MERKEENAK IRUÑEAN ETA GARESTIENAK GASTEIZEN

  • Interes tasen beherakadak eta lan merkatuaren hobekuntzak, inoiz baino ezegonkorragoa bada ere, nabarmen areagotu dute etxebizitzen eskaera. Horren ondorioz, etxebizitzen salmentak eta prezioak gorakada garrantzitsua izan dute Euskal Herrian.

2000ko irailaren 03an
Etxebizitzetako metro koadroaren prezioak, batez besteko, %11 egin zuen gora 1999an, aurreko urtearekiko; KPI eta soldatak baino askoz gehiago. 1999ko etxebizitza berrien eta erabilien batez besteko prezioari dagokionez, Espainiako Estatuko hirien zerrendako lehen lekuetan honakoak agertzen dira: Gasteiz -481.000 pezeta (19.240 libera) metro koadroko etxebizitza berrietan eta 425.000 pezeta (17.000 libera) metro koadroko etxebizitza erabilietan-, Donostia (403.000 pezeta metro koadroko etxebizitza berrietan eta 525.000 pezeta metro koadroko etxebizitza erabilietan) eta Bilbo (320.000 pezeta metro koadroko etxebizitza berrietan eta 236.000 pezeta metro koadroko etxebizitza erabilietan) agertzen dira. Nafarroa (200.300 pezeta metro koadroko etxebizitza berrietan eta 180.000 pezeta metro koadroko etxebizitza erabilietan) bederatzigarren eta zazpigarren ageri da sailkapen horretan. Horrek esan nahi du etxebizitza berri garestienak Gasteizen aurkituko ditugula eta merkeenak Iruñean. Aldiz, etxebizitza erabili garestienak Donostiakoak dira eta merkeenak Iruñean aurki daitezke.
Adierazi dugunez, etxebizitza eskaera indartsuak salmenta azkarrak eta prezioen gorakada izugarria eragin du. Nolanahi ere, hainbat adituk dioenez, etxebizitzak eta hipoteka kredituak garestitzearen ondorioz etxebizitzen salmentak behera egingo du, epe ertainean.


PREZIOAK EZ DIRA JAISTEN.

Azken lau urtetan etxebizitzen eraikuntzak igoera nabarmena izan du Euskal Herrian. EAE soilik kontuan hartuz, 1996-1999 epean, etxebizitzen eraikuntza bere gailurrera iritsi da, 47.348 etxebizitzaren eraikuntzari ekinez, aurreko lau urteetako epean baino %35 gehiago. Aipatutako 47.348 etxebizitza horietatik 11.611 besterik ez dira babes ofizialekoak eta izaera sozialekoak, hau da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza bidez eraikiak. Nafarroan, epealdi horretan bertan, babes ofizialeko 6.000 etxebizitza inguru eraiki dira.
Etxebizitza libre eta babestuen eraikuntzaren gorakadak ordea, ez du inolako beherakadarik eragin merkatuko prezioetan. Alderantziz gertatu da. Etxebizitzen prezioek etengabean egin dute gora. Horrela, etxebizitza berri libreen batez besteko kostua, 1999ko azken hiruhilekoan, metro koadroko 287.000 pezetakoa izan zen, eta 1996koan, berriz, 250.000 pezetakoa. Erabilitako etxebizitzetan, joan den urteko laugarren hiruhilekoan 350.000 pezeta balio zuen metro kuadroak eta 1996an 233.000 pezeta.
Datu horiek etxebizitza osoaren milioika pezetako balioaren arabera irakurtzen baditugu, ikusiko dugu 90 metro koadroko etxebizitza batek, batez beste, 26 milioi pezeta balio dituela, eta 1996an 22,5 milioi balio zituela. Hiriburuen erdialdeko etxebizitza erabilia baldin bada, berriz, batez besteko balioak 32 milioi pezetara iristen dira, 1996an 21 milioi pezetako kostua zuen bitartean.
Etxebizitza babestuei dagokienez, etxebizitzen prezioa iraunkorra izan da azken lau urteotan. Horrela, 90 metro koadroko etxebizitza batek 10,5 milioi pezeta balio du orain EAEn, 1996an bezalaxe. Babes ofizialeko etxebizitza gehien 1999an eraiki zen EAEn. 3.612 etxebizitza hasi ziren eraikitzen, honela banaturik: 2.031 Bizkaian, 943 Araban eta 638 Gipuzkoan.


PREZIO BAXUAGOAK IPARRALDEAN

Ipar Euskal Herriko hiriburuetan, oro har, etxebizitzak merkeagoak dira Hegoaldean baino; hala ere, Nafarroako etxebizitzen antzeko prezioa dute. Baionan 9.000 liberako (225.000 pezeta) kostua du, batez beste, etxebizitza berri bateko metro koadroak. Etxebizitza erabilietan, aldiz, 6.000 liberako balioa (150.000 pezeta) du, batez beste, metro koadroak. Donibane-Garazi eta Maulen 90 metroko etxebizitza berrien balioa 900.000 liberakoa da. Aipatu bi hiriburuetan etxe erabiliek 600.000 liberako prezioa dute, batez beste. Kostaldean, berriz, etxe berrien prezioak altuagoak dira. Miarritzen, batez beste, 20.000 liberako kostua du metro koadroak eta Angelun 15.000 liberakoa

MAILEGUA ESKATZERAKOAN AHAZTU BEHAR EZ DENA
Etxebizitza erosteko asmoa duten gehienek nolabaiteko hipoteka mailegua behar dute. Eskatu aurretik oso garrantzitsua da hainbat alderdi kontuan hartzea, ez badugu "laprast" egin nahi. Maileguz ematen den kopurua eta hilero ordaindu beharrekoa, gehienetan, honako baldintzetan oinarritzen dira: etxebizitza zein preziotan tasatzen den, eskatzailearen diru sarrerak, mailegua itzultzeko epea eta ezarritako interes tasa.
- Etxebizitzaren balioaren %80ko maileguak eman ohi dira. Nolanahi ere finantza erakunde batzuk %100era ere iristen dira, baina 30 urtetik beherako eskatzaileen kasuan bakarrik.
Bankuek eta Kutxek, gehienetan, ordaindu beharreko kuota, hipoteka mailegua eskatzen dutenen hileko diru sarreren %35-40 baino gehiago ez izatera behartzen dute.
- Maileguak baditu bestelako gastuak ere: irekitze komisioa (maileguaren kopuruaren %0,25 ingurukoa), tasatze gastuak (etxebizitzaren balioaren %0,1), notaritzaren eta erregistratzailearen gastuak eta Ekintza Juridiko Dokumentatuen zerga (aldakorra, maileguaren kopuruaren arabera).
- Interes tasa aldakorra duten maileguetan, kontuz ibili behar da, lehen urteko tasa oso txikiarekin itsutu gabe. Ondorengo urteetan zenbat ordaindu beharko den galdetu behar da.
- Mailegua aldatzeko, galdetu beharra dago indarrean dagoen mailegua aldez aurretik kitatzeagatik eta berria egiteagatik zer gastu sortuko diren. Interes finkoko maileguetan kitapenerako komisioa nahiko handia izan ohi da (%4ra artekoa), eta interesa aldakorra denean, berriz, legearen aginduz, gehienez, ordaintzeko geratzen den zorraren %1ekoa izango da. Lortzen den aurrezkiak merezi baldin badu, entitate berria arduratuko da subrogazioa (mailegua entitatez aldatzeko eragiketa) bideratzeaz. Halaber, interesgarria izan daiteke entitate berberean mailegu aldaketa bat egitea (interes finkotik aldakorrera edo alderantziz). Eragiketa horri aldaberriketa deitzen zaio, eta prozedura antzekoa du: informazioa eskatu, kontuak egin eta erabaki

HAINBAT ZALANTZA ETA ERANTZUN ETXEBIZITZA EROSTEAREN INGURUAN
Etxebizitza erosteko asmoz dabiltzanek hainbat zalantza edo arazo izan ditzakete sustatzaile edo saltzaileekin. Eroskik argitaratzen duen kontsumitzaileen aldizkariak, "Consumer-ek", etxebizitzaren gaia jorratzen zuen joan den apirileko txosten batean, arazo horiek kontuan hartuz aholku erabilgarri batzuk eman zituen. Kontsumitzaileentzat duten interesagatik, ondoko lerroetan laburbildu nahi genituzke:

Zer gertatzen da sustatzaileak ez badu agindutako epean ematen etxebizitza?
Salerosketarako kontratuan edo beste nolabaiteko agiri batean etxebizitza eskuratzeko data jakin baten konpromisoa ezartzen bada, sustatzaileari telegrama bat helarazi beharko zaio, mezua jaso izana ziurtatzeko eran, etxebizitza hitzartutako epean emateko eskatuz eta atzerapenak eragiten dituen benetako kalte eta galerak adieraziz. Orduan, konpromisoa hartzen den agirian atzerapenaren ondoriozko nolabaiteko zigorren bat ezartzen bada, dagokion kalte-ordaina eskatuko da klausula horretan oinarriturik. Horrelakorik ezean, nolabaiteko adostasun batera iris daiteke eraikitzaile-sustatzailearekin. Atzeratzen den hilabete bakoitzeko hainbesteko diru kopuru jakin baten truke, etxebizitza emateko epea luzatzea ere adostu daiteke.
Atzerapenen ondorioz beste etxebizitza bat alokatu beharrean egonez gero, sustatzaileari modu frogagarrian jakinaraziko zaio, idatziz. Alokairuaren kontratua ere idatzizkoa izatea komeni da. Gastu horiek atzerapenen ondoriozko galera bezala eskatu beharko zaizkio sustatzaileari, zenbatekoa faktura eta ordainagiri bidez egiaztatuz. Kaltea eta atzerapena larriak direnean edo etxebizitza bukatu gabe geratuko ote denaren funtsezko susmoa dagoenean, saltzaileak agindutakoa ez betetzeagatik kontratua deuseztatutzat emateko asmoa notario bidez jakinaraziko da. Aldi berean, ordura arte emandako diru kopuruak itzultzeko eta eragindako kalte eta galerak ordaintzeko eskatuko da, betiere kalteak eta galerak ondo egiaztatuz.

Zer gertatzen da etxebizitza amaitu gabe geratzen bada, eta dagoeneko diru kopururen bat aurreratu baldin bada?
Sustatzaileari modu ziurtagarri batean (esate baterako, notario bidez) ordura arte kontura emandako diru kopuruak itzultzeko eskatu beharko zaio, kalteak eta galerak gehituz. Diru kopuru horiek itzultzea bermaturik dago lehengo legeekin eta oraingo Eraikuntzaren Antolaketarako Legearekin. Lehengo araudiaren arabera, banku abalaren kontratuak bermatzen zuen jarritako dirua (gehi interesak) berreskuratzea. Lege berriaren bidez, aseguru kontratuak ere bermatzen du jarritako dirua ( gehi %6ko interesa) berreskuratzea.

Nahitaezkoa al da sustatzailearen mailegua subrogatzea?
Eroslea sustatzailearen mailegua subrogatzera behartzen duten klausulak Kontsumitzailearen Babeserako Lege Orokorrean agertzen diren kontsumitzailearen eskubideen aurkakoak dira. Beraz, honelako klausulak baliogabekotzat jo daitezke epaitegietan, eta dagoeneko hala egin izan da, esate baterako, 1999ko martxoaren 5ean Asturiaseko Entzutegiak jarritako epai batean.

Saltzaileari exiji dakiokeen informazioa.
515/1989 errege dekretuak etxebizitza berrien erosleei honako informazioak ematera behartzen ditu eraikitzaileak eta sustatzaileak: Merkataritza Erregistroan ageri diren enpresaren izena, helbidea eta gainerako datuak; eraikinaren plano orokorra eta etxebizitza berarena, eraikitako azalera eta azalera erabilgarria eta hornidurarako sareak (elektrizitatea, ura, gasa, berogailua,...) adieraziz.
Halaber, etxebizitzaren deskribapena eta erabilitako material komunak ezagutarazi beharko dituzte, eraikuntzarako materialak ere aipatuz: zoru motak, ateak, leihoak, saneamenduak, isolamendu termiko eta akustikoak... Etxebizitza eraikitzeko legezko baimenen kopia, jabeen erkidegoaren funtzionamendurako estatutuak eta erkidegoaren zerbitzuen kontratuei buruzko informazioa ere eska daiteke. Beste zenbait zehaztapen ere eskura daiteke: kontratuaren forma, baldintza orokor eta bereziekin, kalifikazioaren zedula, Babes Ofizialeko Etxebizitza den, ordaindu beharreko zergak, salmentaren guztirako prezioa eta ordaintzeko era, interesak eta epemugen datak adieraziz.
Azkenik, erabat garrantzitsua da Salmentaren Guztirako Prezioa. Erabat zehazturik adierazi beharko da, agentearen ordainsariak eta BEZ barne hartuz, salmenta zerga horren menpe baldin badago. Bestalde, ordaintzeko modu eta baliabideei buruzko informazioa ere eman beharko du, halaber, halakorik balego, eraikitzaileak edo sustatzaileak hitzartutako maileguari kontsumitzaileak egindako subrogazioari buruzkoa


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude