GAU BELTZAREN ATARIAN

  • Elizaren jarrera jartzen zuen kolokan Z.ARGIAK azaroaren 29ko alean, bai Burgoseko Prozesuarekiko eta baita Vietnamgo Gerrateko sarraskiarekiko.

2021eko uztailaren 23an
Garai gogorrak ziren haiek gure herriaren gehiengoarentzat. Jakin bazekien, berehalakoan, hamasei herritarrek auzi militar bati aurre egin behar izango ziotela. Baita horrelako auzien ondorioak nolakoak izan ohi ziren ere: kasurik onenean, urte mordo bateko kartzelaldia, bestela, heriotza epaia.
GOTZAIN BI. "Burgoseko auzia" gogoangarri haren atarian, "Donostiako Gotzaiak eta Bilboko A. A.'k batera egindako eskutitza" argitaratu zuen, bere lehen orrialdean, Z. ARGIAk. Jacinto Argaya eta Jose María Zirarda jaunak, beren elizbarrutietako apaiz, erlijioso eta sekularrei "Jaunaren pakea" opa ondoren, homilia hura batera egitearen arrazoiak azaltzen saiatzen ziren:
"Eskutitza bi Gotzaiak elkarturik eginarazi digu Burgos'ko 'Capitanía General'-ean laister egingo dan '31/69 Consejo de Guerra'k' gure bi elizbarrutiak ikara batean dauzkalako". Ikara hori gero eta nabarmenago ageri ei zen, Josu Abrisketak, Itziar Aizpuruak, Bittor Aranak, Arantxa Arrutik, Julen Kaltzadak, Xabier Larenak, Jose Mari Dorronsorok, Andoni Karrerak, Jone Dorronsorok, Jon de Chaves-ek, Xabier Izko de la Iglesiak, Goio López Irasuegik, Mario Onaindiak, Eduardo Uriartek, Enrike Gesalagak eta Jokin Gorostidik aurre egin beharko zioten auzi militarra zela-eta. Hura kontuan izanik, "zuen Artzai eta animen Zaindari garenez", zera egin nahi zuten bereen aurrean Donostiako eta Bilboko gotzainek: "Zuen Gotzai bezela zer egin degun eta zer egiten ari geran agertu; Eliztar batek nola jokatu bear duan esan; eta Kristo Errege-egunak zabaltzen dituan giroari ta erakutsiai jarraitzeko eskatu".


EPAI MILITARRARI AURRE.

Aipatu gotzainak ez ziren geldi egonak. "'Consejo de Guerra' dalako ori ateak itxita egitekoa zan, auzipetuetako bi apaizak diralako -bat gipuzkoarra ta bestea bizkaitarra-, Konkordatoak galerazia baitauka eliz-gizonen auzien edozein berri zabaltzea. Konkordatoaren erabaki ori eliz-gizon ez diranentzat kaltegarri izango zala uste izan degu. Eta, gure bi apaiz oiekin bat arturik, auzia ate zabalik izan dedilla eskatu genduan. Aita Santuak eta Gobernuak, biak ontzat eman dute eskabide ori".
Horrez gain, "bein da berriz jo degu Estaduko Buruzagi Nagusiarengana, juzio au oi dan Auzitegian egin dedilla eskatzeko, ta ez 'Consejo de Guerra' baten aurrean. Zergatik ori? Alde batetik, zigorrik aundienak eman nai zaizkion txarkeria edo delitua egin zanean, 'Decreto-Ley contra el bandidaje y el terrorismo' deritzan lege gogorra indar betean etzegolako, ta, bestetik, guztiekiko Auzitegietan egiten diran juizioetan, auzipetuen alde obekiago egin ditekealako ta, ala nai izan ezkero, Auzian gora jo ditekelako ere bai".
Behar bada baten batek pentsatuko du, Jacinto Argayak eta Jose Maria Zirardak emandako urratsak irakurtzean, Konkordatoarekin edo bestela, garaiko gotzainek denetarako bulda izan bazutela. Baina ez zen horrela izango, zeren Bizkaia eta Gipuzkoako Eliz aginpidea bere gain zutenak, gorago jasotako horren jarraian, honakoa argitzera behartuak ikusten baitziren: "Ez dugu eskatzen, jakiña, egin dala argi ta garbi egiztatzen dan gaiztakeririk zigortu gabe uzteko. Beste au bakarrik eskatzen degu: Zuzentasuna, oi dan Auzitegiaren bidez egin dadilla. Eta uste degu, au eskatzean, gure Artzain-lanari dagokion serbitzua egiten degula, bai auzipetuen onerako ta bai gure gizarte-bizitzaren onerako".


HERIOTZA EPAIEN BELDUR.

Ordurako mundu guztiak zekien fiskal militarrak sei heriotza epaia eskatuak zituela, eta Xabier Izko de la Iglesiak, Eduardo Uriartek, Xabier Larenak, Mario Onaindiak, Jokin Gorostidik eta Jose Mari Dorronsorok, zortea ez bazuten lagun, zigor hori jasan beharko zutela. Gure gotzainek kontuan izan zuten arrisku anker hori ere. "Azkenik, eskatu degu, juizioa egiten dan bezela egiten dala, norbait eriotzera galdua izango balitz -seirentzat eskatzen baidu Fiskalak eriotza- aldatua izan dedilla zigor ori. Irudituko zaizute, bear bada, gure eskabide au leenegi egin degula. Guk uste izan degu obe dala horrela egitea". Arrazoia? Hauxe: "Era ortan egiten diran militar-juizio 'sumarísimo' oietan, bein sententzia eman ezkero, azkar betetzen dalako. Eriotzara galduak arki ditezkeenganako ta oien familienganako kristau-maitasunak, eta gure erriarentzat pakea irixteko gogo biziak bultza digute ori eskatzera".

NORI SINETS?
Patxi Altuna S.J., 1970-XI-29
Fedeari eusten eta Jainkoak irakatsiak sinesten bestela ere egungo kristauok aski lan eta neke dugularik (eta egungo kristauok esatean, apezak ere gogoan ditut, noski; Gotzai Jaunak, ez, Gotzai Jaunen berri eta haien sinesteko lanen berri gutxi baitakit), eragozpen berriak asmatzen eta zoztor handiagoak ipintzen ari zaigula esan behar zenbait jende. Hobe lukete horretan aritu ordez inguruan ditugun korapilo galantak askatzen eta barra-barra hedatzen zaizkigun gezurrak eta egia erdiak salatzen saiatu! Orri eta gutun, agiri eta artikulo, izenik gabeko deklarazio eta salakuntza, alde bateko eta besteko kristau eta apez ari zaigu egunotan nonnahi ematen eta barreiatzen. Zer indar dute idatzi eta iritzi horiek? Komuneko paperean inork idatz lezakeanak lukeana: batere ez. Aita Santuak hau edo hura egin OMEN duela... Alferrik ari zaizkigu. Gure herriak ez die sasi-artzaiei jaramonik egingo, are gutxiago beren izena izkutatu eta artzantzan hasi nahi duten eta zeintzu diren ez dakigun horiei. (...) Kalte izugarria ari dira lagun horiek egiten, edo bederen egiteko bideak hartzen. Apezen jokabidea, baldin okerra baldin bada, ez dezakete inola haien pareko eta kideko, ez goragoko, diren beste hemengo edo hango apezak kondena eta gaitzets. Horretarako da Gotzai Jauna (...)

ESKUTITZ BAT AITA SANTUARI
Arostegitar Jokin, 1970-XI-29
Oraingo au Vietnamgo kristau batzuek zuzendu diote seigarren Paulori. "Lettre des Vietnamiens chrétiens" deritza. (Kristau Vietnamdarren eskutitza). Bertan, Vietnamgo Aberrian, Amerikarrak darabilten politika eta Eleiz agintari batzuen jokabidea astindu eta dantzatzen da. M. Ngo Cong, katoliko diputaduaren bitartez jaso zuan eskutitza Aita Santuak, aurtengo abuztuan. Eskutitz honetan, etxe ta errietan gerrateak ekarri dituan kalte izugarriak baiño gehiago aipatzen dira Moral eta espiritu aldetik Amerikarrek Vietnamgo aberriari egiñ diote ondamendi beldurgarria. "Biziera, zibilizazio berri bat ekarri digute Amerikarrek: Dolar diruaren zibilizazioa. Guzia dezakezu dolarrarekin; baita zeruko ateak ireki ere. Dezakeguna irabaztea, bearrezkoa zaigu beraz. Ortarako bide guziak on. Amerikarren artean egindako zenbaketa. Estadistikak digunez, lau emakumetatik bat ema-galdu dezu. 'Vietnamgo gerratea', beraz, 'Erriaren erailketa' (genocidio) da". (...)
Eliza isillik. Milla bederatzireun eta irurogeita zortzigarren urtean, My-Lai (Song-My-n) Amerikar soldaduak bost eun erriko jende zibil il zituzten. Orain arte ordea Eliza isillik. Ikasle, alargun eta gerlan zaurituek, giza pertsona baten antzera bizitzeko eskubidea eskatzen dute. Bitartean, Xtoren Eliza isillik dago Vietnamen. Gogorkeriak, gorputz minketa-torturak, egunero gertatzen dira gure artean polizi etxeetan. Eliza bitartean isillik. Joan zan ekaiñean, Amerikar egazkiñek eun itsasontzi ondoratu zituzten, eunen bat arrantzalek bizia galtzen zutelarik. Eliza ordea isillik (...)


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude