KAPELA FALTA DUTENEN DOKUMENTAL DRAMATIKOA

  • Tik-ak dituzten pertsonak, mugitu ezin direnak eta beste gaitz neurologikoak dituztenak taularatu ditu Ramon Bareak "Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona..." lanarekin. Abenduan estreinatu eta Euskal Herrian dabil orain, buruko gorabeherak dokumental eran erakutsiz.

2001eko urtarrilaren 14an
Oliver Sacks-en liburu bat Ramon Barearen eskuetara etorri zen egunean hasten da istorio hau. Izenburua: "Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona...", izenburu komiko eta tragikoa, benetazko gaixo neurologikoen kasuak deskribatzen dituen liburua baita. Hortik antzerkirako bidea ibili du Barearen lan taldeak, eta izenburu bereko muntaia estreinatu berri dute euskaraz zein gaztelaniaz.
"Elezahar klasikoek irudi arketipikoak dituzte: heroiak, biktimak, martiriak, gerrariak. Nerbioetako gaixoak gauza horiek guztiak dira... eta hemen kontatzen diren gertakizun harrigarrietan zerbait gehiago ere badira": Oliver Sacks neurologo erromantikoaren hitzak dira. Horrek txunditu zuen Ramon Barea lehenengoz liburua hartu zuenean: "Kasu mediko gisa irakurrita, eta hain kasu gertukoak izanik, hain fisikoak, hain zureak, beldurra ematen du. Lehen aldiz irakurri nuenean, gelditu behar izan nuen, beldurrez".
Ordea, "gaixotasun" deitzen zaionari beldurra galtzen zaionean eta liburuari beste begirada batekin begiratzen diozunean, muga ahulak baitira, orduan gai poetikoak sortzen dira: zati batzuek konposizio literarioak dirudite, imaginazioaren fruitu. Antzerkirako material aproposa iruditu zitzaion orduan Ramon Bareari, eta gaiari bueltaka hasi zen, handik eta hemendik informatzen.
Hala jakin zuen Oliver Sacksek deskribatutako gaixoen kasuak ez direla hain kasu larriak: ez daudela ere hain urruti ikuslearengandik, mediku baten aurrean paratzen diren arren. Gaixotasun neurologikoak dituztenek errealitatearen pertzepzio ezberdinak dituzte, gauza txikietan: ikusten dutena, hitz egiteko modua.... eta abar. Fernando Sadaba neurologoarekin batera landu dute gaia, eta hark esan zien gaixo hauek ez direla tipo arraroak. Kalera irtetzekotan, mundu guztiak dauzka tik neurologiko arinak han edo hemen. Ez dira eroak, "eroen elitea" dira: normalki eromena, psikiatriaren arloan sartzen dena, neurologiatik banatu izan da. Ez dago halako desberdintasunik:
Oliver Sacksek neuro-psikologia defendatzen du


GAIXOAK PERTSONAIA.

Txalok laugarren aldiz egin du lan Ramon Barearekin obra honen ekoizpenean. Aurretik elkarlanean aritu ziren "La Ratonera", "Dama eta kardinala" eta "Los emigrados" muntaietan, baina hau da akaso eszenaratze moduari dagokionez egin duten proiekturik arriskutsuena. Aktore moduan bere ondoan Pako Sagarzazu, Ander Lipus, Itziar Lazkano, Jone Irazabal eta Inaxio Tolosa bildu ditu Ramon Bareak, eta obraren klarinete musika zuzenean jotzen du Inaxio Tolosak berak. Jose Ibarrolak egina da eszenografia minimalista.
"Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona" aurretiko informaziorik gabe harrapatutako ikusleak espero dezakeenaren bestelakoa da, ez da muntaia lasaigarria. Antzerkia eta dokumentalaren arteko bidea urratzen du. Gaixotasun neurologikoak dauzkaten pertsonen hamasei kasu ezberdin eskaintzen dira, ikus-entzunezko dokumentalak eraikitzen diren egituraz. Ez dago hari narratibo azalekorik, ezta Hasiera-Garapena-Bukaera moduko egitura aristotelikorik. Antzerki elementuak marrazten ditu, eta gaixoen marrazkia pertsonaien marrazkia bera da, eta horrek harritzen gaitu istorio berak baino gehiago, oso denbora gutxian eta datu gutxirekin egiten den marrazkia baita.
"Antzerki bizi on bat egiteko, mundu guztiari dagokion eremua bilatu behar da beti. Gaur, garuna gogoeta gai bihurtu da eta hori ez da harritzekoa. Zatiketa sozial nahiz nazionalak edozein direla ere, guztiok daukagu buru bat ustez ezagutzen duguna, ohituta gaudelako. Baina barruan sartzen garen unetik, beste planeta batean gaude". Peter Brook-en hitzak dira. Londresen 1925ean jaiotako antzerki zuzendari ospetsu honek ere egina du Oliver Sacksen obraren gaineko muntaia bat. Barearen ekipokoek haien bide berbera ibili dute: jatorrizko liburura jo, eta pertsonaia hauen ibilbideak asmatzen jardun. Oso gutxi da pertsonaiek esaten dutena, askotan gehiago definitzen dira haien akzioen bitartez, edo ezin egin dezaketenaren bitartez.
Hasiera batean muntaian Brooken orden berbera zeukaten ekintza ezberdinek, baina berehala ohartu ziren bide horrek ez zuela funtzionatzen. Egitura dramatikoa landu zuten eta oraindik, estreinaldia egina duten arren, aldaketak egiten dihardute, intuizioari jarraiki: gaia, kontrastea, erritmoa... moduko irizpideen arabera. Hobeto azaltzen digu Bareak adibide batekin: "Badago ezin mugitu den pertsonaia bat, eta horren ondoan jartzen dugu tik-ak dauzkan pertsonaiaren istorioa, hain zuzen kontrakoa dena: ezin gelditu daitekeena". Gai delikatua da doku-antzerkiaren hori. Aktoreentzat lanik zailena mahai gaineko lana izan da, lanerako materiala ulertzea alegia. Antzerkiko pertsonaia ohiko batek badu egoera bat hasieran, baina hemengo tipoari derrepentean gertatzen zaio hori, eta hori nola sentitzen du aktore batek, nola adierazten du? Nola mintzatzen da?
Gaixotasun neurologikoen kasu asko itzulezinak dira, sendaezinak, baina Sacksi interesatzen zaiona da itzulezina ez den territorio horretan gizakiak bilatzen dituen konpentsazio elementuak, edo ahalik eta zoriontsuen bizitzen ahalegintzen denean bere gabeziarekin: tik-ak dauzkan gaixoa, kasu. Ez du bere botika hartu nahi zoriontsu baita ping-pongean jokatzen duenean, erritmo handiko gauzak egiten dituenean, eta botikarekin tontotuta geratzen da eta ezin du jolastu: "Doktore, ez iezadazu eman asteburu honetan botika, partidua baitaukat!". Alegia, superbizitzeko bere tokitxoak bilatzen ditu gizakiak. Neurri batean denok dugun konpentsazio mundu hori. Gaitz neurologikoak dituzten asko ez dira beren gabeziez jabetzen, eta medikuen betebeharra hori ulertaraztea da, konpentsazioak bilatu ahal izateko. Bilaketa horrek hunkitzen du. Eszenatokian gertatzen den guztia oso objektiboa da, zuria, minimoekin kontatua; eta gero ikuslearen begiradak topatzen du gaiaren poetika.
Publikoak barre egin du hala ere. Barea harrituta geratu da, gaixoen erreakzioak oso material barregarria izan daitezkeela jakin arren: "Gaiak umorearen osagai guztiak dauzka: logikaren apurtze bat da, ikuslearen aurreikuspenen apurtze bat; baina horretan geratzerik ez genuen nahi, horregatik alderdi komikotik ihes egitea bilatu dugu". Irribarre azkarrak dira orain arte ibilitako antzokietan entzun dituztenak, eta barrerik ez egiteko uneetan publikoa isilik geratu da. "Bagenuen beldurra algarak publikoa behar ez den lekutik eramango ote zuen, baina ez da hori gertatu: publikoa ez da tontoa, ez doa irri egitera bakarrik antzokira, eta berehala sartzen da proposatutako jolasean. Eta ez dirudi erraza jendea erakartzea ezta? 'Zer egingo dugu gaur arratsean: dinosauroen filma ikustera joango gara, ala beste ezdakitzer ikustera, ala gaixo neurologikoen kasuei buruzko antzerkira?' Printzipioz, jakin ezean, baztertzeko lehena zatekeen gurea". Oliver Sacksen heroi klasiko hauek merezi dute bada, bisita egitea.

BURMUINAREN FUNTZIONAMENDUAZ
Ero klasikoek beti izan dute hondamen prozesu bat: ezkutatu izan ohi dira, giltzapean sartu izan ohi dira. Eromenari lotu izan zaizkio beste hainbat gaixotasun ondorio lazgarriekin, autismoa, kasu: XX. mendearen erdialdean bereizi zen, eta ordura arte ziurrenik kartzela eta eroetxeak autistaz beterik egongo ziren, eta krisi epileptikoak zeuzkatenak deabruak hartutako gizakitzat hartzen ziren... Neurologian badaude bestelako kasuak: orkestra zuzendari batek istripu bat jasan eta ondorioz orkestra zuzentzeko gai da, baina ez musikarien aurpegiak ezagutzeko, ezta bere emaztearena ere. Errealitatearen pertzepzioarekiko alterazio oso bereziak suertatzen dira. Eta alterazio horiek ezagutzeak pixkanaka norberaren burmuina ezagutzeko balio du: nola funtzionatzen duten bere barneko loturek.
Sacksek deskribatzen dituenak oso kasu kuriosoak dira. Ez da bakarrik "zeinen gogorra den mundua burmuineko lesioak badituzu!" esateko moduko lana, baizik eta zeinen hurbil gauden haiengandik, eta zeinen ezezaguna den gure buru barruko mekanismoen funtzionamendua: tipo bat objektu bat ikusten ari da, objektiboki, baina ez du prozesatzen zer den ikusten ari den hori. Eta hori nola ulertzen da? Edo beste batek zerbaiti begiratzen badio eta horren zati bat bakarrik ikusten badu...
XIX. mendean oraindik oso interpretazio barregarriak egiten ziren buruak nola funtzionatzen zuen azaltzeko: mapak eginez, eta amorrua, lizunkeria, handinahia han eta hemen kokatuz. Enpirikoki egiten zen lana: Oso ezaguna da burdin batek burua zeharkatu zion langilearen kasua, zeinak, ez hiltzeaz gain, burdinaren eraginez hainbat funtzio galdu zituen eta bere izaera aldatu. Gero, ikertzaileek, galdu zituen funtzio horiek burdinak eragindako zauriaren lekuan kokatu zituzten.
Esaten dutenez datorrena izango da buru barruan gertatzen denari buruzko aurkipen handienak egingo diren mendea. Ezkorrenek depresioen mendea izango dela diote, buruarekin loturiko gaixotasunak hedatu egingo direla. Bada garaia, beraz, halako gaiez mintzatzen hasteko beldurrik gabe. Ramon Barearen proposamenak horretarako bide ematen du.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude