"BADUGU ABERTZALEEN ARTEKO ITUNA EGITEKO AUKERARIK"

  • Abertzaleen arteko itun baten inguruan ari dira lanean EAJ, EH, EA eta AB, hori diosku behintzat Karmelo Landa HBko Mahai Nazionaleko kideak. EAJri nazio eraikuntzan trantsizio fase bat proposatu diotela, baina jeltzaleek ez diotela behar legez heltzen salatzen du.

2021eko uztailaren 15ean
Elkarrizketa eta proposamen zurrunbiloa bizi dugu azken egunotan. Ba al dago aurrera egiterik proposamen horietatik?
Argi esateko, prozesu soberanistan aurrera egiteko premia dago. Nortzuk egin behar dugu aurrera? Euskal Herriaren defentsa hori aldarrikatzen dugunok, beraz, alderdi abertzaleek eta gizarteko indar euskaltzale, abertzale eta aurrerazaleok. Ba al dago zurrunbilo horretan aurrera egiterik? Bai, eta horretarako aurkeztu dugu gure trantsizio proposamena. Honetan dauden klabeak oso zehatzak dira. Gidari lanetan, motor gisa, Udalbitza dago eta honek gauza zehatzak egin ditzake: azpiegituraz hornitu eta egin dituen diagnostikoak ezagutzera eman, aztertuak izan daitezen. Diagnosi horietatik ondorio nabarmena ateratzen da, marko honek ez duela ematen Euskal Herriak aurrera egin dezan. Horrez gain, asko gara euskaldun kontzientzia daukagunak eta horri erantzun praktiko bat eman behar zaio; zergatik behartu behar gaituzte geure burua espainiar edo frantziar gisa agertzen ez bata ez bestea ez garenean? Udalbiltzak erantzun diezaioke horri. Eta horiez gain, hor daude gizartean sortzen ari diren Euskal Herri mailako gune horiek (kirol federazio nazionala eta abar), Udalbiltzak babestu eta garatu beharko lituzkeenak. Udalbiltzaz gain, sei lurraldeen batzar bat ere behar dugu. Hau, hasteko, egun dauden hautetsiekin osa daiteke eta hortik bideratu behar da Euskal Herri osoa hartuko lukeen marko instituzionala.

Zuen proposamena azaldu duzu. Besteetatik egin al daiteke aurrera?
EAJk, adibidez, ez du proposamen zehatz bat plazaratu. Bere batzarrean ideia orokor batzuk plazaratu zituen baina ez du mahai gainean jarri hori nola bideratu behar den. EAJk oraindik jarraitzen du egungo markoaren menpe eta hori da arazoa. Beraiek esan izan digute oso ideia orokorrak mahaigaineratzen genituela baina oraingoak oso zehatzak dira.

Zuek proposatutako trantsizioan, beraz, bigarren mailan geratuko lirateke Euskal Herri osoan hauteskundeak egitearena eta abar?
Ez da maila kontua, horra heldu beharko dugu baina horra iristeko bideak proposatzen ari gara gure proposamena aberastuz. Hemen bi aukera daude, Espainia eta Frantzia edo Euskal Herria, eta Euskal Herriko bidetik jotzeko batzar eratzaile bat beharko dugu uneren batean, beste edozein naziok bezala.

Azken bi urteetan bizi izandako egoeran, EAJk bake prozesua abiarazi behar zela aipatu du. Ezker abertzaleak, aldiz, eraikuntza nazionalaz hitz egin izan du. Nola gainditu behar dute ikuspegi desberdintasun hori indar abertzaleek?
Guk asko hausnartu dugu kontzeptu sakon horiez. Zer da bake prozesua ala nazio eraikuntza?

