EUSKARAK ZIRT EDO ZART EGIN BEHAR DU


2000ko uztailaren 2an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Zuberoa bizi dadin beharrezkoak diren bitartekoak azaldu izan ditugu, baita ekonomia azkartzeko zereginak eta helburuak aipatu ere. Segidan, lau zuberotarren idazkiak paratu ditugu. Halaber, euskara, hedabideak, kultur elkarteak eta politikari buruzko informazioa eman ere. Lehen premisa hauxe dukegu: Zuberoa euskaldun biziko bada zirt edo zart egin behar du euskarak.


EUSKARA ZUBEROAREN MIRAILA.

Zuberoak bizi duen kinkaren miraila edo ispilua euskararen egoera da. Euskara, zuberotar kulturaren agerle, bizi da oraindik ere. Konparazione, bere txikian, literatur eremu emankorra da Zuberoa. Alor emankorrena pastoralgileek ontzen dute: Junes Casenave-Harigile, Rogert Idiart, Jean Louis Davant, Agergarai, Pier Paul Berzaitz, Jean Mixel Bedaxagar eta Patrick Queheille dira idazle esanguratsuenak; zaharrenetik gazteenera izendatuak. Literatur idazle puntakoak ere badira Zuberoan: Davant eta Casenaverekin batera, Txomin Peillen eta Itxaro Borda. Allende Sokarros kazetaria, bestalde.
Zuberotarrak jite artistiko berezi batek ukituak dira; kantagintza da horren adierazle bizia: Etxekopar-Attuli, Latxikana, Niko Etxart (honen aita eta anaia), Bedaxagar eta semea, Berzaitz, Pipas, Joanes Sarasola, Maddi Oihenart, Mixel Etxekopar eta Tehenta neskatila taldea.
Pier Paul Berzaitz muskildiarra dugu artista hauen artean, punta-puntakoa. Pastoralgile berritzailea ("Madalena de Jauregiberri" jokatuko du uda honetan Eskiulan) izateaz bestera, "Oihenart", (1992an) "Elkanoren Semeak", (1995ean) eta iazko "Euskal Spiritu" agerraldiak sortzaile honen ahalmen adierazgarri izan dira joan den hamarkadan. Ahantzi gabe, aurten, Jean Mixel Bedaxagarrek sortu "Ama" entzun-ikusgarria. Berzaitzek zabaldutako bideari segida emanez.


PASTORALAK ERDARAZ AURKI?

Alta, bada, oroz gain, Zuberoako kulturgileen artean arrenkura bat jalgitzen da: euskararen gainbehera azkarra. Pier Paul Berzaitz biziki kezkati agertu zaigu bere idazkian. Honela galdetzen du muskildiarrak: "Nola jokatuko ditugu biharko pastoralak: erdaraz?". Alboan dugun grafikoan, euskararen egoera agertzen da. Euskararen galera begibistakoa da. Familia transmisioa eten da. Ikastolak eta gau eskola dira euskara bizirik atxikitzeko bitarteko bakarrak. Euskaraz ikasten eta euskara ikasten dutenen kopuruak, ordea, apalak dira.
Sohüta eta Atharratzeko Ikastolak bestera, AEK-k ere bere lekua du Zuberoan. 1983an sortu zen Sü Azia kultur elkartearen eskutik; Maulen du bere egoitza. Bi permanentek edo liberatuak dihardute berean. Ttitto Jaragoien da horietako bat; 30 urteko urdiñarbetarra. Irakasle eta euskaldunberria: "Ikasle gero eta haboroago lanaren xerka ari badira ere, gehienak euskal kulturan integratzeko ikasten dute. Maleruski, Zuberoan gero eta toki guttiago dago euskara mintzatzeko. Instituzioak ez dira egoeraz arrankuratzen alta. Zuberoako Herriko Etxeei galdetu izan diegu 8 libera (200 pezeta) biztanleko ematea urtean, baina bizpairuk salbu ez digute arrapostu. Erabiltzen dugun egoitza kendua izanen zaigu eta heldu den ikastaldia antolatzeko ez dugu lokalik"

MAGIC PASTORAL
Zerk bultatzen gaitu zuberotarrak holako animoarekin urtero pastoral berri baten karian? Aspaldian hilik behar zukeen teatro zaharra sekula bezain biziago ikusten dugu gure herrietan. Sei hilabetetan, lan aste guziez, ber xedean, tanka eta tanka makilen erritmoan, diru ainitz airean, enpresa ttipi baten organizazioa, bi ikustaldi xuhurrentzat bakarrik. Zer desafioa egun ditugun produktibismo eta errentabilitatearen litanien artean. Zerk deliberatzen du halaber, urtero jiten zaigun pastoralaren publiko hautua, Zuberoko soroetara hiru orenez ekiaren arraietan larrua egosirik, meza pagano horren komunioa hartzera?
Nabaria da hor agertzen dela Zuberoaren eta herritarren bizi nahikunde handia eta berdenboran euskaldunen sukarra etorkiaren iturrian elkarrekin edatekoa. Komunikazio bideak gero eta zabalagoak izanagatik jentea bakartasunaren hegaletan bizi da. Manera anitzetara biltzeko paradak ontsa jiten zaizkigu gaurgoiti. Pastoral gaia eternala delakotz eta bere errito xumeak munduko trajeria agertzen delakotz, dantza eta kantorearen bidez, jenteek ontsa errezibitzen dute jenero horren mezua ikuskizun orokor eta unibertsala delakotz. Beraz, ez da modaz kanpo gure antzerki zaharra, mehatxu zorrotzena ez balu bihotz eta mamian: ezen nola jokatuko ditugu pastoralak: erdaraz?
Pastoralaren mikrokosmoaren inguruan, modernitate eta tradizioaren izenean eztabaida bat sortu zaigu azken urte hauetan: sobera jauntzi, sobera kantore, eta abar. Pastoralaren tabernakulu sakratua errespetatzen ez balitz bezala-edo. Ikusten dugunez herri guztiek orain ekartzen dute beren "modern touch". Hola ari gara gu ere, egungo publikoak "pastoral beti bera baina berdenboran beti berritua" ferekatzen baitu.
Aurten, pastorala Eskiulako herriak jokatuko du, Zibozeko Madalena de Jauregiberri anderea sujetako hartuz. Mende berriko zuberoar trajeriak emazte bikain baten historia antzeztuko du, bere zabaltasuna eta modernitatea erakutsiz. Eskiularrek gure mirespenak merezi dituzte, administratiboki Biarno partean izanagatik, beren euskalduntasuna goraki aitortzen dutelakotz. Euskal nortasunaren egitura ez dela administrazioaren gauza bat, baizik eta amodiozko eta bihotzeko gauza dela erakutsi nahi digute eskiularrek


Azkenak
Eguneraketa berriak daude