"ARDURA TEKNIKOAZ GAIN, ARDURA POLITIKOA BEHAR DU EUSKARAK"

  • Euskara zuzendari lanetan. Aurreko eginbeharretaz ahaztu gabe, sustapenean sartu dira buru belarri "Euskara zure unibertsoan" kanpainaren bidez.
Noiz eta zein helbururekin sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza?
Euskararen Legea onartu zenean, erakundeek euren erantzuna ematen hasi behar izan zuten funtzionarioak euskaldunduz. Une horretan Zuzendaritza izango zenaren lehenengo zelula sortu zen Lehendakaritzaren barruan. Zuzendaritzak duela bi legegintzaldi lortu zuen autonomia eta ordutik zuzendaritza moduan funtzionatu izan du. Dena den, egitura aldetik nahiko atipikoa da. Orain beste gorputz bat ematen saiatzen ari gara.

Urte hauetan zein helburu izan du Zuzendaritzak?
Garatzen joan den hazia izan da Zuzendaritza. Hasieran bi ildo nagusitu ziren: itzulpengintza eta funtzionarioen euskalduntzea. Gero, euskara elkarte, herri aldizkari eta antzekoek euskara sustatzeko egindako lanaren dirulaguntzak ere bertatik bideratu ziren. Aurten aro berri batean sartu gara eta helburua euskara aisialdirako hizkuntza bihurtzea da. Iragan abenduaren 12an Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Ahaldun Nagusi Roman Sudupek Planaren harrera egin zuen eta Gipuzkoako Aldundiak ere EBPNren garapena bere gain hartu zuen. Martxoan aurrekontuak gora egin zuen nabarmen. Orain, beraz, laugarren esparru berri bat garatzen ari gara: sustapena. EBPNak ahuleziak agerian utzi zituen. Bizkaian, Araban edo Gipuzkoan euskararen egoera desberdina denez, bakoitzak bere egoeraren arabera erantzun behar du.

Zeri erantzun behar zaio Gipuzkoan?
Euskara ez dadila izan ikastetxe batean ezarritako eredu baten ondoriozko hizkuntza. Kalean haur eta gazteek, euren elkarrizketarako ere erabil dezatela.

Aurrekontua aipatu duzu. 597 milioi pezetakoa izan da aurtengoa eta igoera handia esan nahi du horrek. Zertan erabiliko da kopuru hori?
Aurreko urtearekin alderatuta %40ko igoera izan du aurrekontuak. Herri aldizkari eta euskara elkarteen laguntzak izoztuta egon dira azken lau urtetan. Nire lehen erabakia laguntzak gaurkotu eta gehiketa bat egitea izan da. Bestetik, diru hori sustapenera joango da, aisialdira. Eta horretarako hainbat produktu jarri dugu abian. Liburua produktu klasikoa da, baina haur eta gazteentzat filmak eta, batez ere, bideo jokoak, besteak beste, oso erakargarriak dira. Produktu idatzietan egoera nahiko normalizatua dago. Baina euskarri berrietako produktuetan dago hutsunea eta guk horri erantzun nahi diogu. Ni hona etorri nintzenean euskaraz horrelakoak eskura ezinak ziren. Hemengo gazte informatikari batzuk haiek horrelako produktu bat garatzeko gauza zirela esan ziguten eta Aldunditik apustu handi bat egin genuen: erakuts dezagun horrelako produktuak egin daitezkeela hainbeste milioi erabili gabe.

Eta duela gutxi, "Euskara zure unibertsoan" kanpainaren barruan estropaden inguruko bideo jokoa kaleratu zenuten...
Oso motz ibili gara denboraz. Baina horrek hobetu beharreko alderdiak erakutsi dizkigu eta Gabonetarako beste bat kaleratuko dugu. Hemendik euskarri berri horien promozioa egiten badugu, gero enpresek ikusiko dute hor badagoela zabaltzen ari den merkatu bat. Lehentasuna eman nahi izan diegu produktu horiei.
Baina instituzioek arazo bat izan ohi dugu: produktua burutu bai, baina ez gaude ohiko merkatu zirkuituetan. Bideo jokoak izugarrizko harrera ona izan du. Soilik lehen egunean 4.000 ale saldu genituen. Baina horrek ahalegin berezia eskatzen du. Komunikabideei zera azaldu dizuegu: guk diru bat emango dugu produktu bat kaleratzeko, baina ezin dugu diru hori berau publizitatzeko erabili, ezin dugu publizitate klasikorik egin, horrek gure produktua bi edo hiru aldiz garestituko lukeelako. Eta komunikabideei produktuaren inguruko informazioa zabal dezazuen eskatzen dizuegu.

Kirol munduan ere jarduten duzue. Kirola Euskaraz ekimenak urte batzuk baditu dagoeneko.
Gure departamendua beste departamendu guztietan sartzen da. Administrazioak goitik behera funtzionatu ohi du, baina gure departamenduak zeharka funtzionatzen du. Gure departamenduan euskara, kirola, gazteria eta aisialdia biltzen dira. Guk garbi dugu datozen lau urteotan kirolean, gazterian eta aisialdian mugitu behar dugula eta horretarako elkarlana bultzatuko dugu.
Kirol esparrua oso erdalduna da: arbitroek erdaraz egiten dute, partidetako aktak erdaraz idazten dira... Kirol federazioekin hitz egin eta euskararen erabilera saritu behar dugu.

Barrura begira, Aldundiko funtzionarioen euskalduntzea zertan da?
Administrazio hau oso handia da. 1.600 langile ditu eta guk 500 edo 600 langile ditugu eskuetan, erabilera programatan. Legeak agintzen duena betetzen goaz. Ezagutzari dagokionez, Gipuzkoa egoera ezin hobean dela esan dezakegu. Orain arteko pausoa euskalduntzea izan da, baina orain gogorrena trebatze lana da. Gauza bat euskaraz jakitea da eta beste bat txosten juridiko bat euskaraz egiteko gai izatea, jasotako prestakuntza guztia erdarazkoa izan baldin bada. Euskara lan hizkuntza ere bihurtzea, poliki-poliki irabazi beharreko esparrua da.

Itzulpengintza ere aipatu duzu. Zer lan egiten duzue esparru horretan?
Uste dut argitaletxe askoren mailan egon gaitezkeela. Hasiera batean buletina itzultzea zen egin beharreko lana. Garai batean hori lanaren %60 izaten zen. Gaur egun buletinaren itzulpena lanaren hutsaren hurrengoa da. Gainontzekoa monografikoek osatzen dute. Iaz, esaterako, 35 monografia itzuli ziren. Bertako itzultzaileak oso onak dira, erreferenteak dira. Lan asko egiten da esparru honetan. Izan ere, lehen erdaratik itzuli behar zen, baina orain euskaraz sortzen dena ere erdarara itzuli behar da.

Lehen herri aldizkariak aipatu dituzu aurrekontuez ari ginela. Zer nolako harremana duzue herri aldizkari eta euskara elkarteekin?
Laguntzaz ari garenean diruaz ari gara batez ere. Eta horregatik lehentasunen artean herri aldizkarien laguntzak igotzea izan dugu. Baina hori baino gehiago ere bada eta sustatze lanen bitartez geure babesa ere eman nahi izan diegu, beraien lana ezinbestekotzat jotzen dugulako. Herrietan sustraituta daude eta, esaterako, aurrera eramaten ari garen irakurzaletasuna bultzatzeko programan lagungarri dira.

Zertan datza programa hori?
Irakaskuntza ertainean jarri dugu martxan programa hau. Lehenago Aldundiak bazuen programa bat, non idazleak eskoletara joaten ziren ikasleak liburuetara hurbildu asmoz. Aurten programa berritzeko beharra ikusi genuen. Helburua gaztea bera protagonista izatea da. Ez dugu dozenteegia izan dadin nahi. Galtzagorri elkartearen laguntzarekin, 9 liburu aukeratu eta ia 100 zentrotan zabalduko dira. Irakasleek euren laguntza emango dute, baina material guztia guk emango diegu. Ikasleak 9 horietatik 3 aukeratu eta irakurri beharko ditu. Gero bere iritzia eman eta horregatik zozketa batean sartuko da. Ikasleak berak aukera bat egiten duenez, idazlea ere saritzen da. Programa dinamikoa da horregatik, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, gazteentzako idazten dutenen lana ere bultzatu nahi dugulako.
Bestalde, Gipuzkoan badira 25 bat herri txiki eskola ez dutenak edota, eskola izanda ere, liburutegirik ez dutenak. Horietara kutxa berezi bat bidaliko dugu haurrentzako liburuz beteta. Pertsonaia ezagun batek eramango du eta han geratuko da kutxa aste pare batean-edo. Euskaraz ahozkotasuna hain aberatsa izanik poesia errezitaldiak, kantu saioak, ipuin kontalarien emanaldiak... antolatuko ditugu. Gainera, Herri Irratiko "Komatxo artean" saioa ere hor dugu literatura bultzatzeko.
Baina, irakurzaletasuna bultzatzean ezin dugu literaturara mugatu. Herren geratuko ginateke. Eta hor dira aldizkariak, esaterako. Gainera helduak ere ezin ditugu ahaztu. Horri guztiari Gabonetan heldu beharko diogu.

Zein harreman duzue Gipuzkoako udalekin?
Batzuekin oraindik egon ez banaiz ere, nire lehen lana herriz herri udaletako teknikariekin hitz egitea izan zen. Udalek jabetu behar dute aro berri batean sartu garela, eta euskararen aldeko ekintzak ez daudela bakarrik Jaurlaritzaren esku. Denen ardura da. Orain arte Jaurlaritzak eskolari, unibertsitateari edo enpresa handiei erantzun badie, orain udalei ere badagokie, herrietako euskara elkarteek egin duten moduan, bertako beharrei erantzutea. Udaletako zinegotziek jabetu behar dute kultura esparruaren barruan euskararen transbertsalitateaz. Askotan teknikariak denetaz arduratzen dira. Ardura teknikoa ez da nahikoa, ardura politikoa behar da. EBPN ez dago soilik goi mailakoen eskuetan, ez dago politika orokor baten baitan bakarrik, udaletako zinegotziek ere euren herrietan lan egin behar dute. Badakigu gu tartean gaudela eta artekari lana egiteko prest gaude.
Euskararen inguruan ezezagutza handia dago. Urbanismo planak ezagutzen dituzte, baina euskara EGA titulura mugatzen dela uste du askok. Gure eginbeharra politikoei plan orokorrez gain, partzialak ere badirela erakustea da. Udaletan euskara oso isolatua dago, teknikariak oso bakarrik sentitzen du bere burua udaletxean. Komunikazio gehiago behar dugu.

Duela urtebete pasatxo Bizkaiko Foru Aldundian Euskara Zuzendaritza sortu zen. Nola hartu duzue hori?
Berri pozgarria izan zen, Bizkaian euskarak horrelako entitate bat behar zuelako. Ilusio handia dago. Baina ez gaitezen konparaketetan sartu. Bizkaiko eta Gipuzkoako egoerak zeharo ezberdinak baitira. Bakoitzak bere lehentasunak ditu. Nahiz eta izaera ezberdinekoak izan, funtsezko elementuetan elkarlanean aritzeko aukera dugu orain. Gainera, bi aldundietako gobernuetan EAJ egoteak ekintzak bateratzea erraztuko du, koordinaketa hobetzea. Eta hori da euskarak behar duena: koordinaketa.

Eta Araba?
Garbi daukagu, beraiek betetzen ez dituzten esparruak Jaurlaritzak beteko dituela eta gu horretan laguntzeko prest gaudela. Beraiek erantzuten ez badute, guk erantzungo dugu, geure proiektua aberri proiektu bat delako. Jaurlaritza puntualki dagoeneko ari da hutsuneak betetzen. Haien euskararekiko jarrera ez da euskaltzaleok nahiko genukeena. Baina, azken finean, arabarrek beraiek aukeratutako politikoak dituzte eta horri errespetu bat zor diogu.

Zein egitura du une honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak? Zenbat lagun ari zarete bertan lanean?
Hamabi lagun gara, gehi zazpi trebatzaile. Sail honek daukan gauzarik handiena ilusioa da; inoiz ez dizute ezezkorik esaten. Eta batzuetan lan gehiegi ere badugu. Saila berritu beharko dugu, eskumen berriak dauden neurrian. Giza baliabideetan nahiko justu gabiltza. Baina lerro nagusiak markatzen saiatu gara eta horietatik bideratuko dugu gure politika datozen lau urteotan.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude