"UNE KRITIKOETAN BEHAR DITUGUN HITZAK DIRA BEHINEN"

  • sunari: "Orain ere irakurtzen ari al zara? Zertarako hainbeste liburu? Errekara botako dizkizut denak!". Gaur bere ideiak ez dituzu pankartetan ikusiko, baina geltokiren batean topatu zenuen poesia hura Tererena zatekeen, intimitatean, nork irakurriko duen pentsatu gabe, hitz esaktoetan idatzia.
Bizitza osoa daramazu idazten. Eta zure idazkeran zer bilakaera egon dela antzematen duzu?
Lehen poema liburua idatzi nuenean 19 urte nituen eta orain 39 ditut, beraz, uste dut nire idazkera aldatu dela nirekin batera. Lehen liburuko poemak narratiboagoak ziren. Gero, Euskal Filologiako ikasketak egiten hasi nintzen eta ikasten genuena eta ikusten genuena praktikan jartzeko joera handiagoa nuen: espontaneo samar eta hari bat jarraituz idaztetik pasa nintzen hitz joko eta sintaxi joko gehiago egitera. Beste bolada batean irudiak, surrealismoarekin lotutako irudi inkonszienteak eta antzerako jokoak erabiltzen hasi nintzen. Eta "Derrotaren Fabulak", "Osinberdeko Khantoreak" liburutik aurrera jada oso hizkuntza xumera joan nintzen.

Hitz bakoitzari esanahi berezia ematen diozu beraz?
Niretzako garrantzitsuenak dira zenbait momentutan, momentu kritikoetan, pertsonak behar dituen hitzak. Iruditzen zait guk txikitan bizi izan genuen garaian gauzak esatea zaila zela, orduan gauzak nondik edo handik esan behar ziren, teknika bereziak bilatu eta ulertarazi egin behar zen. Gaur berriz justu kontrakoa gertatzen da: gauzak esatea ez da erraza, oso erraza baizik. Eta bizimodu pribatua, pasadizuak... oso debaluatuta daude. Gure gizartean badago historia bat, fabula asko... Baina fabula horien atzean ez dago ondoriorik eta ez da ezer egiten. Hitzak desaogatzeko balio du, ez da zerbaiten abiapuntua.
Komunikabideek ere hitza debaluatzen dute. Oso hitz gutxi, justuak, eta ez poetikoak, arruntak... ez dira jendea esnatzeko: oso hitz inportanteak gehitxo erabiltzeak debaluatu egin ditu.

Zein irakurle mota estimatzen duzu?
Nire helburua ez da edozeinek irakurtzea, nire helburua da nire poemak irakurri nahi dituenarekin elkarrizketa batetara iristea. Bizitzako une batzutan denborapasa irakurtzen da, baina beste momentu batzutan ez, irakurtzen da zenbait gauza ez dituzulako bilatzen, ez dituzulako argi ikusten...
Hasierako poemak oso irakurterrazak ziren, eta oraingo batzuk ere bai, baina uste dut geldi irakurri beharrekoak direla, eta poema bat bestearekin alderatuz... Korrika irakurtzen bada ez dago elkarrizketarik.

Zer eragin nahi duzu irakurlearengan?
Beti niretzat idatzi dut eta denbora askoan nire irakurleaz ez naiz batere kezkatu. Gogoan dut "Derrotaren Fabulak" idatzi eta behin nire poemak irakurtzen zituen batekin egin nuela topo. Aipatu zidan heriotzarekin lotuta zegoen poema bat. Eta orduan konturatu nintzen hitzak zein inportanteak diren. Idazten dituzu momentu batean eta ematen dituzu argitara, eta zure fasea bukatu da, baina orduan hasten da beste baten fasea. Konturatzen zara zuk zuretzako idazten duzula, baina argitara ematean beste batzuk sartzen direla, eta beste errespontsabilitate bat daukazu. Handik aurrera heriotzari buruz egin ditudan poemak oso gutxi argitaratu ditut. Oso erreakzio gogorra izan zen, inpresioa egin zidan: heriotzaz eta abarrez idaztean batzutan zure beldur horiek fikzio dira, baina beste batzurentzat errealitate bihur daitezke eta beldurra eman zidan, pertsona harengan halako eragina izateak.

Zergatik egiten diozu Bibliari hainbeste erreferentzia zure liburuetan?
Gure kulturan eragin handia izan duelako. Askotan ez gara konturatzen, baina Bibliako ikuspegia oso errotuta dugu...
Bigarren arrazoia hizkuntzarena da. Filologia karrerako lehen mailan hasi nintzen Azkueren hiztegia irakurtzen eta handik asko ikasi nuen. Baina hitzak ziren. Gero Duvoisinen itzulpena aurkitu nuen eta hasi nintzen irakurtzen hizkera, erritmoa... Orixe irakurtzen hasi nintzen eta bere idazkera erritmoa, sintaxi erritmoa... denek ere ahozko hizkuntzaren erritmo berezia zuten. Beti irakurri izan dut Testamentu Berria (mezetan entzuten da...) baina Zaharra ez nuen ordura arte ezagutzen eta literatur aldetik uste dut oso ondare ona dela, Taoren liburua edo beste batzuk bezala.

Tesi bat hasita duzu emakumeek XVI. eta XVII. mendeetan zuten irudiaz...
Tesia hasi nuenean interes handia zegoen emakume idazleekiko, baina nik interes handiagoa nuen idatzietan emakumeek zuten irudiarekiko. Amodiozko literatura aztertzen hasi nintzen (Oihenart, Lizarraga, Etxepare... ) eta hortik abiatuta euskal literaturan XVI-XVII. mendeetan emakumeak zuen irudia aztertu nuen. XVI. mende arte emakume eta gizonetan eskubidea zeukatenen artean (aberatsak, heredatzen zutenak) eskubideak nahiko antzerakoak ziren. Euskal Herrian gizon handiak agertu zirenean desagertu ziren emakumeak. XVI.-XVII. mendeetan Inazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierkoa... etorri zirenean hasi zen euskal emakumearen botere zibila galtzen. Orduan sortu ziren mojen konbentuak serorak han sartu eta herrietan izan zuten indarra kentzeko, eta sorginen pertsekuzioak... Ordura arte Nafarroan erreginak baziren, ez zegoen lege salikorik... Baina handik aurrera hori debaluatzen joan zen. Hori guztia ortodoxia katolikoaren izenean egin zen. Nahiz eta ortodoxia ez zen, noski, emakumeekiko bakarrik izan. .

XVI-XVII. mendeetako literaturan nola agertzen da emakumea?
XIX.-XX. mendera arte emakume ona salbuespena zen. Emakumeei buruz oso ikuspegi txarra zegoen. Baina noski, zu maitemintzen bazinen emakume batetaz ez zinen maiteminduko txarra zelako, orduan hura zen salbuespena, eta bakoitzak zuen bere salbuespena. Bakoitzak hautatu egiten zuen sagar ustel horien artean. Eta irudi ona ematen zuten testuek ere, probetxuagatik ematen zuten: jana ematen dizulako, arropa garbitu, erditu... Ez dira deabruak, neskame onak dira.

Egun zein da literaturatik atera dezakegun emakumearen irudia?
Gizartean beste fase bat egon da, emakumezkoek gizonezkoen pare egon nahi izan duguna. Eta batzutan konfunditu egin gara gizonezkoen berdinak garela esanaz. Gauza bat da eskubide berdinak edukitzea eta bestea berdinak izatea. Nik ez dut gizarte berdin bat nahi, baina eskubide berdinak bai. Hala ere literatura guztietan oso emakume detektibe gutxi dago... Gure funtzionamendu patroiak hor daude eta aldatzen asko kostako da. Horrek ez du esan nahi gizonek sortutako ikuspegia matxista denik eta emakumeek sortutakoa feminista. Denok bizi izan gara ikuspegi batean, baina emakumeak errealismo gehiagorekin jasan ditu ikuspegi horren ondorioak.

Badago emakumezkoen literaturarik?
Ez dut uste. Bakoitzak bizi dugu garai bat, eta segurasko gertuago gaude gure garaiko gizonezkoengandik, orain bostehun urteko emakumeengandik baino. Ez dakit, emakumeok seguru asko gai eta ikuspegi batzuk ekarri ditugu literaturara gure bizitzatik zuzenean, fikziotik pasa gabe. Ordura arte emakumeei buruz zegoen irudia zen Hegoaldeko Poloari buruz zegoena bezalakoa, horra inor iritsi ez zen garaian. Ni hasi nintzenean amodiozko literatura irakurtzen hasi nintzen maiteminduta nengoelako, eta jolin! ni ez nintzen han agertzen zena, han agertzen ziren emakumeak hain inposibleak ziren...! Ni pertsona korrientea nintzen, ez nintzen batere estraordinarioa inor nitaz enamoratzeko. Guk ekarri dugu gure esperientzia, gure ironia... Errebelatu gara gure irudiarekiko... Baina gure hitzak, formak, gaiak... hain ezberdinak dira? Emakumeek idatzitako literatura beste ghetto bat bihur daiteke.

Emakumeena ghettoa da, eta beste literatur mugimenduren batekin identifikatuta sentitu zara?
Orokorrean ez naiz sekula egon indarra daukan mugimentu batean, boterea duena editorial batean... Gauzak egin ditut eta beste batzuekin elkartu izan naiz eta ez dut arazorik inorekin elkartzeko baina ez daukat lagunarte bat liburu bat ateratzen dudanean erreseinak egin, eta abarretarako. Espontaneoagoa naiz alde horretatik.

Zein dira zure erreferentziak?
Bolada eta garaiaren arabera da. Nik momentuan irakurtzen dudana poesia eta saiakera (literaturaz, filosofiaz...) da. Poesia irakurtzen hasi nintzenean asko gustatzen zitzaidan Mikel Arregi. Sarrionaindia ere beti gustatu izan zait, Koldo Izagirre, Mikel Lasa, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga... Haiengandik gustatzen zaidana da alferrikako hitz gutxi dutela. Ez dira beti irakurtzen errazak baina trinkoak dira.

Nola ikusten duzu euskal poesiagintza eta literatura?
Euskal Herrian oso poesia egile onak daude. Eta euskal literaturak duen abantaila bat da ez dugula uste munduaren erdian gaudenik. Dugun ikuspegia da txikien ikuspegia. Euskal idazleak ere ez du bere burua askiesten, idazle anglosaxoi batek edo kritika saria jaso duenak bezala. Sari bat ematen badigute, "begira, aizu, zer grazia!" pentsatzen dugu.

Nola lantzen duzue ikastolan irakurketa-idazketa?
Gure ikastolan txiki-txikitatik irakasten diogu umeari irakurtzen eta idazten (2-3 urterekin). Ez, behintzat "ma-me-mi-mo-mu" eta horrelakoak. Guk zabaldu nahi dugun idazte eta irakurtzearen ikuspegia ez da letrak identifikatzearena, baizik apur bat testuaren arau denak ezagutzea. Beraiekin irakurtzen ditugu ipuinak, eta beraiekin sortzen... Bolada batean lantzen da elkarrizketa. Irakurtzen dira egunkari, aldizkarietako elkarrizketak... eta txiki-txikitatik aztertzen dute: hemen elkarrizketaren ezaugarriak zein dira? Gero beraiek elkarrizketak asmatzen dituzte gure aldizkari edo irratirako... bakoitzak bere mailan. Beste bolada batean errezetak lantzen ditugu, beste bolada batean olerkiak... Astean behin herriko liburutegira joaten dira. Bere kasa aritzen dira liburuekin jolasean, eta gero fitxa bat betetzen dute. Eta badugu gelan txoko bat "irakurzaleentzako bakarrik" dena. 5-6. mailatik aurrera Segura irratian bi irratsaio egiten dituzte astero. Harako irakurtzen, ongi ahoskatzen, testuak idazten ikasi behar dute... Iruditzen zait oraindik beste ikastetxe askotan gauza hauek planteatzen direla deletreatzen ikasteko modu bezala. Ez irakurtzen eta idazten ikasi eta zaletzeko.

Nola irakurzaletzen da ume bat?
Ez dakit irakurzaletasuna nola sortzen den, baina nik uste dut lehenengo umeak aurkitu behar duela erakargarria besteentzat berak idazten duena. Eta gero gertatuko zaiola besteek idazten dutenaz interesatzea. Lehenengo idazle izan behar du. Aurrena idatzi behar lioke gutun bat bere amari eta bere amak gutun hori gustura hartu. Eta amak gutuna itzuli. Ume baten lanari helduek egiten dioguna boligrafo gorria hartu eta atxeak eta puntuak jartzea bada, eta "hau gaizki dago" esatea bada, idazteko zaletasuna zapuzten diogu.

Irakurzaletzeko egiten diren kanpainek zer eragin dute?
Nire iritziz umeak irakurzaletzeko kanpainak egin beharrean, umeek idazteko beharra eta gogoa sentitzeko kanpainak burutu beharko lirateke. Gizartea asko aldatu da, eta garai batean gutun asko idazten ziren, eta orain horren ordez ordu erdiz egoten gara telefonoz hizketan. Orain e-mail modarekin agian aldatuko da berriz komunikatzeko ohitura...

Idazle eskolak noizko?
Guk behin edo behin egin izan ditugu saio batzuk, baina ez dago idazle eskolarik eta ez legoke gaizki. Nik somatu dut behar hori. Nork zuzentzen du zuk egin duzuna? Argitaletxe batzutan badaude zuzentzaileak ortografia eta gramatika oso zorrotz zaintzen dutenak, baina noiz esaldia luze eta noiz motz... ez dizu inork esplikatzen eta da gauza bat zerorrek ikasten duzuna irakurtzearen poderioz. Ez du esan nahi dena araututa idatzi behar denik, baina dena libre idazteak zuk araua bilatu arte saio asko eta asko egin behar dituzula esan nahi du... Idazle eskola batzuk badaude Madrilen, eta abar, baina helduentzat bakarrik dira, umeentzat ez dago ezer. Ez dago tipifikatua idazten ikasteko zer egin behar den.

Zu oso musika zalea zara eta txistua irakasten ibilia. Ikastolan musika ere lantzen duzue?
Gaur egun musikan ere erakusten da partiturak irakurri eta idazten, baina musika entzuten ez da irakasten. Egungo gazteentzat musika mugitzeko gauza bat da, korronte elektriko bat ematea bezala. Ez dakite geldi, patxadaz, entzuten egoten. Gu saiatzen gara Haur Hezkuntzan ez bakarrik pailazoen musika jartzen. Kantatzen, erlaxatzen, arnasketa kontrolatzen... aritzen gara. Gero irratsaio bat egiten dugu astean behin, eta zentzu praktikoa ematen diote horrela musikari. Txirula ere erakusten dugu baina horrekin badugu nahiko duda, ikastolan bakarrik ikusten den instrumentua delako. Erabilgarritasuna falta zaio.

Publifikazioak eragin handia izan zuen Beasainen, ikastola zatitu baitzen. Oraindik lehengoan dirauzue?
Beasain ikastola publifikazioaren ondorioz sortu zen. Alkartasuna lizeoa publiko egin zen eta gu ez ginen publifikatu. Baina gu ere publikoak gara, kooperatiba bat, bere zentzu denetan. Ez da identifikatu behar publiko ez izatea gizarte kutsurik ez duenarekin. Euskal Herriak mende asko iraun du estaturik gabe, gizarteak beste bide batzuk sortu dituelako bere egoerari aurre egiteko. Eredu publifikatzaile hau oso estatu gutxitan dago, eta hain zuzen Napoleon pasa zenetan. Gauza bat da ikasle guztiek edukitzea eskolatzeko eskubide berdina eta doatasun berdina eta beste gauza bat da hori bermatzeko denak funtzionario izan beharra. Gure ikuspegiaren barruan umeak ezin dira hezi irakasle eta gurasoak ez badoaz batera.

Zuen proiektua ez litzateke posible izango sistema publikoaren barruan?
Bermatzen duguna da proiektu bat eta proiektu horretarako irakasleri egoki bat bilatzea. Hori oraingoz ez da posible beste bidean, sistema publikoa lehiaketa sistema bat baita. Bigarrenik, Ikastolak urte askoan aitzindari izan dira eta dira Euskal Herrian proiektuak ateratzen, eta gaur egungo marko juridikoak ez du hori bideratzen, zoritxarrez. Hirugarrenik, iruditzen zait denok batera bizi behar dugula, baina ez duela esan nahi denok bat izan behar dugunik. Eta ereduak denak direla zilegi, baina publikoa ez dut uste denik denok tira behar dugun eredu bat

Jaio:
Zaldibin, 1961ean
Poeta, euskal filologoa eta irakaslea. "

Poesia liburuak:
"Gabeziak"
"Hostoak. Gaia eta Gau aldaketak"
"Derrotaren Fabulak"
"Osinberdeko Khantoreak"
"Manual devotio gabecoa"
"Gabeziaren Khantoreak. Antologia"
"Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak"

Itzulpen lanak:
Marià Manent "Basa-akaziak"
Edmond Jabès "Itaunen Liburua"
Marina Tsvietaieva "Nere anaia andrazkoa"

Literatur sariak:
Azkue saria jaso zuen "Hostoak" liburuak, eta "Gaia eta Gau aldaketak"ek, berriz, akzesita. "Gabeziak" lanak Espainiako kritika sari nazionala irabazi zuen. "Derrotaren Fabulak" Kreazio Beka jaso zuen, eta "Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak", berriz, Sormeneko Beka batekin saritu zuen Espainiako Ministerioak.

Bestelako argitalpenak:
Emakundek eskatuta "Adanen emazteak" poesia emanaldia eskaini zuen, eta Ibaizabal argitaletxearekin DBHko 4.mailako ikasleentzat poesiari buruzko esposizioa kaleratu zuen.

Euskal eta Erdal filologietan lizentziatua
Bergarako UNEDen euskara departamenduan aritu zen 1983tik 1996ra arte.
Txistua irakatsi zuen Zaldibin 18 urtez eta Ataunen beste 8 urtez.
Beasaingo Andramendi ikastolako zuzendari da 1996az geroztik.

"Hizkuntza oso zaharra da, baina guk gaurkotu egin behar dugu; sortzea gaurkotzea da. Ez da kopia bat egitea, urruntzea da, atzera itzultzea. Oroitu behar duzu hizkuntzak oroitzen duena, jo behar duzu hizkuntzak oraindik lozorroan dituen amets batzuetara"
Gara, 2000-7-22

"Ematen zuen sormena dela 'nik' sortzendudana, 'nire' barruan dagoena, 'ni' naizena; eta nik uste dut inor ezin dela izan besteak gabe. Indibidualismoa sartuta duzu, ez agian bizimoduan, baina bai pentsaeran. Inork ezin du sortu bakarrik, ezta ume bat ere"
Gara, 2000-7-22

"Bazirudien nire lehen liburua ('Gabeziak') 'argitaratzailearen mesede' modukoa zela. Bigarren eta hirugarrengoetan nire grina hori ez zela horrela frogatzea zen"
Argia, 1996-5-12

"Esan nahiarekin kezkatzen den jendea falta zaigu. Inor ez da berria eta ez du esango beste norbaitek esan ez duena, baina ahalegin bat egin behar da"
Argia, 1996-5-12

"'Normaltzea, herri txikia garela...' gehiegi aipatzen dugu Euskal Herrian. Zer esan nahi du normaltzeak? Mundu guztia den bezala izan behar dugula, amerikanoa, esaten duten bezala? Proiektu bezala, nik nahiago dut beste produktu bat, beste bizikera eta beste literatura, ez normalizatua"
Argia, 1996-5-12

Doinua: Ikusten duzu goizean
Poesiaren zoruan
hitza hitzaren onduan
esan nahiaren amuan.
Toka liteke poeta ez den
beste edozeinen ahuan:
letrak baleki orduan
200 orriko munduan
hitzak zer balio duan!

Jexux Mari Irazu
Askotan gure bizitzan garrantzia duten gauzak ez dira gure esku egon, parean tokatu dira. Kasualitateak indar handia du. Adibide bat jarriko dut, eta da nire irakur-zaletasuna. Zaldibiko eskolan ez zegoen libururik, testu-liburuez aparte. Hamar-hamaika urte nituela, Zaldibira etortzen hasi zen Bibliobus bat: Diputazioaren zerbitzu bat zen, apalak eta liburuak zituen mikrobus bat. 300, 400, 1.000 liburu izango zituen? Niretzat piloa ziren behintzat. Bertan ez zegoen umeentzat libururik, ez eta euskarazko ale bakar bat ere. Etortzen zen hiru astetik behin, eta nik 10-15 liburu eramaten nituen. Lobsang Ramparenak, Miguel Delibes, Martin Vigil eta halakoen nobelak irakurtzen nituen gustura. Zergatik haiek? Han zeudelako. Bertan irakurri nuen lehenengoz poesia liburu bat, Albertiren "Marinero en Tierra", eta liluratuta utzi ninduen. Zergatik naizen irakurzale? Bibliobus bat agertu zelako han, eta ez euskarazkoa, portzierto.

"Asko gustatzen zaizkit Gema Arrugaetaren argazkiak. Denbora geratu beharrean ematen du bizi guztia harrapatzen dutela".


Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Eguneraketa berriak daude