ELEKTRONIKAREN ARRASTO GERO ETA LUZEAGOA

  • Azken urteotan musika elektronikoa nabarmen zabaldu da Euskal Herrian. Tabernak, diskotekak, festak, gaueko guruak diren DJak, "afterhours" direlakoak eta goizeko seiretan irekitzen duten lokalak ugaldu dira. Atzerritik datozkigun tendentzia estetiko eta musikalak aski erraz barneratu ditu gazte askok. Geldiezina dirudi elektronikaren inguruko mugimenduaren hedapenak, garai batean rockak izan zuen eragina gutxituz doan bitartean. Hala ere, Euskal Herrian beste lekutan baino askoz ere mantsoagoa da prozesu hori. Ezin esan eszena elektronikoa dagoenik Euskal Herrian -hala irizten dio behintzat artista ugarik. Alta, hastapenetan egon gaitezkeela zalantzarik ez dago, erreportaje honetan ikusiko dugun moduan.

2000ko ekainaren 11n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Hamarkada igaro berrian, aldaketa sakonak eman dira gure herriko musikagintzan, euskal rock erradikalaren eragina agortu baita eboluzioaren kariaz. Ondorioz, musika dibertsifikatu egin da, duela oso gutxi pentsaezinak ziren estiloei bide eginez. Technoa edo musika elektronikoa (sinonimotzat hartuko ditugu hemen) da horietariko bat, lehen nahikoa baztertua eta egun aurreiritzirik gabe erabiltzen hasi dena.
Dena den, teknologiak ahalbidetuta, duela hogei urte inguru hasi zen technoa hedatzen, rock eta pop talde batzuk berrikuntza honekiko interesa agertu zutenean. Aitzindariak izan ziren. Orduko izenen artean, duela gutxi zendu zen Poch azpimarra genezake, Derribos Arias taldearen sortzailea eta Madrilgo "movida"rekin nolabaiteko zerikusia izan zuena. Beste batzuk, erritmo kaxarekin ere hasi ziren 80ko hamarkada hondarrean, Tu-k taldea (gero Piztiak) esaterako. Hutsetik saiatu ziren euren musika zabaltzen; historiaurrea zen, lehen urratsen garaia, esperimentatzeko grinak bultzatuta abiatu ziren.
Egun, musika elektronikoaren kontzeptua bera asko zabaldu da. Ehundaka estilo aurki ditzakegu izendapen horren atzean: Drum and bass, elektroa, techno industriala, eurobeat, trance, house... ia guztiak Euskal Herrian egiten direnak dagoeneko.
Alta, artista gehientsuenek bere kabuz dihardute, isolaturik, ez baitu oraindik musika elektronikoak Euskal Herrian mugimendu izaerarik. Aitzitik, disko jartzaileak ospe handia hartzen ari dira azken bolada honetan. Gaueko guruak dira, diskoteka bat leporaino bete dezaketenak, jarraitzaile aunitz dutenak, rock taldeek izan ditzaketen moduan.


KANPOTIK ETXERA.

Arestian aipatu dugun azpiegitura eza horrekin amaitzea da hain zuzen Basque Electronic Diaspora kolektiboaren xede nagusietako bat. BED-ek kaleratu lehendabiziko bilduma gurean gauzatu den proiekturik interesgarrienetako bat da musika elektronikoari dagokionean. Euskal Herritik kanpo bizi diren Bixente Iriart (bxt./Paris), Isa Suarez (Fin de Siècle/Londres) eta Iñaki Yarrituk (Basque Dub Fundation/Londres) sortu zuten BED kolektiboa 1998an, kultura elektronikoaren inguruan mugimendu bat sortzeko asmoarekin; alde batetik, musika eta festak eginez, eta bestetik sortzaileei diskoak ekoizten lagunduz. Kolektiboaren lehendabiziko fruitua izen bereko kanta bilduma izan zen, 1999ko urte hondarrean Esan Ozenkiren eskutik kaleratutakoa eta etorkizunean jarraipena izateko xedez sortua. "Jende aunitz ezagutzen dugu Euskal Herritik kanpo bizi dena. Orduan, talde proiektu bat egitea bururatu zitzaigun jendeari demostratzeko euskaldunak izan gaitezkela eta musika elektronikoa egin dezakegula, erabat isolaturik ez gaudela eta ekoizpena ere badagoela", zioen Bixente Iriartek diskoa kaleratu berri zenean.
Estilo aunitz inguratu dituzte lan honetara, baina badu bestelako ezaugarririk. Iparraldeko artista nahikotxo agertzen da bilduman, eta hortaz, bertan egiten ari denaren erakusgarri ona izan daiteke. Bada gainera izugarrizko kanta, "Parise" izenburukoa, Xanok eta Em.C-k elkarlanean burututakoa.
Javi Pez donostiarrak ere sekulako lana burutu du musika dantzagarria zabal dadin. Sirope kolektiboaren sortzailetako bat izateaz gain, Donostiako Etxekalte tabernan festak antolatu eta musika ipintzen du DJ gisara. Novophonic diskoetxea sortu zuen duela bost urte eta hainbat musika proiektu gorpuztu du: Parafünk, Instrümental, Camping Gaz & Digi Random, Trío Kempes... Langile zintzoa, bere izena gero eta ozenago entzuten ari da azken urteotan, musika dantzagarriaren esparru zabalean (oinarri elektronikoak zein klasikoak erabiliz) egindako ekarpenengatik. Bere burua melomanotzat daukan donostiar hau haizearen kontra hasi zen musika lantzen eta festak antolatzen. Orduan, gehiengoak bestelako doinuak eskatzen zituen (orain beharbada hala gertatzen da baita ere). "Beste aukera bat zen -gogoratzen du Pezek-, clubetan jarri nahi genuen. Hortik sortu zen Sirope kolektiboa duela sei urte".
Oraindik ere, Etxekalte da kolektibo honen bilgune. Novophonic zigiluaren sorrera heldu zen ondoren, eta dagoeneko 13 disko kaleratu ditu diskoetxe honek. Horrez gain, hainbat talderekin kolaboratu du Javi Pezek eta birnahasketa ugari egin du.
Donostiarraren musika oso urrun dago jende ugarirengana heltzen den musika elektroniko horretatik. Azken hau drogari atxikia dago, Javi Pezen iritziz: "Drogen araberako musika da; jendeari drogak hartzea gustatzen zaio musika mota hau gustatzen zaiolako. Fenomeno bezala ez zait interesatzen, hutsala irizten baitiot". Beharbada horrexegatik jarraitzen du Novophonic-ek lanak binilo formatoan kaleratzen. "Masifikazioak, Mc Donalds-eko janariak bezala, balio guztia kentzen dio musikari, eta horregatik ez gaude ados musika saltzeko modu horrekin". Euskal Herriko egoeraz galdetzen zaionean ere, kritikoa agertzen da donostiarra: "Dibertsifikazio handia dago. Ezer konkreturik ez dago. Jaio berria da. Beti erreferentzia garbiak bilatzeko joera dago, soinu propioa bilatzen saiatu ordez".
Eguberritan kaleratzekoa den disko berria prestatzen ari da orain donostiarra. Besteak beste, Le Mans, Negu Gorriak, Pizzikato 5, Sindicato del Crimen eta Esclarecidos taldeen birnahasketak egiten dihardu buru-belarri.


ILUNA ETA GOGORRA.

Gasteizen bada berriki sortutako zigilu bat, musika elektronikoaren alde gogorrenean espezializatua (hardcore elektronikoa, soinu industrialak, breakbeat, technoa...). Caustic Records du izena eta dagoeneko bi disko argitaratu ditu. Manix Salazar dago ekimen honen atzean eta beharrak bultzatuta sortu zuen Caustic Records, Pail izeneko bere taldeko lehen diskoa kaleratuko zuenik aurkitu ez zuelako. "Espainiako Estatuan ez dago musika industriala jorratzen duen zigilurik -dio Manixek-. Beraz, nire lana argitaratzeko autoprodukzioaren aldeko apustua egin behar izan nuen. Diskoa kalera atera ondoren, jendea materiala bidaltzen hasi zen, nahikoa interesgarria eta kanpoan egiten denetik sobera urrun ez zegoena. Beraz, gehien gustatu zitzaizkidan taldeekin bilduma bat egitea pentsatu nuen". Horixe izan zen hain zuzen Caustic Recordsen bigarren erreferentziaren abiapuntua.
Handik gutxira, Alemaniako ElectroChemicalResearch zigiluarekin kontratua sinatu zuen Gasteizko diskoetxeak bere lanak Europan barrena banatzeko. Orain Estatu Batuetako beste batekin negoziatzen ari da Pail taldearen bigarren CDa Ameriketan argitaratzeko. Elkarrizketak aurrera egin edo ez egin, datorren irailerako espero da lan honen argitalpena.
Egun, kanpora begira egon behar du musika estilo honen zaletu denak, azpiegiturarik ezean, Euskal Herrian ezer gutxi egin daitekeelako. Hemen eszenarik ez dagoela iritzi dio Manixek: "Nik dakidala, mugida elektroniko purua egiten duen talderik ez da edo gutxi dago behintzat. Sanplerra erabiltzen duten metal talde gehiago dago nire ustez. Technoa bidea egiten ari da, baino niri ez zait gustatzen musika hori (musika elektronikoaren alderik komertzialenaz ari da). Prodigy taldearen boom-aren ondotik, jendeak interesa azaldu zuen, baina ez sobera ere".
Bien bitartean, kalean behar du dagoeneko Gasteizko zigiluaren hirugarren lanak: S.I.C. taldeko mini-CDa (elektroa, industriala, azidoa), Madrilgo Side Effects-en proiektu paraleloa.
Musika elektronikoaren beste alderdi arras ezberdina jorratzen du Iruñeko Hemendik At! taldeak. Radio formuletan errazen entzuten dugun musika bere egin dute, komertzialena agian, hedatuena jendearen artean. Ñabardurak ñabardura, dance estiloan eroso sentitzen dira. Aitzindari izan genituen neurri batean, beraiek izan baitziren lehenak euskara eta technoa uztartzen. Gogora ekarri bestela 1997ko uda eta bere soinu bandako kantuetako bat: "Goazen". Ordutik gauza asko aldatu da, gazte belaunaldi berriak naturaltasunez barneratzen ari dira technoaren inguruko musika, nahiz eta Hemendik At!-eko konpositore Iker Sadabaren irudikoz bide luzea gelditzen den. "Uste dut musika hau oraindik sartzen ari dela, jaiotzen ari dela. Gero eta talde gehiago dago, jende gehiago, festak egiten hasi dira, baina oraindik gutxi dira".
Musika elektronikoaren egitura eza hori egunero pairatzen dute Hemendik At!-ekoek. Esate baterako, oso gutxitan jotzen dute techno hutsezko festa batean. "Zuzeneko emanaldietan, rock talde batekin jo dugu askotan. Nahasketa bat dago hor, positiboa dena, baina esan nahi dut oso gutxitan aritu garela DJ batekin adibidez. Ona da kontzertu batean rockaz landa beste musika estiloak entzutea", dio Iker Sadabak.
Epe motzean ez du diskorik kaleratuko Hemendik At!-ek. Urte osoa emanen dute taldekideek lan berria prestatzen eta zuzeneko emanaldiak tartekatzen. Bada ordea nobedaderik, iruindarren hirugarren diskoak aldaketak inguratuko baititu. "Beharbada zuek ez duzue nabarituko, baina guk bai". Izan ere, aurreko bi diskoetako abesti gehientsuenak Iker Sadabak konposatutakoak dira, eta oraingo honetan gainontzeko taldekideek ere kantuak prestatuko dituzte. "Ukitu ezberdina izanen du diskoak, ez delako gauza bera batek edo besteak konposaketa lanak egitea".


TECHNOA GITARREKIN UZTARTZEN DENEAN.

Ukaezina da technoak duen erraztasuna beste estilo ezberdinekin uztartzeko. Jazza, musika latinoa, reggaea... dena nahas daiteke, baita metal doinuak ere. 80ko hamarkadan ska-rekin gertatu zen antzeko fenomenoa ematen ari da technoarekin. Egungo talde aunitzek, batez ere metal-trash estiloaren inguruan dabiltzanak, techno kutsuko abesti bat sartzeko ohitura hartu dute opari gisa euren diskoetan. Buitraker, Ekon, Nohizbait, Anarko... zerrenda bukaezina da. Programazioak, erritmo kaxak, efektuak eta sanplerrak ez zaizkie batere arrotz egiten, eta konplexurik gabe uztartzen dituzte euren gitarra zorrotzekin. Duela sei-zazpi urte pentsaezina zena, ia moda izatera pasatu da. Talde hauek euren musika gitarreroaren osagai bezala erabiltzen dute technoa.
Ez da ordea berdin gertatzen Bad F-Line edota Bi Kate gisako taldeekin, trash tankerako gitarrak sartzeagatik ere, musikaren oinarri nagusia elektronika baitute. Bad F-Line Arrasatetik dator, eta Ministry edo Nine Inch Nails bezalako taldeek irekitako bidetik abiatu da, technoaren alderik industrialena jorratuz. Programazioak, sintetizadoreak, sekuentziak eta bestelakoak gitarra zorrotzekin elkartzearen ondorio da Bad F-Line. Energia, iluntasuna, musika gogorra. Horiexek dira Arrasateko taldearen ezaugarriak. Bi Kate aldiz, ez da hain iluna. Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak) dugu proiektu honen gidaria. Zeresanik sortu dute bere zuzeneko emanaldiek, potentzia handiko ikus-entzunezko muntai ikusgarriak antolatu baititu bere lehen diskoa kaleratu zuenetik.
Musika elektronikoaren inguruko ikuspegia ematen saiatu gara erreportaje honen bitartez, modu zabalean, den-dena barne hartzea ezinezkoa dela jakinik. Dena den, adi egon beharko dugu, ehundaka etxetan gazte anonimo mordoa ari baita ordenagailuan endredatzen musika elektronikoaren arrastoan. Harrobia badago, teknologia azken finean inoiz baino eskurago baitago egun. Denborak erranen digu zertan amaitzen den hau guztia. Alta, gorantza doala ez da zalantzarik. Elektronikaren garaia heldu ote?


Azkenak
Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


2025-06-23 | Axier Lopez
asteko argazkia
Isolamendua

Israelek aldebakarrez eraso egin dio Irani eta 585 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik %90 zibilak. Nazioartean atxilotzeko agindua duen Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak dio "eraso prebentiboa" izan dela, bere inguruan inork ez dezan eduki berak aspaldian... [+]


NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek

Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


2025-06-23 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnek 2025eko programazio osoa argitaratu dute

Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]


“Ongi etorrien” auziko inputatuei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete eta ez dira kartzelara joango

Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta... [+]


Ugatza Azazetan: kontserbazioa edo txikizioa?

Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]


AEBak gerran zuzenean sartu ostean, Iranen “erregimen aldaketa” behar dela esan du Trumpek

Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso egin ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak "Iran berriz handi egiteko" erregimen aldaketa bat behar dela adierazi du sare sozialetan. NBEren Segurtasun Kontseiluak larrialdizko bilera egin du, eta Errusiak, Txinak eta... [+]


Nekropolitiken politika

"Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte, eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan". Mikel San Sebastian Aita Mari erreskate ontziko kidearen... [+]


Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


Eguneraketa berriak daude