Galdera ez da bata edo bestea den...
Bai baina hori ere bada, batez ere EAJren aldetik biak kontrajarri izan direlako, "ez zeundeten bake prozesu batean, bakearen izenean nazio eraikuntza egiten ari zarete" eta horrelakoak esanez. Eta gakoaren alde bat behintzat hor dago. Hemen gatazka bat badago, hori da nazio bati, Euskal Herriari, bere eskubide kolektibo eta indibidualak onartzen ez zaizkiolako, hemen espainiar edo frantziar sentitzen diren nazionalisten eskubideak bakarrik onartzen dira bere osotasunean, eta gainera estatuek daukate eskubide horiek bermatzeko edo inposatzeko eskubidea. Beraz, demokrazia eta bakea egon dadin, oinarrian dagoen beharra zera da, nazio eraikuntza modu demokratikoan garatu ahal izatea. Eta hori demokratikoki egiteko aukera bakarra dago, euskal herritar guztiei eskubide berdinak onartzea. Hortaz, Lizarra-Garaziren bidez bultzatu nahi dugun gatazkaren konponketa eta Udalbiltzaren bidez bultzatu nahi dugun nazio eraikuntza demokratikoa errealitate berdinaren alorrak dira.

Dena den, nazio eraikuntza prozesu luzea da...
Ez halabeharrez, luzeak eta laburrak ezagutu dira; ez du historia tratatuetan esaten luzea izan behar duela...

Hizkuntza bat normalizatu behar da, hiru administraziotan banatuta gaude, herritarren integrazioa... Gauza asko dago egiteko.
Euskal Herriaren nazio eraikuntza prozesua oso luzea izaten ari da. Bere fase aktiboena -XIX. mende erditik gaurdaino- luzea da. Baina denbora eta erritmoek ez dute berez prozesua bideratzen, prozesua ez da lineala. Adibidez, ez dezagun pentsatu euskara denbora pasatzearekin bakarrik berreskuratuko dugula. Baldintzak sortu behar dira eta orain hori da dagokiguna.

Egungo markoa gainditu behar dela nahiko sustraitua dago abertzaleen artean. Kontua da nola.
Egungo markoa gainditzeko borondatearena ez dago horren argi. Une honetan baldintza objetiboak daude indar abertzaleen artean akordio nazional demokratiko bat egiteko, baina ez dago argi borondate subjetiboa horrekin bat datorren. Gure aldetik bai, baina ez dago argi EAJn.

Ezaguna da abertzaleen artean bilerak egiten ari zaretela. Zuk diozunaren arabera, nahiko ezkor ageri zara zuen planteamenduekiko EAJk ageri duen borondateaz.
Gu behin eta berriro saiatzen ari gara EAJ, EA eta ABrekin zerbait zehatza lortzeko. Berriro diot, aipatzen dugun trantsizioa egiteko baldintzak egon badaude. Zer falta da? EAJk bere proposamena taularatzea. Zergatik ez duten egiten? Beraiei galdetu behar.

Orain, EAJko zuzendaritza berrien hautaketaren emaitzekin, hautatutako pertsonen bidez norabide zehatz baten aldeko apustua egiten dela dirudi.
Bada, guk nahiago genuke jende horrek hitz egingo balu eta ez horrenbeste Ibarretxe eta Imaz modukoek. Azken hauek ezin dira prozesuaren ardatzean izan, oinarriak egungo Espainiako markoan finkaturik dituztelako, oso oinarri hutsal eta ahuletan.

