Bertsolaritzak bertsogintza du oinarri. Eta bertsogintzak bertsolaria. Pernandoren egia dirudi, eta hala da. Gainerako ajenteak -Elkartea, bertsozaleak, hedabideak, eskola, bertso-eskolak, gizartea orokorrean- aparte utz ez badaitezke ere, bertsolariaren ikuspegitik egungo egoera zertan den azaltzen ahaleginduko naiz. Nola dabil gaur egun bertsolaria? Nolakoa da?
GALDUA neurri handi batean. Aditzera eman nahi duena aditzera emateko zailtasunekin. Badira hamabost urte Joxe Agirreri entzun geniola: "Hogeitaka urte daramatzat bertsotan, eta oraintxe dago sekula baino lan zailagoa!". Azken hamabost urteotan zaildu egin da lehenez gainera bertso-lana. Ingurugiroa trinkoa ez denean, jaialdietan alegia, entzuleak batak era bateko gauzak eta besteak beste era batekoak entzun nahi ditu. Bertsotan ongi egitea ez da aski horrelakoetan. Komunikatzera iristeko entzulegoaren askotariko tenperatura hori oso ongi hartzen jakin behar du berea esan edo berea moldatu nahi duen bertsolariak.
AHULDUA bere esan-indarrean. Entzulegoaren zati handi batek hizkuntza bakantasunaren xarma ezinbestean galdu egin duelako. Askori berdin zaio hiru "ni" edo lau "gaur" dituen bertso bat entzutea, hitz potoloz borobildua bada. Eta askori berdin bazaio...bertsolariak zulo horretara erortzeko arriskua du. Doinuekin gauza bera: "funtzionatzen" dutenak soilik erabiltzen ditugu, danbatekoa emateko balio dutenak. Eta bidean doinurik ederrenak eta esamolderik sotilenak galdu egingo ditugu.
MALGUA, eta bere malgutasunean txiklearen klitxea gainetik kendu ezinik dabilena. Egungo bertsolariaren soslaia begibistakoa da: bertsolariaz gain karreraduna edo ikasketan diharduena, idazten badakiena hor nonbait, edozein ordutan edozein tokitara irits daitekeena, edozein moldetan eta edozein unetan jendearekikoa egingo duena... Alegia, bertsogintza hobetzen baino denbora gehiago ematen du egungo bertsolariak kantuei hitzak jartzen, eskelatarako bertsoak idazten, egunkarietarako zutabeak idazten edo hedabideetako langileei mesedetxo txikiak eginez. Malgutasun bera alde on bihur daiteke ordea, gainerako arte moetekin batera sortzen ari diren esperimentuetan parte hartzeko orduan.
ABAILDUA, edo gutxienik begi-zulo galantekin. Gizarteak eman duen pausoaren kontra tematzen ari bait da. Eguna eta gaua bereizi egin ditu gizarteak. Gaueko festa txertatu da gazteen artean. Egunekoa bi-hiru matrimonio, haien umeak eta hiru-lau aiton-amonentzat geratu da zenbait herri txikitan. Bertsolaria bietara iristen ari da orain arte: gaueko festara eta egunekora. Baina zalantza habitu zaio barruan. Bertsolari belaunaldi berrienek ez dute bere burua aurkitzen auzo txiki bateko egun-pasa luze horietako baten. Zer esan haiei? Eguna nola pasa? Nola eskakeatu?
SALDUA, bertsogintza gutxiegi lotu delako sormenarekin. Betikoa, betikoentzat eta betiko tokietan egitera konformatzen da bertsolaria. Eta are okerrago dena: betikoek egingo dute. Zirkuitorik jakineko eta urratuenetatik kanpo ibiltzeko ahaleginak egiten dira, baina ez behar hainbat eta ez egin behar lituzketenen eskutik beti. Bertsotan aritzeko era bakarra dela pentsatzen dugu sarri, eta era bakar horretan, protagonismoa gutxi batzurentzat baino ez daiteke izan.
GALDUA. Baiii. Badakit poto dela. Baina nork ez du poto koxkor bat egiten hainbeste puntuko bertso batean? Eta gainera noraeza azpimarratzeko era bakarra iruditu zait. Egungo bertsolaria bere funtzioa aurkitu ezinik dabil sarritan. Konturatzen da zenbait festa-egitarau edo ekitaldi politiko, erlijioso eta abarretan osagarri izan ordez betegarri dela. Baina bertsolaria berez eta definizioz edozein egoeratara moldatzen dakien giza-emakumea denez, ez da asaldatzen. Sufritu bai, sufritzen du. Etxerakoan, autoan, "zer pintatzen nuen nik gaur hor?" galdera egingo dio sarri bere buruari.
HELDUA, konprometitua nahi baduzue, baina heldulekurik gabe. Herrigintzan eta kulturgintzan bere ekarpena egin dezakeela eta egin behar duela sumatzen du. Gero eta gaitzagoa zaio ordea, ekarpen hori nola gauzatu asmatzea. Mesedetxoak egitea balitz kontua... Baina ez da.
GANDUAk jan dio ikusmira askotan egungo bertsolariari. Joan eta joan eta joan egiteko gauza da, pila alkalinoen gisara. Baina paisajeari begira geratzeko kemenik ez du. Bertso paperek ze funtzio izan dezakete? Telebistaz nola eman bertso-paperak era erakargarrian? Diskurtso bat nola eman hedabideetan erabat ñañotu eta ezpaldu gabe? Formalki, zer dago asmatua eta zer asmatzeke? Nahikoa autoebaluazio egiten al du bertsolariak bere jardunaz? Horrelako mila galdera egin behar lizkioke bertsolariak bere buruari, paisajearen aitzakian geldialdi bat egiten duenero.
Zortzi puntuan egiten dut pott. Eta poto bat tartean dela gainera. Erabaki dut labur izatearen alde on sarritan goraipatua, are gehiago eskertzen dela inguruan Tapia, Amuritza, Sarasua eta Joxerra Gartzia jario taigabean ari direlarik. Akaso oso ikuspegi ezkorra emango nuen. Baina jakineko kontua da bertsolariok ez dugula nahi dugun huraxe esaten, errima-hitzek esaten uzten diguten hura baizik. Errima aukeraketak du beraz, beztasunaren errua.
BIZIA, GUTIZIA, KARIZIA, NAGUSIA, ZUZIA... aukeratu izan banitu oso bestelako ikusmoldea emango nukeen, lehengoa bezain egiazkoa bidenabar esanda. Hitzegingo nukeen bertsolaritzak egungo euskal kulturgintzan duen indarraz, bapatean eta hitzekin jolas egitearen eta entzutearen plazerraz, iraganean sustraiturik belaunaldiz belaunaldi aurrera doan ekimenaz... Hurrengorako utziko dut errima-sail hori.