ZERUAN BEZALA LURREAN ERE

  • Gerrak eta triskantzak eguneroko kontua ziren garai hartan. Zentsurak, ordea, bidegabekeria haien berri ematea oztopatu zuen behin eta berriz Euskal Herrian.

2001eko martxoaren 18an
Erabat berriztaturik ageri zen Z. ARGIAren lehen orrialdea 1971ko martxoaren hasieran. Aldizkari ospetsu batek plazara zezakeen azal modukoa eskaintzen zuen. Bertan, Hego Afrikako gobernu arrazistaren aurkako pankarta eta arma, Indotxinako triskantza begi bistan jartzen zuen irudietako bat, munduko edozein bazterretan tiroka ari zen soldaduaren piura eta... erabat ziur ez nagoen arren, esango nuke orduko "grisak" ere ageri zirela, barrikada edo gisa horretako zerbaiten aldamenean. Eta argazki horiez guztiez osatutako collage-a gainditu nahirik, gure aldizkariaren nahia aldarrikatzen zuen hitza: "Pakea!"


ZENTSURAREN KORAPILOAK

Zer gertatu ote zen, Z. ARGIA "grisen" (orduko "ordenazaintzaileei" deitzen zitzaien modua) erretratua azalean zuela kaleratzera ausartzeko? Garaiko egunkariak errepasatu arren, ez dut horren arrazoia garbi azal ziezadakeen berririk aurkitu... Halere, horrek ezer gutxi esan nahi du, orduko komunikabideak nolakoak ziren kontuan hartuta. Salbuespenak salbuespen, haietan jasotzen zen, jasotzen zena... irakurleen multzoa uxatzera iritsi gabe, "Movimiento" delakoa osatzen zutenek irribarretsu irakur zezaketen notizia klasea, batik bat. Horretarako jakinduriaz jokatu behar zen, "Movimiento" hori erraz mintzen zelako eta gertatzen zen guztia ezin ezkuta zitekeelako.
Adibidez, egun haietan Helder Camara kardenala hil zen, mundu guztian ezaguna Brasilgo behartsuen aldeko jarrera garbia agertzeko ausardia izan zuen eliza katolikoko hierarkiko bakarrenetakoa zelako, bakarra ez bazen (astero "Hemeroteka" jarraitu baduzue, ohartuko zineten Z. ARGIAn idazten zutenek estimu handian zeukatela; Francok eta bere jarraitzaileek, berriz, ezinikusi zuten). "Erregimen"arekin bat egiten zuen edozein egunkarik honako buruhaustea izan zezakeen: berria ezin zen aipatu gabe utzi (nola edo hala enteratuko baitzen jendea), baina hartaz gehiegi hitz egiterik ere ez zegoen (Helder Camararen ideien propagandatzat har baitzezakeen norbaitek). Irtenbidea? Bada, bat aipatzeagatik, "La Voz de España"k egin zuena: barne orrialde galdu bateko bazter batean lau lerro agertu, eta kitto!


PREMIAZKO BAKE ESKAKIZUNA

Orain arte esandakoa, haatik, delako "Erregimen" horren aldeko komunikabideei, hau da, gehien-gehienei zegokien. Baziren ordea Z. ARGIA bezala zentsuratik nola ihes egin asmatu ezinik zebiltzanak ere, eta horien ikuspuntua alderantzizkoa zen: nola jakinaren gainean jarri jendea, komunikabideari kalterik egin gabe! Hauen hautabideak murritzak zirenez, irudimen aberatsa eduki behar... Hona hemen, bada, munduan zehar eta Euskal Herrian bertan gertatzen ari ziren gatazka larrien collage salatzailea azalean zekarren Z. ARGIAk egin zuena. Ale hartan ez zuen deus ere esan azalean agertutakoaz... editorialean izan ezik. Ulertu nahi zuenak, ulertuko zuen, bai! Editorial horrek, hala ere, Garizuma zeukan gaitzat. Horixe zen bere izenburua: "Garizuma". Baina... hasiera-hasieran, parabola antzeko bat kontatzen zuen. Hauxe:
"Gerrate garaia zan. Behin behar eta Alemania gerrate bero eta bizian zebilen. An zabiltzan, odol-irakiñean, bere semerik lerdenenak. Sortu zitzaion erregearen seme gaxteari gerrara joateko irrika. Gau eta egun beti lelo berdiña: 'Aita, gerrara joan behar dut'. 'Baiña, seme, bai al dakizu zer esaten duzun? Gerran jende asko iltzen da. Zu ere il zindezke'. 'Etzaio ajolarik, aita, nik gerrara joan behar dut'. Nola kendu semeari burutapen txoro ori? Ona zer bururatu zaion bat-batean Erregeari: 'Kuadro bat pintatu araziko diot Alemaniako margolaririk onenari. Ager dezala bertan ondo, gerra zer dan'. Gudariak ilda, emazteak alargun, seme-alabak umezurtz, jendea ihesi eta izkutuka, asko erbestean eta giltzapean, erriak apurtuta, etxeak txikituta, gizon-emakumeak itsu, erren eta elbarri, odolezko ibaiak, gorrotoak, piakazkeriak... zer etzan azaltzen kuadro artan. Eta semeak ori ikusitakoan negarrez-zotinka: 'Aita ori al da gerra? Agindu zazu, aita; Amaitu bedi gerra. Ez iñor il'. Onelako zerbait izan nahi du ale onen azalak. Azal ortan gure gizartearen negar-zotiñak, ikara-larriak, zorne eta gaitzak agertzen zaizkigu. Eta aje guzi oien iturri?: pekatua. Gizonaren txarkeria eta erakundeen bidegabekeria. Ona Garizuma pekatuaren sustrai oiek mozteko, txarkeria oiek desegiteko, bidegabekeria oiek kentzeko. Garizuma ez da, ostiraletan aragi merkearen ordez angula edo langosta garestia jan dezagun". Hortik aurrera, Garizuma kristau ikuspegitik zer den argitzen zuen.

IRUÑEAN, EZ DOK HAMAIRU KANTARI
Astez Aste, 1971-III-7
Izan berri da Ez Dok Hamairu kantari taldea Iruñean, gure Erri zaharrean. Han euskal kanten goserik ez dela, euskaldungoaren problemarik ez dela, pentsa dezake bat edo batek. Zorionez besterik da, Ez Dok Hamairuk ezin esan alako entzule pilla izan baitu Teatro Gayarren eman zuen kontzertuan. Teatroa jendez beterik eta beste asko plazan gelditu omen zen, barruan lekurik ez-eta. Tafallatik autobus bat gaztez beterik etorri zen Iruñeara, euskal kantak entzun gogoz. Txaloak ixildu gabe, bihotzak bero-bero eta izpirituak Euskalerriaren lehenaz, orainaz eta geroaz pentsatzen. Pozten gera. Ez genduen asko uste. Gure Erriaren salbamena ez ote da etorriko hain apaldurik eta umildurik dagoen probintzia horretatik? (...)

VILLASANTE'REN ERDAL-LIBURUA
Gaztañaga'k, 1971-III-7 V
Otsaillaren 14' ko Z.A.'n irakurri dut Villasante frantzizkotarrak "liburuska" bat atera duala. Eta erderaz atera ere; gazteleraz, hain zuzen. Arri eta zur egiñik gelditzekoa ez al da? Iruzurrik iñorri ez egitearren, asiera-asieratik aitortuko dut egia: ez dut liburua irakurri. Eta ala ere galdera asko eta asko sortarazi dizkit berri orrek. (...) Gure artean dagon giroa dan bezalakoa dalarik: dabiltzan ainbat eztabaida dabiltzalarik euskal-aldizkarietan eta euskeraz: aldizkariak eztabaidaz aspertzen ari omen diran ontan; euskal aldizkariak iritzi bati ateak itzi eta beste bati ireki, bakoitza beren bidea artzen ari dan garai ontan, or datorkigu Villasante'ren "liburuska" eta "polemikoa" omen dena. Zertara dator? Eztabaidak bukatzera? Ezaren eta baiaren artekoa erabakitzera? (...) Ain zuzen ere, Euskaltzainburu edo Euskaltzaindi'ko Lendakaria jaunaren itza dugu, noski. Eta... gazteleraz? Nork sinistu! (...) "Mitxelena jaunaren proposamentuak aztertu, eta agerian jartzeko idazten da" esaten digu Intxausti'tar Josebak. Nola da ori? Euskeraz emandako iritziak, gazteleratuak, argitzeko? (...) Ez al dugu euskal-seniderik edo aurriderik Bidasoa'z bestaldean? Aiek ez al ditugu euskaldun? Edota aiek ez al dute ikuskizunik Euskera bateratzeko arloan? Bestela, berriz, gaztelaniaz ikas dezaten beartu edo bortxatuko ote ditugu gure senide aiek? (...).

ALFERREI GUTUN IREKIA
Larresoro, 1971-III-7
Agur alfer hori: Alferkeria ez duk munduan gauza berria. Ba zekiat eta ba dakik. Kokodriloen losusta luzeen berri duenak, nekez uka ziezakek saurioak alferrak direnik. Hots, saurioak Sekundarioan bizi izan hituan! Orain dela ez zekiat zenbat milioi urte! Alferrarena egin ahal izateko erabiltzen diren aitzekiek, alderantziz, itxura "berria" hartu diate gaur. Funtsezko eta betiko alferkeria horren "superestrukturak" edo azalpenak, aldatu egin dituk. Alde horretatik, hi alfer "berria" haiz. Alfer "klasikoen" ondoren, alfer "berriak" agertu zarete gaur gure artera. Hik ez duk, eskierki, Paul Lafargue-ren "Le Droit à la Paresse" liburu famatua irakurri, nahiz liburu horrek 90 urte izan. Jakin gabe, ordea, aitaginarrebaren teoriak baino maiteago dituk hik suhiarenak (parte hau bederen!), eta gogozago jarraitzen. Lafargue-k bezala hik ere "lanaren mistika" gorroto duk; eta Marx-en suhiaren teorien berri izan bahu, maizago aipatuko hituzkean heure alde. "Lanaren mistika" hori, burgesiaren "azken argudio metafisikoa" dela uste bait zuen, langileria zeharo eta bururaino zapal ahal izateko (...)


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude