ZER EGIN DIE BEHIEI GIZARTE ERO HONEK?

  • Behi eroen alarma piztuta dago Euskal Herrian. Frantziako krisi berriak eraginda, Iparraldean neurri bereziak hartu dira azken hilabeteotan. Espainiako lehen kasuen agerpenak, aldiz, Hegoaldean izan du eragina. Nahasmendu honetan gauzak argitu asmoz, egungo egoeraz gain, gaixotasun honen arrazoiak bilatu ditugu iraganean, pentsuak izan duen eragina aztertu dugu eta gizakiari ekarri dizkion ondorioak ere ditugu mintzagai.
Behi eroen gaitza (Behien Entzefalopatia Espongiformearen gaitza) Britainia Handian detektatu zen estrainekoz 80ko hamarkadako amaieran. Frantziako lehen kasua 1991. urtean agertu zen ostera. Gaitza Europako hainbat estatuetara hedatuz joan zen harrezkero. Pertsonon osagarrian eragin gaitza duen eritasun hilgarri honek larrialdi gorriaren alarma piztu zuen berriz ere 1997an. Frantses saltoki handietako harategietara iritsi zen krisia eta psikosia era kezkagarrian. Azaroan, berriz, behikiak beste krisi handi bat jasan du. Aldion gaitzak Europako Batasuna osatzen duten estatu guztiak ukitu ditu ordea, Espainiako estatua barne, Galizian detektatu baitzen lehen behi eroa. Goi-instituzioak, ekoizleak, saltzaileak eta kontsumitzaileak erne eta arretatsu jarri ditu molde berriko izurri honek.


AZAROA BEHIEN EZAROA.

Urriaz gero zabaldu zen eritasun honen agerraldi berri bat Frantzian. Izurria urte hasieratik antzematen hasi zen eta 86. behi kutsatua aurkitu zuten. 1991z geroztik 166 behi izan dira izurri honek jotakoak. Orotara, prebentzio gisara, 9.500 behi hil dituztelarik. Frantziako ekonomiarentzat kolpe gaitza izan da, behikiaren izen handiko ekoizle baita estatu hau. Konparazione, Hungariak frantses behikiaren inportazioa debekatu zuen eta Errusiak frantses behikiaren kopuru erosketa gutxitu zuen. Jean Galvany laborantza ministro frantsesaren lehen neurria etorri zen: behien elikadurarako erabilitako irin guztiak debekatu zituen. Ordura arteko irinetan % 0,3 animalia gantz zeraman eta hutsean geratu zen. Confederation Paysanne sindikatuak aspaldi eskaturiko neurria zen alabaina. Neurriak, alta, ez zuen Buffalo Grill erretegi kate handiko 207 ostatuetako menuetatik behi saiheskiak kentzea eragotzi. Frantziar ekonomian garrantzi itzela du abelgorriak. Politikoek ez zuten irinen baliabideak etetea era berean ikusi ere. Chirac presidentea berehala debekatzearen alde agertu zen eta Jospin lehen ministroa aurka. Politikoen arteko lehiak areago handitu zuen gizartean zegoen psikosia.


KONTSUMITZAILEAK ERNE.