"EAJk nazio eraikuntzan aurrera nola egiten den zehaztu ezean hemen ez dago aurrera egiterik". "Biolentzia tartean dagoen artean ez dago aurrera egiterik". Bi ikusmolde horiek bide daude mahai gainean eta herritarren sentsazioa, abertzaleena bereziki, horrek kale itsura garamatzala da.
Guk ez dugu pertzepzio hori. Modu egokienean aurrera egiteko modua da abertzaleen artean ituna egin eta definitzea Euskal Herria norantz eraman nahi dugun, oraingo zatiketa gainditu eta Euskal Herri subiranoa egiteko. Biolentziarena aitzakia da. Zergatik? Prozesu guztietan biolentziaren gainditzea prozesua beraren gainditzearen ondorioz ematen delako eta ez aurrebaldintza bezala jarriz. EAJk hori badaki, eta aurreko esperientzia ere hor dauka. Gehiago ere badaki EAJk, nazio eraikuntzaren bide honetan konpromiso batzuk hartuz gero, horrek berez ekarriko lukeela EAJk aipatzen duen ETAren borroka armatuaren berehalako geldiaraztea.
Vox populi da EAJk iazko udal hauteskundeetan ez zituela lortu berak nahi zituen helburuak eta horregatik prozesua izugarri galgatu zutela. EHk garai hartan hiru proposamen egin zizkion EAJri: lehenik, Udalbitzako batzarra uztailean bertan egitea proposatu genien eta beraiek ezezkoa eman ziguten; bigarrenik, trantsizio hau guztia elkarrekin diseinatzeko konpromiso politiko bat egitea, eta ezetz; eta hirugarrenik, jadanik Gasteizko Gobernurako egindako hitzarmena udal eta diputazioetara eramatea, eta horri ere ezetz esan zioten.

Biolentziarena aitzakia dela diozu, baina 30 urteko historian alderdi abertzaleak ez dira elkarlanean aritu izan.
Balorazio hori ziklo historiko bat amaitzen denean egingo dugu. Azken bi urteetan elkarlana eman da, arazoa da su-eten garaian eta EAJk zituen barne arazoengatik prozesua geldiarazi zela. 77an ere izan zen une bat abertzale guztiak ados jarri eta Euskal Herriarentzako partizioa gainditzen zuen marko demokratiko bat adostu zena, baina EAJk berak apurtu zuen aukera hori. Elkarlanak baldintzarik gabekoa izan behar du. Erreferentzia diren beste prozesu batzuei begiratzen badiegu, adibidez Irlandakoari, argi ikusten da elkarlana biolentzia momenturik gordinenean sortu zela. Gerry Adams edo John Hume berari galdetzea besterik ez dago.

"PSEk, UAk, Benegasek... horiek EAJ Ajuria Eneko garaiko marko batera eraman nahi dute beren proposamenekin, eta guk aldiz, abertzaleen arteko trantsizio bide batean abiatzea nahi dugu; biak, ordea, bateraezinak dira". Hori al da gaur egun HBk buruan duena?
Zalantzarik gabe hala da, baina ñabardura garrantzitsu batzuk gehitu behar zaizkio. Bat, EAJko zuzendaritzaren sektore kualitatibo garrantzitsu batek ez du marko espainiarra gainditzeko konpromisorik hartzen. Bi, ez zaie horrenbeste begiratu behar PP, PSOE, eta UAri; hasi genuen prozesua garatzeari begiratu behar zaio. Bada aukera zehatz bat abertzaleen arteko itun bat egin eta euskal prozesua abiarazteko, idatzia eta zehaztua. Horri heldu behar diogu.

Eta une honetan abertzaleen arteko bilera horietan itun hori ari zarete lantzen.
Jakina. Eta oztopoak ere aipatu ditut, EAJk markoa gainditzeko konpromiso bat erakutsi behar du. Guk, trantsizioaren bidez, hori egitea erraztu nahi diogu EAJri. Areago, gure ildoan eta jokabide politikoetan baztergarri diren instituzioetan ere babesa eskaintzen diogu EAJri eta dagoeneko azaldu diogu prest gaudela Jaurlaritza sostengatzeko aipatu bidean abiatuz gero. Baina gu ez gara geldi egongo, EAJk eta EAk jarrera noiz aldatuko zain, eta prozesuarentzat ardatz diren gaiak -presoenean, esaterako- sendo bultzatuko ditugu.

Zer ekarriko du Batasunak?
Azken zortzi urteetan ezker abertzaleak eraginkortasun handiagoa lortu du eta gatazka deitu izan den hau bere maila politiko estrategikoan jarri du. Mayor Orejak argi esan du hemen dagoen desafiorik handiena politikoa dela; eta hori goreneko mailara eramatea lortu dugu. Beraz, Batasunaren bidez, nazio eraikuntza prozesuan euskal ezkerra bildu nahi dugu. Prozesua baldintzaturik dagoela? Jakina, Euskal Herrian ez gara libre bizi eta baldintza asko ditugu baina prozesua serioa da eta euskal gizartea hortaz jabearazi nahi dugu.

Oldartzen, EHren sorrera, gero Eraikitzen, gero Batasuna. Batek baino gehiagok pentsa dezake "bat gehiago".
Ezin dira denak nahastu. EH oso abagune zehatzean sortzen da, Madrilek HB legez kanpo jarri behar zuenean. Hau aspalditik pen tsatua zegoen, baina nazio eraikuntzan hain garrantzitsu den une honetan gure nazioko ezkerra prozesu horren motore izateko ari gara prozesu hau egiten.

Aspaldikoa da HBn barne iritzi korronteen eztabaidarena. Oraingoan badirudi hori gauzatu egingo dela.
Honen asmoa ez da bakarrik lehen ezker abertzalean egon direnak berriz biltzea edo horrelakorik. Askoz sakonagoa da, eta euskal gizarte osora zuzendutako eskaintza da. Euskaldun ezkerrekoa denak hor antolatzeko topaleku bat izango du; hori guztia egituratu nahi dugu. Batasuna abian jartzen den momentutik hor eskaintza bat dago, bai indibidualki zein kolektiboki. Ezker anitza bildu nahi dugu, elkarrekiko errespetuan biziko dena eta helburu argi batekin, euskal nazioa ezkerretik eraikitzearena

IRAKASKUNTZAN BERRIZ
HBko Mahai Nazionalean arlo instituzionaleko arduraduna da. Txema Montero ordezkatu zuen eurodiputatua izan zen. Espetxetik atera ondoren EHUra itzuli da, eta literatura alorreko klaseak ematen ditu Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatean. Gabriel Arestiri buruz egin zuen tesia eta haren heriotzaren 25. urteurrenean hor ari da idazleari buruzko hitzaldiak eta euskal politikaren une gori hau uztartuz.


Azkenak
“Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea”

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


Sorzabalen epai “historikoaren” aurrean torturaren izaera “sistematikoa” azpimarratu eta ekinbide judizialak iragarri dituzte

Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira... [+]


Gorrotoa, arrazakeria eta xenofobia postontzietan banatuz

Gasteizko Arana auzoan Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa birgaitzeko lanak hasi ondoren, bizilagun okupatuak eta kezkatuak garen aldetik eta Euskal Herria benetako harrera- herria izan dadin, berriz ere publikoki posizionatu beharra ikusi dugu. Beste behin ere lengoaia... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (IV)
Moldaketa eraldatzailea

Aurreko artikulua amaitzeko, Euskal Herriko xahuketa eta gerrarako ekoizpenaren inguruan (EHXGE, edo industria militarra) hitz egiten denean Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzak jorratu nahi ez duten helburu bat jarri genuen mahai gainean: Euskal Herrian egindako... [+]


Ikastetxeetan Elikadura Osasuntsu eta Jasangarria Sustatzeko Espainiako dekretua
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko

Espainiako Gobernuak Eskola Jantokien inguruko Errege Dekretua atera berri du, Euskal Herri Hegoaldeko eskola jantokien kudeaketan eragingo duena. Spoiler: elikadura sistema osasuntsu eta jasangarri bat garatzeko inolako asmorik erakusten ez duen dokumentua da.


2025-05-12 | Irati Diez Virto
Kondairetako piztia Kantauri Itsasoan

Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak kilo bateko pisua izan dezake. Izatez, ez dago oso argi zertarako erabiltzen dituen... [+]


2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere

Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu. 


2025-05-12 | Garazi Zabaleta
Ortulaguntza
Ekoizle txikiei arnas emateko lanpostu publikoa Debagoienan

Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


Ondo ereindako uzta

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]


Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Zure onurarako da

Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.


47 milioi euro gehiago Esako urtegiaren segurtasuna bermatzeko

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.


Eguneraketa berriak daude