley Scott (1979)
- Blade Runner. Ridley Scott (1982)
Dune. David Lynch (1984)

EUSKAL MUTANTEEN ERASOA
ACCION MUTANTE

Zuzendaria:
Alex de la Iglesia

Gidoia:
Alex de la Iglesia eta Jorge Gerikaetxebarria

Ekoiztetxea:
El Deseo, S.A.

Aktoreak:
Besteak beste, Antonio Resines, Alex Angulo, Saturnino Garcia, Fernando Guillen eta Karra Elejalde.

Zientzia fikziozko euskal pelikula bakarra. 1993ko otsailean estreinatu zen Madrileko Renoir zine aretoan. DefCon 2 taldeak jarri zion musika eta Almodovar zuzendari aski ezagunak ordu eta erdiko fotogramabobina bihurtzeko baimena eman zion zuzendari bilbotarrari. Iraultzaile bezain arrakastatsua izan zen Alex de la Iglesiaren lehen filma. Euskal Herrian hainbat sekuentzi filmatu zen, Bilbon eta Bardeetan, hain zuzen. Istorioa 2012. urtean kokatzen da. Dirudunen gizarteari aurre egin nahian "Accion Mutante" izeneko talde bat sortuko da, elbarrituez eratutako taldea, alegia. Enpresari boteretsu baten alaba bahituko dute, hark ordezkatzen duen klase soziala irainduz.

IN VINO VERITAS

Zuzendaria:
Esteban Ibarretxe

Gidoia:
Ibarretxe anaiak

Ekoiztetxea:
Ibarretxe & Co.

1995. urtean estreinatutako zinta. Zientzia-fikzioaren mugan mugitzen da labur honekin "Las memorias de Karbo Vantas" telesaila zuzendu zuena. Anaia Jose Miguel izan du lagun Esteban Ibarretxek gidoia idazterakoan. Etorkizunean, Alphonse izeneko pertsonaiak bere lagun Gianluca erailko du. Errealitate gordina agerian, utopiaz jantziriko mundu batean. Eduardo Basterrak jartzen dio musika eta aktore lanetan besteak beste, Juan Inciarte, Alicia San Juan, Alex Angulo eta Efren Martin aritzen dira. Deustun eta Vildosolan (Iurre) filmatu ziren sekuentzia gehienak. Horrez gain, Ibarretxe & Co. ekoiztetxearen laguntzaz, "La venganza del artista calvo" eta "Malditas sean las suegras" laburrak filmatu ditu Esteban Ibarretxek. Bere lehen luzeak "Solo se muere dos veces" du izena, 1996. urtean Sitges-ko jaialdian "Melies D'Argent" saria erdietsi zuen.

MAMA

Zuzendaria:
Pablo Berger

Gidoia:
Pablo Berger

Ekoiztetxea:
Mama Productions

Pablo Berger-en "Mama", euskal laburren historian zinta klasikoa bihurtu da. Ausarta eta zorrotza errealizadore bikain honen lana. Fantastikoarekin jolasten duen formatu txikiko bitxia. Berger ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina bere lanak nazioartean arrakasta franko izan du. Houston International Film Festival-eko garaile 1995ean, Palm Springs International Film Festivaleko lehen postua eskuratu zuen urte berean eta New Yorkeko "Film Expo" saria ere.

CAPITAN TRUENO

Zuzendaria:
Juanma Bajo Ulloa

Gidoia:
Juanma Bajo Ulloa eta Eduardo Bajo Ulloa

Ekoiztetxea:
Filmax

Laster gure zine aretoetan izango da ikusgai Juanma Bajo Ulloa zuzendariaren azken lana. Victor Mora marrazkilariak 1956. urtean asmatutako pertsonaia aski ezaguna aukeratu du gasteiztarrak bere azken filmerako. 1.000 milioi pezetako aurrekontuarekin, Bajo Ulloak, fantastikoa eta zientzia fikzioaren artean dagoen pelikula filmatzeari ekingo dio. Hala ere, oraindik ez dago erabakita txiroak babesten duen erdi aroko zaldunarena nork egingo duen, ezta nor izango den Sigrid, Thule uharteko erregina. Pelikularen atal asko Suedian filmatuko dira, bikingoen eszenak egiteko batez ere. Horrek, ahalegin handia eskatzen du produkzio aldetik, Filmax ekoiztetxea alabaina, larrialdietarako prestatuta dago (aurrekontua handitzeko prest). Drama, akzioa, maitasuna... gidoia bukatua dago jada, urrian bukatu zuten Bajo Ulloa anaiek, 80 pertsonaia ditu eta lau nagusiak aukeratzeko, Espainia osoan zehar casting-ak egingo dira.

NOCTURNO

Zuzendaria:
Jose Felix Collazos

Gidoia:
Jose Felix Collazos

Ekoiztetxea:
Jose Maria Lara P.C.

Kolore beltzak sortarazten duen zirrara azpimarratuz beste mundu batera eramaten gaitu Jose Felix Collazos zuzendari nafarrak "Nocturno" bere laburrarekin. Koadro beltz bati begira dagoen emakumea, bat-batean bere baitan aurkitzen da, etorkizuneko mundu ilun batean, pertsonaia ilunekin inguratua bere patuaren bila. Iluna eta zapaltzailea Txema Areizagaren argazkia eta Javier Asinen musika. 1997. urteak eman zuen labur aipagarrienetarikoa.


Azkenak
Zuritxo, egon deseroso

Queer falafel
Non: Arberatze-Zilhekoan, EHZ festibalean.
Noiz: ekainaren 29an.

------------------------------------------------------

Hasi orduko, ohar bi. Bat: “Deseroso egongo zara apur batean, isildu eta entzun. Asko ikasiko duzu zure pribilegio... [+]


2025-07-11 | Gedar
700.000 etxegabetze baino gehiago 2012tik Espainiako Estatuan, eta ez da Poliziaren kontzientzia-objekzio bat bera ere izan

Kontzientzia-eragozpena aurkezteko aukera legala daukate poliziek, eta horretarako babes "sindikala" duten arren, bakar batek ere ez du eskubide hori baliatu hamarkada batean baino gehiagoan.


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


Guraso batek 11.000 euroko isuna jaso dezake adin txikikoen futbol partida batean izandako irain eta erasoengatik

Gasteizko eskolako futbol partida batean guraso batek irainak bota, mehatxatu eta pertsona bati eraso egiten saiatu zen adin txikikoen aurrean. Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen mota horretako bigarren salaketa da. 


2025-07-11 | ARGIA
NBE-ren errelatore Francesca Albanese
“AEBek ni zigortu izana haien erruduntasunaren seinale da”

AEBek Francesca Albanese NBEk Palestinar Lurraldeetan duen errelatore berezia zigortu dute genozidioari buruzko txostena argitaratu eta egun gutxira. Albanesek sare sozialetan azaldu duenez, “boteregabeen alde hitz egiten dutenak boteretsuek zigortzea ez da indar... [+]


Israelgo Armadarentzat altzairua ekoitzi duen Sidenor enpresako burua saritu du Jaurlaritzak

LAB sindikatuak kritikatu du Sidenor enpresako buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa hori "Israelgo Armada indartzeko altzairua saltzen" aritu baita orain gutxira arte.


Zartako eta Radiocrimen taldeek baxu jotzailea kanporatu dute indarkeria matxista leporatuta

Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana


“Pazienteen segurtasuna kolokan jartzen duena euskaraz ez dakien osasun profesionala da”

Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen eragina aztertu dute EHEk eta EHUk. Jon Zarate Sesma EHEko kide eta EHUko ikertzaile doktoreak emaitzen xehetasunak eman ditu.


Ez onartu hiriaren salerosketa, ez irentsi itxurakeriaren amua

Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


Hamar urte barru euskararen arnasgunerik ez dela egonen ondorioztatu dute

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Hipotesi batzuk beteko balira, hemendik hamar urtera ukanen genukeen errealitate soziolinguistikoari begiratuta, "egoera... [+]


Eguneraketa berriak daude