Ipar Euskal Herriko hainbat udalek behikia eskoletako menuetatik kentzeko agindua eman zuen. Espainiako Gobernuak, artean, Frantziako eta Irlandako behikia inportatzea debekatu zuen. Osasun eta Kontsumitzaileen Babeserako Europako komisarioak, David Byrnek, erabakia kritikatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Elikagai Politikako Asier Albisu zuzendaria kexu agertu zen erabakiaren berri jaso ez zuelako. EHNEk haragiari buruzko politikarik eza azpimarratu zuen.
Kontsumitzaileen konfiantza berreskuratzeko lehen neurriak hartu zituzten Europako Batasunako 15 herrialdetako nekazal ministroek. Bat, urtero sei milioi behi ingururi analisiak egitea. Bi, 1998ko uztailaz geroz sortu abereei analisia egitea. Lionel Jospinek "azterketarik gabe behi erorik ez dago eta probarik egingo den herrietan gaitza agertuko" zela gaztigatu zigun. Biharamunean agertu zen izurritearen lehen aztarna Galizian. Espainiako Gobernu Nekazaritza ministroaren izena ezagunago egin zitzaigun harrezkero. Miguel Arias Cañetek arriskua beti dagoela baieztatu zuen, baina neurriak hartuak zirela eta behikia lasai jateko adierazi zuen. Hitzez haratago joanez, 350.000 behi aztertzea adostu zuten espainiar ministroak eta autonomia erkidegoetako nekazal sailburuek. EAEn, 13.000 buru aztertzen ari dira. Behien errausketa arautzeko dekretu bat ere onartu zuen Espainiako Gobernuak. EHNE eta ELB sindikatuek protesta ekintzak burutu zituzten Euskal Herrian. ELBk frantses gobernuak proposatu laguntzak ekoizle handiei egokituak direla eta ez tipiei salatu zuen. EHNEko kideek EBko politikari leporatu zioten behi haragiaren krisia eta gurean jaten den okela osasuntsua dela erakutsi zuten prentsaurrean txuleta probatzeko eskainiz. ENBAk eratu mahai-inguruko hizlariak kontsumitzaileari informazio osoa ematearen alde azaldu ziren. J. J. Badiola, Zaragozako Albaitaritza Fakultateko buruaren iritziz Espainian behi eroengatik kezkatzeko arrazoirik ez dagoela dio, abereekin egindako irinaren ordez soja erabiltzen baita. Erran zaharra berritu dezagun badaezpada: dakienak daki, ez dakienak kasu!


PSIKOSIA APALDUZ DOA.

Izurrite edo gaitz honek eragindako psikosia apaltzen ari da. Hendaiako udalak herriko eskoletan behikia ez emateko erabakia bertan behera utzi zuen hil honen 4an. Frantziako instituzioek oso hurbiletik jarraitzen dute afera, ekonomia eta pertsonen osasuna baitago jokoan. Akitania osoan zabaltzen diren Champion saltoki handietako "Guyenne et Gascogne" kateko Indaburu arduradunak honela erran digu: "Krisia iragaiten ari da emeki. Guk Akitaniako behi blonda arraza baino ez dugu komertzializatzen 1993az geroz. 1997an aste gogor bat jasan genuen. % 30 apaldu zen salmenta orduan eta aldi honetan % 8-10 apaldu da. Galerak zerbitzu librean izan dira partikularzki". Harategi txikien kasua bestelakoa da, ordea. Hendaiako Arruabarrena harakileak bere salmentak igo ditu nabarmen. Errepublikako plazako bere saltegian Landesetako behi-haragia baino ez du saltzen, eta behiki honen agiri zertifikatua ezarria du erosleen ageriko.
Irungo San Juan plazan, berriz, Mikel Zabal harakileak Bordako zigiluko behikia saltzen du, ondo agerian dagoenez. Harategi hauetan kontent daude. Iraganean bezeria galdu zuten ekoizle handiekiko lehian, eta berau berreskuratu dute hein batean. Euren hitzetan, behi eroen gaitzaren ondorioz, kantitatea eta kalitatea ez datozela bat frogatu eta kalitatea ordaindu behar dela berretsi da. Irungo Txingudi merkatalguneko Al Campoko harakinari galdetu bestela. Azaroan behikiaren salmenta %30 jaitsi zen. Kate honek 38 saltoki ditu estatuan. Berean da salmenta gutxienik apaldu eta Iparraldeko erosleek badute zerikusia honetan. Artean, saltoki handietan ardikia, txerrikia, untxi nahiz oilaskoen salmenta erruz igo da. Alabaina, behikiak tiradizo handia dauka gurean. Txuleta handiak jatea gure ekonomia sendoaren erakusgarri izan da azken hamarkadetan. Neurriak hartzen hasiak dira jada. Eusko Jaurlaritzako Gabriel Inclan Osasun sailburua Elikadura Segurtasun eta Higieneari Buruzko Kontseilua sortzeko aukera aztertzen ari da. EBko Nekazaritza Ministroen Kontseiluak abereak elikatzeko animalien proteinak (arrainenak izan ezik) erabiltzea debekatu du.
Abere okelez eta hezurrez eginiko irina eta pentsuak debekatuta egongo dira urtarrilaren 1etik aurrera. 30 hilabetetik gorako behiak hiltzea erabaki da, baldin entzefalopatia espongiformearen froga gainditzen ez badute. Baina, zer egin digute animalia eder hauek mundu honetako jende gaixoen tratu zoro hau jasateko?

NONDIK DATOR?
Brigitte Chamak doktoreak aztertu du gaitz hauen historia "Science" aldizkarian. Entzefalopatia espongiformea lehenbizikoz ardien dardara (scrapie) moduan deskribatu zen Europan, XVIII. mendean. Eta XIX.ean Australian zabaldu zen, britainiarrek eramandako merino ardiekin batera.
1930ean Toulouseko Cuillé eta Chelle albaitariek demostratu zuten gaitz hau transmititu zitekeela, eta lehenbizikoz birusetan ezarri zuten jatorria, inkubazio epe oso luzea (bi urte artekoa) zuela erakutsiz. 1937tik ezaguna da burmuina gaitz honekin "zuloz" josia geratzen dela. Ardi batek zeukan gaitza beste bati pasaraztea lortu zuten lehenik, baina baita ahuntzei ere 1938an: espezie batetik bestera pasa zitekeela demostraturik zegoen.
Mundu Gerrak eten zituen ikerketak, baina Eskozian sortu zen izurri batek berrabiarazi zituen. 1954an, Islandian ere zabaldu zen izurriaren ondorioz, gaitz biriko eta garapen mantsokoa zela erabaki zuten Reikiavikeko Institutoan.
Lehenago, eta gizakiei dagokienez, 1920an Hans-Gerhard Creutzfeldt-ek pertsona batean aurkitutako entzefalopatia kasu bat deskribatu zuen, ez espongiformea. Eta 1921an Alfons Jakob-ek beste bost marraztu zituen, horietatik bi espongiformeak.
1950ean, Carleton Gajdusek-ek "kuru" izeneko gaitz bat deskribatu zuen. Eta 1957an Ginea Berrian kuru gaitza zuten hainbat aborijen aztertu zuten. William Hadlow albaitari amerikarrak dardara duten ardien buruen antza dutela argitu zuen. Eta laister, hainbat frogaren ondoren, Gajdusek-ek gaitza txinpanzeei iraganaraztea lortu zuen.
Gaitza eragiten duen agentea aurkitzeak denbora gehiago eraman zuen. Hasieran birus batez mintzo bazen, radiobiologistek erakutsi zuten hori baino ttikiagoa behar zuela izan 60ko hamarkadan. Baina ikerketak garestiegiak ziren, eta epidemiologisten aroa arte itxaron behar izan zuten, urteen poderioz gaur "prion" hitzaz deskribatzen den izakia aurkitu arte. Bitartean, Gajdusek-i Nobel saria eman zioten. Gizon honek ikusi zituen Ginea Berriko biztanleak kanibalismoa egiten, eta ohartu zen gizonezkoek giharreak jaten zituzten bitartean emakume eta haurrek irensten zituztela muinak: hauek ziren infektatuak.
70eko hamarkadan, gizakian Creutzfeld-jakob gaitza sistema neurologikoarekin zerikusia duten operazioen bidez kutsatzen dela demostratu zen. Eta 80koan, hainbat herritar kutsaturik hil zen, 60 eta 70eko hamarkadetan infektaturik zeuden pertsonen hipofisiaz egindako hazteko hormona eman zitzaielako. 20 1989an, eta 34 1995ean. Hormona sintetikoa lortu arte tratamendu hori leku askotan debekatu egin zen, baina Frantzian ez, eta gaitza zabaltzen segitu zelako zenbait osasun arduradun epaiturik izan zen 90ko hamarkadan.
Behien entzefalopatia espongiformea 1986an azaldu zen lehenbizikoz Britainia Handian, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen aberekiz egindako pentsua zegoela horren oinarrian. Baina 1989an Southwood zoologoa buru zuen batzordeak adierazi zuen ez zela probablea gaitz hori behitik pertsonara igarotzea. Arditik behira pasea zen, baina inork ez zuen aztertu adibidez txinpanzera pasa ote zitekeen.
John Majorrek 1995ean "inongo arriskurik ez dago" zioen, baina 1996rako Creutzfeldt-Jakob gaitzaren forma berriaz kutsatutako hamar pertsonatatik zortzi hil egin zirela argitu zuen Dorrel ministroak.


Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude