"HAUTSI BEHARREKO MUGA HANDIENA BURUAN DUGU"

  • "Nun hago, zein larretan?" poesia odolaren mintzoa zitzaigunean gertatu zen mirakulua: mundua Gipuzkoan hasi eta bukatzen zela uste genuenok, aurkitu genuen Davant. Kristau fina, etxeko atea zabaldu orduko ezezagunak aperitifaz betetako mahaian jarri gintuen (eta ez zigun, prezixamente, arrain bakarra atera 40 lagunentzat). Gure hamar mandamenduetako galderak ederki bete zituen, zeharkako parabolatan sartu gabe. Itzulerako bidean, errepideko gure "mapa" albora utzita (Iparraldeko herriak sortu baino lehenagoko eskuizkribua), Davanten esplikazioneei esker, ordu eta erdian iritsi ginen etxera. "Azkar ibiltzeko ere pazientzia behar da", ez zigun alferrik esan.
Zuberotarra zara eta euskara behera ari da egiten. Nola bizi duzu, Zuberoan euskara galtzen ikustea?
Oso gaizki, etsaien aurkako amorrua sortzen dit. Baina gauza naturala da etsaiak izatea. Eta amorrua dut, gehienbat, jende ezaxolaren aurka. Asko dira hemen indarrik batere egiten ez dutenak, alferkeriaz, edo fatalismoz ere bai: batzuk galdutzat ematen dute euskara, eta ez dute ezer egiten alde, behar bada aurka egiten dute. Duela 30 urte, ene lagun batek esan zidan (zuberotar peto-petoak), bere haurrei ez zitzaiela euskaraz mintzatuko, aldez aurretik pentsatzen baitzuen euskara galdua zela. Zuberoa honetan bereziki, horrantz doa isuri nagusia eta denak horrantz garamatza.
Badago minoria gotor bat lan asko egiten duena euskararen alde: ikastolak, gau eskolak (AEK), irratia (Xiberoko Botza), talde batzuk (Su Hazia)... militanteak badaude, baina bistan da indar nagusia inertzia hori dela. Pentsatu behar da bizi ofizial guzia aurka doala, modak eta erraztasunak... oinarri guzia aurka doa.

Hala ere euskaraz egin izan diren ekitaldiak ez dira galdu; pastoralak, esaterako...
Gauza bitxia da zein arrakasta duten pastoralek-eta. Batzuk erraiten dute horiek ez dutela ezertarako balio; ez da arras egia. Pastoral bakoitzaren ondotik, ondorio batzuk badaude: adibidez, Gotainen, duela 7 urte, "Euskaldunak iraultzan" pastorala eman zuten, eta gero 30 bat lagun gau eskolan euskaraz ikasten hasi ziren. Pastoralek eraginik badute, ez guk nahi bezain beste, baina. Publikoan agertzen da euskara hor, eta gero arras toki guttitan: elizan gero eta gutiago, maskaradetan pixka bat badago, baina pastoralean da gehienik agertzen euskara publikoan.

Euskaltzaindian zuberotarren ordezkari zara; sarri azpimarratzen da idazle zuberotarra zarela. Zuberotar adjektiboak utzita, nor da Jean Louis Davant?
Zuberotarra naiz, bistan da, Zuberoa dut ama (eta horrek ez du esplikaziorik behar). Baina gizonak gizontzeko, beste emakumerik ikusi behar du, bat behintzat, eta niretzat Euskal Herri guzia da "amerria". Horrek esplikazioak baditu: nik haurtzarotik beste euskalki batzuk entzun ditudala. Batetik, auzoko lehenbiziko familia Garazitik etorria zen. Gainera, eskola urruti genuen eta Amikuzeko familia baten etxean (Abadia etxean) bazkaltzen genuen. Gero, askaziak (izeba eta lehengusuak) nituen Hazparnen eta Uztaritzen, eta haiekin gurutzamen handia genuen. Beraz, euskalki ezberdinak entzun ditut haurtzarotik, eta gauza naturala irudi zitzaidan euskaldun izatea, ez soilik zuberotar. Gainera, nire etxetik ikusten diren mendi handi ia guziak Nafarroakoak dira (Behere edo Garaikoak), beraz ene isuri guzia Euskal Herri osora doa. Ez dut hetsirik egon nahi Zuberoako ghetto intzestuoso batean, eta halako odolkidetasun espiritual batean. Ez, oroz gainetik ni euskalduna naiz, Zuberoako euskaldun bat.

Iparralde osoa "de facto" Nafarroa dela diozu...
Ia muga guzia Nafarroa Garaiarekin dugu. Nafarroa Beherea ere hiru mendez egon zen Garaiari lotua, eta gero ere Nafarroako erreinu legez iraun zuen Frantziako Iraultzaraino.
Bestalde Iparraldeko hiru lurraldeen artean ez dago inolako mugarik: ez erliebean, ez hizkuntzan eta ez ekonomian. Lurralde batetik bestera oharkabean pasatzen zara. Euskara ere, emeki-emeki doa aldatuz, ez dago hausketarik lurralde batetik bestera. Ekonomia aldetik, zuberotarren hamarretik zortziak Amikuzerekin lan egiten du.
Lapurdi zerbait urrutixeago dagoela Nafarroatik? Ez da hain seguru, zeren Baxenabarrarekin harreman handiak ditu, baita Nafarroa Garaiarekin ere. Hazparneko jendeak gurutzamen handiak ditu Elizondo aldekoekin; hangoak merkatura erraz etortzen dira Hazparnera, eta alderantziz. Lehen Baiona izan zen Nafarroako portua, luzaz. Orain kostaldea gehiago itzultzen da Gizpuzkoa ingurura. Baina azkenean, barne guztia nafarra da, ez da dudarik.

"Zazpiak batutako" herria helburu jartzen da askotan. Baina hori lortzea posible ikusten duzu?
Azken batean Euskal Herri osoaren harremanak eta batasuna dira lemaren esanahia, zenbakiak baino gehiago, eta hain zuzen hizkuntzan lortu da, euskara batuarekin. Ekonomian ere egiten ari dela uste dut. Emaztearekin Eguberrietako erosketak Donostian egin ditugu, eta horrelako gauzak gertatzen dira gero eta gehiago bi aldeetan. Politika beste gauza bat da. Hori zaila izango da.

Zuk politikoki Euskal Herrian hiru lurralde bereizten dituzu.
Hiru eskualde bereizten ditut politikoki, zeren lurraldeek beren gaintasuna galdu dute. Iparraldean, behintzat, lurraldeek ez dute beren gaintasunik, hiruak bat daude. Gero badago Nafarroa Garaia, bere estatusarekin, eta badakigun egoera tristearekin, eta gero mendebaldeko Euskal Autonomia Erkidegoa. Oso kontutan hartu behar dugu hiru eskualde daudela, lege eta egoera ezberdinekin. Hori abiapuntutzat hartu behar da, ezin da bestela egin. "Zazpiak bat" lema handia atxiki behar da, baina praktikan hiruak bat egitea da bidea.

Sarri Euskal Herri osorako ekimen bakarra bultzatzen da, hiru egoera ezberdin bizi ditugula kontuan hartu gabe... nola ikusten dituzu era horretako ekimenak?
Denborarekin kontatu behar da, eta jendearekin: jendearen iritziarekin. Esaterako, Baionan eman zen kale borroka hanka sartze handia izan zen, eta horren arrazoi nagusia da ez dugula elkar ezagutzen Ipar eta Hegoaldekoek, eta hor lan erraldoia egin beharra dugu. Orain muga fisikoa desagertzen ari da, muga handiena buruan dugu; hori dugu hautsi beharra. Hori ez da harrika egiten ahal. Azkar ibiltzeko ere pazientzia behar da.

Zer ezberdintasun dago Ipar eta Hegoaldearen artean?
Historia ezberdinak izan dituzte Iparralde eta Hegoaldeak, eta ezberdintasuna bereziki naziotasunean ikusten da. Naziotasunak bi definizio ditu: zaharra eta berria. Nazio zaharra, giza-legeak agintzen duen zentzuan, nazio apolitikoa zen. Hizkuntza, kultura, eta harreman naturalak zituen oinarri. Eta Iparraldea nazio bat da, edo zen bederen, zentzu zaharrean. Erran nahi da erkidego natural bat zela. Autonomia handi batekin bizi ziren. Politikan galduta dugu autonomia 200 urte edo gehiagotan, Frantziako Iraultzak kendu zigun, baina "de facto", jendeak ez zuen Frantziaren beharrik. Hemen estatuak indar gutxi zuen, elizak askoz indar gehiago zuen. Ez zuten euskal abertzale kontzientziarik, naturalki egunero bizi ziren euskal gune hartan euskaraz. Gaskoien hizkuntza bazekiten pixka bat (mugetakoek behintzat) eta ez zuten frantses hizkuntzaren beharrik. Eta horrela gertatu da 1914ko gerla handiraino. 1914ko gerlan, ene emaztearen aita joan zen 19 urterekin, eta ez zekien frantsesa zenik ere! Han galdetu zioten: "zu nor zara?" eta hark "ni euskalduna naiz" erantzun zuen. Naturalki horrela ziren, politikatik at euskaldun bezala bizi ziren.
Hegoaldean, aldiz, Victor Hugok idatzi zuen egiazki nazio bat bazegoela, zentzu modernoan, erran nahi baita ikuspegi politiko batekin. Hemen ez dugu oraindik lortu nazioaren esanahi zaharretik berrira pasatzea.

Aipatua diguzu "amerria"ren kontzeptua. Zer esan nahi du?
Enetzat emakumezkoa da Euskal Herria: ama lurra eta ama hizkuntza. Askok amatzat ikusten du Euskal Herria, baina batzuentzat atzokoa da, hiltzera doan ama xaharra. Beraz, malkoak ixur eta erdaraz egiten dute, edo berdin malkorik gabe ere. Beste batzuentzat, ordea, Euskal Herria emaztea da. Maite duen emazte bati gizon batek haurrak egin nahi dizkio, eta guk Euskal Herriari haurrak egin nahi dizkiogu, euskaraz. Ezen ama lurra peza osoa da, globo guzia bat da, eta beraz jendaki denena da lur bira osoa. Aldiz, ama hizkuntza da geure-geurea duguna. Azken finean, hori guzia honela finka nezake: amerri bakarra, zu zaitut euskara.
(Gero, emakume batek nola ikusten duen Euskal Herria, nik ezin dut esan.)

Euskara bada "amerria", lurraldetasun politikoari zer leku ematen diozu zuk?
Lurraldetasun politikoa ondorio bat da, eta lagungarri izan daiteke euskaldun bezala bizitzeko, baina politika ez dut lehen jartzen. Politikak zerbitu behar du jendea, kultura eta ekonomia. Politikak izan behar du laguntzaile, eta ez jaun eta jabe. Askok euskarari garrantzia ematen dio, politikoek agian ez aski.
Politikoez gauza txarrak esateko baditut: alde batetik meritua badute, zeren animoa behar da politika egiteko. Politika da gerla armarik gabe, eta armarik gabe gerla egitea aurrerapen bat da. Baina gero politikoek besteen zerbitzuko izan behar dute, eta ez dira beti hala. Bereziki ez dute behar adinako jakintza eta kulturarik, edo ez dira aski irekiak jakintza, kultura eta euskarari. Ez abertzaleak, eta guttiago besteak.
Zer egin behar duten? Nik uste lehen lana dutela herriaren entzutea, eta ez beti mintzatu, kalaka bizian. Herriari entzun, eta ikasi. Ikasi behar handiena dutenak dira aurkakoak, bereziki Villar bezalakoak, uste dutenak Euskal Herririk ez dela, eta gure idazle zaharrek Euskal Herria aipatzen dute ia bost mende honetan. Berdin Nafarroako jaun batzuk esaten dutenak "euskara" hitza asmakizun berria dela, eta Etxepare nafarrarengan agertzen da "euskara" hitza.
Herriari entzun, bestalde, erabakiak hartzeko: azken batean populua da soberanoa, ez agintariak. Argi eta garbi esan nahi dut, goiz edo berant, Lizarrako itunetik pasa beharko dutela. Niretzat ez da inportantea zeinek izenpetu zuen, baina testuak zer dioen: hor daude printzipio batzuk demokratikoak eta unibertsalak direnak, horiek errespetatu beharko dira Euskal Herrian bakea nahi bada, eta Euskal Herria nazio bezala eraiki nahi bada.

Hegoaldeko askok babes hartu du Iparraldean. Nola ikusten duzu fenomeno hau?
Hemen ongi eraman da. Ihes etorri direnak integratu dira, eta lan asko egin dute hemengoekin batera. Gainera, hara itzuli diren iheslariek Iparraldea ezagutzen dute eta ulertzen dute, eragin ona izan dezakete beren inguruan. Haiek beharbada nik baino hobeki esango lizueke zer den Iparraldea, hemengo egoera eta mentalitatea.
Hori gauza ona izan da, eta euskara batua horrela sortzen hasi zen: Iparraldera etorritako iheslariekin elkarlanean. Euskara batuaren sorrera etsenplu bat da, Iparralde eta Hegoaldekoen arteko harreman on baten etsenplua.

II. Mundu Gerra Iparralderaino iritsi zen. Zer eragin izan zuen gerra horrek Iparraldean?
Handia, frantses nazionalismoa hortxe sartu baitzen, gerlari ohien bitartez. Ordura artean, burgesen artean eta apaiz batzuren artean frantses nazionalistak izango ziren, baina jende xeheak axola guti zuen Frantziaz.
Gerra horretan jendearen espiritua hautsi zen. Euskaldun gelditu ziren, euskalzale ere bai, baina eskuineko frantses nazionalista amorratuen jarraitzaile. Eta beste gauza bat ere gertatu zen Zuberoako ibar honetan: geroztik Mauletik behera galdu zen euskal kantua, dantza, galdu pastorala, galdu maskarada. Euskarak iraun zuen. II. Mundu Gerraren ondotik euskara ere galdu zen hor beherean. Euskara galtzen ikusi dut ene haurtzarotik; hemen euskarak mendixketan eta inguruko ibar batean iraun du orain arte.

Nolatan etorri zen galera hori, Frantziak neurri gogorrak hartu zituelako?
Ez, frantses chauvinismoaz. Modan zegoen, "progre"a izateko frantsesez egin behar zen, aurrerapenaren hizkuntza zen, Frantzia garailearen hizkuntza. De Gaulle bera ez zen herrien etsaia, baina piztu zuen abertzaletasun hori kaltegarria izan zen. Haren aldekoak, gehienak euskararen etsaiak izan dira (asko behintzat) eta horien mende egon gara hainbat urtetan. Eskolaren eragina ere badago, euskaraz hitz egitea zigortzen baitzuten.

Frantziak "berdintasuna"ren izenean, berezitasun kulturalak ezabatzen ditu. Horren aurrean zer egin dezake Euskal Herriak? Nora jo?
Lan egin behar dugu beste minoriekin. Harremana badugu korsikarrekin eta bretoiekin; Okzitanian oso indar gutti dute hizkuntzarekin; Iparraldeko katalanekin ikusi behar genuke zer egiten ahal dugun. Eta noski, Hegoaldeko euskaldunekin batera egin behar dugu lan.
Frantzia jakobino horren kuskua edo maskor hori nola hautsiko dugun ez dakit; inguruko estatuak edo federalak (Alemania bezala) edo eskualde autonomoak dituztenak badira (Britainia Handia, Italia, Espainiako erresuma bezala); orduan modelo horien eraginez Frantziak aldatuko ote du berea? Oso auzi zaila izango da hori. Auzia Europara eraman behar da, baina Europa ere ahal dena da gaur, eta Nizako biltzarrak ez du onerako aldatu.

Nola ikusten duzu Europa?
Alde batetik merkatu handi bat da eta horretaz baliatzen gara guziak; kalte ere egiten digu zeren konpetentzia indartzen du, baina hor dago. Bestalde, eta agian hau du onena, bake eremu bat dago, estatuen artean behintzat. Beste guzia egiteko dago.
Nizako biltzarrean ikusten da Europan beti dagoela estatuen arteko konfederazio bat. Gainera Nizan agintea hartu dute bost estatu nagusiek: Frantzia, Alemania, Italia, Britainia Handia eta Espainiak. Halako mafia bat egin dute, eta horiek eskuratu dute agintea, besteak aurka izanik ere horiek agintzen ahal dute, legeak horrela egin dituzte. Guretzat oso txarra da hori.

Herri txikien babesleku izango da, edo estatuek bakarrik izango dute hitza?
Nik uste estatu nagusien interesa gehienik zainduko duela. Gero, marko bat delako hor, harremanak errazago izan ditzakegu nazio txikiek, eta batez ere estaturik gabeko nazioek. Hori bai, harremanak ezin dituzte oztopatu, baina bestela, lagundu, ez gaituzte lagunduko. Guk dugu gure burua lagundu behar eta ttikiek elkar lagundu behar dute. Oso pragmatikoak izan behar dugu, eta ez ametsik egin.

Europa mailako erakundeak sortu ahala estatuak ahultzen joango direla esaten da.
Gehienik ahultzen dira ekonomia aldetik, ekonomiako harremanak estatua baino zabalagoak baitira, eta hor, bitxi bada ere, progresistagoak dira ekonomian dauden kapitalistak, gure politika gizonak baino. Beren interesengatik, baina horrela da. Eta hemen, Euskal Herriaren alde, progresistagoak dira industrial ttikiak-eta. Azken azkenak dira gure politikoak. Zuberoan, merkatariak, artisauak, industrialak-eta Baxenabarre eta Baionarantz doaz. Beraz, politikoak oztopo egile. Eta nik badut beldurra Europan ere horrela dela.
Baina gero, kapitalistak diren tokian langileak ere izan behar dira. Kapitalistek batasuna egina dute euren artean, nahiz denak konpetentzian ibiltzen diren. Langileek ere batasuna egin behar dute, eta ez estatuen menpeko egon beti. Herri ttikiek halaber. Beraz kapitalismo internazionalak mundua irekitzen digu baina guk, azpikoek, gure interesak zaindu behar ditugu.

Behi eroen arazoak erabat astindu du Frantziako estatua, eta Espainiako estatuan ere lehen kasuak agertu dira...
Eroak badaude, baina jendearen artean: zoro hori kapitalismo itsu baten eskutik ekarri dutenak. Nekazaritzako modelo txar bat hazi dute eta hazten oraino. Beraz, ez bakarrik nahi den adina ekoiztea, baina ekoizpen gehiago eta diru laguntza gehiago du nekazari batek. Eta horrekin, ekonomia aldetik salneurria gutxitzen duzu, eta gehiago ateratzeko gehiago ekoiztu behar duzu, hori menskeria da. Jateko ez dugu ordaindu nahi, dirua atxeki nahi dugu beste gauzak erosteko (kotxeak...). Denak pozik gaude supermerkatuan janaria merke delako, baina kalitatea eta osasuna, biak, sakrifikatu egin dira, eta orduan zentzu onera etorri behar da, beste neurri bateko nekazaritza batera itzuli. Kalitatea zaindu eta guttiago ekoitzi. Beste nekazaritza eredu batekin, uste dut baserri gehiagok bizirik iraungo luketela, oraingo sistemarekin gero eta handiagoa behar da baserria.
Sistema da benetan zoroa, eta behi zoroa horren profeta. Eskertu behar dugu, gaixorik ez garenek, behintzat, aski goiz ezkilak jo duelako.

BERE HITZETAN
"Zoritxarrez politiko bezala ikusten naute oraino. Literaturan gustorago nago" (Argia, 87-11-15)

"Zer balio du zerbaiten erraiteak, politika-fikzioa hain indartsu eta kulturaren axola hain ahul den Herri honetan? Norentzat idazten ari gara? Denbora galtzea da!" (Euskaldunon Egunkaria, 99-01-31)

"Erregu bat hegoaldeko haurride guziei, eta bereziki ezkerreko abertzaleei: ez otoi gure geroaz planik atera gure ordez. Abertzaleen artean inorek ez diezaguke eskubide hori hartu, etsaiak egin zigun bezala"(Euskaldunon Egunkaria, 00-09-09)

"Iparraldean, herriaren usteen aurka egin behar dugu gehienetan. Iduri zait hori etsaien aurka egitea baino mingarriagoa dela" (Argia, 78-12-17)

"Arrisku bat hatzematen diat (nire AEKko irakasle) lan horretan: usaiako jendeen egoeratik ateratzea, laborari eta langileen errealitatea ez gehiago ikustea eta euskararen prismatik bakarrik ikustea" (Argia, 84-06-10)

"Nik ene baitan baldin badut, gizon gehientxiek duten fantasma hori, emazteari 'voyeur' batek bezala so egiteko, ez dut gorde behar, faltsukeriarik ez da behar poesian"Argia, 86-06-29

CURRICULUMA
- Jaio:
Hurrustoi-Larrabilen, 1935ean.
- Euskaltzain, idazle eta irakaslea.
- Mauleko kolegioan, eskola orduz kanpo, euskara lantzen zuen aita Xarriton-en eskutik, astean ordubetez.
- Laborantzako ingeniaritza ikasketak Arges-eko Unibertsitate Katolikoan egin zituen.
- Aljeriako gerra garaian soldadutza egin zuen (1958-60).

Erlijioa:
"Herri Ekintza" eliza mugimenduko buru izan zen bere emaztearekin batera (1962-69); 1968an "Fededunak" sortu zen, euskara elizan sartzeko taldea, eta katixima euskaraz atera zuten.
- ENBATAko sortzaileetariko bat (1964) eta bertako kide izana.
- 1974an EHAS talde politikoa sortu, eta bertako partaide izan zen.
- 1975ean Euskaltzain oso izendatu zuten.
- Hazparnen AEK-ko irakasle izan zen, gau eskolak ematen (1984).
- Hazparneko laborantza eskolako irakasle izan zen (1958-1995).
- Egunkari eta aldizkari askotan idatzi izan du: Gazte hilabetekarian hasi (1957), eta Enbatan idatzi zuen agerkaria sortu zenetik 13 urtez. Geroztik Herrian, Euskaldunen, Zabalen, Jakinen, Brankan, Zehatzen, Euskaldunon Egunkarian eta Garan kaleratu ditu artikuluak.

- Obra:
Histoire du Peuple Basque (1970); Aberri burruka eta klase burruka euskal mugimenduan saiakera (1977); Iparraren bila eleberria (1986). Pastoralak: Abadia Urrustoi (1990), Eüskaldünak Iraultzan (1993), Aguirre Presidenta (1995). Poesia: Makila gorria (1980), Denboraren aroak (1982), Nahi gabe (1985), Itsasoak iraultzan (1986), Ihesi (1990).

-Sariak:
Iruñeko Xalbador saria jaso zuen Nahi gabe bildumak (1984). Azkue sarian aipamen berezia jaso zuen Itsasoak iraultzan poema bildumaren lehen zatiak (1980), eta urtebetera Azkue saria irabazi zuen Denboraren aroak bildumak. 1999an Idazleen Elkarteak omendu zuen.

BIZITZAREN PASARTEA
Ezkondu nintzenekoa, beharbada, egiazki libro egin dudan hautu bakarra da ene bizian. Ene oroitzapenik onenetarik bat, emaztearekin ezkonduta Donostian egin genuen egonaldia da. 61eko iraila zen. Donostian ikusi genituen estropadak, hango giroa, parte zaharrean egon ginen, Igeldon, museoak ere bisitatu genituen... oso egonaldi ona, eta beti ere oso gustura etortzen gara Donostiara. Laster 40 urte elkarrekin garela, bi alaba eta 3 iloba baditugu, eta pozik nago.
Niretzat ezkontza oso garrantzitsua da, baina hori bai, morala norberarentzat da, eta ez da besteari ezar dakiokeen gauza bat.

BERTSOA
Doinua: Hara nun diran
Herriari egin umeak eta
gero hazitzen lagundu
ez dadin bere malkotan ito
ta haiek ere lurrundu
"zai dago ama", baina amerriak
aitaren etxea nun du?
"hirurak bat" bai, baino ez bagina
herri bat ta ez zazpi mundu.

Jexux Mari Irazu
ARGAZKI ZAHARRA
Jean Louis Davant, Herri Batasunako mitinean (1978).


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Eguneraketa berriak daude