ETXERAKO BIDEA

Zhang Yimou zinegile txinatarraren filmak Ekialde Urrunarekin adiskidetu nau. Iaz, urrutirago joan gabe, dago kontatua, grabatua istorioa, pelikulan bertan ageri den egutegi batek adierazten duenez. "Etxerako bidea"k zentzu bikoitza du: protagonistak aita hil dela jakitean hiritik sorterrira egiten duen bidaia eta aita hilaren gorpuak ospitaletik etxera egiten duena. Tartean musu bakar bat gabe, begirada hutsen laztanekin, eta eguneroko bizitza xume baina errespetoz eta poesiaz betetakoarekin hariltzen den maitasun istorio ikaragarri ederra. Eta oinarrian, inguruarekiko lotura eta konpromisoa, bere eginkizunean sinesten duen maisuak bizitza galtzeraino egiten duen ahalegin eskerga eskola berria lortzeko.

Mendebaldeko txorakeria guztietara zabaltzen ari den Txina erraldoi horretatik, erregimen autoritario batetik ateratzen ari den herrialde imajinaezin hartatik, halako istorio itxuraz sinple eta aldi berean hain sakon, gizatiar eta unibertsala etortzeak hunkitu nau. Ez dauka "Titanic"en promoziorik, ezta zinema europarreko obren oihartzunik ere. Ez dute telebistetan iragartzen, eta zuzendaria aski ezaguna izan arren, ahoz aho bakarrik zabaltzen den film horietakoa da. Ikusarazten dizu urki biluztuak berdez jantzi eta, gero, hego haizetan horitzen diren bitartean, nola eskolako leihoetatik zabaltzen den leloak halako antza daukan txikitan ezagutu duzunarekin edo gaur egun bertan entzun dezakezunarekin. Zineak usaina ere zabaldu ahal izango balu, ziur Txinako eskola usaina gurearekin nahastuko genukeela. Halakoa da sentierazten dizun hurbiltasuna.
Etxerako bidea. Zenbat etxerako bide ez ote dago, hainbeste etxetara, hainbeste modutara, eta funtsean denak antzekoak. Etxerako bidea erraz eta ia oharkabekoa zen eskolatik irteran kalekumeontzat, baserrietara joan behar zutenena luze, aldapatsu eta lokaztua zen bitartean. Etxerako bidea zigor modukoa da gurasoen zilbor hestetik askatzeko ahaleginean dabilen nerabearentzat, bizia kanpoan baitago, lagunartean. Aldiz, giltzari buelta erdi eman eta "home, sweet home" esanarazten dizunean aterpeak, orduan, arin eta gozo egiten zaizu etxerako bidea.

Badira etxerako bide metaforikoagoak ere. Eskeletan "Jainkoaren Etxera itzuli da" jartzen dutenean adierazitakoa, adibidez. Etorkinek beti dute hor nonbait etxerako bidea erakusten dien balizko iparorratza. Erbesteratuek zer esanik ez. Biblian ere etxera itzuli zen azkenean seme galdua, eta harengan inspiratuta, bertsio komertzial borobila asmatu zuten turroi fabrikante baten publizistek "Vuelve a casa"rekin.
Etxerako bidea markatzen dute Euskal Herriko balkoi eta leihoetan zabalduta dauden zapiek. Laster, jostailu, txanpaina eta kolonia iragarkiek, kaleetako bonbilazko pinu, orein eta papanoelek gabonaldia datorren anuntzio egiten digutenean, hasiko gara berriro etxetik urrun daudenak gogoratzen. Aurten, beldur naiz, aspaldiko metaforikoena izango da etxerako bide hori. Eta hala ere, "gaztainak erre artian" zain egongo gara. Itzuliko diren-ez diren, daitezkeen-ez daitezkeen, guztien zain, "mahaia bostentzat ipinita", Sarrionandia-Laboaren "Ama" bezala.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude