SOLDADUTZAREN AMAIERA: GERRAREN AURKA IRABAZI GUDA

  • 7. Intsumisio Eguna izanen da Usurbilen 'Soldadutza amaitu da. Lortu dugu' lelopean.

2000ko azaroaren 19an
Espainiako estatuan derrigorrezko soldadutzarako azken zozketa egin bada ere, 2.002. urtera arte soldadu behartuak egongo dira; aurten 91.288 gazte deituak izan dira Armadara. Horietatik 5.790 euskal herritarrak dira: 645 arabar, 2.163 bizkaitar, 1.984 gipuzkoar eta 997 nafar. 5.790 gazte hauetatik 5.187 aurreko urteetan joateko deituak izan ziren. Ikasketak edo beste arrazoiak medio soldadutzara joatea atzeratu zuten. 18 urte bete berriak dituzten 603 gazte izan dira deituak azkeneko zozketan. Azken datu honek Armada profesionalaren errealitate hurbila erakusten digu. Aro berri baten atarian gaude eta talde antimilitaristek garaipen bat bezala aurkeztu dute aro berri hau. Honen karietara '7. Intsumiso Eguna' antolatu du Kakitzat kolektiboak Usurbilen larunbat honetan; azaroaren 18an.


ARMADAK JARRAITZEN Du.

Derrigorrezko soldadutzaren aroa bukatu den arren Armadak indarrean jarraituko du. 'Gasteizkoak' talde antimilitaristak Armada profesionala izatea ez du garaipentzat jotzen. Bere 'Txostena 2000'n agertu datuok oso dira adierazgarriak: 1999an, estatuak 2 bilioi pezeta baino gehiago xahutu zituen; EAEko gastu militarra 574.915.300 pezeta izaki eguneko. Horiek horrela, orain arte beharturik daramatzaten gazteak joan gabe, zenbatekoa izanen da Armadak xahutuko duen sosa? Espainiako Armadak 160.000 tropako soldadu eta marinel aurreikusten du etorkizunean. Uneon 75.209 baino ez ditu. Legea beteko badu, datorren urtean 102.000 soldadu profesional beharko ditu. Aurten 27.000 soldadu profesional bildu nahi izan ditu baina 10.000rekin konformatu behar izan du. Ematen duen soldata ere ez da aparta: 90.000 pezeta hilean.
'Gasteizkoak' taldeak nahitaezko soldadutza bukatu izana eta armadaren profesionalizazioa Europako estatuek nahiz Estatu Batuek ezarri nahi duten ordenu berria egokitzeko xedez erabakitako politika dela irizten du, eta ez gizarteak lorturiko garaipena.


KAKITZAT-EK 11 URTE.

1971n espetxeratu zuten lehen euskal insumisoa: Pepe Beunza. Egun sei dira Alcalako espetxean dauden euskal insumisoak. Kakitzatek militarismoaren aurkako berezko borroka eraman du azken 11 urteotan. Oiartzunen kudeatu zuten I. Insumiso Eguna eta Usurbilen burutuko du zazpigarrena. Bien bitartean 22.000 gaztek hartu du in-tsumisioaren bidea Hegoaldean. Kakitzateko Ramon Lizarragak honela azaldu digu eguna ospakizun gisa eratzea: "In-tsumiso Eguna ekintzen eguna izan da orain arte. Gaiak ez du lehen zuen indarra eta eguna moldatu beharraz ohartu gara. Azken zozketa izatea lortu dugunez gero, ospatu beharra ikusi dugu. Intsumisioa eta desobedientzia zibilaren bidez garaipen moduko bat lortu dugulakoan gaude".
Kakitzat taldearen ustez intsumisioa erreferente bat izan da gizartearentzako, eta gizartean bizi diren bidegabekeriak geroz eta kemen gehiagoz aldatu daitezkeela uste du ere. Derrigorrezko soldadutza kentzea lortu bada desmilitarizazioa lortu daitekeelakoan daude Kakitzatekoak. Honela dio Lizarragak: "Usurbileko jaiaren bitartez, modu baketsuan eta arrazoia gure alde dagoelako, milaka intsumiso espetxeratu eta gogor zigortu izana salatu nahi dugu, baita espainol gobernuak garaipen hau bere egin ez dezan borrokatu ere".


DIKTADURAK UTZI ARMADA.

Espainiako estatua Europakoekin homologatua ikusten da egun. Alta bada, konparazione, orain gutxi arte Espainiako eta Frantziako egoerak ez dira konparagarriak izan. Hegoaldean gazte intsumisoek estatuari aurre eta gogor egin diotelako gaude egoera honetan. Beren borrokari esker lortu egin da gizartearen kontzientziazio eta elkartasuna. Gure iragan hurbilean bi izan dira mugimendu antimilitarista eta intsumisioa areagotu zituzten gertaerak: 1985ean burutu zen NATOri (Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea) buruzko erreferenduma. Felipe Gonzalez gobernuburu zenean sartu zen Espainia egitura militar honetan. PSOE sartzearen aurkakoa zen oposizioan zegoela, baina behin boterera iritsita bere jarrera aldatu zuen. Iruzur hark kontzientzia antimilitarista areagotu zuen belaunaldi berrietan. 1992an Golkoko Gerrak beste bultzada handi bat eman zion mugimenduari. Gobernu sozialistaren gainbeheraren hastapen garaia zen. PPko gobernua gaiarekiko eman den bilakaera bere egiten saiatu da orain. Insumisoek gobernu popularraren jokamoldea gezurrezkoa dela agerian utzi nahi dute eta oraingo egoera erdietsi izana gizarteak sistema eta estatua behartu izanaren ondorioa delako agertu ere bai.


KEM TALDEA GOGOZ ARI DA.

Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak (KEM) tinko jarraitzen du. Beren azken ekintza Bilboko Gobernu Militarraren aurrean burutu zuen hil honen 4an. Jose Ignacio Royo eta Alberto Estefania intsumisoak (1998ko otsailetik Mungiako Soietxes kuarteletik ihes eginda) eta euren kideak 'Mariachis'en tankeraz jantzita azaldu ziren eta bokazio militarraren heriotza parodiatu zuten. Intsumiso bi hauek bi urte luzeko zigorra betetzera kondenatuta daude. Ertzaintzak atxilotu eta Alcala de Heraneseko espetxe militarrera eraman zituzten.
KEMeko Javier Rodriguezek honela diosku: "KEM erradikala da eta Armada desagertzea du helburu nagusitzat. Nahiz eta derrigorrezko soldadutza amaituko den, helburu hau ez da negoziatzen. Armadak dirauen bitartean borroka antimilitarista ez da amaituko".
Antimilitarismoa iraganean baino indargeago dago. Antimilitaristek berek onartzen dute hau. Baina intsumisioak ekarri dituen ondorioak onuragarriak dira inondik ere. Artean, etorkizun gogorra iragartzen dute KEMekoek. Gobernu militarrak nola kuartelak hala armak ekoizten dituzten enpresen aurkako ekintzak burutuko dituztela diote. Desobedientzia zibilaren ildotik mobilizazio eta ekimen berriak sortuko diren iritzikoak dira intsumisoak.
Espainiako Gobernua ez da ergela noski. Eragozpen Legea sortu zuen eta berau baliogabetua geratu ostean Zerbitzu Zibilaren legea dauka proiektuan. Edonola ere, derrigorrezko legea ez da guztiz ezabatua. Konstituzioaren 30. artikuluaren arabera, Espainiak behar duenean, Armadak herritarrak lerrokatu ditzake gerra garaian. Armada profesionala izanagatik inor ez da gerrara joatearen arriskutik libre biziko, aixkiria .

IÑAKI MARTIN: "DESOBEDIENTZIA ZIBILA ETORKIZUN HANDIKO TRESNA DA"
Milenioarekin batera, soldaduzka eta OZS ordezko "zibila" dena amaitzen dira Espainiako estatuan. Bahiketak, tratu txarrak, irainak, kalte fisiko zein psikikoak eta heriotzak ere bukatzen dira milaka gazterentzat. Gaurko umeek ez dute jasan beharko sumisioa, hierarkia, eta herio-tzaren eskola basati hori. Beraientzako etorkizun libreago bat lortu dugu.
Espainiako gobernua herri garaipen hau mozorrotzen saiatuko da beraien erabakia dela esanez. Edota Europaren eskaera dela esango dute, herri garaipen hau beraiei esker lortu dela sinestarazteko. Zinikoagorik izan al daiteke?
Soldaduzka amaitzear dagoenean, politiko gehienak eskaera herrikoi honen aldera pasa dira. Baina ez da ahantzi behar, azken urte hauetan milaka intsumituk sufritutako bortizkeriaren errudunak zeintzuk diren. Bada, gerrarako 2,5 bilioi pezetaren aurrekontua onartzen duten, NATOren basakeriak apoiatzen dituzten, arma fabrikak diru publikoaz subentzionatzen dituzten, eta Alcalako presondegi militarrean intsumisoak bahiturik dituzten politikoak.
Desmilitarizazioaren gerra ez dugu oraindik irabazi, soldadutzaren bukaeraren bataila baizik. Desobedientzia zibila, injustiziaren aurkako tresna etorkizun handikoa dela erakutsi da. Honek estatuaren botereak urduri jar-tzen ditu. Borroka bide demokratiko eta pazifiko honen aurkako sorgin harrapaketa hasi da jada. Inkisidore berriak borroka bide hau erabiltzen duten taldeak kriminalizatzen eta bere kideak atxilotzen hasi dira poliziaren usteak egi borobiltzat harturik. Poliziaren inpar-tzialtasunean sinesten duen gizagaixorik ba al dago, oraindik? Estatuaren ustezko hiru botereak ideologia baten aldeko tresnak baino ez direla agerian gelditu da. Bakeaz honenbeste hitzegiten dutenek, bide baketsuak ukatzen dituztenean, bortizkeria justifikatu baino ez dute egiten. Estatuaren botereen mehatxuek ez gaituzte izutuko ordea. Desobedientzia zibila eta intsumisioa erabiltzen jarraituko dugu, per-tsonak, herriak, eta mundu libreagoak izatearren.

JAVIER RODRIGUEZ HIDALGO: "BORROKO HASI BAINO EZ DUGU EGIN"
Espainiako Defentsa Ministerioak aldarrikatu duenez, azaroaren 8koa izan da soldadutzaren azken zozketa. Lehengo eta behin, KEMeko kideak pozten gara derrigorrezko zigor hau desagertu izanaz. Hala ere, soldadutzaren ezabapena inoiz ez dela gure helburu nagusia izan gogorarazi behar dugu. 'Gizartearen desmilitarizazioa', 'gastu militarren desagerpena' eta 'soldadutzaren apurketa'dira bilatzen ditugun xedeak. Hamarkada honetan borroka antimilitaristan izan den tresna erabilgarriena, insumisioa alegia, amaitu egingo da, baina horrek ez du esan nahi bide berriak asmatu beharko ditugunik, zaharrak berreskuratu baizik: gastu militarraren salaketa, bake heziketa, gerra enpresa eta egoitza militarren aurkako ekintza zuzenak eta bake-tsuak.
Insumisioak irakatsitako lezio garrantzitsuena hauxe da: desobedien-tziak zentzu handia du. Gaur egun ikusten dugunez, armadak gero eta itxura txarragoa dauka, batez ere managaitzok egindakoari esker. Inork ez du Armada Profesional berri horretan sartu nahi, eta ez du haien giza misioekin zerikusirik ere. Hauexek dira intsumisioaren ondorioak. Hala ere, gastu militarra eta armadak burutzen duen 'polizia lan mundiala' gero eta handiagoa da. Hortaz, borroka hasi baino ez dugu egin.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude