HAUTESKUNDEEN KORAPILOAN HARRAPATUTAKO NEGOZIOA

  • Azken asteotan adierazpen politikoen zaparrada izan dugu Madriletik nahiz Gasteiztik urte hau amaitu aurretik berritu beharreko Euskal Kontzertu Ekonomikoaren inguruan. Zaparrada horren azpian aurkitzen da EAEko hauteskunde atariko giroak eragindako krisialdi politikoa eta Madrileko Gobernuak, kontzertu berritze horretaz baliatuz, Kupoa edo EAEk Estatuko Aurrekontu Nagusiei egiten dien ekarpena handitzeko duen asmoa. Auzia zertan den ezagutu aldera, Pedro Albizu EAJko diputatua elkarrizketatu dugu eta EHUko irakasle Baleren Bakaikoa eta EHko sozio-ekonomia arduradun Eusebio Lasaren iritzi artikuluak jaso ditugu.
Azken hilabeteotan modu ikusgarrian igo da ernegazio politikoa eta, hain zuzen horregatik, adierazpen eta liskar ugari izan da Espainiako Estatuko ordezkarien eta Eusko Jaurlaritzako edo Foru Aldundietako ordezkarien artean Euskal Kontzertu Ekonomikoaren inguruan. Esan bezala, kontzertu hau berritu beharra dago urte hau amaitzerako, Espainiako eta EAEko ordezkarien negoziazioen bitartez. EAEren zerga sistema honek bere herrialdeko zergak biltzeko ahalmena ematen dio, eta gaitasun hori EAEk eta Nafarroak soilik dute Espainiako Estatuan.
Espainiako Gobernuko ekonomiako lehendakariorde Rodrigo Ratok, edo euskal diputatu foralek eta Eusko Jaurlaritzako beste hainbat ordezkarik esanak esan, ez dago inolako zalantzarik EAEko Kontzertu Ekonomikoa berritzeko negoziaketan funtsezko garrantzia izango dutela datozen hauteskundeek. Kontuan izan behar da, gainera, segur aski, negoziaketa horiek ez direla hasiko hauteskunde horien emaitzak ezagutu arte, baldin eta uda pasa arte atzeratzen ez badira, behintzat.
Euskal herritarren artean, zenbaitek autogobernuaren adierazpentzat hartu du Kontzertu Ekonomiko hori, eta, aldiz, beste batzuek herri honen burujabetzarik ezaren adierazgarri dela uste dute. Litekeena da, horien artean, batez ere gazteenen artean, Kontzertuaren jatorria eta helburua ezagutzen ez duen hainbat jende egotea. Horregatik, eta gaiak duen gaurkotasuna kontuan izanik, erreportaje honetan horixe argitzen saiatu nahi izan dugu.


BEHIN-BEHINEKO NEURRIA.

EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko zergaren inguruko harremanak, gaur egun, Kontzertu Ekonomikoaren bidez arautzen dira, eta horri esker EAEk edozein Ogasun Publikok dituen ohiko baliabideak ditu zerga-bilketaren bidez. Esanahi ekonomiko hutsaz gainera, Eusko Jaurlaritzako testu ofizial batek dioenez, "erabateko autonomia ematen dio euskal Administrazio Publikoari eta, 1979ko abenduaren 18an onetsitako Autonomia Estatutuan oinarriturik, Euskadiri dagozkion eskumenak (eginkizunak eta zerbitzuak) gauza ditzake horri esker".
Baina, zein da gaur egungo Kontzertuaren jatorria? Eduardo J. Alonso Oleak argitzen digu, iraganean oinarrituz Kontzertu Ekonomikoaren etorkizunari buruz egindako lanean. Kontzertu Ekonomikoa, dioenez, ez zen sortu zerga deszentralizatzeko xedez, eta ezta Estatuaren eta euskal probintzien arteko zerga-harreman gisa ere -horren antzeko zerbait izan arren gaur egun ematen zaion esanahia-, baizik eta zubi gisa, lehenagoko foru erregimena -formalki 1876ko uztailaren 21eko legeak deuseztatua- kendu eta Antonio Canovas del Castillok erregimen komuna ezartzeko zuen helburu nagusia betetzeko, 1877ko ekitaldirako hemengo gizonak soldadutzarako erreklutatzen hasi ondoren. Baina herri honetan gertatu ohi denez, dio, behin-behinekoa izateko jaio zena behin betiko bihurtzen da, hainbat eragile politiko eta ekonomiko direla medio. Eta, amaitzeko dioenez, 1878an emandako behin-behinekotasun horrek ezartzen dio hauskortasun larriena kontzertuari.
Kontzertu Ekonomikoaren sistema 1978an berretsi zen, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak berariaz aitortuz euskal foru herrialdeen nortasun politikoaren errealitate historikoa: eskubide historikoak. Euskadiko Autonomia Estatutuaren III. Tituluak Ogasun Autonomo propioa aitortzen dio EAEri bere eskumenak erabili eta garatzeko. Horrela herrialde historikoek, batetik, zergak arautzeko ahalmena dute eta, bestetik, horiek kudeatu eta biltzeko erabateko autonomia. Kontzertuak ezartzen du noiz erabiliko den euskal zerga araudia eta noiz lurralde komunarena, edo zerga ordainarazpena zein Zerga Administraziori dagokion.
Baina Kontzertuak bere ezarpen alderdian, esate baterako Kupoari dagokionean, EAEren ahalmenak arautzen ditu eta haren jarduera gaitasuna mugatzen du, Madrilekiko mendekotasuna finkatuz eta nabarmenduz.


KUPOA: EAE-K MADRILI EGITEN DION EKARPENA.

Kontzertu Ekonomikoaren bidez EAEk bere zerga sistema berezia du, eta zerga-sistema orokor bat osa dezake zerga ezberdin bakoitza arautuz, hala nola Pertsona Fisikoen gaineko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga, Balio Erantsiaren Zerga eta abar. Finantzaren ikuspegitik, eta Autonomia Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren ezarpenak erakundeen arteko finantza egoera desorekaturik eragin ez dezan, EAEk bere zerga bidezko baliabide batzuk Espainiako Administrazioari ematen dizkio soilik Estatuaren eskumeneko diren karga orokorrei aurre egin diezaien, eta horien artean aipatzekoak dira nazioarteko harremanak, defentsa eta indar armatuak, aduana eta muga zerga erregimenak eta esparru edo interes orokorreko garraioa.
EAEk egiten duen ekarpen horri Kupoa deitzen zaio. Kupoa, hasiera batean, Ogasun Ministerioak Gerra Karlisten ondoren bere jarduera ezarri izan balu euskal probintzietan bilduko zukeen diru kopurua zen, eta horri kendu egin behar zitzaizkion Aldundiek Estatuaren ordez bere gain hartzen zituzten gastuak -nagusiki, probintzietako poliziak, errepideak eta diru-bilketa gastuak-. Baina, gerora, Francoren diktaduraren ondoren eta Autonomia Estatutua ezarritakoan, Kupoaren kalkulua beste modu batera egiten da. Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuengatik probintzi hauek ordaindu beharreko kopuruan oinarritzen da. Errentaren balioespen baten arabera zehazten da,%6,24 ezaguna. Lege bat argitaratu zen zehazki horretarako, Kupoaren Legea, Kontzertuarekin zerikusirik ez zuena, 1981ean onetsia eta 25 urterako iraupena duena. Bost urtean behin ezartzen da, eta urtero berrikusten da, autonomia bakoitzak bereganatzen dituen eskumenen arabera eta defizit publikoa eta aurrekontua kontuan hartuz.
Kupoaren zenbatekoa Estatuaren kargen arabera erabakitzen da. Beraz, EAEk Estatuari ordaintzen dion Kupoa ez dago bere eskuarteko baliabideen arabera, baizik eta Espainiako Estatuko karga orokorren menera. Nolanahi ere, neurri batean, EAEren ekarpena bere ahalmenen araberakoa izango da, bere errenta erlatiboaren araberakoa den heinean. Izan ere, Estatuaren karga orokorrei EAEren indize erlatiboa aplikatzearen arabera erabakitzen baita Kupoa. Indize erlatibo hori EAEk Estatuko osotasunarekiko duen ekarpen ahalmenaren araberakoa da.
Batzorde misto bat arduratzen da kupoa zaindu eta negoziatzeaz. Batzorde hori hamabi kidez osatzen da. Horietako hiru euskal Foru Aldundietako bakoitzaren izenean daudenak, beste hiru Eusko Jaurlaritzaren izenean eta gainerako seiak Espainiako Gobernuaren izenean. Ekarpenak hiru epe jakinetan eta kopuru berdinetan egiten dira Espainiako Estatuaren altxortegian: maiatzean, irailean eta abenduan.
EAErentzat 1981ean ezarritako lehenengo Kupoa 116.979 milioi pezetakoa (4.679 milioi libera) izan zen, horietatik 14.341 milioi pezeta (574 milioi libera) izanik Arabari zegozkionak, 38.243 milioi (1530 milioi libera) Gipuzkoari eta 64.395 milioi (2.576 milioi libera) Bizkaiari.


MADRILEK KUPOA HANDITU NAHI DU.

EAEk ekarpen ekonomiko handiagoa egitea nahi du Espainiako Administrazioak. Hitz gutxitan esanda, EAEren Kupoa handitzea eta beste erkidegoekiko aldeak ezabatzea izango da Madrilen helburua. Azken batean, abertzaletasunaren aurkako erasoaldi honen barruan, Kontzertu Ekonomikoa "desitxuratu" eta egungo zerga sistema mugatua arriskuan jartzea da nahi dutena. Horixe da azken asteotan Madrileko egunkarietan ageri diren informazioetatik ateratzen den ondorioa. Horrela, "El Pais"ek, urtarrilaren 3ko edizioan zioenez, "Espainiako Gobernua EAEren legerik garrantzitsuenaren, hau da, Kontzertu Ekonomikoaren, lehen berrikuntzaz baliatuko da, haren funtzionamendua aldatzeko Kupoa igoaraziz, Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuengatik Euskadik ordaintzen duen kopurua handituz, gaur egun euskal autonomiaren aldeko saldoa ematen duelarik". Eta, gainera, PSOEren ustez, Kontzertua ezartzearen emaitzek, epe luzera, erregimen komuneko erkidegoen finantzaketarekin bat egin behar dutela zioen.
PPren aldetik, Lurralde Antolaketarako Estatuko idazkari Gabriel Elorriagak adierazi duenez, Kontzertuaren Legea berritzeak haren funtzionamenduaren hainbat arlo aldatzeko aukera ematen du 20 urtez erabili ondoren, "gaur egungo ekonomiaren nahiz zergen egoerek ez baitute inolako zerikusirik duela 20 urtekoekin".
Horrela, Espainiako Gobernuak aldatu nahi duen arloetako bat Kupoaren kalkuluarena da. Aipatutako egunkari madrildarraren ustez "Euskadiri behar baino finantzaketa handiagoa ematen dio". PPren iritziz, Kupoaren sistema berriaren bidez "Euskadiko eta Nafarroako erkidegoek, finantzaketari dagokionez, gainerako erkidegoekiko duten aldea pixkanaka desagertaraztea" lortu behar da. Helburu hori erdiesteko PSOEren laguntza bereganatu nahi du PPk. Hain zuzen ere, duela 2 urte, garai hartan PSOEren arduradun autonomikoa zen Ramon Jauregui ados jarri zen alderdi sozialista katalaneko buru zen Pasqual Maragallekin eta Euskal Kontzertu Ekonomikoaren emaitzak eta finantzaketarako sistema komunak arautzen dituenak pixkanaka hurbiltzen joatea erabaki zuten, luzeenez ere 20 urteko epean denek bat egin zezaten ahaleginduz. Gaur egun Rodriguez Zapateroren lehendakaritzapean dagoen Batzorde Betearazleak bere egin du konpromiso hori.
Espainiako Administrazioan oso kezkaturik daude 1987az geroztik Kupoa, hau da, EAEk Espainiako Estatuari egiten dion ekarpena, "maldan behera erori delako" lehen aipatutako egunkari madrildarraren esanetan. Eta, gaineratzen du, "urte horretan, 1987an, Euskadik Kupoaren bidez 103.896 milioi pezeta ordaindu zizkion Estatuari; 1995ean, kopuru hori 17.822 milioi pezetara jaitsi zen. Harrezkero, Ogasun Ministerioko adituak Kupoa negatibo bihurtua dela esaten hasi ziren. Ulertezinezko egoera gertatzen zen, hau da, Estatua litzatekeela EAEri ordaindu beharko liokeena, nahiz eta honek haren zerbitzu orokorrak jasotzen jarraitu".
1997an, egunkari horrek dioenaren arabera, Espainiako Gobernua Kupoa aldatzen saiatu zen, zerga berezien kudeaketa EAEko Gobernuaren esku uzterakoan. Konpromiso hori, hain zuzen ere, urtebete lehenago, Aznar Espainiako Gobernuko lehendakari izendatzeko EAJk emandako laguntzaren ondorioz etorri zen. Baina garai hartan Aznarren Gobernuak atzera egin zuen, EAJk Parlamentuan babesa eskaintzen jarraitzearen truke. Gaur egun, EAJ eta PPren arteko harremanak nola dauden ikusita, gauzak beste bide batetik joango lirateke eta Kupoaren igoera gauzatu egingo litzateke, baldin eta PPk, PSOEren laguntzarekin, Ajuria Enea bereganatzen ez badu.
EAEren Administrazioak dioenez, berriz, Espainiako Estatuarekin duen harremana guztiz defizitarioa gertatzen zaio, urtean bilioi erdi pezeta ingurura iritsiz Gizarte Segurantza, itundu gabeko zerga, loteria eta Kupoaren bidez ordaintzen dion kopurua. Joan den urtean 144.000 milioi pezetakoa izan zen EAEren Kupoa eta Nafarroarena 51.493 milioi pezetakoa.
Kupoaren kalkuluarekin batera, PPren ustez Kontzertua berritzeak aurreko bi hamarkadetan izandako berezikeriak zuzentzeko balio behar du. Horrela, bere bozeramaile Elorriagak dioenez, Kontzertuaren arabera EAEk duen zerga-presio orokorrak ezin du Estatuko gainerako lurraldeena baino txikiagoa izan, baina arau horrek ez du ezer ziurtatzen, zeren, autonomi erkidegoek arauak ezartzeko eskumena dutenez, presio fiskal hori ezberdina izan baitaiteke.
Baina PPk asmo gehiago ere baditu. Kontzertuaren berrikuntzak, diotenez, Estatuaren ikuskaritza gorenaren zeregina berraztertu behar du, legean bertan ezarria baitago, eta beraien iritziz "inoiz ez da gauzatu". Beste asmoetako bat enpresen zerga ordainketa argitzea da. Gainera, diotenez, "Kontzertuaren legearen ezarpenak eskaintzen dituen interpretazio ezberdinen arazoa erabakiko litzateke" eta hori lagungarri gertatuko litzateke legea Europako Batasunaren aurrean defendatzeko garaian.


MADRILEK "BAKE FISKALA" HAUTSI DU, EAE-K DIOENEZ.

Espainiako Gobernuak berriro ere epaitegi eskudunetan errekurritu ditu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Aldundiek inbertsioaren aldeko zerga pizgarri batzuei eta zerga zigorren murrizpenei buruz ezarritako hainbat arau. Bai Eusko Jaurlaritzak eta bai EAEko Aldundiek adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak, jarrera horrekin, hautsi egin du 2000ko urtarrilaren 18an sinatutako bake fiskala. Akordio hartan foru ogasunek eta Espainiakoak zergei buruzko neurriak aldez aurretik eztabaidatzeko konpromisoa hartu zuten, istilurik sor ez zedin. Beste akordio baten bidez Espainiako Gobernuak euskal fiskalitatearen aurka ekindako jarduera guztiak bertan behera uzteko konpromisoa ere hartua zuen, Aldundiek pizgarri jakin batzuk indargabetzearen truke.
Lehen ere egon izan dira EAEren eta Madrilen artean honelako istiluak. Kontzertuaren historian zehar ugari izan dira Ogasun Ministerioaren eta Aldundien artean sortutako istiluak, Aldundiek beren eskumen propiotzat jotzen zuten jarduera defendatuz. Nolanahi ere, Alonso Olea historialariaren iritziz, arazoa ez da Ogasun Ministerioaren eta Aldundien artekoa, 1878az geroztik gertatu izan den bezala, eskumenei buruzko eztabaidak egotea -Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertua indarrean egon ez den epealdian izan ezik-, eta benetako arazoa eskema honetan Europako Batasuneko erakundeak sartzean sortzen da, gatazka iturri berri bat agertzen delako, horien aurrean zailago delako Aldundien eskumenak ordezkatzea eta, gainera, esan daiteke epaitegietako erabakiak bidezkotu nahi direla batasunaren itzalean.
Kupoari esker, itundutako zerga guztiak biltzen dituelarik, Aldundiek beren eskumenak dituzte hainbat zergatan, baina, 1997ko maiatzaz geroztik, arauak ezartzeko eskumena da bere baliabide garrantzitsuena, nahiz eta oso mugaturik geratu zeharkako zergetan esku hartzeko aukera (esate baterako, BEZa). Batez ere Sozietateen Zergaren inguruan sortu dira aldundiek ezarritako foru arauen aurkako errekurtsoak. Hain zuzen ere, inbertsioaren aldeko zerga kenketarako neurrien inguruan sortu izan da arazoa, inbertsioa bultzatu nahi duten neurri horiek Estatuak emandako laguntza gisa hartzen baitira eta merkatu librearen legeak hausten direla argudiatzen da. Adibide ezagun batzuk aipatzearren, hor ditugu Daewoo, Ramondin edo Lehiakortasunerako Europako Komisaritzaren urratze prozedura.
Orain Madrilek EAEko Foru aldundien hainbat arauren aurka jarritako errekurtsoek arazoa larriago egiten duen ezaugarri bat dute, hots, errekurtsoak bake fiskala sinatu zen egun berean jarri zirela, 2000ko urtarrilaren 18an. Josu Bergarak, Bizkaiko diputatu nagusiak horregatik esan zuen, "bake fiskala hautsitzat eman daitekeela 2000ko urtarrilaren 18tik aurrera, hau da, sinatu zen egun beretik. Sinatzen zen une berean, elkarri eskua luzatzen zien bitarte une berean, Estatuaren abokatua Bizkaiko arau baten aurkako errekurtsoa aurkezten ari zen". Hiru Aldundietako ordezkariek, PPren esku dagoen Arabakoak ere bai, epaitegien aurrean defendatuko direla iragarri dute, nahiz eta oraindik ez garbi egon elkarrekin arituko diren ala ez.

DATU ESANGURATSUAK
- Euskal Kontzertu Ekonomikoa 1876az geroztikoa da eta, 1937 arte, inolako etenik gabe arautu zituen Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak Madrilekin zituen zerga arloko harremanak.

- 1936an, bete-betean gerran sarturik, Kontzertua deuseztatua izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, Francorenganako "probintzia traidoreak" izateagatik, eta Arabara mugaturik geratu zen.

- 1979an, Bizkaiak eta Gipuzkoak Kontzertuaren eredua berreskuratu zuten Gernikako Estatutua onesterakoan.

- 1981ean Kupoaren Legea onetsi zen, eta horren bidez EAEk (Euskal Autonomia Erkidegoa) Espainiako Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzen dizkio Estatuari, eta hori bost urtez behin negoziatzen da espainiarren eta euskal herritarren arteko bietariko batzorde batean.

- EAEk ordaindu zuen lehen Kupoa 116.979 milioi pezetakoa (4.679 milioi libera) izan zen, hortik 14.341 milioi (574 milioi libera) Arabak emanak, 38.243 milioi (1.530 milioi libera) Gipuzkoak eta 64.395 milioi (2.576 milioi libera) Bizkaiak.

- Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa, biak, aurtengo abenduaren 31 baino lehen berriro negoziatu beharrekoak dira.

- Nafarroak ere Hitzarmen Ekonomiko berezia du zerga arloan eta epe mugarik gabea da. Joan den urtean 51.493 milioi pezeta eman behar izan zituen

EZTABAIDAREN ESALDIAK
- "Ez dirudi egokia denik Kontzertu Ekonomikoa negoziatzea egonkortasun politikorik ez dagoenean eta hauteskundeetarako deialdia gainean izanik" (Cristobal Montoro, Espainiako Ogasun ministroa)

- "Administrazioetako erakundeen arteko harremanak ezin dira koiuntura politikoen menera egon" (Rodrigo Rato, Espainiako Gobernuko gai ekonomikoetarako lehendakariordea).

- "Oso zaila izango da Kontzertuaren negoziaketan aurrera egitea, bertan esku hartzen duen alderdi politikoren batek -EAJk- behar den zintzotasun konstituzionalik erakusten ez badu" (Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidenteordea).

- "Eusko Jaurlaritzak bere nahia erakutsi orduko negoziatzen hasteko prest gaude; orain artean, urtarrilaren 10ean, ez du horretarako eskaririk egin" (Rodrigo Rato)

- "2000ko uztailean Herri Administrazioko Ministro Jesus Posadari dei egin genion, Kontzertu berriaren negoziazioetarako lehen hartu-emanetan hasteko" (Eusko Jaurlaritza)

- "Kontzertuak ez du funtsezko aldaketarik behar berritua izateko" (Rodrigo Rato).

- "Euskaldunok ez dugu dagokiguna baino pezeta bat bera gehiago ordainduko" (Josu Jon Imaz, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea).

- "Ezinezkoa da BEZa arautzeko eskumena ematea. EAJk ikas ditzala ondo EBren zerga arauak" (Rodrigo Rato, Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroa)

ORAIN KONTZERTU EKONOMIKOARI ERASOKA, HURRENGOAN...?
Espainiar erresumako gobernuek eta berau babestu izan duten indar politikoek ez dute oso gogoko izan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan duten zerga sistema kontzertatua. Bestelakoa izan da, ordea, Nafarroaren kasua, salbuespen batzuekin.
Ezaguna da 1920ko hamarkadan, Calvo Sotelo Ogasun Ministroa zenean, Kontzertu Ekonomikoak jasan zuen erasoa. Ondorioz, Foru Aldundi eta gobernu zentralaren kideekin osatutako "Jurado Mixtoa" sortu zen zerga sistema berezi hau hurbiletik jarraitzeko, eta horrek zerga autonomia murriztu zuen. Hala ere, jipoi handiena Franco jeneralak eman zion Bizkaiari eta Gipuzkoari, lurralde traidoretzat aitortuta, Kontzertu Ekonomikoa kendu zienean 1937ko uztailean. Bien bitartean, Arabak eta Nafarroak foru-sistema hau mantendu zuten.
Gaur egun indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoa 1981ean onetsi zen eta jatorrizko eskuduntzak oso murritzak ziren, baina 1990ean Sozietateen gaineko Zerga arautzeko eskuduntza areagotu zen eta 1997an, Alderdi Popularraren eskutik, PFEZ arautzeko gaitasuna handitzeaz gain, Zerga Bereziak ere kontzertatu egin ziren. Itxuraz bederen, zerga subiranotasuna handitu zitzaigun. Baina gobernu zentrala, gure auzoko Autonomi Erkidegoen gobernuen laguntzarekin, EAEn ezartzen ziren neurri fiskal gehienak errekurritzen hasi zen, arautzeko gaitasuna hozkailuan sartu zigularik. Geroago, 2000. urtearen hasieran, "Bake fiskala" sinatu zuten gobernu zentralak eta EAEko ordezkariek. Ordutik, Foru Aldundien zergak kudeatzeko gaitasuna geratzen zaie, baina arautzeko oso urria.
Beraz, eta gaur egungo indar korrelazioa ikusirik, hurrengo Kontzertu Ekonomikoaren oinarriak oraingoarenak izango dira: zergak kudeatzeko gaitasuna egongo da, baina oso urria arautzekoa, batik bat Sozietateen gaineko Zergari dagokionez. Bestalde, Kupoaren egozpen-indizea handitzeko saiakerak ere egingo dituzte, nahiz frogaturik egon oraingoak nahiko ongi gauzatzen duela autonomien arteko elkartasuna.

PEDRO AZPIAZU, EAJko DIPUTATUA ESPAINIAKO KONGRESUAN: "KONTZERTUAREN NEGOZIAZIOA DAUDEN GOBERNUEN ERANTZUNKIZUNA DA"
Kontzertu Ekonomikoa berritzeke dagoen une honetan, nork negoziatu beharko luke Espainiako Gobernuarekin, egungo Eusko Jaurlaritza ahulak ala hauteskundeen ostean osatuko denak?
Nik uste ez dela etorkizuneko Jaurlaritza zein izango den edo egungo Jaurlaritzaren indarraz hausnartu behar Kontzertu EKonomikoaren negoziazioei begira. Argi dagoena Alderdi Popularraren Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin 2001eko abenduaren 31 aurretik negoziatu behar duela da, eta PPk honen aurrean ezin du eragozpenik jarri. Negoziatzen hasi behar du eta prozesuan zehar Eusko Jaurlaritza aldatuko balitz, Jaurlaritza berri horrekin jarraitu beharko luke negoziatzen. Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioa gobernuen erantzukizuna da, momentuan dauden gobernuena. Momentu honetan Ibarretxeren Gobernuak eta Aznarren Gobernuak hasi behar dute negoziatzen.

Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko gai ekonomikoetarako lehendakariordeak esan duenez, Kontzertuan izan duen arrisku bakarra euskal Ogasun Foralen jokabide desegokiak eragin du. Arrazoia al du?
2000 urteko urtarrilaren 18an itun fiskala deitutako akordioa sinatu zuten Gobernu Zentralak eta Eusko Jaurlaritzak. Akordio horren bitartez harreman normalak ezarri nahi zituzten Madrilen eta euskal Ogasunen artean, arazoak saihestearren. Akordio hartan bai euskal Ogasunak eta bai Estatuko Ogasunak berdintasun maila berean ordezkatuta egongo ziren organu bat ezarri zen, ogasun batek, Bizkaikoak esaterako, arau berri bat ezartzeko asmoa zuenean organu hari komunikatzeko. Eta organu horretan arau hori aztertuko zen, koherentea izan zedin. Akordio horretan Estatuak organu horri jarriko zituen neurrien berri emateko konpromisoa hartu zuen. Baina Estatuak ez du neurri bat beraren berri ere eman. Gobernu zentralak ez du akordioa errespetatu. Gobernuak akordio honen bitartez Foru Aldundiak eurek planteatutakoari men egitea nahi zuen, baina ez beraiek. Gobernuak Estatuko ogasun ezberdinak ulertzerakoan, sentiberatasun falta agertu du.

Rodrigo Ratok esan du urtarrilaren 10 arte behintzat Eusko Jaurlaritza ez dela Madrilekin harremanetan jarri Kontzertu Ekonomikoa negoziatzeko. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ekainetik Administrazio Publikoen Ministerioarekin harremanetan jartzen saiatu dela adierazi du.
Ekainean lehendakariordeak, Idoia Zenarruzabeitiak, idatzi bat bidali zuen Administrazio Publikoen Ministeriora eta orduko erantzuna negoziazioetarako momenturik hoberena ez zela izan zen. Baina ez dira gauzak nahastu behar. Agian hauteskunde osteko Eusko Jaurlaritza ere ez zaio gustatuko Alderdi Popularrari. Hau ez da gustu kontua, erantzukizunena baizik.

"Ezin da BEZaren ahalmen arau-emailea eman. EAJk ikasi ditzala EBko arau fiskalak", adierazi du Ratok.
Guk badakigu inposizio indirektoa, BEZa hain zuzen, zerga oso bateratua dela Europa mailan eta geroz eta bateratuagoa izango dela. BEZ ezberdinak ezartzeko maniobra marjinak oso txikiak izango dira, ez bakarrik guretzat, baita Estatuarentzat eta Europako beste estatuentzat. Konbergentzi prozesu bat dago martxan. Prozesu hori dela-eta orain BEZaren zerga tasak ez dira berdinak estatu guztietan eta nahiz eta bateratu nahi izan, Europa osoan antzeko tasak izan arte marjinak daude.

Nola uler daiteke "bake fiskala" sinatu eta gero, Kontzertu Ekonomikoa negoziatuko den unean, Madrilek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pizgarri fiskalen aurkako helegitea aurkeztu izana?
Akordioak balio izan zuen bere egunean Europako auzi judizial bat konpontzeko. Koordinazio mekanismo bat ezartzea zen helburua, Europarekin arazoak izatea saihesteko eta administrazioak batak besteari neurri fiskalak ez errekurritzeko. Itunak zentzu horretan ez du inoiz funtzionatu. Madrilek itunaren urteurrenean errekurritu du gainera. Hala ere, nire ustetan, koordinazio elementuak izan behar dira gaiak eztabaidatzeko. Kontzertu ekonomikoaren eremu naturala eremu politikoa da, ez judiziala. Eremu judiziala akats larria da, eta ez da positiboa inorentzat.

Madrilek 2000ko urtarrilean sinatutako "bake fiskala" bernegoziatuko den testuan barneratzea eskatu du. Ados al zaudete?
Zerga eta Kupoaz gain, Kontzertuaren beste alderdi garrantzitsua ogasunen arteko koordinazio eta kolaborazio organuak dira. Hori indartu nahi zen itun fiskalaren bitartez eta hori indartu beharko da ere hurrengo Kontzertu Ekonomikoan, baina benetan betetzeko.

Kupo handiago bat onartzeko prest zaudete?
Lehenik, oso ondo azaldu beharko ligukete zergatia. Printzipioz ez gaude prest. Guk ahalmen arau-emaile handiagoa nahi genuke, nahiz eta aldi baterakoa izan eta Kontzertu Ekonomiko indartsuago bat nahi genuke ikuspegi politiko eta juridiko batetik. Dena den, Kontzertua alde ezberdinek egin behar dugun ituna da eta hortaz puntu komun batera iritsi beharko dugu.

Gobernuak Kupoa handituko dela eta Espainiako Gobernuak beste erregioko egoerarekin berdindu nahi duela dirudi. EAJ prest legoke "pase foral" moderno bat egiteko?
Nik espero dut hori ez izatea Gobernuaren asmoa. Gainera, nik pentsatzen dut hemen izango dela Kontzertu Ekonomiko dezente bat izan nahi duen Alderdi Popularreko jendea. Guk Kontzertu Ekonomikoa indartsua izatea nahi dugu, autogobernu maila garrantzitsua duena. Eta horretarako lan egin beharko dugu.

SUBIRANOTASUN FISKALA DA BIDEA
Kontzertu Ekonomikoaren berriztapenaren inguruan eztabaida pizten ari da euskal gizartean. Horregatik beharrezkoa da ondo argitzea zein den gaur egun Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek islatzen duten errealitatea. Azterketa serio bat egiten badugu, berehala konturatuko gara Euskal Herriaren ukapen politiko eta ekonomikoaren beste adierazle bat direla.
Kontzertu eta Komenio Ekonomikoek, Estatu espainolarekiko dependentzia ekonomikoa agerian uzten dute. Jatorria, inposizio baten ondorioa da. Karlistadak galdu ondoren, Foruak kendu eta gero soberania fiskala ere joan egiten zaigu. Eta harrezkero Kontzertu eta Komenio Ekonomikoa Estatu espainoleko egitura fiskalaren menpe daude, Espainiar "Ley General Tributaria" delakoaren agindupean. Zergen presioa ere Estatu osokoaren antzekoa izatea behartuta gaude. Gainera, historian zehar, eguneroko praktikan, lau foru administrazioak Estatuko arauak berridaztera dedikatu dira. Eta Estatuko arautegitik zertxobait aldendu direnean berehala etorri dira inguruko autonomiak, Estatua edo Europar Batasuna errekurtsoa sartzera, azken egun hauetan berriz ere gertatu den bezala. Hau gutxi bazen, Madrili kupo bat ordaindu behar diogu gure burujabetza ukatzeko Estatuak erabiltzen dituen tresnak ordaintzeko. Besteak beste, armada, errege-etxea eta polizia. Gure kalkuluen arabera, urtero Hego Euskal Herritik 500.000 milioi pezeta baino gehiago joaten zaizkigu Espainia aldera.
Datu hauek mahai gainean jarri ondoren, non dago PNV eta EA-k demagogikoki hainbeste aldarrikatzen duten Kontzertua eta Komenio Ekonomikoen autogobernuaren birtualitatea? Serioak izan gaitezen, Euskal Herriko menpekotasunaren eta partizioaren adierazle argiak besterik ez dira. Horregatik, euskal gizarteak jakin behar du Kontzertua eta Komenioa defendatzea gaur egungo marko konstituzionala eta autonomista defendatzea dela, gaur egun agortuta dauden tresna hauen arautegien azpian baitaude. Horregatik, ez da garaia zenbait zerga biltzeko eta beste batzuetan aldaketa txiki batzuk proposatzeko. Garaia da subiranotasun fiskal osoa edukitzeko, Euskal Herri osorako. Kontuan eduki behar dugu ere Ipar Euskal Herriak ez duela inolako ahalmen fiskalik. Frantziar Estatuko zerga-sistema zuzen zuzenean aplikatzen da. Guk, gainera, subiranotasun fiskala eskatzen dugunean zerga sistema aurrerakoi eta berbanatzailea antolatzeko nahi dugu. Ez orain arte bezala, Kontzertuak eta Komenioak daukaten ahalmen txikia ere PNV, EA, PSOE eta PP-UPN-k erabili dute neurri atzerakoiak garatzeko kapitalen eta enpresen mesedetan. Hau dena kontuan edukirik, dei bat egiten diogu PNV eta EAri Espainiaren menpeko diren Kontzertua eta Komenioa gainditu eta subiranotasun fiskala lortzeko estrategia elkarrekin lantzeko. Ez dago beste biderik.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude