BIZITZAREN LIBURUTEGIA ZABALIK DAGO

  • Aurkeztu berri digute giza genomaren sekuentziazioaren mapa. Urte askotako lana dago oraindik, baina zer itxaron behar dugu?

2007ko otsailaren 21an
Giza genoma gizatasunaren gakoa dugu. Honek gure zelula bakoitzari zer egin eta nola egin esaten dio, denetariko partiturak jotzen dituen gorputzaren orkestra zuzendaria bailitzan: begien kolorea ekoizteko agindua ematen du, eta baita ilea, azazkalak, minbizia, depresioa, haserrea eta beste milaka "produktu" bideratzen ditu. Beraz, gene bakoitza "Bizitzaren Liburua" bada, giza genoma "Bizitzaren Liburutegia" kontsidera dezakegu, geure espezieari buruzko informazio osoa biltzen duen "eraikina"; eta ezin eraikin txikia izan, geure gorputzaren zelula bakoitzean 500 orrialdeko 200 telefono-gida betetzeko moduko informazioa daramagulako. Eta azkenean informazio kopuru izugarri hori -azken finean gu geu garena- irakurtzeko gai izatera heldu gara.
Genomaren mapa deskubritu zutela adierazi zuten ekainaren 26an. Ez da hain harrigarria mundu guztiari egindako aurkezpenean Bill Clinton eta Tony Blair politikariek parte hartu izana. Aurkezpena egiteko modua (satelite bidez planeta osoarentzat) eta hitz superlatibo eta konparaketa exajeratuak (gurpilaren asmakizuna ala gizakia Ilargira iristearen parekoa, "Jaungoikoak bizitza sortu zuen lengoaia") erabiltzea ere ez dira harritzekoak. Aurkeztu zutena da harrigarria; "inoiz egin den maparik garrantzitsuena" ezagutarazi baitigute. Aurkikuntzak berak garrantzi praktiko eskasa badu ere, gaur egun imajinatu ere ezin ditugun aurrerapenentzako ateak parez-pare zabaldu ditu berriak.
Sei herrialdek (Estatu Batuak, Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Japonia eta Txina) parte hartu duten kontsortzio publikoaren eta Celera Genomics enpresa pribatu estatubatuarraren arteko lehia biziak (lehenaren 1.100 zientzialari bigarrenaren 300 konputagailuren aurka) zientziaren epeak murriztea lortu du. Lehenbiziko emaitza 2005. urterako jasotzea espero zen eta dagoeneko gure ADNaren geneen %97 sekuentziatzea lortu dute. Jadanik "Gure Liburutegia" osatzen duten letra ia-ia guztiak ezagutzen ditugu, baina oraindik ez gara berauek deszifratzeko gauza, ez dakigu zein hizkuntzatan idatziak dauden; hala ere, aurrerapen zientifikoek hartu duten abiadura ikusirik, berandu baino lehen deskubrimendu honen onura eta arriskuak ezagutzen eta neurtzen hasiko gara.
Gainera, kontuan hartu behar da ikerketa zientzia aldizkarietan argitaratu ondoren, informazio guztia udazken honetan Internet bidez edozein adituren esku izatea espero dela. Edonola ere, bi lehiakide hauen (kontsortzio publikoa eta Celera Genomics enpresa pribatua) akordioaren eraginez enpresa pribatuak giza genoma patentatzeari uko egiten dio. Hartara, botikak, patentea lortuko dituenarenak izango dira etorkizunean.


ETORKIZUN ARGILUNA.

Deskubrimenduaren ondorio gisa, esaterako, gaixo gaudenean zein genek kale egiten duen jakiteko bidea zabaldu da, eta akasdun genea aurkitu ondoren sendatzeko aukera ikaragarri handiak izan ditzakegu. Orain dakigunaren ondorioz, proteinen funtzio ez-zuzenak (gaixotasunen benetako arrazoia) aldatzeko gai izango diren botikak ekoizteko moduan izango gara hainbait urteren barru. Litekeena da 20 bat urte barru pertsona bakoitzak bere "mapa genetiko indibiduala" ezagutzea, hartara zenbat gaixotasun jasan beharko duen erraz ezagutu ahal izango du; jaiotako umearen informazioa CD-ROM batean grabatu eta medikuak edonoiz kontsultatu ahal izango du baita ere.
Hurrengo urratsa pertsona bakoitzari egokitutako farmakoen ekoizpena izan liteke, eta honen ondoren, betidanik gizakiaren ametsa izan denari ekin ahal izango geniezaioke: zahartzaroari aurre egin ahal izatea. Ordurako, 100 urtetik gora bizitzea ez da pribilegiatu gutxi batzuen esku bakarrik egongo.
Honezaz gain, jakina, legedia ere aurrerapenoi egokitu beharko zaie, eta oso atzean geratu nahi ez badu, bizpahiru urtetan, bazterketa genetikoaren aurkako legedi orokorra beharrezkotzat aurrikusten da. Hortik aurrera bere egokipena etengabea izan beharko da, etorkizuneko zientziak gure gizartean sekulako eragina izango baitu. Aberats eta pobreen arteko -edo botikok erosteko gai edo ez gai direnen arteko- distantzia areagotzea eta kontrol sozialaren areagotzea bezalako arazoak aurreikusten dira, eta, beraz, era guztietako adituak gaiaren muga etikoak planteatzen hasiak dira. Hasteko eta behin, giza genoma ez da patentatuko, hainbat zientzialarik eskatu duen moduan, eta hori behinik behin, pixka bat lasaiago egoteko moduko arrazoi bat bada

GIZA GENOMA: GARAI BERRIAK
Giza genoma osoaren sekuentzia ezaguna izateak, 2000eko ekainaren 26a gizateriarentzat egun historikoa bilakatu du. Lorpen hau aspaldian zegoen guztion ahotan eta hainbat ika-mika eragin du, batez ere lehian Celera enpresa pribatua sartu zenetik. Lehiaketek beti izan dute jendearen artean irrika pizteko ahalmena eta giza genoma sekuentziazioaren proiektuaren kasua ez da gutxiagorako izan. Lehiaz gain, ikusmina enpresa pribatuak bere inbertsioa nola berreskuratuko zuen jakitean zegoen. Bide horietako bat genoma osoaren edo parte garrantzitsu baten patentea izan zitekeela uste zen, baina badirudi ez dela horrela izango. Beldurra egon badago oraindik ere, denok baitakigu aurkikuntza gehienek onurak eta kalteak ekar ditzaketela, eta genetikak gizakiak berezkoak dituen hainbat ezaugarri moldatzeko ahalmena du. Beti bezala kalteak erabilera gaiztoaren ondorioa izango lirateke, eta hain zuzen, honek behar du legegizon, politikari eta gizarte osoaren erronka izan: erabileren erregulazioa, zer egin daitekeen eta zer egin ez daitekeen finkatzea, alegia. Ukaezina da, giza genomaren ezagutzak ikaragarrizko aukerak sortuko dituela gaixotasun genetikoen ezagutzan eta ulermenean. Ez dugu ahaztu behar gaixotasun arrunt askoren garapenak osagai genetikoa duela, minbiziak besteak beste. Gauzak ez dira errazak. Oraingoz geneak zeintzuk diren baino ez dakigu, ezezaguna zaigularik geneen funtzioa (noiz, non eta zein geneekin elkarlanean aritzen diren) eta hau ezinbestekoa da gizakiaren konplexutasuna ulertzeko. Beraz, oraindik ere lan handia geratzen zaigu ikerlarioi. Erronka interesgarria da, baina ez dugu perspektiba galdu behar: baliabide oso garrantzitsua daukagu esku artean eta hori gizateriaren onerako erabili behar dugu, okerrak salatuz baina baita ere onurak onartuz


Azkenak
Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Hizkuntza politika "sendoak" eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


Eguneraketa berriak daude